25. KAPITULUA

 

        Kanpora irten nintzenean, eguna argitzen hasita zegoen. Hotz samar zegoen, baina on egin zidan, izerdi batean nengoen eta.

        Ez nekien nora arraio joan. Ez nuen beste hotel batera joan nahi eta Phoeberen diru guztia gastatu. Hala, azkenean zera egin nuen, Lexingtonera joan eta han Grand Centralerako metroa hartu. Nire maletak han zeuden, eta bankuz betetako egongela tzar hartan lo egitea bururatu zitzaidan. Hala bada, huraxe egin nuen. Hasieran ez zen txarregia ere gertatu, jende gehiegi ez inguruetan eta oinak banku gainean jar nitzakeen. Baina ez dut honetaz jardun nahi. Han ez zegoen atsegin handirik. Ez gero sekula probatu. Benetan. Tristatuko zarete ondo.

        Bederatziak ingurura arte egin nuen lo, ez gehiago, jende pila bat hasi baitzen etortzen egongelara eta oinak jaitsi behar izan nituen. Ezin ondo lo egin oinak zoruan jarrita, eta eseri egin nintzen. Burukominez jarraitzen nuen. Gero eta okerrago. Eta uste dut nire bizitza osoan inoiz ez naizela hain triste egon.

        Ez nuen nahi, baina Mr. Antoliniz pentsatzen hasi nintzen, neure buruari galdezka zer arraio esan behar ote zion andreari honek han lo egin ez nuela ikustean. Ez ninduen gehiegi kezkatzen, bai bainekien Mr. Antolini nintzela edo antzeko zerbait esango zion. Ez ninduen gehiegi kezkatzen. Baina nola esnatu nintzen eta nola aurkitu nuen hura nire burua ferekatzen eta abar, horrek bai kezkatzen ninduela. Esan nahi dut, neure buruari galdetzen nion ea ez ote nengoen oker maritxukeriatan ari zitzaidala pentsatzean. Beharbada mutilei lotan daudenean burua ferekatzea besterik gustatzen ez hari. Alegia, nola jakin seguru gauza hauek? Ez dago jakiterik. Galdetu ere galdetu nion neure buruari, maletak hartu eta ez ote nuen berriz hara itzuli beharko, hala esan nion eta. Alegia, pentsatzen jarri nintzen, hura maritxu bat izanda ere nirekin oso ondo portatu zela. Gogoratu zitzaidan ez zuela batere aitzakiarik jarri berandu batean deitu nionean, eta nahi banuen berehala joateko esan zidala. Eta niri aholkuak emateko lana hartu zuela, norberaren buruaren neurriak aurkitu beharraz eta, eta bera izan zela lehen kontatu dizuedan James Castle horren ondora arrimatu zen bakarra, hilda zegoenean. Guzti honetaz pentsatu nuen. Eta zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta tristeago ni. Alegia, haren etxera itzuli beharko ote nuen pentsatzeraino iritsi nintzen. Beharbada burua ferekatzen ari zitzaidan soilik, ez beste ezertan. Zenbat eta gehiago pentsatu hartaz, ordea, orduan eta tristeago eta izorratuago ni. Gauzak okerragotzeko, begietako mina nuen. Zeharo minduta eta erreta neuzkan, lo gutxi egiteagatik. Gainera, katarroa harrapatzen ari ote nintzen edo, eta musuzapi triste bat ere ez aldean. Maletan bai, banituen batzuk, baina batere gogorik ez kutxatik atera eta jendaurrean irekitzeko.

        Norbaitek utzitako aldizkari bat zegoen aldameneko bankuan, eta irakurtzen hasi nintzen, aldi baterako Mr. Antolini eta beste milioi bat gauza ahantzaraziko zizkidalakoan. Baina irakurtzen hasi nintzen zoritxarreko artikuluak okerrago jarri ninduen. Hormonei buruz an zen. Deskribatzen zuen nolako itxura izan behar duen batek, aurpegiak eta begiek eta dena, hormonetatik ondo ibiliz gero, eta nik halako itxurarik ez inondik ere. Nire itxura hain justu artikuluan hormonak eskas zituen tipoarena zen. Hala, nire hormonez kezkatzen hasi nintzen. Gero beste artikulu bat irakurri nuen, nola jakin dezakeen batek minbizia duen ala ez. Esaten zuen ahoan laster sendatzen ez diren zauritxoak izanez gero, minbizia duzun seinale. Baziren bi aste ezpain baten barrualdetik zauria nuela. Hala bada, minbizia nuela bururatu. Aldizkari hura baino gauza hoberik ez animoso egoteko. Azkenik irakurtzeari utzi eta kanpora irten nintzen osteratxoa egitera. Imajinatzen nuen pare bat hilabete barru hilko nintzela, minbizia nuela eta. Benetan. Seguru-seguru nengoen. Eta ez ninduen batere txoratzen, jakina.

        Eurikara zegoen, baina han abiatu nintzen, gosaldu ere egin beharko nuela eta. Ez nengoen goseak batere, baina mokadutxoa egin beharko nuela bururatu. Bitaminadun zerbait hartu beharko nuela, alegia. Hala, ekialdera jo nuen, jatetxe merkeak dauden aldera, ez bait nuen diru askorik gastatu nahi.

        Bidean nindoala, kamioi batetik Eguberrietako arbola handi bat deskargatzen ari ziren bi tiporen ondotik pasa nintzen. Bat esan eta esan ari zitzaion besteari, «Helduiok ondo putakume honi! Helduiok, Kristo!» Ez zen oso modu polita Eguberrietako arbola batez hitz egiteko. Baina bazuen nolabaiteko grazia, eta barrez hasi nintzen. Egin nezakeen gauzarik okerrena huraxe, barrez hasi orduko gonbitoka hasi behar nuela iruditu zitzaidan eta. Benetan. Ia-ia hasi nintzen, baina pasatu egin zitzaidan. Ez dakit zer dela eta nengoen horrela. Alegia, ez nuela galdutako ezer jan, eta normalean nahiko urdail sendokoa naiz. Nolanahi ere, pasatu zen, eta iruditu zitzaidan zerbait jaten banuen hobeto sentituko nintzela. Hala, sartu merke itxurako jatetxe batean eta erroskilak eta kafea eskatu nuen. Hala ere, erroskilak ez nituen jan. Ezin irentsi. Oso zaila da zerbait irenstea triste-triste zaudenean. Zerbitzaria ondo portatu zen, hala ere. Bueltan eraman zituen kobratu gabe. Kafea besterik ez nuen hartu. Gero irten eta Bosgarren Etorbiderantz abiatu nintzen berriro.

        Astelehena zen, laster Eguberriak, eta denda guztiak zeuden zabalik. Ez zen garai txarra Bosgarren Etorbidean zehar ibiltzeko. Eguberri giroa zegoen han. Santa Klaus flakosta ugari kale-kantoietan zutik beren kanpaitxoak jotzen, eta Salbamendu Armadako neskak, ez ezpainak pintatu ez ezer egiten duten horiek, kanpaitxoak jotzen haiek ere. Inguruetara begira ere hasi nintzen, bezperan gosaritan topatutako bi moja haien bila, baina ez nituen ikusi. Banekien ez nituela ikusiko, New Yorkera irakasle gisa zetozela esan zidaten eta, baina hala ere bila ni. Nolanahi ere, Eguberri giroa bat-batean. Milioi bat ume beren amekin kaleetan, autobusetara igo eta jaitsi, dendetan sartu eta irten. Phoebe ere han izatea nahi izan nuen. Dagoeneko ez da jostailuen sailean pozak erotzeko bezain txikia, baina gustatzen zaio txantxak egitea eta jendeari begira egotea. Azkenaurreko Eguberrietan erosketak egitera eraman nuen neurekin. Izugarri ondo pasa genuen. Uste dut Blomingdalen zela. Sartu gara zapaten sailean eta hor ekin diogu, euritarako zapata pare bat nahi zuela Phoebek, sokak lotzeko milioi bat zulo dituzten horietakoak. Saltzaile gizarajoak erotu behar zuen gurekin. Phoebek hogei bat pare probatu zituen, eta aldi bakoitzean gizarajo hark goraino lotu behar zapata. Bihurrikeria zen, baina Phoebe barrez lehertu beharrean. Azkenean mokasin parea erosi genuen. Saltzailea oso ondo portatu zen. Bazekien adarra jotzen ari ginela, nik uste, Phoebek barre txikiak eginez jardun baitzuen denbora guztian.

        Nolanahi ere, aurrera jarraitu nuen Bosgarren Etorbidean zehar, gorbatarik gabe. Hartan, non hasten zaidan gauza beldurgarri-beldurgarria gertatzen, bat-batean. Kale-kantoi batera iritsi eta espaloia utzita gurutzatzen hasten nintzen bakoitzean, sentipen batek hartzen ninduen, ez nintzela kalearen beste aldera iritsiko. Galtzadak irentsi behar ninduela iruditzen zitzaidan, eta inork ez ninduela berriz ikusiko. Motellak, nola beldurtu nintzela gero! Ezin duzue imajinatu ere egin. Izerdi patsetan nintzen berehala, alkondara eta azpiko arropak eta dena blaitu arte. Gero beste zerbait egiten hasi nintzen. Kale-kantoira iristen nintzen bakoitzean, nire anaia Allierekin hitz egin behar nuela sinesten hasi nintzen. Esaten nion, «Allie, ez nazazu utzi desagertzen. Allie, ez nazazu utzi desagertzen. Mesedez, Allie». Eta kalearen beste aldera desagertu gabe iristen nintzenean eskerrak ematen nizkion. Gero atzera gauza bera hurrengo kantoiraino iristean. Baina aurrera jarraitzen nuen. Beldurra ematen zidan geratzeak, nik uste —ez naiz gogoratzen, egia esango badizuet. Badakit Hirurogeigarren kalera edo iritsi arte ez nintzela geratu, zoologikoa eta dena pasata. Han banku batean eseri nintzen. la ezin nuen arnasarik hartu, eta izerdi patsetan beti ere. Ordubetez edo egon nintzen han eserita, nik uste. Azkenean, alde egitea erabaki nuen. Erabaki nuen ez nintzela sekula etxera itzuliko eta ez nintzela berriz ikastetxe batera joango. Phoebe ikusi eta agur esan eta Eguberrietako dirua itzuliko niola, besterik ez, eta gero hatza luzatu eta mendebalera abiatuko nintzela. Zera egingo nuen, Holland tuneleraino joan eta auto bat geldiarazi, eta gero beste bat, eta beste bat, eta egun batzuk barru mendebaldean nonbait egongo nintzen, paraje polit eta eguzkitsuan, inork ezagutzen ez ninduela, eta lana topatuko nuen. Gasolindegi batean edo topatuko nuen, autoetan gasolina eta olioa sartzen. Bost axola zer lan klase. Aski zen inork ni ez ezagutzea eta nik ere inor ez ezagutzea. Zera bururatu zitzaidan, gormutu horietako bat bezala jokatzea. Honela ez nuen denborarik galduko elkarrizketa inozoetan. Inork ezer esan nahi izanez gero, paper puska batean idatzi eta erakutsi beharko zidan. Laster aspertuko ziren hori egiten, eta orduan akabo elkarrizketak bizi osorako. Gormutu gizarajo bat besterik ez nintzela pentsatuko zuen mundu guztiak, eta bakean utziko ninduten. Beren autoetan gasolina eta olioa jartzen utziko zidaten, eta soldata jasoko nuen hori egiteagatik, eta aurreratutako diruaz nonbait etxetxoa eraiki eta han biziko nintzen behin eta betiko.

        Oihanetik gertu eraikiko nuke, baina ez oihanean bertan, eguzkitan bizi nahi nuke eta. Neure jaki guztiak maneatuko nituzke, eta beranduago, ezkondu nahi izanez gero edo, neska eder bat ezagutuko nuke, gormutua hura ere, eta ezkondu egingo ginateke. Eta nire etxetxoan bizitzera etorriko litzateke, eta zerbait esan nahiko balit, paper puska batean idatzi beharko, beste guztiek bezala. Umerik izanez gero, ezkutatuko genituzke nonbait. Liburu pila bat erosi eta geuk irakatsiko genieke irakurtzen eta idazten.

        Izugarri poztu nintzen hartaz pentsatuz. Izugarri gero. Banekien gormutuarena egitea eta abar erokeria zela, eta hala ere hartaz pentsatzen gustura ni. Baina mendebaldera alde egitea benetan erabaki nuen. Lehenago, ordea, agur esan nahi nion Phoeberi. Hala, lasterka eroan gurutzatu nuen kalea —eta ia-ia garbitu ninduten hura egitean, egia jakin nahi baduzue- eta denda batean sartuta bloka eta lapitza erosi nituen. Ohar bat idaztea bururatu zitzaidan, halako lekutan elkartuko ginela adieraziz, agur esan eta Eguberrietako dirua itzuli behar niola eta, eta gero hartu oharra eta eskolara eramango nuen eta zuzendaritzan entregatuko hari eman ziezaioten. Baina sartu bloka eta arkatza poltsikoan eta laster batean abiatu nintzen eskolara; urduriegi nengoen dendan bertan oharra idazteko. Bizkor nindoan, oharra etxera bazkaltzera alde egin baino lehen eman nahi nion eta ez neukan denbora gehiegirik.

        Banekien non zegoen haren eskola, jakina, neu ere han ibilia bainintzen umetan. Iritsi nintzenean arraroa egin zitzaidan. Ez nengoen seguru gogoratuko ote nintzen nolakoa zen barrukaldea, baina gogoratu nintzen, bai. Hara joaten nintzenean bezalaxe zegoen, berdin-berdin. Jolasleku ilun samar berbera zuten barruan, eta bonbilak kaioletan sartuta, baloiaz joz gero ez apurtzeko. Zoru ru gainean zuriz pintatutako zirkulu berberak zeuden, jolasetarako eta abar. Eta saskibaloiko aro berberak, sarerik gabe, taulak eta aroak besterik ez.

        Han ez zegoen inor, beharbada artean jolasordua ez zelako, ezta bazkalordua ere. Ume bat besterik ez nuen ikusi, ume beltz bat, bainura bidean. Zurezko txartel horietako bat zuen poltsikotik zintzilik, geuk erabiltzen genituenak bezalakoa, bainurako baimena zeukala adierazteko.

        Artean izerditan nengoen, baina ez hainbeste. Eskaileretara joan eta lehen mailan eseri nintzen, eta erositako bloka eta arkatza atera nituen. Hara joaten nintzen garaiko usain berdin-berdina zuten eskailerek. Norbaitek bertan txixa egin balu bezala. Usain hori beti eskoletako eskaileretan. Dena den, eseri han eta ohar hau idatzi nuen:

 

        Phoebe maitea:

 

        Ez daukat asteazkenera arte itxaroterik eta seguruenera behatza luzatuz abiatuko naiz mendebaldera arratsaldean. Arte-museoan elkartuko gara, ahal baduzu, ate ondoan hamabiak eta laurdenetan, eta Eguberrietako zure dirua itzuliko dizut. Ez dut asko gastatu.

        Musu hat,

 

        Holden.

 

        Eskola Museoaren ondo-ondoan zegoen, eta handik pasa beharra zeukan derrigor etxerako bidean, beraz banekien etorriko zela.

        Gero zuzendariaren bulegoetarako eskailerak igotzen hasi nintzen, hango norbaiti eman eta berak ikasgelara eraman ziezaion. Hamar bat toles egin nizkion, inork ireki ez zezan. Eskola malapartatu batean ezin inorekin fidatu. Baina banekien emango ziotela, anaia nintzela esanda.

        Eskaileretan gora nindoala, bat-batean gonbitoka egin behar nuela iruditu zitzaidan. Ez nuen egin, ordea. Pixka batean eseri eta berehala sentitu nintzen hobeto. Baina eserita nengoela, nire onetik atera ninduen zerbait ikusi nuen. Norbaitek «...hadi» zuen idatzia horman. la nire onetik atera ninduen hark. Pentsatu nuen Phoebek eta beste ume guztiek hura ikusiko zutela, eta ea zer arraio esan nahi zuen jakin nahiko zutela, eta orduan ume zikinen batek esango ziela —dena aldrebes, jakina- zer esan nahi zuen, eta hartaz pentsatu eta kezkatu ere egingo zirela agian pare bat egunetan. Jo-ta garbituko nuen hura idatzi zuena. Alproja gizagalduren bat gau beranduan hara sartu txixa egitera edo, eta hura idatziko zuen horman.

        Hartan ari zen bitartean harrapatzen nuela imajinatu nuen, eta txiki-txiki egiten niola burua harrizko eskaileren kontra, seko hilda eta odoletan utzi arte. Baina ondo asko nekien ez neukala halakorik egiteko barrabilik. Ondo asko gero. Are gehiago tristatu ninduen horrexek. Apenas nuen barrabilik hormakoa eskuaz ezabatzeko ere, egia jakin nahi baduzue. Beldur nintzen irakasleren batek hura ezabatzen harrapatu eta neuk idatzi nuela pentsatuko ote zuen. Baina azkenean ezabatu egin nuen nolanahi ere. Gero gora segitu nuen, zuzendariaren bulegora.

        Zuzendaria ez zegoen, baina bai ehun urte inguruko andre zahar bat idazmakina baten aurrean eserita. Esan nion Phoebe Caulfielden anaia nintzela, 4B-1 ikasgelan zegoenarena, eta mesedez emateko Phoeberi ohar hura. Oso garrantzitsua zela, ama gaixo zegoela eta ez zuela prestatu Phoeberentzako bazkaria, eta taberna batean bazkaldu behar zuela nirekin. Andre zaharra oso ondo portatu zen. Hartu oharra eta aldameneko bulegoko beste andre zahar bati deitu zion, eta beste andre zahar hori joan zen oharra Phoeberi ematera. Gero ehun urte inguruko andre zaharrak eta biok berriketan jardun genuen pixka batean. Oso atsegina zen, eta neu ere eskola hartan ibilia nintzela esan nion, eta anaiak ere baietz. Ea zein ikastetxetan nenbilen orain, eta Penceyn nik, eta hark Pencey oso ikastetxe ona zela. Nahita ere, kemenik ez nik hari kontra egiteko. Gainera, hala nahi bazuen, pentsatzea zeukan Pencey ikastetxe ona zela. Ezin hasiko zara gauza berriak esaten ehun urte inguruko norbaiti. Ez dute horrelakorik entzun nahi izaten. Handik pixka batera alde egin nuen. Hura xelebrekeria. «Zorte on!» oihukatu zidan, Penceytik alde egitean Spencer zaharrak esan zidan bezala. Kristo, sekulako gorrotoa diot horri, norbaitek «Zorte on!» esatea nonbaitetik alde egiten dudanean. A ze tristura.

        Beste eskailera batetik jaitsi nintzen, eta beste «...hadi» bat ikusi nuen horman. Berriro ere eskuaz ezabatzen saiatu nintzen, baina beste hau grabatuta zegoen, laban batekin edo. Ez zen kendu. Alferrik da, ordea. Milioi bat urte izanda ere, ezin ezabatu munduan zehar dauden «...hadi» erdiak. Ezin.

        Jolastokiko erlojuari begiratu nion: hamabiak hogei gutxi ziren artean, beraz denbora dexentea nuen nola-hala emateko Phoeberekin elkartu aurretik. Baina hala ere Museorako bidea hartu nuen. Ez neukan beste inora joaterik. Bururatu zitzaidan kabina batean geratu eta Jane Gallagheri telefonoa jotzea ere, mendebaldera abiatu aurretik, baina ez nengoen umoreko. Jakin, ez nekien ezta oporretarako etxeratua ote zen ere. Beraz museora joan nintzen buelta bat ematera.

        Museo barruan Phoeberen zain nengoela, atearen ondoan alegia, bi ume hurbildu eta ea momiak non zeuden galdetu zidaten. Ume batek, galdetu zidanak, zabalik zuen brageta, eta esan egin nion. Nirekin hitz egin bitartean itxi zuen, bazter batera joaten edo arduratu gabe. Jota utzi ninduen. Gustura egingo nuen barre, baina beldur nintzen berriz ere gonbitolarria emango ote zidan, eta ez nuen egin.

        — Non daude momiak, zu? —esan zidan berriz haurrak—. Ba al dakizu?

        Pixka batean adarra jo nien.

        — Momiak? Zer dira ba horiek? —galdetu nion bati.

        — Badakizu, momiak... hildako zer horiek. Harrobietan eta lurperatzen dituztenak.

        Harrobietan. Jo-ta-ma utzi ninduen. Hilobiak esan nahi zuen.

        — Zuek biok nolatan ez zaudete eskolan? —esan nien.

        — Gaur ez da eskolarik —esan zidan hitz egiten zuenak. Gezurretan ari zen lotsagabe hura, bizirik nagoela bezain egia. Baina Phoebe agertu arte ez neukan beste zereginik, eta momiak zeuden lekua aurkitzen lagundu nien. Motellak, lehenago ondo asko nekien non egoten ziren, baina urteetan izan ez museo hartan.

        — Oso interesatuta zaudete momietan, eh? —esan nien.

        — Bai.

        — Hire lagunak ez al dik hitz egiten? —esan nion.

        — Ez da laguna. Anaia da.

        — Ezin al du hitz egin? —hitzik egiten ez zuenari begiratu nion—. Ez al dakik hitz egiten? —galdetu nion.

        — Bai —hark—. Baina ez dut gogorik.

        Halako batean aurkitu dugu momien leku hori, eta sartu gara bertan.

        — Ba al dakizue egiptoarrek nola hobiratzen zituzten hildakoak? —galdetu nion bati.

        — Ez.

        — Tira, jakin behar zenukete. Oso interesgarria duk. Aurpegiak gai kimiko sekreturen batez tratatutako jantzietan biltzen zituzten. Hartara, nahiz eta milaka eta milaka urtetan egon beren hilobietan, aurpegiak ez ziren usteltzen. Inork ez daki hori egiten, egiptoarrek bakarrik. Ezta zientzia modernoak ere.

        Momiak zeuden lekura iristeko, korridore estu-estu batetik joan beharra zegoen. Faraoien hilobietatik ateratako harriak zituen alde batean. Nahiko beldurgarria zen, eta nirekin zeuden ausart pareak ere ezagun zuten poz-pozik ez zeudela. Nire ondo-ondoan zihoazen, eta hitzik ateratzen ez zuena nire maukari helduta neraman.

        — Goazemak hemendik esan zion anaiari—. Ikusita zeuzkat. Tira, goazemak —buelta hartu eta hanka egin zuen.

        — Beldurti hutsa da —esan zidan besteak—. Aio! —eta berak ere hanka egin zuen.

        Neu geratu nintzen bakarrik hilobian. Nahiko gustura, hala ere. Hain atsegin eta baketsu zegoen han. Hartan, bat-batean, ezetz asmatu zer ikusi nuen horman? Beste «.., hadi» bat. Klarion gorri batez edo zegoen idatzita, Normaren kristalezko partearen azpian, harrien azpian.

        Hortxe dago koxka. Ezin leku atsegin eta baketsurik aurkitu, bat bera ere ez dago eta. Pentsa liteke badela, baina bertara joanda gero, norbera begira ez dagoenean, norbait sartu eta «... hadi» idatziko dio sudur aurrean. Egizue proba noizbait. Ikusten nago, ni hiltzen naizenean ere, kanposantura eraman eta hilarria eta abar izaten dudanean, «Holden Caulfield» jarriko du bertan, eta ondoren noiz jaio eta noiz hil nintzen, eta justu-justu horren azpian «... hadi» bat. Seguru-seguru nago.

        Momiak zeuden lekutik irten nintzenean, bainura joan behar izan nuen. Beherakoa nuen, egia jakin nahi baduzue. Ez zitzaidan gehiegi axola beherakoa izatea, baina beste zerbait gertatu zen. Komunetik irtetera nindoala, atera iritsi baino pittin bat lehenago, zorabioa edo egin zitzaidan. Suertea izan nuen, hala ere. Alegia, hil ere egin nintekeen lurrera erorita, baina saiheska edo erori nintzen, besterik ez. Baina hura xelebrekeria, hobeto sentitu nintzen zorabiatu eta gero. Benetan. Mina hartu nuen erortzerakoan, baina handik aurrera ez nintzen hain zorabiatuta sentitu.

        Hamabiak eta hamar inguru ziren, eta itzuli eta ate ondoan jarri nintzen Phoeberen zain. Pentsatu nuen huraxe izango zela ikusiko nuen azken aldia. Nire senide bat ikusiko nuen azken aldia, alegia. Seguruenera ikusiko nuen berriro, baina urteak pasa arte ez behintzat. Hogeitamabost bat urte edo nituenean itzuliko nintzen etxera, hala uste nuen, norbait gaixotu eta hil aurretik ikusi nahi ninduela eta, baina huraxe izango zen nire etxetxoa utzi eta itzultzeko arrazoi bakarra. Imajinatzen ere hasi nintzen nolakoa izango zen nire itzulera hori. Banekien ama urduri-urduri jarriko zela eta negarrari emango ziola, eta etxean geratzeko erregutuko zidala, ez itzultzeko nire etxetxora, baina ni hara berriz ere. Bare-bare arituko nintzen. Lasaitu egingo nuen, eta gero joan egongelaren beste aldera, hartu zigarro bat kutxatik eta piztu egingo nuen, hotz-hotz. Gogoa izanez gero noizbait bisita egiteko esango nien, baina insistitu gabe. Phoeberi bai, utziko nion bisitan etortzen uda partean eta Eguberrietako eta Aste Santuko oporretan. Eta D.B.ri ere utziko nion aldi baterako etortzen, idazteko leku atsegin eta lasaia nahi bazuen, baina nire etxetxoan ez zuen idatziko filmerik, ipuinak eta liburuak besterik ez. Ni bisitatzerakoan inork faltsukerietan ez jardutea jarriko nuen arau bakarra. Baten bat faltsukerietan hasiz gero, ezingo zen bertan geratu.

        Halako batean, sarrerako erlojuari begiratu eta ordu bata hogeitabost gutxi zirela. Beldurtzen hasi nintzen, ez ahal zion esango eskolako andre zaharrak beste andre zaharrari ez emateko nire oharra Phoeberi. Erretzeko edo esan ote zion. Urduri-urduri jarri nintzen. Bideari ekin aurretik Phoebe ikusi nahi nuen. Haren dirua nuen eta.

        Azkenean ikusi nuen, ateko kristaletatik. Nire ehizakapelua zeraman aldean eta ikusi egin behar —hamar kilometrotik ere ikusten zen hura.

        Irten eta harrizko eskaileren behean egon nintzen zain. Maleta handi bat zekarren, eta horixe ez nuen ulertzen. Bosgarren Etorbidea gurutzatzen ari zen, eta maletatzar bat zekarren arrastaka. Arrastaka ere ezin zuen ia. Hurbildu nintzenean nire maleta zaharra zeta ikusi nuen, Whootonen nengoenean erabiltzen nuena. Ezin nuen imajinatu zer arraiotarako nahi zuen. «Kaixo!» esan zidan hurbildutakoan. Arnasestuka zegoen maleta tzar harengatik.

        — Banengoen ba, honez gero ez zinela etorriko uste nuen —esan nion—. Zer arraio duzu maleta horretan? Ez dut ezer behar. Nagoen bezala noa. Ez ditut hartuko ezta geltokian utzitako maletak ere. Zer arraio daukazu hor?

        Lurrean utzi zuen maleta.

        — Nire arropak —esan zidan—. Zurekin noa. Utziko al didazu? Bai, ezta?

        — Zer? —esan nion. Ia-ia zerraldo erori nintzen hura esan zuenean. Zinez diotsuet. Ondoez modukoa ere egin zitzaidan, eta berriz ere konortea galdu behar nuela pentsatu nuen.

        — Atzekaldeko igogailuan jaitsi ditut, Charlenek ez ikusteko. Ez da oso astuna. Ez daramat gauza askorik, bi soineko eta mokasinak eta euritakoa eta galtzetinak eta beste gauza batzuk. Begira, hartu. Ez da astuna. Har ezazu pixka batean... Ezin al naiz joan zurekin? Holden? Ez? Mesedez.

        — Ez. Isil zaitez.

        Luze-luze erori behar nuela pentsatu nuen. Alegia, ez nion esan nahi isiltzeko, baina berriz ere ondoeza egin behar zitzaidala iruditu niri.

        — Zergatik ezin dut? Mesedez, Holden! Ez dut ezer egingo... zurekin joan, besterik ez! Arropak ere ez ditut eramango nahi ez baduzu... zera besterik ez dut hartuko...

        — Ez duzu ezer hartuko. Ez zatoz eta kitto. Bakarrik joango naiz. Beraz, zaude isilik.

        — Mesedez, Holden, mesedez, utzidazu joaten. Oso-oso zintzoa izango naiz... ez duzu ezta...

        — Ez zatoz. Isildu! Emaidazu maleta hori —esan nion.

        Eskuetatik kendu nion. la-a jotzeko egon nintzen. Une batez jo-ta muturrekoa eman behar mola pentsatu nuen. Benetan. Negarrez has zen.

        — Ez al zinen antzerki batean ari eskolan? Ez al zinen Benedict Arnold antzerki horretan? —esan nion. Oso gaizto esan ere—. Zer egin nahi duzu? Antzerkian parte ez hartu, Kristo?

        Negarra areagotu zitzaion. Pozik nengoen. Bat-batean negar eragin nahi izan nion, begiak urtzeraino gainera. la gorrotatu ere egiten nuen. Uste dut horrexegatik gorrotatzen nuela gehien, nirekin alde egiten bazuen antzerki hartan izango ez zelako.

        — Goazen —esan nion. Eskaileretan gora has nintzen, berriz ere museora. Zera egitea pentsatu nuen, hark ekarritako maletatzar hura arropazaindegian utzi, eta gero har zezala hiruretan, eskolatik irten ondoren. Nola joango zen ba eskolara harekin, ezin zuen.

        — Tira, goazen —esan nion.

        Baina ez zituen igo eskailerak. Ez zuen nirekin etorri nahi. Ni igo, hala ere, eraman maleta arropazaindegira eta erregistratu egin nuen, eta gero atzera behera. Artean han zegoen espaloian, baina bizkarra eman zidan beragana heldu nintzenean. Horrelakoak egiten ditu. Gogoa duenean bizkarra ematen dizu.

        — Ez naiz joango inora. Iritzia aldatu dut. Beraz utzi negarrari eta isildu —esan nion. Xelebreena, ez zela negarrez ari hori esan nionean. Hala ere, nik esan—. Tira, goazen. Eskolaraino lagunduko dizut. Goazen, berandutu egin behar zaizu.

        Ez zidan ezer erantzun. Eskutik heltzen saiatu nintzen, baina ez zidan utzi. Beste aldera begira jarraitu zuen.

        — Bazkaldu al duzu? Jan al duzu ezer? —galdetu nion.

        Ez zidan erantzun. Zera egin zuen, nire ehizakapelua kendu —eman niona- eta ia aurpegira jaurti zidan. Gero bizkarra eman zidan berriro. Txetuta utzi ninduen, baina ez nion ezer esan. Jaso eta txamarrako poltsikoan gorde nuen.

        — Tira, aizu. Eskolaraino lagunduko dizut —esan nion.

        — Ez noa eskolara.

        Zer esan jakin ezta geratu nintzen. Hantxe geratu nintzen pare bat minutuz, zer erantzun jakin ezta.

        — Eskolara itzuli behar duzu. Antzerki horretan parte hartu nahi duzu, bai ala ez? Benedict Arnold izan nahi duzu, ezta?

        — Ez.

        — Horixe nahi duzula, nahiko ez duzu ba? Tira, goazen —esan nion—. Lehenengo eta behin, ez naiz inora joango, esan dizut. Etxera joango naiz. Etxera joango naiz zu eskolatik irten bezain laster. Lehenik geltokira joango naiz maletak jasotzera, eta gero zuzen-zuzenean...

        — Esan dizut ez naizela itzuliko eskolara. Zuk egizu nahi duzuna, baina ni ez naiz itzuliko eskolara —esan zidan—. Beraz, zaude isilik.

        Aurrez sekula ez zidan esan isiltzeko, lehen aldia zen hura. Ikaragarria, alajainkoa!, ikaragarria. Biraoa botatzea baino ikaragarriagoa zen hura. Oraindik ez zidan begiratzen, eta eskua sorbaldan jarri edo halakorik egiten nion bakoitzean, ez zidan uzten.

        — Entzun, emango al dugu buelta bat? —galdetu nion—. Joango al gara zoologikora? Arratsaldean eskolara ez itzultzen uzten badizut, utziko al diezu txorakeria horiei?

        Ez zidan erantzun, eta berriro ekin nion.

        — Piper egiten uzten badizut eta paseotxoa ematen badugu, utziko al diezu txorakeria horiei? Joango al zara eskolara bihar neska zintzo bat bezala?

        — Akaso bai eta akaso ez —hark, eta korrikari eman zion kalean zehar, autorik zetorren begiratu ere egin gabe. Txoriburu hutsa da batzutan.

        Ez nion jarraitu. Banekien atzetik etorriko zela, eta zoora abiatu nintzen parkearen kontrako espaloitik, eta bera ere bai beste espaloitik. Ez zidan begiratu ere egiten, baina bistan zegoen begi ertzetik edo niri so zihoala, nora nindoan ikusteko. Nolanahi ere, horrela jarraitu genuen zoorako bide osoan. Behin kezkatu nintzen, bi alturatako autobus bat pasatu zenean, ez baineukan kalearen beste aldea ikusterik, eta jakin ez non arraio zegoen. Baina zoora iritsi ginenean, oihu egin nion, «Phoebe! Zoora sartu behar dut! Etorri!» Ez zidan begiratu, baina banekien entzun zidala, eta zoorako eskailerak jaisten hasi nintzenean, biratu eta han ikusi nuen kalea gurutzatzen, niri segika.

        Eguna goibel samar eta jende handirik ez zooan, baina bazeuden banaka batzu itsaslehoien piszinaren inguruan. Aurrera jo nuen, baina Phoebe geratu eta itsaslehoiei jaten nola ematen zieten ikusten ari zelakoa egin zuen —tipo bat jatena jaurtitzen ari zitzaien- eta beraz atzera egin nuen. Aukera ona iruditu zitzaidan berarekin geratzeko. Joan eta atzean geratu nintzen, eta eskuak sorbaldetan ipini nizkion, baina berak belaunak doblatu eta ihes egin zidan —esan dizuet nahi duenean oso marimutur izaten dakiela. Han geratu zen itsaslehoiei jaten ematen zieten bitartean, eta ni ere haren atzean geldi. Ez nizkion eskuak sorbaldetan ipini berriro, bestela hanka egingo zidan eta. Oso bere modukoak dira umeak. Kontuz ibili behar zer egiten duzun.

        Itsaslehoietatik aldendu ginenean ez zen etorri nire ondo-ondoan, baina ezta urrunegi ere. Hura bidearen alde batetik eta ni bestetik. Ez zen gauza handirik, baina hobe hori nigandik kilometro batera baino, ordura arte bezala. Muinotxo batera igo ginen, pixka batean hartzak ikustera, baina ez zegoen ikusteko handirik. Hartz bakar bat zegoen kanpoan, hartz polarra. Bestea, nabarra, bere zuloan, eta ez zen irten. Atzealdea besterik ez zuen agerian. Ume bat zegoen nire ondoan, cowboyen kapelu bat belarrietaraino sartuta, aitari esan eta esan «Atera ezazu hortik, aitatxo. Atera ezazu hortik». Phoeberi begiratu nion, baina ez zuen barrerik egin. Haurrei horretan antzematen zaie haserre daudela. Ez dute barrerik egiten.

        Hartzak atzean utzi ondoren, zootik irten eta parkeko kaletxo bat gurutzatu genuen, eta gero beti txixa usaina duten tunel horietako batean barrena abiatu ginen. Tiobibora bidean zegoen. Phoebek ez zidan hitz egiten artean, baina orain nire ondoan zihoan. Berokiaren gerritik heidu nion, gogoak hala emanda, baina ez zidan utzi. Esan zidan:

        — Geldi eskuok, axola ez bazaizu.

        Artean haserre hura nirekin. Baina ez ordura arte bezain haserre. Nolanahi ere, tiobibotik gero eta hurbilago, eta betiko aire tentel hori entzuten zen. «O Marie!». Berrogeitamarren bat urte lehenago ere musika bera jotzen zuen, ni umea nintzenean. Horixe dute polita tiobiboek, kanta berdinak jotzen dituzte beti.

        — Uste nuen tiobiboa itxita egoten zela neguan —esan zidan Phoebek. Lehen aldia zen zerbait esaten zidala. Ahaztu edo egingo zitzaion nirekin haserre zegoela.

        — Eguberriak direlako, beharbada —esan nion.

        Ez zidan ezer erantzun. Beharbada gogoratu egingo zitzaion nirekin haserre zegoela.

        — Ibili nahi al duzu hor? —esan nion. Banekien nahiko zuela. Ume-mokoa zenean, Allie, D.B. eta ni berarekin joaten ginen parkera, eta erotuta ibiltzen zen tiobiboarekin. Ez zen munduan handik aldenduko zuenik.

        Handiegia naiz —esan zidan. Erantzungo ez zidalakoan eta erantzun hark.

        — Ez, ez zara. Zoaz. Hementxe itxarongo dizut. Zoaz —esan nion. Iritsiak ginen. Ume bakan batzuk zebiltzan, oso txikiak gehienak, eta zenbait guraso zain inguruetan, bankuetan eserita eta. Txartelak saltzen dituzten leihatilara joan eta Phoeberentzako txartela erosi nuen. Gero eman egin nion. Ondo-ondoan nuen.

        — Tori —esan nion—. Itxaron unetxo bat. Tori zure diru guztia ere.

        Berak utzitako diru guztia eman nahi nik.

        — Gorde. Gorde zeuk —esan zidan. Eta ondoren hauxe gehitu zuen—...mesedez.

        Tristea da gero norbaitek «mesedez» esatea. Phoebe bezalako norbait bada, alegia. Zeharo tristatu nintzen. Baina hartu eta atzera poltsikoan sartu nuen dirua.

        — Zeuk ez al duzu ibili behar? —galdetu zidan. Xelebre samar begiratzen zidan. Bistan zegoen jadanik ez zegoela oso haserre.

        Beharbada hurrengo txandan. Zuri begira egongo naiz —esan nion—. Hartu al duzu txartela?

        — Bai.

        — Segi ba... horko banku horretantxe egongo naiz, zuri begira.

        Banku hartara joan eta eseri egin nintzen, eta bera tiobibora igo zen. Bueltan-bueltan joan zen. Alegia, bira oso bat eman zion. Gero zaldi handi, nabar eta maiztu batean eseri zen. Jarri da martxan tiobibo hori, eta bueltak eta bueltak nola ematen zituen begira ni. Beste bospasei ume egongo ziren gainean, besterik ez, eta musika «Smoke gets in your eyes» zen. Jazz tipora eta batere tajurik gabe. Ume guztiak urrezko uztaiari heldu nahian ari ziren, baita Phoebe ere, eta ni zalditik eroriko ote zen beldur, baina ez nuen ezer esan edo egin. Haurrekin horrela behar du, urrezko uztaiari heldu nahi badiote, utzi eta kitto, ezer esan gabe. Erortzen badira, erori dira, baina ez dago ondo ezer esatea.

        Ibilia amaitu zenean zalditik jaitsi eta niregana etorri zen.

        — Zen ere bai oraingoan —esan zidan.

        — Ez. Zuri begira egongo naiz. Nahiago dut zuri begira egon —esan nion. Beste pixka bat eman nion bere dirutik—. Horra. Erosi txartel gehiago. Dirua hartu zidan.

        — Orain ez nago haserre zurekin —esan zidan.

        — Badakit. Bizkor... berriro hasi behar du eta.

        Hartan, bat-batean musu bat eman zidan. Gero eskua luzatu eta honela esan zuen:

        — Euria ari du. Euria hasten du.

        — Badakit.

        Orduan zera egin zuen —ia akabatu ninduen- sartu eskua nire txamarrako poltsikoan, atera ehizakapelua eta buruan ipini zidan.

        — Ez al duzu nahi? —esan nion.

        — Pixka batean utziko dizut .

        — Ondo da. Bizkor, baina. Buelta ban galdu behar duzu. Zaldia kendu behar dizute.

        Han geratu zen, ordea.

        — Benetan esan al duzu lehengoa? Ez zarela inora joango? Gero etxera etorriko zarela? —galdetu zidan.

        — Bai —esan nion. Halaxe zen eta. Ez nion gezurrik esan. Etxera joango nintzen gero—. Tira, bizkor —esan nion—. Hastera doa.

        Lasterka Joan, txartela erosi eta tiobibora etorri zen, justu-justu. Gero buelta osoa eman zion atzera ere bere zaldia hartu arte, eta gainean eseri zen. Agur egin zidan eskuaz eta agur egin nion neuk ere.

        Motellak, hura eurijasa bota zuena orduan. Zurrustaka, zinez diot. Gurasoak eta amak eta mundu guztia tiobiboaren estalpean gorde ziren, hezurretaraino ez bustitzeko, baina ni bankuan geratu nintzen pixka batean. Blai egin nintzen goitik behera, batez ere lepoa eta prakak. Ehizakapeluak ondo babestu ninduen, nola edo hala, baina hala ere blai ni. Bost axola, ordea. Pozak zoratzen sentitu nintzen bat-batean, Phoebe jira eta bira ikusita. la-ia orroaka hasi nintzen, hain nengoen pozik, egia jakin nahi baduzue. Ez dakit zergatik. Hura hain polita zegoela, horixe besterik ez, jira eta bira ibiltzeko modua, bere beroki urdinarekin eta abar. Alajaina, nahiago nuke han egon bazinete.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia