18. KAPITULUA

 

        Izotz-pista utzi nuenean goseak nengoen, eta sartu denda batean eta gaztazko sandwicha eta esne malteatua hartu nituen, eta ondoren telefono-kabina batean sartu nintzen. Berriz ere Janeri telefonoa jotzea bururatu zitzaidan, ea etxeratua zen ikusteko. Alegia, arratsalde osoa neukan libre, eta telefonoa jotzea pentsatu, jadanik etxean bazen dantzara eramateko norabait. Ezagutzen nuenez geroztik sekula dantzan egin gabe nengoen harekin. Behin, ordea, dantzan ikusi nuen. Oso dantzari ona ematen zuen. Uztailaren Laueko dantzaldia zen, klubean. Orduan ez nuen hainbeste ezagutzen, eta ez nintzen ausartu lagunaren eta beraren artean sartzen. Choate ikastetxean zebilen tipo ikaragarri bat zuen laguna, Al Pike. Ez nuen oso ondo ezagutzen, baina piszina inguruan ibiltzen zen beti hura, latexezko bainujantzi zuri estu bat soinean, jauzi eta jauzi tranpolin altuenetik. Egun osoan jarduten zuen jauzi nazkagarri berbera egiten. Besterik ez zekien eta, baina mundiala zela uste hark. Muskuluak sobera eta garunik batere ez. Dena den, berarekin zegoen Jane gau hartan. Ezin nezakeen ulertu. Zinez diot, ezin. Elkarrekin ibiltzen hasi ginenean, galdetu nion nolatan irten zitekeen Al Pike bezalako sasikume harroputz batekin. Ez zela harroputza, Janek. Gutxiagotasun konplexua zuela. Pena emango balio bezala esan zidan, eta ez zen itxurak egiten ari. Benetan ari zen. Hauxe dute xelebrea neskek. Sasikume hutsa den tiporen bat aipatzen diezun bakoitzean —oso eskasa, edo oso harroputza edo horrelako zerbait- eta neskari hori aipatzen diozunean, hark gutxiagotasun konplexuarena botako dizu. Beharbada izango du, baina horrek ez du libratzen sasikumea izatetik, nire iritziz. Neskak. Sekula ez dago jakiterik zer pentsatzen duten. Behin zita bat antolatu men Roberta Walshen gelakideari eta neure lagun bati. Bob Robinson zuen izena eta hark bai zuela benetako gutxiagotasun konplexua. Nabari-nabaria zuen lotsatuta zegoela bere gurasoekin, gaizki hitz egiten zutelako eta ez zutelako diru askorik. Baina ez zen sasikume bat. Oso tipo atsegina zen. Hala ere, Roberta Walshen gela-lagunari batere gustatu ez. Harroa zela esan omen zion Robertari. Zergatik ote, eta mutilak eztabaida-taldeko kapitaina zela aipatu ziolako. Halako huskeria bat, eta neskak harroa zela pentsatu! Horixe dute neskek, mutil bat gustatzen bazaie, berdin dio sasikume handiena bada ere, gutxiagotasun konplexua duela esango dizute, eta gustatzen ez bazaie, berdin dio tiporik atsegina bada ere, edo gutxiagotasun konplexurik handiena izanda ere, esango dizute harroputza dela. Neska argienek ere berdin jokatzen dute.

        Nolanahi ere, telefonoa jo nion berriz Janeri, baina telefonoak erantzuten ez, eta eseki egin behar izan nuen. Gero agendan begiratu nuen ea arratsa nor arraiorekin pasa nezakeen ikusteko. Baina nire agendan hiru lagun besterik ez. Jane, Antolini izeneko gizon bat, Elkton Hillsen irakasle izan nuena, eta aitaren bulegoko zenbakia. Ahaztu egiten zait jendearen izenak apuntatzea. Beraz, azkenean zer egingo eta Carl Luceri jo nion telefonoa. Whooton Ikastetxean graduatu zen nik handik alde egin eta gero. Ni baino hiru bat urte zaharragoa zen, eta ez nuen oso gogoko, baina intelektual horietako bat zen —Whootongo inteligentzi koefizienterik altuena zuen- eta elkarrekin nonbait afaldu eta solasaldi intelektual samarra egiterik izango genuela pentsatu nik. Batzutan gauza asko argitzen baitzizkizun. Beraz telefonoa jo nion. Orain Columbian zebilen, baina Hirurogeita bosgarren kalean bizi zen, eta banekien etxean izango zela. Telefonoan izan nuenean, afariarena ezinezko zuela, baina har genezakeela trago bat hamarretan Wicker Bar-en, Berrogeitamalaugarrenean. Uste dut harritu samar geratu zela nire ahotsa entzutean. Behin ipurtandi ustel esan bait nion.

        Hamarrak arte denbora asko nuen eman beharra, eta zera egin nuen, Radio Cityko zinera Joan. Egin nezakeen gauzarik txarrena zen beharbada, baina hurbil neukan, eta beste ezer bururatu ez niri.

        Filmearen aurreko ikuskizuna hasita zegoen sartu nintzenean. Rocketteak ari ziren zango-goraka, beti egin ohi duten bezala, denak lerro-lerro eta gerritik helduta. Publikoa esku-zartaka, eta nire atzealdeko tiporen bat esan eta esan emazteari, «Ikusten al duzu hori? Hori da doitasuna, hori!» Harri eta zur utzi ninduen. Gero, Rocketteen ondoren, tipo bat irten zen esmokinez jantzita eta patinen gainean, eta hasi patinatzen mahaitxo pila baten azpian eta bitartean txisteak kontatu eta kontatu. Oso patinatzaile ona zen, baina ez zitzaidan gehiegi gustatu, eskenategi baten gaineko patinatzailea izateko praktikatzen imajinatzen bainuen. Alukeria handia iruditu niri. Aldarte onean ez nengoelako, nik uste. Haren ondoren, Eguberrietako zer bat egin zuten, urtero egiten dutena Radio Cityn. Hasi aingeru pila bat bazter guztietatik irteten, eta tipo batzuk gurutzeekin eta horrelakoekin han zehar, eta den-denak —milaka!- «Adeste fideles» kantatzen eztarriak urratu beharrean. Ederra kontua. Oso erlijiosoa omen da, hala diote, eta oso polita eta abar, baina nik ez diot ezer erlijiosorik edo politik ikusten horri, Jainkoarren, aktore mordoa eskenategian zehar, aldean gurutzeak daramatzatela. Bukatu ondoren, berriro irteten hasi zirenean ezagun zuten zigarroa erretzeko desiatzen zeudela. Ikusia nuen hura Sally Hayesekin aurreko urtean, eta zer gauza ederra eta zer gauza ederra esaka hura, jantziengatik eta. Nik esan nion Jesusek seguruenera gonbitoka egingo zuela fantasiazko jantzi guzti haiek eta hura dena ikusi izan balitu. Ateo sakrilego bat nintzela, Sallyk. Beharbada izango naiz. Jesusek benetan gogoko zukeen bakarra orkestran tinbalak jotzen zituena izango zen. Zortzi urte nituenez geroztik ikusi izan dut tipoa. Nire anaia Allie eta biok, gurasoekin bageunden eta abar, eserlekuak aldatu eta hura ikus genezakeen lekura joaten ginen. Sekula ikusi dudan danborjolerik onena da. Pare bat aukera besterik ez pieza osoan, baina zain dagoen bitartean sekula ez dirudi aspertuta. Gero, tokatzen zaionean, oso atsegin eta goxo jotzen du, aurpegikera bizi-bizi harekin beti. Behin, aitarekin Washingtonera joan ginenean. Alliek postala bidali zion, baina apustu egingo nuke ez zuela jaso. Ez genekien oso ondo nori eta nora bidali.

        Eguberrietako zer hura bukatu ondoren, hasi zen filme madarikatua. Ezin begirik kendu, hain zen txarra. Tipo ingeles batez ari zen, Alec eztakitzer, gerran ibilia eta ospitalean oroimena galtzen duena eta abar. Halako batean irten da ospitaletik, eta hor doa makulu batekin eta herrenka Londresen zehar, nor arraio den jakin gabe. Dukea izan, eta jakin ez. Honetan neska etxekoi eta zintzo batekin egiten du topo autobusean. Kapeluak ihes egiten honi eta mutilak harrapatu, eta gero igo gora eta eseri eta hizketan hasten dira Charles Dickens] buruz. Idazle gogokoena dutela biek eta horrela. Mutilak Oliver Twisten ale bat darama, eta neskak beste bat. la-ia egin nuen gonbitoka. Nolanahi ere, laster maitemintzen dira, biak ere zeharo erotuta baitaude Charles Dickens horrekin, eta mutilak lagundu egiten dio argitalpen-negozioan. Neska argitaratzailea baita. Baina ez doakio oso ondo, diru guztia xahutzen dion anaia mozkorra du eta. Oso tipo garratza anaia, gerran medikua izana, eta orain ezin du ebakuntzarik egin nerbioetatik jota dagoelako, eta horregatik edan eta edan egiten du gelditu gabe, baina nahiko zorrotza hala ere. Nolanahi ere, Iiburua idatzi Alec-ek, eta neskak argitaratu, eta biek ere golkoa bete diru laster. Ezkontzekotan daudela hor agertu zaie beste neska bat, Marcia. Marcia Alec-en andregaia zen honek oroimena galdu aurretik, eta deuda batean autografoak sinatzen ari denean ezagutzen du. Esaten dio benetako dukea dela eta abar, baina mutilak sinestu ez, eta joan nahi ez harekin ama bisitatzera. Ama zeharo itsututa dago. Baina beste neskak, etxekoiak, joatera behartzen du. Oso bihotz onekoa izan hura. Joan da noizbait. Baina ez du berehala bereganatuko oroimen osoa, ezta bere Danes Handia saltoka hasten zaionean ere, ezta amak hatzez aurpegia haztatu eta txikitako hartza eramaten dionean ere. Baina honetan, egun batez, haur batzuk cricketean jokatzen ari dira jardinean eta cricketeko pilotak jotzen du buruan. Hala, bat-batean etortzen zaio oroimena, eta joan amagana eta bekokian laztantzen du. Gero berriz ere duke arrunta izaten hasten da, eta zeharo ahazten zaio argitarapen-negozioa zuen neska etxekoi hura. Kontatuko nizueke istorio osoa, baina beldur naiz gonbitoka hasiko ote naizen. Ez pentsa gero grazia guztia galduko lukeelako kontatzen ez dizuedanik, ez duenik ezin galdu. Nolanahi ere, Alec eta neska etxekoiaren ezkontzarekin bukatzen da, eta anaia mozkorra ere nerbioetatik sendatu eta Alec-en ama operatzen du, eta berriro ere ikusi honek, eta gero anaia mozkorra eta Marcia elkarrekin gustatu. Mundu guztia afalmahai luze baten inguruan dagoela bukatzen da, algara batean Danes Handia txakurkume samalda batekin datorrelako. Mundu guztia arra zelakoan edo, nonbait. Hau besterik ez dizuet esango,, ez ezazue ikusi gonbitoka hasi nahi ez baduzue.

        Handiena, andre bat neukala aldamenean negar eta negar filme osoan. Zenbat eta faltsuago hau, orduan eta negar gehiago hark. Oso bihotz onekoa zelako, pentsatuko zenuketen, baina ni aldamenean nengoen eserita, eta ez zen halakoa ez. Haurtxo bat zuen berarekin, asper-asper eginda eta komunera joan beharrean gaixoa, baina hark eraman nahi ez. Esan eta esan aritu zitzaion eseri eta behar bezala portatzeko. Otso bat bezain bihotz onekoa hura. Hartu filmeetako faltsukeriekin negar-malkotan ito beharrean dagoen norbait, eta hamarretik bederatzitan sasikume kaxkar batzu izaten dira. Ez naiz txantxetan ari.

        Filmea bukatu ondoren, Wicker Bar-era abiatu nintzen, Carl Lucerekin hantxe bildu behar nuela eta, eta bidean zehar gerrarena nerabilen gogoan. Gerra-filme guzti horiekin beti gertatzen zait gauza bera. Ez dut uste gerrara joatea agoantatuko nukeenik. Ezingo nuke. Txarrena ez litzateke kanpora atera eta tiroa jo edo antzeko zerbait egingo balizute; baina Armadan hain denbora luzean egon beharra... Hortxe dago koxka. Nire anaia D.B.k lau urte egin zuen Armadan. Gerran ibilitakoa hura ere —E egunean Normandian lehorreratutakoa, pentsa—, baina uste dut gerrari baino gorroto handiagoa ziola Armadari. Umea nintzen ni garai hartan, baina gogoan dut baimenarekin etxeratzen zenean etzanda egoten zela egun osoan, beste ezer egin gabe. Apenas etortzen zen egongelara.

        Aurrerago, atzerrira joan eta gerran sartu zenean eta abar, ez zuten zauritu eta tiro gehiegirik ere ez zuen jo behar izan. Hartu autoa eta egun osoan cowboy itxurako jeneral bat batetik bestera eramanez, hori zuen egiteko guztia. Behin esan zigun Allieri eta niri norbaiti tiro egin beharrean gertatuz gero, ez zukeela jakingo zein aldetara bota. Esaten zuen nazien artean bezainbat sasikume zegoela Armadan. Gogoan dut behin Alliek galdetu ziola ea ez al zen gauza ona gerran ibiltzea idazle izanda, handik zer idatzi ugari aterako zuela eta. Atlieri bere beisbol eskularrua harrarazi eta galdetu zion ea nor zen gerrako poeta hobea, Rupert Brocke ala Emily Dickinson. Emily Dickinson zela, Alliek. Nik neuk ez dakit gauza handirik horretaz, ez baitut poesia askorik irakurtzen, baina badakit burutik zeharo egingo nintzatekeela Armadan Ackley eta Stradlater eta Maurice bezalako tipoekin egon behar banu denbora guztian, haiekin martxak eginez eta abar. Behin Boy Scoutekin egon nintzen astebetez edo, eta ezin izan nuen agoantatu ezta neure aurreko tipoaren kokotari begira egotea ere. Aurreko tipoaren kokotari begira egon behar duzula, besterik ez dizute esaten han.

        Zinez diot, inoiz beste gerrarik bada, hobe dute ilaratik atera eta fusilamendu eskuadra baten aurrean jartzen banaute. Ez nuke protesta handirik egingo. Baina D.B.ri buruz harritzen nauena, hark hainbeste gorrotatu gerra, eta hala ere Armei adio irakurrarazi zidala joan den udan. Mundiala zela eta. Horixe ezin dut ulertu. Tipo bat agertzen zen bertan, Henry tenientea, oso tipo jatorra omen zena eta abar. Ezin dut ulertu, hainbesteko gorrotoa izan D.B.k Armadari eta gerrari, eta hala ere hori bezalako liburu faltsua gustatzea. Esan nahi dut, adibidez, ezin dut ulertu nola izan dezakeen gogoko liburu faltsu bat eta aldi berean Ring Lardnerenak, edo hainbeste gustatzen zaion beste hura, Gatshy Handia. D.B. haserretu egiten zen nik hau esatean, eta erantzuten zidan gazteegia nintzela hartaz jabetzeko, baina ez dut uste. Esan nion gustatzen zitzaizkidala Ring Lardner eta Gatsby Handia eta abar. Bai horixe. Erotuta nengoen Gatsby Handia-rekin. Gatsby gaixoa. Lagun zaharra. Harexek bai uzten ninduela zeharo jota. Nolanahi ere, pozten naiz bonba atomikoa ammatu dugulako. Beste gerrarik bada, haren gaingainean eseriko naiz. Horretarakoxe boluntario ni, zinez diotsuet.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia