23. KAPITULUA

 

        Oso bizkor egin nuen telefonokoa, beldur bainintzen gurasoek hartan ari nintzela harrapatuko ote ninduten. Baina ez zen halakorik gertatu. Mr. Antolini oso ondo portatu zen. Nahi banuen, berehala joateko esan zidan. Nik uste esnatu egin nituela emaztea eta biak, izugarri tardatu baitzuten telefonoa hartzen. Lehenengo galdetu zidana, ea okerren bat gertatu zen, eta ezetz nik. Baina Penceytik hanka egin nuela. Esan beharra niola iruditu niri. «Alajainkoa!» esan zuen hura entzutean. Oso umore-sen handikoa zen ba. Joateko berehala, nahi banuen.

        Inoiz izan dudan irakaslerik onena zen Mr. Antolini. Nahiko gaztea zen, nire anaia D.B. baino zaharxeagoa, eta harekin txantxetan jardun zitekeen errespetua galdu gabe. Bera izan zen leihotik salto egin zuen mutil haren gorpua, James Castlerena, jaso zuena. Mr. Antolinik pultsua hartu zion, eta gero kendu bere txamarra eta James Castleren gainean ipini eta erizaindegira eraman zuen. Ez zion kasurik egin txamarra osoa odoletan blai geratu arren.

        D.B.ren gelara itzuli nintzenean, Phoebek piztuta zeukan irratia. Dantzarako musika entzuten zen. Baina oso baju zuen piztua, neskameak ez entzuteko moduan. Ikustekoa zen. Ohearen erdi-erdian eserita, mantapetik irtenda, zangoak yogi horietako baten moduan. Musika entzuten ari zen. Seko txetuta uzten nau.

        — Tira —esan nion—, dantzarako gogoa al duzu? —erakutsia nion dantzan umetxoa zenean. Oso dantzari ona da. Alegia, nik pittin bat besterik ez nion irakatsi. Gehiena bere kasa ikasi zuen. Ez dago inori benetan dantzan irakasterik.

        — Zapatak jantzita dauzkazu —esan zidan.

        — Kenduko ditut. Tira.

        Ohe gainetik salto egin eta zain geratu zen nik zapatak kendu arte, eta ondoren dantzan egin genuen pixka batean. Izugarri ona hura. Ez zait gustatzen umeekin dantzan egiten duen jendea, ikaragarri ematen du gehienetan. Alegia, bazaude jatetxe batean edo, eta hor ikusten duzu agureren bat neskatoa dantzalekura ateratzen. Gehienetan neskatoari soinekoa jasoko dio atzealdetik konturatu gabe, eta haurra gauza ez dantzan egiteko, hura bai ikaragarria, baina nik ez dut egiten jendaurrean Phoeberekin. Bakarrik etxean dibertitzen gara. Harekin desberdina da hala ere, primeran egiten du dantzan. Edozer saiatzen duzula, jarraitu egingo dizu hark. Alegia, estu helduz gero, ez zaio batere axola norberaren zangoak askoz luzeagoak izatea. Hura zurekin arituko da. Batetik bestera joaten zarela, edo gerritik makurtzen zarela, edo jazz eran dantzatzen duzula, hura beti zurekin. Baita tangoa dantzatuta ere, alajainkoa!

        Lau bat pieza dantzatu genituen. Piezen tarteetan grazia izugarria egiten dit. Geldi-geldi geratzen da bere jarreran. Ez hitzik ez ezer. Tente eta dantzan hasteko prest egon behar biok, orkestra berriz jotzen has arte. Seko txetuta uzten nau. Ez daukazu barrerik edo antzekorik

        Nolanahi ere, lau bat pieza egin genituen, eta gero itzali nuen. Atzera ere ohe gainera salto egin eta mantapean babestu zen Phoebe.

        — Hobetzen ari naiz, ezta? —esan zidan.

        — Eta nola gainera! —esan nion. Neu ere ohe gainean eseri nintzen berriro. Arnasestuka nengoen ia. Erre eta erre ari nintzen eta, apenas hatsik neukan ezertarako. Haren arnasa, ordea, batere estutu ez.

        — Ukitu nire bekokia —esan zidan bat-batean.

        — Zergatik?

        — Zuk ukitu. Ukitu behin bakarrik.

        Ukitu nion. Ezer sentitu ez, ordea.

        — Ez al duzu uste sukarra dudanik? —esan zidan.

        — Ez. Bai ala?

        — Bai. Neuk eragiten dut nahita. Ukitu berriz.

        Berriz ukitu nion, eta hala ere ez nuen ezer sentitu. Baina hauxe esan nion:

        — Oraintxe hasi dela uste dut —ez nion gutxiagotasun konplexurik sortu nahi. Buruari eragin zion.

        — Nahi badut termometroa igoarazi dezaket.

        — Termometroa esaten da. Nork erakutsi dizu?

        — Alice Hombergek. Gurutzatu zangoak eta eutsi arnasari eta pentsatu bero-beroa den zerbait. Radiadore bat edo horrelako zerbait. Orduan norbaiten eskua erretzeraino berotzen da bekoki osoa.

        Txe-txe utzi ninduen. Bekokitik kendu nion eskua, arrisku izugarrian banengo bezala.

        — Eskerrak esan didazula! —nik.

        — Zuri ez nizun eskua erreko. Erre baino lehen geratuko nintzen. Ixo!

        Eta ohean eseri zen bizkor-bizkor.

        Izugarri izutu ninduen hori egin zuenean.

        — Atea! —esan zidan txutxumutxuan—. Etorri dira!

        Zutitu salto batean eta mahai gaineko argia itzali nuen. Zigarroa zapataren kontra zanpatu eta poltsikoan gorde nuen. Gero airea astindu nuen kea joan zedin; erre izan ez banu hobe. alajainkoa! Heldu zapatak, sartu armairuan eta atea itxi nuen. Motellak, bihotza taupa-taupa nuen, erotuta.

        Ama gelan sartzen entzun nuen.

        — Phoebe? —esan zuen- Nahikoa dugu. Argia ikusi dut, andereño.

        — Kaixo —entzun nion esaten Phoeberi—. Ezin nuen lorik egin. Ondo ibili al zarete?

        — Primeran —esan zuen amak, baina nabari zen ez zela benetan ari. Ez du atsegin handirik izaten kanpora joaten direnean.

        — Zer dela eta esna, galdetzerik badago? Ondo tapatuta al zaude?

        — Bai, ondo tapatuta nengoen, ezin nuela lorik egin, besterik ez.

        — Phoebe, zigarroa erre al duzu? Esaidazu egia, andereño.

        — Zer? —Phoebek

        — Aditu didazu.

        — Bat piztu besterik ez dut egin. Tiraka bat besterik ez diot eman. Gero leihotik bota dut.

        — Zergatik, galdetzerik badaukat?

        — Ezin nuen lorik egin.

        — Hori ez zait gustatzen, Phoebe. Ez zait batere gustatzen —amak—. Nahi al duzu beste manta bat?

        — Ez, eskerrik asko. Gabon! —amak alde egin zezan saiatzen ari zen Phoebe, bistan zegoen.

        — Oso ona. Aliceren ama ez, ordea. Han aritu zaio denbora guztian makurtu eta gripea zuen galdezka, filme osoan zehar. Taxia hartu dugu etxerako.

        — Ea, utzidazu bekoki hori ukitzen.

        — Ez dut harrapatu ezer. Ez zuen ezer. Amaren gauzak ziren.

        — Ondo da. Orain lo. Zer moduz afaria?

        — Nazkagarria —Phoebek.

        — Badakizu zer esan zuen aitak hitz zatar horretaz.

        Zer dela eta nazkagarria? Oso arkume-txuleta ederra zenuen. Lexington Etorbide osoan zehar ibili naiz bila...

        — Arkume-txuleta ondo zegoen, baina Charlenek hatsa botatzen dit beti zerbait ateratzen didanean. Jakiei eta gauza guztiei botatzen die hatsa.

        — Bueno, orain lo. Musu bat amatxori. Esan al dituzu otoitzak?

        — Bainugelan esan ditut. Gabon.

        — Gabon. Orain lo. Burukomin gaiztoa daukat —esan zuen amak. Sarri izaten du burukomina. Benetan.

        — Hartu aspirina batzuk —esan zion Phoebek—. Holden asteazkenean dator, ezta?

        — Horretan nago. Tapatu ondo, barru-barrura. Irteterakoan amak atea ixten zuela entzun nuen. Pare bat minututan itxaron eta gero armairutik irten nintzen. Phoeberekin estropezu egin nuen, oso ilun baitzegoen eta hura ohetik jaikita niri abisatzeko.

        — Min eman al dizut? —esan nion.

        Ahopeka jardun behar orain, biak zeuden etxean eta.

        — Alde egin behar dut.

        Ohearen ertza bilatu nuen ilunean eta eseri eta zapatak janzten has nintzen. Urduri samar nengoen, onartu beharra dut.

        — Ez zaitez joan orain —Phoebek txutxumutxuka—. Itxaron aita eta ama lokartu arte!

        — Ez. Oraintxe bertan. Oraintxe da unerik onena —esan nion—. Bainuan sartuko dira eta aitatxo albisteak entzuten edo hasiko da. Orain da unerik onena. Ia ezin nituen sokak lotu, hain nengoen urduri. Etxean harrapatzera ez ninduten hilko, baina ez zen batere gozoa izango.

        — Non arraio zaude? —esan nion Phoeberi. Oso ilun zegoen, eta ez nuen ikusten.

        — Hemen —ondo-ondoan egon hura, eta nik ezertxo ere ikusi ez.

        — Maletak geltokian ditut —esan nion—. Aizu, ba al duzu dirurik? Garbi-garbi nago.

        — Nahi al duzu zerbait? —esan zidan.

        — Ez dizut Eguberrietako dirua hartu nahi.

        — Utzi egingo dizut zerbait —esan zidan. Gero D.B.ren mahai gainean ari zela entzun nuen, milioi bat kaxoi ireki eta haztatzen. Beltz-beltz zegoen, ezin ilunago.

        — Alde egiten baduzu, ez nauzu ikusiko antzerkian

        — esan zidan. Ahotsa arraro nabaritu nion hau esan zuenean.

        — Bai, joango naiz. Ez dut alde egingo hori baino lehen. Nola galduko dut bada antzerkia? —esan nion—.

        Hara zer egingo dudan, seguruenera Mr. Antoliniren etxean egongo naiz astearte gauera arte edo. Gero etxera etorriko naiz. Ahal badut deituko dizut.

        — Hemen duzu —esan zidan Phoebek. Dirua eman nahi zidan, baina nire eskua aurkitzen ez.

        — Non?

        Eskuan jarri zidan dirua.

        — Aizu. ez dut hau dena behar —esan nion—. Pare

        Berriz ematen saiatu nintzen, baina hartu nahi ez hark.

        Har ezazu hori. Itzuliko didazu. Eraman ezazu antzerkira.

        — Zenbat da?

        — Zortzi dolar eta laurogeita zortzi zentabo. Ez, hirurogeitabost zentabo. Zerbait gastatu dut.

        Orduan, bat-batean, negarrari eman nion. Ezin izan nion eutsi. Inork ez entzuteko moduan, baina negar egin nuen hala ere. Phoebe izugarri beldurtu zen ni hala ikusita, eta etorri eta lasaitzen saiatu zen, baina behin hasiz gero, ezin berehala geratu. Artean ohearen ertzean eserita nengoen, eta besoa lepotik pasa zidan, eta nik neurea haren lepotik, baina hala ere ezin geratu puska batean. Hantxe ito behar nuela iruditu zitzaidan. Motellak, izugarri beldurtu nuen Phoebe gaixoa. Leihoa zabalik zegoen eta ikara batean sentitzen nuen, aldean pijama bat besterik ez eta. Saiatu nintzen berriz ohera sar zedin, baina ez zuen nahi. Azkenean lasaitu nintzen, baina denbora luze-luzea hartu zidan. Gero txamarra lotzen amaitu nuen. Esan nion harremanetan izango ginela. Esan zidan berarekin lo egin nezakeela nahi banuen, baina ezetz nik, hobe nuela hanka egin, Mr. Antolini nire zain zegoela eta abar. Gero atera poltsikotik nire ehizakapelua eta eman egin nion. Gustatu egiten zaizkio kapelu ero horiek. Ez zuen hartu nahi, baina harrarazi egin nion. Apustu egingo nuke harekin egin zuela lo. Benetan gustatzen zaizkio kapelu klase horiek. Gero berriro esan nion telefonoa joko niola aukerarik izanez gero, eta alde egin nuen.

        Irtetea sartzea baino askoz errazagoa gertatu zen, arrazoi batengatik. Ez zitzaidan batere axola harrapatzen naute eta kito, pentsatu nuen. la-ia desiatzen nengoen eta, alde batetik.

        Oinez jaitsi nituen eskailerak, igogailua hartu ordez. Ia-ia lepoa hautsi nuen mila zakar-poltsarekin estropezu eginda, baina hala ere irten nintzen. Igogailuko mutilak ez ninduen ikusi ere egin. Oraindik Diksteindarren etxean nagoela pentsatuko du hark seguruenera.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia