20. KAPITULUA

 

        Han jarraitu nuen eserita, mozkorra harrapatzen eta Tina eta Janine beren zera egitera noiz irtengo zain, baina jadanik ez zeuden han. Maritxu itxurako tipo bat irten eta pianoa jo zuen, eta ondoren beste neska bat, Valencia, irten zen kantatzera. Onegia ere ez zen, baina Tina eta Janine baino hobea hala ere, eta gutxienez kantu onak kantatzen zituen. Pianoa barraren ondoan zegoen, eta ia nire ondo-ondoan nuen Valencia hori zutik. Begiratuka hasi nintzaion, baina ez ikusia egiten zidan. Normalean ez nukeen halakorik egingo, baina mozkor izugarria ari nintzen harrapatzen. Bukatu zuenean, ez zidan aukerarik eman nirekin trago bat hartzera gonbidatzeko, hain azkar atera zen handik, eta beraz barrako nagusiari deitu nion. Esateko Valencia horri ea trago bat hartuko al zuen nirekin, atrebentzia ez bazen. Esango ziola barmanak, baina seguruenera ez zion nire mezua eman. Jendeak sekula ez dio zure mezurik ematen inori.

        Motellak, ordu bata ingurura arte egon nintzen taberna hartan eserita, sasikume baten moduan mozkortzen. Ikusi ere ez nuen egiten ia. Gauza batean bai saiatu nintzela, ordea, iskanbila ez ateratzen. Ez nuen nahi inork begia nigan jartzea edo zenbat urte nituen galdetzea. Baina, motellak, ia ez nuen ikusi ere egiten. Mozkor-mozkor egin nintzenean, atzera ere tripan bala neukalako zer alu hari ekin nion. Tripan bala bat zeukan tipo bakarra nintzen tabernan. Eskua txamarrapean jarrita neukan, urdailean, odoljarioari eusteko. Ez nuen nahi inork jakin zezan zaurituta nengoenik ere. Zauritu putakume bat nintzela ari nintzen ezkutatzen. Azkenean Janeri telefonoa jo eta etxean zen ikusteko gogoak eman Man. Beraz nire kontua ordaindu nuen. Gero, irten tabernatik eta telefonoak zeuden lekura joan nintzen. Eskua txamarrapean neraman, odoljarioari eusten. Motellak, ni bai nengoela mozkortuta.

        Baina telefono-kabinan sartu nintzenerako, batere umorerik ez Janeri telefonoa jotzeko. Mozkorregi nengoen, nik uste. Beraz zera egin nuen, Sally Hayesi deitu.

        Hogei bat aldiz saiatu behar izan nuen zenbaki zuzena markatzeko. Motellak, seko itsututa nengoen eta!

        — Kaixo —esan nuen norbaitek erantzutean. Garrasi modukoa egin nuen, hain nengoen mozkortuta.

        — Nor zara? —andre baten ahots hotz-hotzak.

        — Neu naiz, Holden Caulfield. Utzidazu Sallyrekin hitz egiten, mesedez.

        — Sally lotan dago. Sallyren amona naiz. Zer dela eta deitzen duzu garai honetan, Holden? Ba al dakizu zer ordu den?

        — Bai. Sallyrekin hitz egin nahi dut. Oso inportantea da. Jar nazazu berarekin.

        — Sally lotan dago, gazte. Deitu bihar. Gabon.

        — Esna ezazu! Esna ezazu, aizu. Egidazu mesedea. Gero beste ahots bat.

        — Holden, ni naiz —Sally zen—. Zer duzu orain?

        — Sally? Zu al zara?

        — Bai, ez ezazula garrasi egin. Mozkortuta al zaude?

        — Bai. Entzun. Entzun, aizu. Gabon egunean joango naiz. Konforme? Zuhaitza zuretzat prestatzera. Aizu, Sally, konforme?

        — Bai. Mozkortuta zaude. Orain joan zaitez ohera. Non zaude? Nor dago zurekin?

        — Sally'? Zuhaitza zuretzat prestatzera joango naiz, konforme? Konforme, aizu?

        — Bai. Orain joan zaitez ohera. Non zaude? Nor dago zurekin?

        — Inor ez. Neu. Neure burua eta biok.

        Motellak, nik neukan atxurra! Artean nire tripei eusten nengoen.

        — Harrapatu egin naute. Rockyren mutilek harrapatu egin naute. Ba al dakizu? Sally, ba al dakizu?

        — Ez dizut aditzen. Orain joan zaitez ohera. Nik ere joan behar dut. Deitu bihar.

        — Aizu, Sally! Nahi al duzu zuhaitza zuretzat prestatzea? Nahi al duzu nik hori egitea? E?

        — Bai. Gabon. Zoaz etxera eta sartu ohean.

        Eseki egin zuen.

        — Gabon. Gabon, Sally maitea. Sally azukre koxkor laztana —esan nion. Konturatzen al zarete zein mozkortuta nengoen? Gero eseki egin nuen neuk ere. Bururatu zitzaidan agian etxera iritsi berria zela mutilen batekin egonda gero. Luntarrekin eta imajinatu nuen nonbait, eta Andoverko alu harekin. Denak teontzi batean igerian, gauza sofistikatuak esanez, xarmant eta faltsu. Jainkoarren, hobe telefonatu ez banu. Mozkortzen naizenean erotu egiten naiz.

        Telefono-kabinan egon nintzen denboratxo batez. Telefonoari helduta jarraitu nuen, txorabiatuko ez txorabiatuko. Ez nintzen zoragarri sentitzen, egia esango badizuet. Azkenean, ordea, irten eta komunean sartu nintzen, zabuka alderik alde, eta ur hotzez bete nuen konketa bat. Ondoren belarrietaraino sartu nuen burua bertan. Ez nintzen arduratu ezta lehortzen ere. Ura zeriola utzi nuen putakumea. Gero leiho ondoko radiadorera joan eta gainean eseri nintzen. Epel-epel zegoen. Gustoa ematen zuen, ikara batean nengoen eta. Hau xelebrekeria, ikara batean egoten naiz beti mozkortzen naizenean.

        Ez nuen beste zereginik, eta radiadorean eserita eta zoruko karratutxo zuriak kontatzen jarraitu nuen. Hura urjarioa! Iturria neukan burutik behera, lepokoaren eta gorbataren gainera isurtzen, baina batere axola ez niri. Mozkorregi nengoen axola izateko. Gero, nahiko laster, Valenciarekin pianoa jotzen zuen tipoa, ile uhintsuko maritxua sartu zen bere urrezko biloak orraztera. Nola-halako elkarrizketan lotu ginen hura orraztu bitartean, bera oso adiskidetsua ez bazen ere.

        — Aizu, ikusiko al duzu Valencia hori tabernara itzultzen zarenean? —galdetu nion.

        — Oso litekeena —esan zidan. Zorrotza sasikumea. Sasikume zorrotzak tokatu behar beti parean.

        — Entzun. Emaizkiozu eskuminak nire partetik. Galdegiozu ea zerbitzari alu horrek nire mezua eman dion. Egingo al didazu mesede hori?

        — Zergatik ez haiz etxera joaten, txo? Zenbat urte dituk, nolanahi ere?

        — Laurogeita sei. Entzun. Emaizkiozu eskuminak. Bale?

        — Zergatik ez haiz etxera joaten, txo?

        — Hargatik. Motel, ederki jotzen duk pianoa —esan nion. Koipea ematen ari nintzaion. Penagarri jotzen zuen, egia jakin nahi baduzue—. Irratira joan behar zenuke —esan nion—. Zu bezalako tipo ederra. Urrezko txima guzti horiekin. Managerra ez al duzu behar?

        — Hoa etxera, txo, mutil txintxoak bezala. Hoa etxera eta ohera zuzenean.

        — Ez daukat inora joaterik. Ez naiz txantxetan ari, manajerra ez al duzu behar? orraztea eta ukitutxoak egitea, eta beraz irten egin zen.

        Stradlater bezalakoa hura. Tipo eder guzti horiek berdinak dira. Ilea orrazten amaitzen dutenean, hanka egiten dizute.

        Azkenean radiadoretik jaiki eta arropazaindegira irten nintzenean, negarrez ari nintzen. Ez dakit zergatik, baina hala ari nintzen. Oso triste eta bakarrik sentitzen nintzelako edo, nik uste. Arropazaindegira irten eta ezin fitxarik aurkitu. Hala ere, neska oso atsegin portatu zen. Berdin-berdin eman zidan berokia. Baita «Little Shirley Beans» diskoa ere, artean neurekin neukan eta. Dolar bat eman nion hain atsegina izatearren, baina hartu nahi ez hark. Etxera joateko eta ohean sartzeko. Saiatu nintzen lana bukatzen zuenerako berarekin zita egiten ere, baina ez zuela halakorik egingo. Nire ama izateko bezain zaharra zela. Nire ile grisa erakutsi eta berrogeitabi urte nituela esan nion, txantxetan, jakina. Baina atsegina zen. Ehizakapelu gorria ere erakutsi nion, eta gustatu hari. Jantzarazi egin zidan irten baino lehen, artean ilea busti samarra nuen eta. Oso jatorra zen.

        Hain mozkor ere ez nengoen kanpora irten nintzenerako, baina berriz ere hotz zegoen, eta hortzak klaska-klaska hasi zitzaizkidan. Ezin gerarazi. Madison Etorbiderantz jo eta autobusaren zain geratu nintzen, ez bait neukan diru askorik, eta taxitan eta aurreratzen hasi beharra zegoen. Baina autobusa hartzeko ere gogo handirik ez. Eta gainera, ez nekien nora Joan behar nuen ere. Beraz zera egin nuen, parke alderantz jo. Laku txiki hartara joatea bururatu zitzaidan, ea ahateak zer arraio ari ziren ikustera, ea han zehar zebiltzan ala ez. Ez zegoen urrun, eta beste inora joaterik ez —ez nekien ezta non lo egin behar nuen ere—, beraz hara joan nintzen.

        Ez nengoen nekatuta. Izugarri goibel sentitzen nintzela, besterik ez.

        Honetan, zerbait ikaragarria gertatu zen parkean sartzearekin batera. Phoeberen diskoa erori zitzaidan. Berrogeitamar puskatan hautsi zen. Oso estalki handian zegoen, baina hala ere puskatu. Ia-ia negar egin nuen, hain gaizki sentiarazi ninduen, baina egin nuen guztia, atera zatiak estalkitik eta berokiko poltsikoan sartu. Ez zuten ezertarako balio, baina ez nituen bota nahi, besterik gabe. Gero parkean sartu nintzen. Motellak, hura bai zegoela ilun.

        Nire bizitza osoan bizi izan naiz New Yorken, eta eskuaren ahurra bezain ondo ezagutzen dut Central Park, hantxe ibiltzen bait nintzen patinatzen eta bizikletan denbora guztian umetan, baina gau hartan izugarri kostatu zitzaidan aintzira hura aurkitzea. Ondo asko nekien non zegoen —Central Park Southetik gertu- baina hala ere ezin aurkitu. Nik uste baino mozkorrago egongo nintzen. Ibili eta ibili jarraitu nuen, eta gero eta ilunago eta beltzago hura. Parkean egon nintzen bitartean ez nuen inor ikusi. Eskerrak. Kilometroko saltoa egingo nuen ikusi izan banu. Halako batean aurkitu nuen. Parte bat izoztuta eta beste bat izoztu gabe zegoen. Baina ez nuen ahaterik ikusi inguruetan. Bira osoa eman nion lakuari —ia erori ere egin nintzen behin, egia esan- baina ezta abate bakar bat ere. Pentsatu nuen baten bat han zehar izatekotan, lotan edo egongo zirela ur ertzetik gertu, belarretatik gertu. Horrexegatik erori nintzen ia. Baina bakar bat ere aurkitu ez.

        Azkenean, banku batean eseri nintzen, hain ilun ez zegoen lekuan. Motellak, artean ikara batean nengoen, sasikumea alena, eta ilearen atzealdea, nahiz eta ehizakapelua jantzita izan, izotz puskatxoz beteta neukan. Harexek kezkatu ninduen_ Pentsatu nuen beharbada neumonia harrapatu eta hil egingo nintzela. Imajinatzeari ekin nion, milioika alu etortzen zirela hiletetara eta abar. Han etorriko ziren Detroiteko aitona, berarekin autobusean zoazenean kaleen zenbakiak ozen esaten dituena, eta izebak —baditut berrogeitamarren bat- eta lehengusu nazkagarri guztiak. Ederra koadrila! Denak etorri ziren Allie hil zenean, mozo talde osoa. Halitosia duen izeba tentel batek esan eta esan jardun zuen zelako baketsua zirudien han etzanda, D.B.k kontatu zidanez. Ni ez bait nintzen han. Artean ospitalean nengoen. Ospitalera joan behar izan nuen eskua zauritu eta gero. Nolanahi ere, neumonia harrapatzen ari ote nintzen kezkaz ni, izotz puskatxo guzti haiek ilean, eta hil egingo nintzela. Izugarri penatu nintzen aita eta amagatik. Batez ere amagatik, oraindik ez baitio buelta eman Allierenari. Nire arropa eta kirol gauza eta abarrekin zer egin ez zekiela imajinatzen nuen. Gauza on bakarra, banekiela Phoeberi ez ziotela utziko nire hiletetara etortzen, oraindik ume bat zelako. Horixe zen gauza on bakarra. Gero kanposantuan imajinatu nituen haiek denak, ni hilobiratzen, nire izena hilarrian eta abar. Hildako tipoz inguratuta. Motellak, hilda gero, ederki ipintzen zaituzte. Hiltzen naizenean, norbaitek izango ahal du nahikoa zentzu ni ibaira edo botatzeko. Hobe hori, hilerri tristeren batean sartzea baino. Jendea igandeetan sabel gainean lore sorta bat ipintzera etortzea eta kakazahar guzti hori. Nork nahi ditu berak hilda gero? Inork ez.

        Eguraidia ona denean, gurasoak nahiko sarri irteten dira eta lore sorta bat uzten dute Allieren hilobi gainean. Ni ere Joan nintzen pare bat aldiz, baina utzi egin nion. Lehenengo eta behin, ez nau batere pozten hura hilerri malapartatu hartan ikusteak. Hildakoz eta hilarriz inguratuta. Eguzkia ageri zenean gaitzerdi, baina bietan —bietan- euria hasi zuen han geundela. Hura bai ikaragarria. Euria hilarri triste haren gainera, eta euria haren sabel gaineko belar gainera. Euria edonon. Hilerrian zeuden bisitari guztiek lasterrari eman zioten autoetara. la-ia atera ninduen neure onetik. Bisitari guztiak, sartu beren autoetan eta piztu irratiak eta norabait joango ziren afaltzera... denak, Allie ezik. Ezin halakorik eraman. Badakit haren gorpua besterik ez dagoela hilerrian, arima zeruan dagoela eta kakazahar guzti hori, baina ezin eraman hala ere. Ez zedila han egon, horixe nahi nuen nik. Zuek ez zenuten ezagutu. Ezagutu izan bazenute, ulertuko zenukete zer esan nahi dudan. Eguzkia ageri denean gaitzerdi, baina eguzkia gogoak ematen dionean agertzen da.

        Handik pixka batera, burua neumonia harrapatzetik eta horrelakoetatik aldentzeko, atera dirua eta kontatzen hasi nintzen kaleko lanpara baten argipe tristean. Hiru dolar, laurdeneko bost txanpon eta bost xentimoko bat besterik ez neukan; motellak, nik gastatu nuen dirutza Penceytik alde egin nuenez geroztik! Gero zera egin nuen, laku ondora etorri eta laurdenekoak eta bost xentimokoa izoztuta ez zegoen lekura jaurtiki. Ez dakit zergatik, baina halaxe egin nuen. Gogoa neumonia harrapatzetik eta hiltzetik aldenduko zidalakoan edo. Baina ez zidan aldendu.

        Pentsatzen jarri nintzen nola sentituko ote zen Phoebe ni neumonia harrapatuta hilko banintz. Umekeria bat, baina ezin burutik kendu. Oso gaizki sentituko zen halako zerbait gertatuz gero. Oso maite nau. Esan nahi dut nire zale amorratua dela. Benetan. Nolanahi ere, ezin hura gogotik kendu, eta azkenean zera bururatu zitzaidan, hobe nukeela etxean ezkutuan sartu eta ikusi. Hiltzea tokatuta ere... Baneukan giltza, eta pentsatu nuen zer egin, ezkutuan sartuko nintzen, oso isilik, eta pixka batean berriketan jardungo genuen. Kezkatzen ninduen gauza bakarra ate nagusia zen. Kirrinkots izugarria ateratzen du. Etxea zahar samarra da, eta arduraduna sasikume zikin bat, eta gauza guztiak kirrin eta karran. Beldur nintzen gurasoek ezkutuan sartzen entzungo ote ninduten. Baina nolanahi ere saiatzea erabaki nuen.

        Beraz, irten parketik eta etxera abiatu nintzen. Oinez egin nuen bide osoa. Ez zegoen urrunegi, eta ez nengoen nekatuta, ezta mozkortuta ere ordurako. Oso hotz zegoela, horixe, eta inor ez inguruetan.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia