19. KAPITULUA

 

        New Yorken bizi ez bazarete, Wicker Bar hori hotel dotore-dotore batean dago, Seton Hotelean. Lehen sarritan joaten nintzen, baina orain ez. Pixkanaka utzi egin nion hara joateari. Oso sofistikatuak omen diren leku horietako bat da, ustelez gainezka beti. Bi neska frantses izaten ziren bertan, Tina eta Janine. Pianoa jo eta kantatu egiten zuten gauero hiru bat aldiz. Batek pianoa jo —oso-oso gaizki- eta besteak kantatu, eta kanturik gehienak edo gordin samarrak edo frantsesez izaten ziren. Kantatzen zuena, Janine, beti aritzen zen mikrofonotik mixmixka kantatu baino lehen. Esango zuen «eta ogain guk zuei guge voulez vous francaisen begsioa eman nahi dugu. Neska fganses baten istogioa da, New Yogk bezalako higi handi batega datog, eta Bgooklyngo mutiko batekin maitemintzen da. Zuei gustatzea nahi dugu». Gero, mixmixok eta graziok eta zer guztia amaitu ondoren, kanta aluren bat kantatuko zuen, erdia ingelesez eta erdia frantsesez, eta erotu beharrean jarriko zituen han zeuden ustel guztiak. Han luze samar egonez gero, ustel guzti haien esku-zarta entzuten, mundu guztia gorrotatzera iristen zen bat, zinez diotsuet. Tabernaria ere nazkagarria zen. Kristoren snoba. Tipo ezaguna edo ospetsua ez izanez gero, ez zizun hitzik egingo. Ezaguna edo ospetsua edo horrelako norbait izanez gero, ordea, orduan eta nazkagarriagoa hura. Etorriko zitzaizun eta esango zizun, irribarre zabal harekin, munduko tiporik jatorrena bailitzan, «Ta, zer moduz Connecticut aldean?» edo «Zer moduz dago Florida?» Leku espantagarria, ez naiz txantxetan ari. Zeharo utzi nion hara joateari, pixkanaka.

        Goiz samar zen hara iritsi nintzenean. Barran hartu nuen lekua —nahiko beteta zegoen eta pare bat whisky sodarekin eskatu nuen, Luce zaharra agertu bitartean. Zutitu egin nintzen eskatzerakoan, zein altua nintzen ikus zezaten, ez zezatela gero pentsa mutiko malapartatu bat nintzenetik. Gero ustel guzti haiei begira egon nintzen pixka batean. Aldameneko tipoa ipuinak esan eta esan ari zitzaion berarekin zegoen neskari. Esku aristokratikoak zituela eta gisa horretakoak. Seko jota geratu nintzen. Barraren beste muturra maritxuz beteta zegoen. Ez ziruditen oso maritxuak —alegia ez zuten ile luzea edo antzekorik- baina ezagun zuten maritxuak zirela. Halako batean, han agertu zen Luce zaharra.

        Ederra tipoa, Luce hura! Berez, nire ikasketa-aholkularia izan behar zuen Whootonen nengoenean. Baina sexu-kontuez jardun besterik ez zuen egiten hark, gauberanduan taldetxo bat bere gelara biltzen zenean. Askotxo zekien sexuaz, batez ere perbertituen kontuak eta abar. Beti kontatzen zizkigun ardiekin zertzen zuten tipo zikinenak eta, nesken kuleroak kapeluen azpikoari josita ibiltzen ziren tipoenak eta, gisa horretakoak beti. Eta maritxu eta lesbianenak. Estatu Batuetako maritxu eta lesbiana guztiak ezagutzen zituen gure Lucek. Norbait aipatzea nahikoa —edonor—, Lucek berehala esango zizun maritxua zen ala ez. Batzutan ez zen erraza izaten hark esaten zuen jendea maritxuak eta lesbianak zirela sinestea, zineko aktoreak eta horrelakoak. Maritxuak omen ziren batzu ezkonduta ere bazeuden, Jainkoarren. Esango zenion «Zer diok, Joe Blow maritxua dela? Joe Blow? Tipo handi eta gogor hori, beti gangsterrenak eta cowboyenak egiten dituen hori'?». Eta gure Lucek «jakina bada» esango zuen. «Jakina bada» beti hark. Ezkonduta egon ala ez, ez omen zion ardura. Mundu osoko ezkonduen erdiak maritxuak omen ziren, eta ez omen zekiten halakoak zirenik. Gau bakar bat nahikoa norbera ere maritxu bihurtzeko, hartarako guztiak izanez gero. Izugarri beldurtzen gintuen. Maritxu noiz bihurtuko zain egoten nintzen ni. Xelebreena, ordea, hura bera zela maritxu samarra, nire ustez. Beti ari zen esaten «proba ezak hau», eta zapla ipurdian korridorean zehar zindoazela. Eta garbigeletara joaten zen guztietan atea zabalik uzten zuen, eta hitz eta pitz hasten zen norberak hortzak garbitu bitartean. Zer hauek maritxukeriak dira. Benetan. Ezagutu ditut benetako maritxu batzuk, ikastetxean eta, eta beti egiten dituzte horrelakoak. Horregatik diot, neure zalantzak nituen Luce hartaz. Azkar samarra zen, hala ere, ezin ezetz esan.

        Hark sekula ez zizun kaixo edo antzekorik esango zurekin topo egitean. Eseri eta bota zuen lehenengo gauza, pare bat minutu besterik ez zuela. Neska batekin geratua zela. Gero martini lehorra eskatu zuen. Oso lehorra jartzeko esan zion tabernariari, eta olibarik gabe.

        — Hi, maritxu bat zeukat hiretzat —esan nion Luceri—. Barraren muturrean. Ez begiratu. Hiretzat gorde diat.

        — Oso xelebrea —hark—. Betikoa hago. Noiz handitu behar duk?

        Aspertu egiten nuen. Benetan. Hark, ordea, dibertitu egiten ninduen ni. Dibertitzen nauten tipo horietako bat izan hura.

        — Zer moduz hire sexu-bizitza? —galdetu nion. Amorrua ematen zion horrelako gauzak berari galdetzeak.

        — Lasai —esan zidan—. Eseri eta lasai hadi, Kristo!

        — Lasai negok —nik—. Zer moduz Columbian? Gustatzen al zaik?

        — Horixe gustatzen zaidala. Gustatu ezean ez ninduan joango —hark. Batzutan bazekien bai pirri samarra izaten.

        — Zertan ari haiz berezitzen? —galdetu nion

        Perbertituetan?

        Adarra jotzen ni.

        Zer ari haiz, txistoso jarri nahian?

        — Ez. Txantxetan ari nauk —esan nion—. Aizak, Luce. Hi tipo intelektual horietako bat haiz. Hire aholkua behar diat. Oso egoera ikaragarrian...

        Purrustada egin zidan:

        — Entzun ondo, Caulfield. Hemen eseri eta trago bat lasai eta bakean hartu nahi baduk...

        — Ondo zegok, hi, ondo zegok —esan nion—. Lasai.

        Bistan zegoen ez zuela nirekin ezer serioz hitz egin nahi. Horixe dute intelektual horiek. Sekula ez dutela eztabaida seriorik nahi izaten, berek horrela erabaki ezik. Hala bada, honetaz eta hartaz hasi ginen hizketan.

        — Txantxarik ez, hi, zer moduz hire sexu-bizitza? —galdetu nion—. Oraindik ere Whootonen henbileneko neska berarekin al habil? Hark zian traste parea...

        — Jaungoikoa, ez —esan zidan.

        — Zer gertatu huen? Zer gertatu zaiok hari?

        — Ezta ideiarik ere. Nik dakidanagatik, eta galdera egiten didaanez, honez gero New Hampshireko putarik handiena izango duk.

        — Hori ez zegok ondo. Eskua nahi adina sartzen utzi zianez gero, ez huke hartaz horrela hitz egin behar.

        — O, Jaungoikoa! —Luce zaharrak—. Betiko caulfieldkerietan jardun behar al diagu bada? Oraintxe bertan jakin nahi diat.

        — Ez —esan nion—, baina ez zegok ondo nolanahi ere. Hark nahi huen guztia egiten utzi eta gero...

        — Hizpide honi jarraitu behar al diogu?

        Ez nion ezer erantzun. Beldurrak ni, isiltzen ez banintzen jaiki eta alde egingo ote zuen. Hala bada, zera egin nuen, beste trago bat eskatu. Atxur eder bat harrapatzeko gogoa nuen.

        — Norekin habil orain? —galdetu nion—. Esan nahi al didak?

        — Ez duk ezagutzen.

        — Konforme, baina norekin? Beharbada ezagutuko diat.

        — Villagean bizi den neska batekin. Eskultorea. Jakin nahi duanez.

        — Bai? Adarra jotzen ari haiz? Zenbat urte dik?

        — Ez zioat inoiz galdetu, hara bestea!

        — Gutxi gorabehera, zenbat?

        — Berrogeitik ez duk oso urrun ibiliko —Lucek.

        — Berrogeitik? Bai? Hori gustatzen al zaik? —galdetu nion—. Hain zaharrak gustatzen al zaizkik?

        Sexu kontuez askotxo zekielako ari nintzaion galdezka. Gutxi ezagutzen nituen hark hainbat zekitenak.

        Hamalau urte besterik ez zuenean galdu zuen birjintasuna, Nantucketen. Egia.

        — Pertsona helduak gustatzen zaizkidak, hori esan nahi baduk. Bai noski.

        — Bai? Zergatik? Adarrik ez, hobeak al dituk txortan?

        — Entzun ondo, gauza bat esango diat argi eta garbi.

        Gaurkoan ez zieat erantzungo betiko caulfieldkeriei.

        Noiz arraio handitu behar duk?

        Pixka batean ez nion ezer esan. Utzi egin nion. Gero Lucek beste martini bat eskatu eta lehorxeagoa egiteko esan zion tabernariari.

        Aizak, zenbat denbora da eskultore horrekin habilela? —galdetu nion. Oso interesatuta nengoen—. Ezagutzen al huen Whootonen hengoenean'?

        — Ez diat uste. Orain hilabete batzuk heldu huen lurralde honetara eta.

        — Bai zera! Nongoa duk bada?

        — Shanghaikoa.

        — Adarrik ez, hi! Txinatarra al da?

        — Hala zirudik.

        — Adarrik ez! Gustatzen al zaik? Txinatarra izatea, alegia.

        — Hala zirudik.

        — Zergatik? Interesatuko litzaidakek jakitea... benetan.

        — Ekialdeko filosofiari Mendebaldekoari baino erakargarriago erizten zioat. Horra, galdetzen didaanez gero.

        — Benetan? Zer esan nahi duk «filosofia» hitzarekin? Sexua eta hori dena, alegia? Txinan hobea dela esan nahi duk?

        Ez derrigor Txinan, Jainkoarren! Nik Ekialdean esan diat. Elkarrizketa funsgabe honekin jarraitu behar al dugu?

        — Entzun, serio ari nauk —esan nion—. Adarrik ez. Zergatik da hobea Ekialdean?

        — Oso konplexua duk orain horretan sartzeko, Jainkoarren! —gure Lucek—. Haientzat sexua esperientzia fisikoa eta izpirituala duk. Uste baduk nik...

        — Horretan negok neu ere! Halaxe iruditzen zaidak niri ere, nola esan duk, esperientzia fisikoa eta izpirituala eta hori guztia. Benetan. Baina norekin ari naizen, horren gorabeheran zegok dena. Batere gustatzen ez zaidan norbaitekin ari banaiz...

        — Ez hain ozen, Jainkoarren, Caulfield. Ahotsa apaldu ezin baduk, utzi ditzagun...

        — Ondo zegok, hi, haina entzun —esan nion.

        Gero eta urduriago nengoen eta ozen samar ari nintzen hizketan. Batzutan ozen samar hitz egiten dut urduritzen naizenean.

        — Horixe esan nahi diat, dena den —esan nion—. Bazekiat fisikoa eta izpirituala izan behar duela, eta artistikoa eta abar. Baina zera esan nahi diat, ez zegok denekin jarduterik, musuka eta ibilitako denekin, eta ondo ateratzea, ezta'?

        — Utziok horri —Lucek—, axola ez bazaik.

        — Ondo zegok, baina entzun. Demagun hi eta neska txinatar hori. Zer zeukak hain ona zuenak?

        — Uzteko esan diat.

        Pertsonalegi ari nintzen. Konturatzen naiz. Baina horixe zen Luceren gauza amorragarrienetako bat. Whootonen nengoenean, norberari gertatutako zer guztiak deskribatu behar hari, baina hasi berari galdezka eta haserretu egiten zen. Intelektual horiek ez dute solas intelektualik nahi izaten, salbu eta dena eskutik eramaten badute. Beraiek isiltzen direnean norbera ere isiltzea nahi izaten dute beti, eta beren gelara joaten direnean norbera ere erretiratzea. Whootonen nengoenean Luce amorratu egiten zen —ezagun-ezagun izaten zuen- gutako pila bati bere gelan sexuari buruzko hitzaldia bota eta gero geure aldetik jarraitzen bagenuen. Besteok, alegia. Beste norbaiten gelan. Nola jartzen zela gero gure Luce! Bere erretolika osoa bota eta gero, denok isil-isilik nor geure gelara erretiratzea nahi izaten zuen beti. Beldurrak hura, norbaitek berak baino gauza argiagoren bat esango ote zuen. Ederki pasatzen nuen harekin.

        — Beharbada Txinara joango nauk. Nire sexu-bizitza negargarria duk oso —esan nion.

        — Jakina. Hire gogoa heldu gabe zegok.

        — Hala duk, bai, bazekiat —esan nion—. Ba al dakik zein den nire arazoa? Sekula ez nauk benetan berotzen, benetan bero-bero esan nahi diat, izugarri gustatzen ez zaidan neska batekin. Izugarri gustatu behar, bestela gogo guztia galtzen diat. Motellak, sexu-bizitza osoa izorratzen zidak. Nire sexu-bizitza negargarria duk.

        — Jakina dela, Jainkoarren! Esan nian ikusi hindudan azken aldian hik zer behar huen.

        — Esan nahi duk psikoanalista batengana joatea eta abar? —esan nion. Horixe komeni zitzaidala esan baitzidan. Aita psikoanalista zuen.

        — Hori hire kontua duk, Jainkoarren! Bost axola niri heure bizitzarekin zer egiten duan.

        Pixka batean ez nuen ezer esan. Pentsatzen ari nintzen.

        — Demagun hire aitagana noala eta psikoanalizatu egiten nauela eta abar —esan nion—. Zer egingo lidake? Esan nahi diat, ezer egingo al lidake?

        Ezertxo ere ez. Hitz egin, besterik ez zenukete egingo, Jainkoarren! Hasteko, heure gogoaren ereduak ezagutzen lagunduko liake.

        — Zer?

        — Heure gogoaren ereduak. Hire gogoa zebilek... Entzun. Ez diat orain oinarrizko ikastaro bat emango psikoanalisiaz. Interesatzen bazaik, deitu eta eskatu ordua. Ez bazaik interesatzen, ez deitu. Niri bost axola, egia esateko.

        Sorbaldan jarri nion eskua. Motellak, hark bai dibertitzen ninduela!

        — Oso sasikume sinpatikoa haiz —esan nion—. Ba al hekien?

        Erlojuari begiratu zion.

        — Alde egin beharra diat esan zidan, eta jaiki egin zen—. Pozten nauk hi ikusteaz —tabernariari deitu eta bere kontua ekartzeko esan zion.

        — Hi —esan nion, ordaindu baino lehen—, inoiz psikoanalisatu al hau aitak?

        — Ni? Zergatik galdetzen didak?

        — Ezergatik ez. Baina psikoanalizatu al hau? Bai ala ez?

        — Ez zehazki. Neure burua neurtzen lagundu zidak, baina ez diat izan analisi sakonen beharrik. Zergatik galdetzen didak?

        — Ezergatik ez. Horixe bururatu zaidak.

        — Bo. Hi lasai —esan zidan. Propina utzi eta bazihoan.

        — Har dezagun beste trago bat —esan nion—. Faborez, bakar-bakarrik negok. Ez nauk txantxetan ari. Ezin zuela. Berandu zela, eta alde egin zuen.

        Luce gaixoa. Aspergarria zen, baina oso hiztegi onekoa, bai horixe. Hiztegirik aberatsena zuen Whootongo guztien artean ni han nengoenean. Testa egin ziguten.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia