21. KAPITULUA

 

        Urteak ziren hainbesteko suerterik ez nuela. Etxera iritsi nintzenean, gauez igogailuaren kargu egoten zen mutila, Pete, ez zegoen bertan. Sekula ikusi gabea nintzen beste tipo berri bat zegoen, eta beraz iruditu zitzaidan aitamekin bete-betean topo egiten ez banuen Phoeberi kaixo esaterik izango nuela, eta gero hanka egin eta inork ez zuela jakingo han izan nintzenik. Ikaragarri suerte ona, bai horixe. Are hobea, igogailuko tipo berria tonto samarra izatea. Dicksteintarrenera eramateko esan nion axolagabe antzean. Dicksteintarrak aldamenekoak ziren. Gero ehizakapelua kendu, susmagarri itxurarik ez izateko, eta igogailuan sartu nintzen presa handia banu bezala.

        Itxita zeuzkan igogailuko ateak, eta prest zegoen ni gora eramateko, eta orduan jiratu eta esan zidan:

        — Ez zeudek etxean. Festa batean zeudek, hamalaugarren solairuan.

        — Ondo zegok —esan nion—. Itxaron egin beharko. Iloba nauk.

        Begiratu alu susmatia egin zidan.

        — Hobe duk bebarruan itxarotea, adiskide —esan zidan.

        — Gustatuko litzaidake, bai horixe —esan nion—. Baina zango bat gaizki zeukat. Jarrera batean eduki behar diat beti. Nahiago nikek euren ate aurreko aulkian eseri.

        Ez zekien zer arraio ari nintzen, eta «oh!» bat bota eta gora eraman ninduen. Ez zegoen gaizki, motellak. Hau xelebrekeria. Inork ulertzen ez duen zerbait esan, besterik ez da egin behar, eta nahi duzun guztia egingo dizute.

        Gure solairuan irten —herrenka batean- eta Dicksteintarren aldera abiatu nintzen. Gero, igogailuko ateak ixten zirela entzutean, buelta hartu eta gure aldera egin nuen. Ondo ari nintzen. Jadanik ez nintzen batere mozkortuta sentitzen. Atera giltza eta atea ireki nuen, isil-isilik. Oso-oso kontu handiz, sartu eta atea itxi nuen. Lapurra izateko jaioa ni.

        Izugarri ilun zegoen sarreran, eta jakina, ezin argiak piztu. Kontuz ibili beharra nuen zerbaitekin estropezu eginda iskanbilarik ez ateratzeko. Ederki nekien etxean nengoela, hala ere. Gure sarrerak beste inon ez bezalako usain berezia du. Ez dakit zer arraio den. Ez da azalorea ez urrina; ez dakit zer arraio den, baina beti dakizu etxean zaudela. Berokia kendu eta sarrerako armairuan esekitzen hasi nintzen, baina armairu hau eroen pareko hotsa ateratzen duten esetokiz beteta dago, eta utzi egin nion. Gero oso-oso poliki itzuli nintzen Phoeberen gelarantz. Banekien neskameak ezin ninduela entzun, belarri batetik bakarrik aditzen baitzuen. Anaia batek ziritxo bat sartu omen zion belarritik umetan, halaxe kontatu zidan behin. Gor samarra zen. Baina gurasoek, batez ere amak, ehizatxakurrek bezalako belarriak zituzten. Beraz oso-oso poliki pasa nintzen haien ate aurretik. Arnasari ere eutsi nion eta! Aita, jo buruan aulki batez eta ez da esnatuko, baina ama, Siberian eztula eginda ere entzun hark. Izugarri nerbiosoa da. Gauero denbora erdia jaikita ematen du zigarroak erre eta zigarroak erre.

        Azkenean, ordubetegarrenean edo, heldu nintzen Phoeberen gelara. Baina ez zegoen han. Ahaztuta nengoen. Ahaztua nuen D.B.ren gelan egiten duela lo beti, hau Hollywooden edo beste nonbait dagoenean. Gustatu egiten zaio, etxeko gelarik handiena da eta. Baita bertan izugarrizko idazmahaia dagoelako ere, D.B.k Filadelfiako andre alkoholiko bati erositakoa, eta ohetzar bat, hamar bat kilometro zabal eta beste hainbeste luze. Ez dakit non erosi zuen ohe hau. Dena den, D.B.ren gelan lo egitea gustatzen Phoeberi, hura kanpoan denean, eta utzi egiten dio. Ikusi egin behar zenukete eskolako lanak edo beste edozer mahaitzar hartan egiten. la ohea bezain handia da. la ez dago hura ikusterik eskolako lanak egiten ari denean. Horrelako gauzak gustatzen hari, ordea. Ez zaio bere gela gustatzen txikiegia delako, hala esaten du. Zabal egotea gustatzen omen zaio. Horrexek txetzen nau. Zer du Phoebek zabaltzekorik? Ezer ez.

        Nolanahi ere, isil-isilik sartu nintzen D.B.ren gelan, eta mahai gaineko lanpara piztu nuen. Phoebe ez zen esnatu. Pixka batean begira egon nintzaion. Han zegoen lo, aurpegia burukoaren gainean. Ahoa erdi irekita zuen. Xelebrea da. Horra helduak, piura itsusia dute ahoa zabalik lo daudenean, baina haurrek ez. Piura polita haurrek. Burukoan txistua isuriko zaie agian, eta hala ere itxura ona.

        Gelan zehar ibili nintzen, isil-isilik, gauzei begira pixka batean. Primeran sentitzen nintzen, ordura arte ez bezala. Ez nintzen sentitzen neumonia edo beste zerbait izan behar banu bezala. Ondo sentitzen nintzen, ordura arte ez bezala. Phoeberen arropak ohe ondoko aulki batean zeuden. Oso garbia da, haurra izateko. Alegia, ez ditu edozein modutan jaurtitzen gauzak, zenbait umek bezala.

        Ez da modorroa. Amak Canadan erosi zion traje marroiaren jaka aulkiaren bizkarretik zintzilik zeukan ipinita. Brusa eta abar eserlekuan zeuden. Zapatak eta galtzetinak zoruan, aulkiaren azpian, elkarren ondo-ondoan. Aurrez sekula ikusi gabe nituen zapata haiek. Berriak ziren. Mokasin marroi ilunak, nik dudan parearen antzekoak, eta primeran zetozen amak Canadan erositako trajearekin. Amak oso ondo janzten du hura. Benetan. Amak gusto ikaragarria du zenbait gauzatarako. Ez da ona izotzetarako patinak edo antzekoak erosteko, baina arropa kontuan, ezin hobea. Alegia Phoebek beti du jantzita aho zabalik uzten zaituen jantziren bat. Horra haurrik gehienak: nahiz eta gurasoak dirudunak izan, gehienetan jantzi itsusi-itsusiak izaten dituzte jantzita. Nahiago nuke amak Canadan erositako trajearekin ikusiko bazenute Phoebe. Ez naiz txantxetan ari.

        D.B.ren mahai aurrean eseri eta gainean zeuden gauzei begiratu nien. Gehienak Phoeberen gauzak ziren, eskolakoak eta. Gehienak liburuak. Gainekoak «Aritmetika dibertitua da!» zuen izena. Lehen orrialdea ireki eta begirada jo nion. Hara zer zuen idatzia Phoebek bertan:

        Phoebe Weatherfield Caulfield4 B-I

        Txetuta utzi ninduen. Phoebe Josephine zuen izena, alajaina, ez Phoebe Weatherfield. Gustatzen ez, ordea. Ikusten dudan bakoitzean izen berri bat izaten du Phoeberen ondotik.

        Aritmetikaren azpiko liburua Geografia zen, eta Geografiaren azpikoa ortografiazkoa. Oso ona da ortografian. Irakasgai guztietan da oso ona, baina onena ortografian. Gero, ortografiazkoaren azpian, koaderno sorta bat zegoen. Bostehun bat koaderno izango ditu hark. Sekula ez zenuten ikusiko hainbeste koaderno dituen haurrik. Gainekoa zabaldu eta lehen orrialdean begiratu nuen. Hauxe zuen idatzita:

 

        Bernice zurekin egon behar dut jolasorduan. Gauza bat esan behar dizut oso inportantea.

 

        Hori zen orrialdean ageri zen guztia. Hurrengoan hauxe zegoen idatzita:

 

        Zergatik daude hainbeste lantegi Alaskaren ekialdean?

        Han izoki asko dagoelako.

        Zergatik ditu baso baliagarriak?

        Klima egokia duelako.

        Zer egin du gobernuak Alaskako eskimalen bizimodua errazteko?

        Begiratu hau biharko!!!

                Phoebe Weatherfield Caulfield

                Phoebe Weatherfield Caulfield

                Phoebe Weatherfield Caulfield

                Phoebe W. Caulfield

                Phoebe Weatherfield Caulfield Jna.

                Mesedez pasa Shirleyri!!!

                Shirley esan zenidan sagitarius zinela

        baina taurus zara eraman patinak

        nire etxera etortzen zarenean

 

        Koaderno osoa irakurri nuen D.B.ren mahai aurrean eserita. Ez zidan luze jo, eta horrelakoak, haurren baten koadernoa, Phoeberena edo edonorena, egun eta gau osoak eman ditzaket irakurtzen. Haurren koadernoek jo-ta-poto uzten naute. Gero beste zigarro bat piztu nuen; azkena zen. Egun hartan erreko nituen hiru bat pakete. Gero, azkenean, esnatu egin nuen. Alegia, ezin nuen jarraitu han eserita nire bizi osoan, eta gainera, beldur nintzen bat-batean gurasoak sartuko ote ziren, eta gutxienez kaixo esan nahi nion hura gertatu baigo lehen. Beraz esnatu egin nuen.

        Oso erraz esnatzen da. Alegia, ez dago deiadarrik edo horrelakorik egin beharrik. Egin behar den guztia, esaterako, ohe gainean eseri eta esan «Esnatu, Phoebe», eta bingo, esna hura.

        — Holden! —esan zidan berehala. Besoak lepo inguruan jarri zizkidan. Oso bihozbera da. Esan nahi dut oso sentibera dela haurra izateko. Batzutan sentiberegia ere bai. Musu bat eman nion, eta hala esan zidan:

        — Noiz etorri zara etxera`?

        — Ez hain ozen. Oraintxe bertan. Zer moduz zaude?

        — Ondo. Hartu al zenuen nire eskutitza? Bost orrialdetakoa idatzi nizun...

        — Bai... ez hain ozen. Eskerrak.

        Eskutitza zidan idatzia. Baina nik aukerarik ez erantzuteko. Eskolan egin behar zuten antzerki batena kontatzen zidan. Ez egiteko inolako planik ostiralerako, hura ikustera joan behar nuela eta.

        — Zer moduz antzerkia? —galdetu nion—. Nola esan zenidan zuela izena?

        — «Gabonetako Ikuskizuna Amerikarrentzat». Oso txarra da, baina ni Benedict Arnold naiz. la parterik handiena dut —esan zidan. Motellak, zeharo esna zegoen. Oso urduri jartzen da gauza hauek kontatzen dituenean—. Hilzorian nagoela hasten da. Fantasma bat etortzen da Eguberri egunez eta galdetzen dit ea beldurrak nagoen eta abar. Badakizu. Nire herriari traizioa egiteagatik eta abar. Etorriko al zara ikustera?

        Ohean tente eserita zegoen.

        — Horregatik idatzi nizun. Etorriko al zara?

        — Bai noski, joango naiz. Horixe joango naizela.

        — Aitatxok ezin du etorri. Californiara joan behar du abioiz —esan zidan. Motellak, hura bai zegoela esna. Bi segundo besterik ez ditu behar izaten zeharo esnatzeko. Eserita zegoen, ia belauniko, erdi jaikita ohean, eta eskutik heltzen zidan.

        — Entzun. Amak esan zuen asteazkenean etorriko zinela etxera —esan zidan—. Asteazkenean esan zuen.

        — Goiz irten naiz... ez hain ozen. Denak esnatu behar dituzu.

        — Zer ordu da? Oso berandu arte ez dira etxeratuko, hala esan du amak. Festa batera joan dira Norwalkera, Connecticuten —esan zidan Phoebek—. Ezetz asmatu zer egin dudan arratsaldean! Zein filme ikusi dudan. Ezetz asmatu!

        — Ez dakit... Entzun. Esan al dizute zer ordutan...

        — «Sendagilea» —Phoebek—. Lister Fundazioan duten filme berezi bat da. Gaur ematen zuten, gaurkoa egun bakarra. Dena Kentuckyko sendagile batez ari zen, manta bat lotzen dio aurpegian haur bati, perlesiak jota dago eta ezin da ibili. Orduan gartzelan sartzen dute eta abar. Oso ona zen.

        — Entzun segundo bat. Ez al dizute esan zer ordutan...

        — Pena sentitzen du harengatik sendagileak. Horrexegatik lotzen dio manta bat aurpegian eta ia itotzen du. Orduan gartzelan sartzen dute bizi osorako, baina manta buruan lotu zion haurra bisitatzera joaten zaio denbora guztian eta eskerrak ematen dizkio egin zuenagatik. Hiltzaile errukitsua izan hura. Baina badaki gartzelara joatea merezi duela zergatik sendagile batek ezin du egin Jaungoikoarena den zerbait. Nire ikasgelako neska baten amak eraman gaitu, Alice Holmborgen amak. Nire lagunik onena da. Berak bakarrik du gela osoan...

        — Itxaron unetxo bat, aizu —esan nion—. Galdera bat egin dizut. Esan al dizute zer ordutan itzuliko diren, bai ala ez?

        — Ez, baina ez oso berandu. Aitatxok autoa hartu du eta horrela ez dute arduratu beharko trenez eta. Orain irratia dugu autoan! Baina amak esan du inork ezin duela piztu autoan goazenean.

        Lasaitzen hasi nintzen pixka bat. Alegia, ez nintzen gehiago kezkatu etxean harrapatuko ote ninduten ez ninduten. Pentsatu nuen, zer arraio, harrapatzen banaute, harrapa nazatela.

        Ikusi egin behar zenuketen Phoebe. Lepoan elefante gorriak zituen pijama urdina zuen jantzita. Txoratu egiten dute elefanteek.

        — Hortaz, filme ona, ezta? —esan nion.

        — Ona, baina Alicek katarroa zuen, eta amak denbora guztian galdetu eta galdetu egin dio ea ondo al zegoen. Filmearen erdi-erdian. Beti zerbait inportanteren erdi-erdian, makurtu eta ea ondo al zegoen galdezka. Nire onetik atera nau.

        Gero diskoarena kontatu nion.

        — Aizu, disko bat erosi dizut —esan nion—, baina etxera bidean hautsi egin zait.

        Berokiaren poltsikotik zatiak atera nituen eta erakutsi egin nizkion

        — Kargatuta nengoen —esan nion.

        — Emaizkidazu zatiak —esan zidan—. Gorde egingo ditut.

        Hartu nire eskutik eta mesanotxeko kaxoian sartu zituen. Seko jota uzten nau.

        — Etorri behar al du D.B.k Eguberrietan?

        — Akaso bai, akaso ez, esaten du amak. Ikusi egin behar. Beharbada Hollywooden geratu beharko du Annapolisi buruzko filme bat idazten.

        — Annapolis? Bai zera!

        — Amodio istorioa da. Ezetz asmatu nork lan egin behar duen bertan! Zein zineko artistak? Ezetz asmatu!

        — Ez zait interesatzen. Annapolis, Jaungoiko maitea! Zer daki D.B.k Annapolisko Itsas Akademiari buruz, Jaungoikoa? Zer du ikustekorik horrek berak idazten dituen istorioekin? —esan nion. Motellak, zer honek erotu egiten nau. Hollywood madarikatu hori!—. Zer egin duzu besoan? —galdetu nion. Konturatua nintzen esparadrapu zati handi bat zuela ukalondoan. Maukarik ez pijamak, eta horregatik ohartu ni.

        — Nire gelako mutil batek, Curtis Weintraubek, bultza egin zidan parkeko eskailerak jaisten ari nintzenean —esan zidan—. Ikusi nahi?

        Esparadrapu zati tzar hura kentzen hasi zen.

        — Utzi hori bakean. Zergatik egin zizun bultza eskaileretan behera?

        — Ez dakit. Uste dut gorrotoa didala —esan zuen Phoebek—. Beste neska batek, Selma Atterburyk, eta nik tintaz eta zikindu genion txamarra.

        — Hori ez dago ondo. Zer zara zu, ume bat ala zer?

        — Ez, baina parkean nagoen bakoitzean, nire atzetik etortzen da leku guztietara. Beti dabil nire atzetik. Nire onetik ateratzen nau.

        — Beharbada zurekin gustatzen da. Hori ez da arrazoia tintaz zikintzeko...

        — Ez dut nahi nirekin gustatzea —esan zidan. Gero oso era bitxiz begiratzen hasi zitzaidan—. Holden —esan zidan—, zer dela eta ez zara etorri asteazkenean?

        — Zer?

        Motellak, kontuz ibili behar beti harekin. Argia denik uste ez baduzue, arreglatuta zaudete.

        — Zer dela eta zaude etxean asteazkena baino lehen? —galdetu zidan—. Ez zintuzten botako edo horrelakorik, eh?

        — Esan dizut. Goiz utzi gaituzte irteten. Ikastetxe osoari utzi...

        Bota egin zaituzte! Bota egin zaituzte! —Phoebek. Gero zangoan jo ninduen ukabilaz. Ukabilka hasten da gogoak ematen dionean- Bota egin zaituzte! Ene, Holden! —eskuaz ahoa estaltzen zuen. Oso sentibera da, benetan.

        — Nork esan du bota nautenik? Inork ez du esan...

        — Bota egin zaituzte, hori da! —esan zidan. Gero berriz ere ukabilaz eman zidan. Ez gero pentsa minik egiten ez duenik.

        — Akabatuko zaitu aitatxok! —esan zidan. Gero ahozpez etzan ohean eta burukoaz estali zuen aurpegia. Sarritan egiten du hau. Txoro-txoroa da batzutan.

        — Utziozu horri orain —esan nion—. Inork ez nau hilko. Inork ez nau ezta... Tira, Phoebe, kendu ezazu zer madarikatu hori aurpegitik. Inork ez nau hilko.

        Hark kendu nahi ez, ordea. Ezin ezertara behartu berak nahi ezean. Esan eta esan jarraitzen zuen «Akabatuko zaitu aitatxok!» la ez nion ulertzen, burukoak aurpegia estaltzen ziola.

        — Inork ez nau akabatuko. Zertarako duzu burua? Lehenik eta behin, alde egin behar dut. Zera egingo dut, etxalde batean edo nonbait lan bat topatuko dut pixka baterako. Tipo bat ezagutzen dut, bere aitonak etxalde bat du Coloradon. Lana aurki dezaket han —esan nion—. Zurekin harremanetan izango naiz joan eta gero, joaten banaiz. Tira. Kendu hori aurpegitik. Tira, aizu, Phoebe.

        Hark kendu nahi ez, ordea. Saiatu nintzen kentzen, baina oso indartsua da. Nekatu egiten da bat harekin borrokan. Motellak, aurpegian buruko bat eduki nahi badu, eduki egingo du.

        — Phoebe, mesedez. Utziozu horri —esaten nion—. Tira, aizu... Aizu, Weatherfield, utziozu horn.

        Ez zuen kendu, ordea. Batzutan ez zegoen harekin arrazoitan ibiltzerik. Azkenean, jaiki eta egongelara irten nintzen, eta hartu zenbait zigarro mahai gaineko kaxatik eta gorde egin nituen poltsikoan. Ez nuen batere.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia