26. KAPITULUA

 

        Horra kontatu behar nuen guztia. Beharbada baneukake etxera etortzean zer egin nuen esaterik, eta nola gaixotu nintzen eta abar, eta zein ikastetxetara joan behar dudan datorren udazkenean, hemendik irten eta gero, baina ez dut gogorik. Ezta batere. Guzti hau ez zait gehiegi interesatzen dagoeneko.

        Jende askok, batez ere hemen duten psikoanalistak, behin eta berriz galdetzen dit ea datorren irailean, ikastetxera joaten naizenean, saiatu behar dudan. Ez buru ez hanka duen galdera, nire iritziz. Alegia, nola jakin zer egin behar duen batek, egiteko unea iritsi arte? Erantzuna, ez dakizula. Uste dut saiatuko naizela, baina nola jakin? Zinez diot, galdera horrek ez du ez buru ez hankarik.

        D.B. ez da besteak bezain gogaikarria, baina hark ere galdera pila bat egiten dit. Joan den larunbatean idazten ari den filme berrian lan egiten duen neska ingelesarekin etorri zen. Plantosa samarra, baina itxura eder-ederrekoa. Nolanahi ere, neska komunera joan zen batean, han beste aldeko puntara norabait, D.B.k galdetu zidan ea zer pentsatzen nuen kontatu berri dizuedan zer guzti honetaz. Zer esan asmatu ezinik geratu nintzen. Egia jakin nahi baduzue, ez dakit zer pentsatu. Sentitzen dut hainbeste jenderi kontatu izana. Kontatzean aipatu dudan mundu guztiaren falta somatzen dudala, horra nik dakidan guztia. Baita Stradlater eta Ackleyrena ere, adibidez. Maurice malapartatuaren falta ere somatzen dudala esango nuke. Hau xelebrekeria. Ez gero inoiz ezer kontatu inori. Kontatuz gero denen falta somatzen hasten zara.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia