24. KAPITULUA

 

        Antolini senar-emazteek apartamentu dotore-dotorea zuten Sutton Placen. Bi eskailmaila jaitsi behar ziren egongelara pasatzeko, eta barra eta abar zuten. Zenbait aldiz egona nintzen han, Elkton Hillsetik alde egin eta gero, Mr. Antolini sarri samar etortzen baitzen gurera afaltzera, ea zer moduz nindoan ikustera. Orduan ez zegoen ezkonduta. Gero, ezkondu zenean, tenisean jokatzen nuen sarri samar biekin, Forest Hillseko West Side Tennis Clubean, Long Islanden. Emaztea zen klub hartako kidea. Dirua besterik ez zuen hark. Mr. Antolini baino askoz zaharragoa zen, baina ondo konpontzen zirela zirudien. Biak ere intelektual samarrak izan haiek, batez ere Mr. Antolini, berarekin zeundenean intelektuala baino areago zorrotza bazen ere, D.B.ren antzekoa. Mrs. Antolini oso serioa zen. Gaizki samar ibiltzen zen asmarekin. Biek irakurtzen zituzten D.B.ren ipuin guztiak —emazteak ere bai- eta D.B. Hollywoodera joan zenean, Mr. Antolinik telefonoz deitu eta ez joateko esan zion. Baina hura berdin-berdin joan zen, nahiz eta Mr. Antolinik esan D.B.k bezala idazten zuen batek ez zuela ezer egiterik Hollywoodera joanda. Horixe esan nion neuk ere.

        Hobe nuen oinez joan banintz, ez bait nuen gastatu nahi Phoebek Eguberrietarako zeukan dirutik, behar-beharrezkoa izan ezik, baina arraro sentitu nintzen kanpora irtetean. Txorabiatuta edo. Hala bada, taxia hartu nuen. Ez nuen nahi, baina horixe egin nuen. Izugarri luze jo zidan taxia aurkitzeak.

        Mr. Antolinik ireki zuen atea tinbrea jo nuenean —igogailuko mutilak igotzen utzi zidanean, sasikumea alena. Txabusina eta zapatilak jantzita zegoen, eta whisky baso bat zuen eskuan. Tipo sofistikatu samarra zen, eta gogortxo edaten zuena.

        — Holden, motel! —esan zidan—. Kristo, beste hogei bat hazbete luzatu haiz eta! Pozten nauk ikusteaz!

        — Zer moduz, Mr. Antolini? Zer moduz andrea?

        — Biok gaude primeran. Ekartzak txamarra hori.

        Txamarra kendu zidan eta eseki egin zuen.

        — Jaioberri bat besoetan huela etorriko hintzelakoan nengoan. mora joaterik ez, elurmalutak betileetan eta abar...

        Oso tipo zorrotza zen batzutan. Jiratu eta oihu egin zuen sukaldera:

        — Lillian, kafe hori badator edo zer!

        Lillian zuen izena emazteak.

        — Gertu dago —oihuka hark ere—. Holden al da?

        Kaixo, Holden!

        — Kaixo, Mrs. Antolini!

        Han oihuka ibili beharra zegoen beti. Behin ere ez haiek biak gela batean. Xelebre samarra zen.

        — Eseri, Holden —esan zidan Mr. Antolinik. Nabari zuen muturra pittin bat berotuta zegoela. Gela hartan festaren bat izan zutela ematen zuen. Basoak nonahi, eta platerak kakahueteekin eta—. Barkatuko diguk kuxidade hau —esan zidan—, emaztearen lagun batzuk izan ditiagu, Buffalokoak... bufalo batzuk, alegia.

        Barre egin nuen, eta Mrs. Antolinik zerbait oihukatu zidan sukaldetik, baina ez nion aditu.

        — Zer dio? —galdetu nion Mr. Antoliniri.

        — Sartzen denean ez begiratzeko. Ohetik jaiki duk oraintxe. Tori zigarroa. Erretzen al duk orain?

        — Eskerrik asko —esan eta zigarroa hartu nion eskaini zidan kaxatik—. Noizean behin. Neurrian.

        — Bai noski —esan zuen. Sua eman zidan mahaian zegoen pizgailu handi batekin—. Hortaz, hi eta Pencey elkarren apartean zabiltzatela? —esan zidan.

        Beti gisa horretan hitz egiten zuen hark. Batzutan grazia egiten zidan, beste batzutan ez. Gehiegitxo jarduten zuen horrela, nire gusturako. Ez dut esan nahi zorrotza ez zenik, horixe zela, baina batzutan zeure onetik ateratzen zaitu norbait beti horrelakoak esaka aritzeak, «hortaz, hi eta Pencey elkarren apartean zabiltzatela?» eta horrelakoak. D.B.k ere batzutan gehiegitxo jarduten du horrela.

        — Zer gertatu da? —galdetu zidan Mr. Antolinik—. Zer moduz ingelesean? Atea emango diat derrepente ingelesa suspenditu baduk, idazlanetan txapeldun osoa hintzen horrek.

        — Ingelesa ondo pasa nuen. Baina literatura zen ia dena. Pare bat idazlan besterik ez nuen egin hiruhilabeteko osoan —esan nion—. Baina Mintzamena suspenditu nuen. Ikastaro hori zuten ba, Mintzamena. Horixe suspenditu nik.

        — Zergatik?

        — Auskalo, ez dakit.

        Ez nuen hartaz jarduteko gogo handirik. Artean txorabiatu samar sentitzen nintzen, eta izugarrizko burukomina etorri zitzaidan bat-batean, bai horixe. Baina ezagun zuen interesatuta zegoela, eta zerbait kontatu nion hartaz.

        — Ikastaro horretan klaseko mutil bakoitzak hitzaldi bat egin behar du zutik. Badakizu, espontaneoa eta abar. Eta mutila adarretatik hasten bada, besteek «Digresioa!» oihukatu behar diote ahalik eta azkarren. Ia-ia erotu nintzen. Suspentsoa eman zidaten.

        — Zergatik?

        — Ez dakit ba. Digresioaren kontu horrek neure onetik ateratzen nau. Ez dakit. Niri gustatu egiten zait norbait adarretatik dabilenean. Zera, interesanteagoa da.

        — Ez al zaik axola norbait hariari lotzea zerbait esaten dianean?

        — Jakina! Gustatzen zait norbait hariari lotzea eta abar. Baina ez lotuegi jardutea ere. Ez dakit. Ez zait gustatzen norbait beti harira doanean, nik uste. Mintzamenean puntuaketa onenak izandako mutilak beti hariari segitzen ziotenak izaten ziren, onartu behar dut. Baina bazen mutil bat, Richard Kinsella, hark ez zuen hari-harira ere jotzen, eta beti ari zitzaizkion «Digresioa!» esaka. Izugarria zen, zeren eta hasteko, oso tipo urduria baitzen, baina oso tipo urduria gero, eta ezpainak ikara batean izaten zituen hitzaldia egitea tokatzen zitzaionean, eta apenas entzuten zitzaion gelaren atzekaldean eserita egonez gero. Ezpainetako ikara joaten zitzaionean, ordea, beste inorenak baino gehiago gustatzen zitzaizkidan haren hitzaldiak. Baina hark ere ia-ia suspenditu egin zuen ikastaroa. Nahiko justu atera zuen, beti ari zitzaizkiolako «Digresioa!» esaka. Adibidez, hitzaldi bat aitak Vermonten erositako etxaldeari buruz egin zuen. Han jardun zuten «Digresioa!» esan eta esan hark hitz egin bitartean, eta irakasleak, Mr. Vinsonek, suspentsoa eman zion ez zuelako kontatu etxaldean zein motatako hazienda eta barazkiak eta horrelakoak zituzten. Zera egin zuen Richard Kinsellak, hasi zer guzti horretaz hizketan, eta bat-batean amak osaba baten eskutitza nola hartu zuen eta abar kontatzeari ekin zion, eta osabak polio izan zuela berrogeita bi urtetan, eta ez ziola inori uzten ospitalera bisitara etortzen, inork gailu ortopediko batekin ikusterik nahi ez eta. Ez zeukan zerikusi handirik etxaldearekin, onartu beharko, baina polita zen. Polita da norbaitek bere osabarenak kontatzea. Batez ere aitaren etxaldeaz kontatzen hasi eta ustekabean osabarena gehiago interesatzen bazaio. Esan nahi dut itsusia dela «Digresioa!» esatea bera hain gustura eta bero ari denean... Ez dakit. Zaila da azaltzen.

        Saiatzeko gogo handirik ere ez nuen. Izan ere, burukomin izugarria jarri zitzaidan bat-batean. Desiatzen nengoen Mrs. Antolini kafearekin etor zedin. Horrexek bai amorratzen nauela —alegia, kafea prest dagoela esan eta ez egoteak.

        — Holden... galderatxo pedagogiko aspergarri samar bat. Ez al duk uste gauza bakoitzak bere denbora eta lekua dituela? Ez al duk uste norbait aitaren etxaldeaz hizketan hasten bada, horri lotu behar zaiola, eta gero ekin osabaren gailu ortopedikoarena kontatzeari? Edo, osabaren gailu ortopedikoarena hain gai erakargarria bada, ez al zuen aukeratu behar gaitzat hori, eta ez etxaldea?

        Ez nuen pentsatzeko eta erantzuteko gogo handirik. Burukomina nuen eta nazkatuta sentitzen nintzen. Tripakomina ere banuen, egia jakin nahi baduzue.

        — Bai... ez dakit. Beharbada bai. Esan nahi dut beharbada osaba aukeratu behar zuela gaitzat, ez etxaldea, interesatzen ez bazitzaion. Baina zera, alegia askotan eta askotan ez dagoela gehien zer interesatzen zaizun jakiterik hain justu interesatzen ez zaizun zerbaiti buruz hitz egiten hasi arte. Batzutan ez dago beste erremediorik, alegia. Nire ustez bakean utzi behar zaio norbaiti interesgarria izan eta gainera bero-bero ari bada. Niri gustatzen zait norbait zerbaitekin berotzen denean. Polita da. Zuk ez zenuen ezagutu irakasle hura, Mr. Vinson. Zure onetik ateratzen zintuen, hark eta bere klaseek. Alegia, denbora osoan arituko zen esanez zehazteko eta kimatzeko. Gauza batzuekin ezin da. Alegia, ez dago zerbait zehaztu eta kimatzerik justu norbaitek hala nahi duelako. Ez zenuen ezagutu tipo hura, Mr. Vinson. Alegia, oso azkarra zen eta hori dena, baina ezagun zuen buruan gauza gehiegi ere ez zuela.

        — Kafea, jaunak, azkenean —esan zuen Mrs. Antolinik. Erretilu batean kafea eta pastelak eta abar zekarrela sartu zen.

        — Holden, ezta begiratu ere gero niri. Oso itsusi nago.

        — Kaixo, Mrs. Antolini —esan nion. Jaikitzen ere hasi nintzen, baina Mr. Antolinik jakatik heldu eta eserarazi egin ninduen. Mrs. Antolinik burdinazko kiribilgailuz beteta zuen ilea, eta ezpainak eta batere pintatu gabe. Ez zuen oso itxura ederra. Zahar samarra ematen zuen.

        — Hementxe utziko dut hau. Hasi zuek —esan zuen. Hango baso guztiak baztertu eta mahai gainean utzi zuen erretilua.

        — Zer moduz ama, Holden?

        Ondo dago, eskerrik asko. Aspalditxoan ez dut ikusi, baina azkenekoan...

        — Maitea, Holdenek zerbait nahi badu, arroparen armairuan dago dena. Goiko apalean. Ni ohera noa. Jota nago —esan zuen Mrs. Antolinik. Hala ematen zuen, bai—. Egingo duzue ohea, ezta?

        — Geu arduratuko gara guztiaz. Zuk segi ohera —esan zuen Mr. Antolinik. Musua eman zion emazteari eta hau logelan sartu zen, niri agur esanda. Beti ari ziren

        Kafe pixka bat eta harria baino gogorragoa zegoen pastelaren erdia hartu nituen. Antolinik, ordea, beste whisky-cocktail bat. Oso gogorrak maneatzen ditu, gainera, ezagun zuen. Alkoholiko bihurtuko da kontu pixka bat edukitzen ez badu.

        — Aitarekin bazkaldu nian orain pare bat aste —esan zidan bat-batean—. Ba al hekien?

        — Ez, ez nekien.

        — Jakingo duk, noski, oso arduratuta dagoela hirekin.

        — Badakit, bai —esan nion.

        — Nonbait, niri telefonatu baino lehen, hire ikastetxeko zuzendariaren eskutitz luze eta zorrotz samarra jaso zian, esanez ez hintzela batere saiatzen eta abar. Klase batzuetara huts egiten huela. Batere ikasi gabe joaten hintzela klaseetara. Oro har, hire jokaera...

        — Ez nuen huts egiten. Ez zizuten uzten behin ere huts egiten. Inoiz bakarren batera ez nintzen joan, lehen esan dizudan Mintzameneko horretara eta, baina ez nion utzi joateari.

        Ez nuen batere gogorik hartaz hitz egingo. Kafeak zerbait hobetu zidan urdaila, baina artean burukomin handia nuen.

        Antolinik beste zigarro bat piztu zuen. Errezale amorratua hura. Gero hala esan zidan:

        — Garbi hitz eginez, ez zekiat zer arraio esan, Holden.

        — Bai, badakit. Ez da erraza nirekin hitz egitea. Konturatzen naiz.

        — Sentipen bat diat, hondamendi ikaragarriren batera abiatu haizela, baina garbi esanda ez zekiat zer... aditzen al didak?

        — Bai.

        — Bazitekek hogeitamar urterekin hi tabernaren batean eserita egotea, sartzen diren guztiak gorrotatuz ikasle garaian futbolean jokatutako itxura badute. Edo beharbada «lehen kalean ikusi dizut» esaten dutenak gorrotatzeko adina ikasiko duk. Edo bulegoren batean buka dezakek, papertxoak jaurtiz hurbilen duan idazkariari. Ez zekiat. Baina ba al dakik zertara noan, inondik ere?

        — Bai noski —esan nion. Banekien eta—. Baina oker zaude gorrotoaren kontu horretan. Alegia futbol jokalariak gorrotatzeaz eta abar. Benetan. Apenas inori diodan gorrotorik. Igual gorrotatuko ditut pixka batean, Penceyn ezagututako mutil haiek bezala, Stradlater eta Robert Ackley. Aldi batean gorrotatzen nituen, onartzen dut, baina ez zuen luzeegi irauten, horixe esan nahi dut. Laster, ikusten ez banituen, nire gelan sartzen ez baziren, edo jangelan pare bat otordutan ikusten ez banituen, haien falta somatzen nuen, benetan.

        Mr. Antolinik ez zuen ezer esan pixka batean. Jaiki eta beste izotz pusketa bat hartu eta basora atera zuen, eta gero berriz eseri zen. Ezagun zuen pentsatzen ari zela. Ni, ordea, desiatzen nengoen elkarrizketa goizerako utzi zezan, orduko partez, baina bero-bero zegoen. Jendea elkarrizketan jarduteko prest beti, norbera ez dagoenean.

        — Ondo da. Aditu pixka batean... Akaso ez nauk mintzatuko nahi bezain gogoangarri, baina pare bat egun barru eskutitza idatziko diat honetaz. Orduan dena ulertuko duk. Baina orain entzun, dena den.

        Berriz ere kontzentratzeari ekin zion. Gero hauxe esan zidan:

        — Abiatuta hagoen hondamendi hori... hondamendi klase berezikoa duk, ikaragarria. Erortzen den gizonak ez zeukak sekula hondoa jotzerik. Erori eta erori besterik ez. Horixe gertatzen zaiek beren bizitzetako une batean edo bestean zerbaiten bila ibili diren gizonei, inguruneak ezin eman zien zerbaiten bila zebiltzanei. Edo haiek hala pentsatu behinik-behin, inguruneak ez ziela halakorik eskaintzen, eta bilatzeari utzi. Egia esanda, benetan hasi baino lehen utzi ziotek bilatzeari. Jarraitzen al didak?

        — Bai, jauna.

        — Seguru?

        — Bai.

        Jaiki eta edari gehiago atera zuen basora. Gero berriz eseri zen. Ez zuen ezer esan denbora luzean.

        — Ez haut beldurtu nahi —esan zuen gero—-. Baina oso garbi ikusten haut hire bihotz handi horrekin erortzen, era batera edo bestera, batere merezi ez duen kausaren baten alde.

        Begiratu arraroa egin zidan.

        — Zerbait idazten badiat, arretaz irakurri eta gogoan hartuko al duk?

        — Bai noski —esan nion. Eta halaxe egin nuen.

        Oraindik gordeta daukat hark emandako papera.

        Gelaren bestaldean zegoen mahaira itzuli eta, eseri gabe, zerbait idatzi zuen paper puska batean. Gero etorri eta papera eskuan zuela eseri zen.

        — Bitxia badirudi ere, hau ez zian poeta batek idatzi, Wilhelm Stekel izeneko psikoanalista batek idatzi zian. Hara zer... oraindik jarraitzen al didak?

        — Bai noski.

        — Hara zer esan zuen: «Gizon heldugabearen ezaugarria kausa baten alde nobleki hil nahi izatea da; gizon helduarena, aldiz, kausa baten alde umilki bizi nahi izatea».

        Makurtu eta eskura eman zidan. Irakurri eta gero eskerrak eman eta poltsikoan sartu nuen. Eskertzekoa zen hainbeste lan hartzea, bai horixe. Baina batere gogorik ez nik kontzentratzeko. Motellak, bat-batean seko jota nengoen.

        Hark, ordea, ezagun zuen ez zegoela nekatuta. Bete-betea, horixe zegoen.

        — Uste diat egun hauetako batean —esan zidan— nora joan nahi duan deskubrituko duala. Eta orduan hartara jarri beharko duk. Berehala gainera. Ez daukak minutu bakar bat ere galtzerik. Hik ez.

        Buruari eragin nion, niri begira-begira zegoen eta, baina ez nekien zehatz-mehatz zertaz ari zen. Gutxi gorabehera banekien, baina ez zehatz-mehatz. Nekatuegi nengoen.

        — Eta amorrua ematen zidak hau esan beharrak —esan zidan—, baina uste diat behin nora joan nahi duan zehatz-mehatz jakinez gero, hire lehen egitekoa eskolan ahalegintzea izango dela. Erremediorik gabe. Ikaslea bait haiz, gustatu ala ez. Jakintza maite duk. Eta uste diat aurkituko duala, behin Vines guztiak eta Mintzamenak eta abarrak pasa ondoren...

        — Vinson —esan nion. Vinson guztiak esan nahi zuen, ez Vines guztiak. Baina ez nion eten behar.

        — Berdin ziok, Vinson guztiak. Behin Vinson guztiak pasa ondoren, gero eta zaletasun handiagoa sortuko zaik, nahi eta saiatuz gero, eta erne egonez gero, maite-maitea izango duan jakintza motarekiko. Besteak beste, ohartuko haiz ez haizela giza jokaerak nahastu eta izutu eta are gaixotu duen lehen pertsona. Ez haiz bakarra honetan, inolaz ere, jakin nahiak kitzikatu eta bultzatuko hau. Gizon asko eta asko egon dituk hi orain hagoen bezain nahastuta, moralki eta espiritualki. Zorionez, horietako askok beren nahasmenduen berri utzi zigutek. Horiengandik ikasiko duk, nahi izanez gero. Beste norbaitek ere noizbait, zer eskaini baldin badaukak, higandik ikasiko duen bezala. Horra tratu ederra. Eta hori ez duk hezkuntza. Hori Historia duk. Poesia duk.

        Gelditu eta trago luzea jo zion whiskyari. Gero berriro ekin zion. Motellak, hura bai zegoela bero. Ni pozik, eten beharrak ez neukalako.

        — Ez diat esan nahi —jarraitu zuen- gizon hezi eta eskolatuak besterik ez direla gai munduari zerbait baliozkorik eskaintzeko. Ez duk horrela. Esan nahi diat gizon hezi eta eskolatuek, gainera sormen argikoak badira —eta hau, zoritxarrez, gutxitan gertatzen duk- askoz ekarri baliozkoagoak utzi ohi dituztela soilik sormen argikoak direnek baino. Beren buruak sormen argiagoz adierazten saiatzen dituk, eta gehienetan beren pentsamenduak azkeneraino jarraitzeko grina izaten diate. Eta, inportanteena, hamarretik bederatzitan, pentsalari eskolatu gabeak baino umilago dira. Jarraitu al didak?

        — Bai, jauna.

        Berriz ere ezer esan gabe egon zen denbora luzean. Ez dakit inoiz gertatu zaizuen, baina zail samarra da norbait pentsatzen dagoela eta zerbait esan arte zain egotea. Benetan. Aho zabalka hasteko zorian nengoen. Ez nengoen aspertuta edo antzekorik, ez, baina bat-batean logurak akabatzen nengoen.

        — Beste zerbait ere emango dik hezkuntza akademikoak. Bide horretan aurrera samar egiten baduk, buruak zenbaterako ematen dian ohartuko haiz. Zeri egokitzen zaion eta, beharbada, zeri ez. Handik pixka batera, ohartuko haiz heure gogoaren neurria zer pentsamendu motari egokitzen zaion hobekien. Lehenengo eta behin, denbora asko irabaziko duk egoki ez zaizkian, edo hiretzako ez diren ideietan saiatu gabe. Heure egiazko neurriak ezagutzen eta heure gogoa horren arabera janzten hasiko haiz.

        Orduan, bat-batean, ahoa zabaldu nuen. Ni nintzen izateko kirtena, baina eutsi ezin!

        Mr. Antolinik barre egin zuen, ordea.

        — Goazen —esan eta jaiki egin zen—. Hire ohea sofan egingo diagu.

        Haren atzetik joan nintzen, eta armairua ireki eta goiko apalean zeuden izarak eta mantak eta abar ateratzen saiatu zen, baina ezin zuen, eskuan whiskya zeukan eta. Beraz, edan egin zuen, eta gero basoa zoruan utzi eta zer guztiak jaitsi zituen. Sofara eramaten lagundu nion. Bion artean egin genuen ohea. Ez zegoen oso ohituta. Izarak eta ondo tiratu gabe ipintzen zituen. Baina ez zitzaidan axola. Zutik ere egingo nuen lo, hain nengoen nekatuta.

        — Zer moduz hire andre guztiak?

        — Ondo —hiztun eskasa nengoen, batere gogorik gabe.

        — Zer moduz Sally? —ezagutzen baitzuen Sally Hayes. Behin aurkeztu egin nion.

        — Ondo dago. Berarekin egon naiz arratsaldean —motellak, bazirudien hogei urte iragan zirela!—. Orain ez dugu zer askorik gure artean.

        — Oso neska polita. Non da beste neska hura? behin kontatu zenidana, Mainekoa.

        — Ah, Jane Gallagher. Ondo dago. Beharbada telefonoa joko diot bihar.

        Bukatua genuen ohea egiten.

        — Hiretzat oso-osorik —esan zidan Mr. Antolinik—. Ez zekiat nola arraio moldatuko haizen hire zango luze horiekin.

        — Ondo dago. Ohituta nago ohe motzetara —esan nion—. Eskerrik asko, jauna. Zuk eta emazteak bizia salbatu didazue gaur, benetan.

        — Badakik non dagoen bainua. Ezer behar baduk, hots egin. Sukaldean egongo nauk pixka batean. Traba egiten al dik argiak?

        — Ezta batere. Mila esker.

        — Ondo zegok. Ondo lo egin, motell.

        Ondo lo egin, jauna. Mila esker.

        Sukaldera alde egin zuen eta nik bainuan sartu eta arropak erantzi nituen. Ezin hortzak garbitu, ez neukan hortz-eskubilarik eta. Ez neukan ezta pijamarik ere, eta Mr. Antoliniri bereetako bat uztea ahaztu. Beraz, atzera egongelara joan eta ohe ondoko lanparatxoa itzali ondoren galtzontzilo hutsean sartu nintzen ohean. Motz samarra zen niretzat, baina begiak biltzea nahikoa lokartzeko. Pare bat segundo egingo nituen esna Mr. Antolinik esandako guztiaz pentsatzen. Norberaren gogoaren neurriak aurkitzeaz eta abar. Oso tipo argia zen, bai horixe. Baina ezin begiak zabalik egon, eta loak hartu ninduen.

        Honetan, zerbait gertatu zen. Nahiago nuke aipatu beharrik ez banu.

        Bat-batean esnatu egin nintzen. Ez dakit zer ordu izango zen, baina esnatu egin nintzen. Zerbait sentitu nuen buruan, norbaiten eskua. Motellak, izugarri beldurtu ninduen. Mr. Antoliniren eskua zen. Han zegoen, lurrean eserita ohearen ondoan, ilunean, eta burua ferekatzen edo laztantzen ari zitzaidan. Motellak, egundoko saltoa egin nuen.

        — Zer arraio ari zara? —esan nion.

        — Ezer ez. Hementxe eserita, miresten...

        — Zer arraio ari zara? —nik berriz. Ez nekien zer esan, alegia, oso nahastuta nengoen.

        — Hobe ahotsa jaitsiko bahu. Hementxe escrita nengoan, besterik ez...

        — Nolanahi ere, joan beharra dut esan nion; motellak, ni bai nengoela urduri! Prakak janzten hasi nintzen ilunean. Ia-ia ezin nituen sartu, hain nengoen urduri. Perbertitu pila bat ezagutu ditut, ikastetxeetan eta, eta ni aurrean nagoenean hasten dira beti beren zerak egiten.

        — Nora joan behar duk? —esan zidan Mr. Antolinik. Oso axolakabe eta hotz azaltzen saiatzen zen, baina ez zegoen batere hotz, ez horixe.

        — Maletak geltokian utzi ditut. Agian hobe nuke hara joan eta hartzea. Nire gauza guztiak ditut bertan.

        — Han egongo dituk bihar goizean ere. Orain sartu hadi berriz ohean. Ni ere ohera nihoak. Zer gertatzen zaik?

        — Ezer ez, nire dirua eta zer guztiak maletan ditudala, besterik ez. Berehala itzuliko naiz. Hartu taxia eta berehala naiz bueltan —esan nion. Motellak, estropezuka ari nintzen ilunean—. Kontua da ez dela nirea, dirua. Amarena da, eta nik...

        — Ez hadi erridikulua izan, Holden. Hoa berriz ohera. Neuk ere horixe egin behar diat. Han egongo duk dirua goizean ere...

        — Ez, ez da txantxa, joan beharra daukat. Benetan.

        Ia erabat jantzita nengoen, baina ezin gorbata aurkitu. Ez nuen gogoratzen gorbata non utzi nuen. Jaka eta dena jantzi nuen hura gabe. Mr. Antolini besaulki handian eserita zegoen, atzeraxeago, niri begira. Run zegoen eta ez nuen oso ondo ikusten, baina banekien niri begira zegoela. Artean edaten hura. Whisky basoa ikusten nion eskuan.

        — Oso-oso mutil arraroa haiz.

        — Badakit —esan nion.

        Ia ez nuen bilatu ere egin gorbata. Hura gabe alde egin nuen.

        — Agur, jauna —esan nion—. Mila esker, benetan.

        Nire atzetik zetorren sarrerako atera iritsi nintzenean, eta igogailuari deitu nionean atean geratu zen. Hura besterik ez zuen esan, «Oso-oso mutil arraroa haiz», berriz. Zakurraren putza arraroa. Gero atean geratu zen zain igogailua etorri bitartean. Sekula ez zait hain luze egin igogailuari itxarotea, nire bizitza osoan. Benetan.

        Ez nekien zer arraio esan igogailuaren zain nengoen bitartean, hura hantxe geldi, eta beraz hauxe esan nuen:

        — Hasi behar dut zenbait liburu on irakurtzen. Benetan.

        Alegia, zerbait esan beharra zegoen han. Oso nahasgarria zen hura.

        — Hartu maletak eta hator berriz laster. Atea erdi-irekita utziko diat.

        — Mila esker —esan nion. Adio!

        Azkenean heldu zen igogailua. Sartu eta jaitsi egin nintzen. Motellak, ikara batean nengoen. Izerditan, gainera. Gisa honetako zer bat gertatzen zaidanean, izerdi batean hasten naiz. Honelakoak hogei bat aldiz gertatu zaizkit umea nintzenetik. Ezin dut burutu.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia