17. KAPITULUA

 

        Goiz samar zen iritsi nintzenean eta, beraz, eseri bebarruan erloju ondoko larruzko sofa horietako batean, eta neskei begira hasi nintzen. Eskola askotakoak etxean ziren jadanik oporretan, eta milioi bat neska zeuden han, batzuk eserita eta besteak zutik, lagunak noiz azalduko zain. Zangoak gurutzatutako neskak, zangoak gurutzatu gabeko neskak, zango ikaragarridun neskak, zango itsusidun neskak, neska zintzoak ematen zuten neskak, norberak ezagutuz gero sorgin osoak izango ziren neskak. Oso ikusmira polita, ez dakit ulertzen didazuen. Alde batetik, tristagarri samarra ere bazen, zeren eta zeure buruari galdezka hasten baitzinen zer arraio gertatu behar ote zitzaien guzti haiei. Eskolatik eta unibertsitatetik irten eta gero, esan nahi dut. Pentsatzekoa zen gehienek alu batzuekin ezkonduko zirela. Beren autoei litroko zenbat kilometro ateratzen dieten eta, beti halakoez hitz egiten duten tipoak. Golfean irabazten badiezu, edota ping-pongean edo antzeko joko aluren bat izanda ere, umeak bezala muturtzen diren tipoak. Kaxkar-kaxkarrak diren tipoak. Libururik irakurtzen ez duten tipoak. Aspergarri-aspergarriak diren tipoak. Baina kontuz ibili behar dut honekin. Alegia, tipo batzuei aspergarri deitzearekin. Tipo aspergarriak ez ditut ulertzen. Inolaz ere ez. Elkton Hillsen nengoenean, tipo batekin egon nintzen gelan pare bat hilabetez, Harris Macklinekin. Oso argia eta azkarra zen, baina baita sekula ezagutu dudan tiporik aspergarriena ere. Ahots kirrinkari horietako bat zuen, eta sekula ez zen isiltzen. Sekula isiltzen ez, eta txarrena, behin ere ez zuela esaten entzun nahi zenukeen ezer. Baina gauza bat egiten zuen ederki. Inork baino hobeto egiten zuen txistu putakume hark. Ohea egiten arituko zen, edo arropak armairuan sartzen —beti ari zen gauzak armairuan sartzen, neure onetik ateratzen ninduen—, eta txistu eta txistu beti hura, ahots kirrinkari hartaz hitz egiten ari ez bazen. Gauza klasikoak ere jo zitzakeen, baina gehienetan jazzy txistukatzen zuen. Hartu jazz kutsu osoa zuen zerbait, «Tin Roof Blues» esate batera, eta hain ederki eta erraz txistukatuko zuen —justu arropak armairuan sartzen ari zenean—, seko harrituta uzten zuen bat. Jakina, sekula ez nion esan ikaragarri ona zela txistu egiten. Esan nahi dut, ez dago jaiki eta norbaitengana joan eta zera esaterik, «ikaragarri ona haiz txistu egiten». Baina pare bat hilabete osorik egin nituen harekin gelan, la erotzeraino aspertzen baninduen ere, zergatik eta txistukari ikaragarria zelako, horra, sekula aditu dudanik onena. Beraz, ez dakit zer esan tipo aspergarriez. Beharbada ez nuke gehiegi penatu behar neska jatorren bat horietako batekin ezkontzen dela eta. Gehienek ez diote Inori minik egiten, eta beharbada ezkutuan txistukari ikaragarriak edo antzeko zerbait dira. Nork jakin? Nik ez behinik-behin.

        Azkenean, han azaldu zen Sally eskaileretan gora, eta harengana jaisten hasi nintzen. Ikaragarri ederra zegoen. Benetan. Beroki beltza eta txapel beltza zekartzan jantzita. la ez zuen behin ere erabiltzen kapelurik, baina txapel harekin oso itxura polita zuen. Xelebreena da, ikusi orduko harekin ezkontzeko gogoak eman zidala. Burutik eginda nago. Gustatu ere, ez zitzaidan gehiegi gustatzen, eta bat-batean zeharo maitemindu eta harekin ezkondu nahi. Zinez diot. burutik eginda nago. Onartu behar dut.

        — Holden! —esan zidan—. Zein gauza ederra zu ikustea! Zenbat urte ikusi gabe!

        Ahots ozen horietako bat zuen, lotsatu egiten zinen nonbait harekin topo egitean. Hain polita izanda, berdin zion, eduki zezakeen bai ahots hura, baina atzera eragiten zidan beti.

        — Pozten nau zu ikusteak —esan nion. Egia zen eta—. Zer moduz zaude?

        — Ezin hobeto. Berandu al nator?

        Ezetz esan nion, baina hamar bat minutu atzeratuta zetorren, egia esan. Niri batere ez axola, hala ere. Saturday Evening Post-eko komikietan ateratzen duten kakazahar guzti hori, tipoak kale kantoietan izugarri haserre neskalagunak berandu datozelako, txorakeria hutsak denak. Neska itxura ederrekoa bada, nori axola berandu etorrita ere? Inori ere ez.

        — Bizkor ibili behar dugu —esan nion—. Antzerkia ordubi t'erdietan hasiko da.

        Eskailerak jaisten hasi ginen taxiak zeuden lekurantz.

        — Zer ikusi behar dugu? —hark.

        — Ez dakit. Luntarrak. Ez dut bestetarako txartelik lortu.

        — Luntarrak! O, zoragarria!

        Esan dizuet erotu egingo zela Luntarren izena aditzen zuenean.

        Dibertitu ginen zerbait taxian antzokira bitartean. Hasieran ez zuen nahi, ezpainak pintatuta zituela eta, baina izugarri mainoso ni, eta ez zeukan besterik. Pare bat aldiz, taxiak bat-batean frenatu eta ia erori nintzen nire eserlekutik. Taxista malapartatu horiek sekula ezz dute begiratzen zer ari diren. Zinez diot. Honetan, ikus dezazuen zein eroa naizen, estutu luze hartatik askatzen hasi ginenean, maite nuela eta abar bota nion. Gezurra zen, noski, baina kontua da nik benetan esan niola. Burutik eginda nago. Zinez diot, burutik zeharo eginda nago.

        — Ene maitea, nik ere maite zaitut —hark. Gero, arnasa hartzeko astirik ere hartu gabe, hauxe esan zidan—: Esaidazu ilea luzatzen utziko duzula. Ile motza modaz pasatzen ari da. Eta zure ilea hain da polita...

        Zakurraren putza, polita.

        Antzerkia ez zen nik ikusitako batzuk bezain txarra. Kakazahar samarra, hala ere. Bikote zahar baten bizitzako bostehun bat mila urteren istorioa zen. Gazteak direnean hasten da, eta neskaren gurasoek ez diote uzten mutilarekin ezkontzen, baina haiek ezkondu hala ere. Gero zahartuz eta zahartuz doaz. Gizona gerrara doa. eta andreak anaia mozkor bat dauka. Ezin gehiegi interesatu. Alegia, ez zitzaidan gehiegi ardura familiako norbait hil edo egiten bazen. Aktore multzo bat besterik ez ziren denak. Andre-gizonak bikote zahar polita ziren —oso zirtolariak eta abar- baina ezin gehiegi interesatu. Lehenengo, tea edo horrelako zerbait edan eta edan eman zuten obra osoa. Azaltzen ziren bakoitzean, maiordomoren batek tea uzten zien parean, edo andrea norbaiti ari zitzaion ateratzen. Eta sartu eta irten denak denbora guztian —zorabiatu egiten zen bat jendea eseri eta jaiki ikusiz denbora guztian. Alfred Lunt eta Lynn Fontanne ziren zahar parea, biak ere oso onak, baina gehiegi gustatu ez niri. Desberdinak ziren, hala ere, hori esan beharra dago. Ez zuten jarduten ez jendeak bezala eta ez aktoreek bezala. Zail da azaltzen. Ospetsuak balira bezala edo jarduten zuten. Alegia, onak ez, onegiak ziren haiek. Bietako batek hitzaldi bat amaitzen zuenean, besteak zerbait eransten zuen atzetik oso bizkor. Jendea nola aritzen den hizketan batak bestea eteten eta'?, bada horrelatsu haiek ere. Kontua zen, jendearen antz handiegia zuela. Pixka bat Erniek Villagen pianoa jotzen duen bezala jarduten zuten haiek. Zerbait ondoegi egiten baduzu, argi ibili, bestela laster eroriko zara harrokerian. Eta hortik aurrera ez zara hain ona izango. Baina nolanahi ere, haiek ziren on bakarrak antzerkian, Luntarrak alegia, buru pixka bat zutela ziruditen bakarrak. Onartu beharra dut.

        Lehen ekitaldiaren azkenean kanpora irten ginen beste alu guztiekin zigarroa erretzera. Hura zen izatekoa, hura. Zuen bizitza osoan ez duzue ikusi hainbeste ustel, denak beren zigarroak errez eta obraz mundu osoak entzuteko moduan hitz eginez, zein zorrotzak ziren erakusten. Zineko aktore babo bat zegoen gugandik gertu, zigarroa erretzen. Ez dakit haren izena, baina beti egiten du koldartzen den tipoarena gerrako filmeetan, azken erasoa jotzea tokatzen denean. Ilehori eder batekin zegoen, eta biak ere oso gogaituta baileuden saiatzen ziren azaltzen, jendea berei begira zegoela ohartu ere egin ez balira bezala. Apal-apalak haiek. Sekulako barregura eman zidan. Sallyk ez zuen askorik esaten, Luntarrei buruz izugarriak botatzeaz aparte; nahikoa lan zuen xarmant agertzen. Honetan, bat-batean, hor ikusi du ezaguna zuen alu bat bebarruaren bestaldean. Franelazko traje gris ilun horietako batez eta koadrozko txalekoz jantzita. Dotorea. Aparta. Hormaren ondoan zegoen zutik, erre eta erre eta asper-asper eginda dagoenaren itxuraz. Sally esan eta esan hasi zen: «nondik ezagutzen ote dut nik mutil hori». Beti ezagutzen hark norbait, edonora eramanda ere, edo hala uste berak behinik-behin. Esan eta esan jarraitu zuen aspertu nintzen arte, eta hala esan nion:

        — Zoaz eta emaiozu laztan handi bat, ezagutzen baduzu. Poztu egingo da.

        Haserretu egin zitzaidan hura esan nionean. Azkenean beste alua ohartu, hala ere, eta han etorri zen agurtzera. Ikustekoa da nola agurtzen duten horiek. Hogei bat urtean elkar ikusi ez bailuten. Umetan baineran batera bainatutakoak bailiran, horrelako zerbait. Lagun zaharrak. Gonbitoka egiteko gogoa eman zidan. Xelebreena, seguruenera behin bakarrik topo eginak zirela, festa aluren batean. Azkenean, mindulinkeriak bukatu eta gero, Sallyk aurkezpenak egin zituen. George eztakitzer zuen izena —ez dut gogoan- eta Andoveren zebilen. Aparta tipoa. Ikusi egin behar zen hura Sallyk ea obra gustatzen zitzaion galdetu zionean. Norbaiten galderari erantzuten hasi eta leku gehiago behar izaten duten ustel klase horretakoa zen. Egin du pauso bat atzera eta, zer eta justu atzean zuen andreari oina zapaldu. Behatz guztiak zanpa-zanpa eginda utziko zizkion, seguruenera. Obra bera ez zela maisulana, baina Luntarrak, noski, aingeru osoak zirela. Aingeruak! Kristo! Aingeruak! Horrexek bai txetu ninduela ni. Gero Sally eta biak, ezagutzen zuten jende pilaz hasi ziren hizketan. Bizitza osoan entzun duzuen hizketarik faltsuena zen hura. Lekuak aipatu eta aipatu jardun zuten ahalik eta azkarren, gero han bizi zen norbait bururatu eta izena esaten zuten. Ia-ia gonbitoka hasteko nintzen atzera ere esertzera Joan ginenean. Benetan. Eta gero, hurrengo ekitaldiaren ondotik, beren hizpide aspergarriari jarraitu zioten. Leku gehiagoz eta bertan bizi zirenen izen gehiagoz gogoratzen. Txarrena, alu hark ahots faltsu-faltsu horietako bat zuela, Ivy League markakoa, ahots nekatu eta snob horietakoa. la neska zirudien. Ez zuen zalantza handirik egin nire neskarekin hasteko, sasikumea halakoa. Une batez burutik pasatu ere egin zitzaidan antzerkiaren ondoren genre taxian sartu behar ote zuen, zeren eta pare bat kalearte gurekin egin baitzituen, baina koadrila batekin bildu behar omen zuen cocktail batzuk jotzeko, halaxe esan zigun. Imajinatzen ditut haiek denak puben batean eserita beren koadrozko txalekoekin, antzerkiak eta liburuak eta emakumeak kritikatzen ahots nekatu snob horiekin. Jota uzten naute tipo horiek.

        Ia-ia gorrotoa nion Sallyri taxian sartu ginenerako, Andoverko sasikume hari hamar bat ordutan entzun ondoren. Etxera eramateko prest nengoen, benetan, baina halaxe esan zidan:

        — Ideia zoragarri bat daukat! —ideia zoragarriak beti hark—. Entzun. Zein ordutan duzue afaria zuenean? Esan nahi dut, ba al duzu presarik? Ordu jakinen baterako etxeratu behar al duzu?

        — Nik? Ez. Ez dut ordurik —esan nion. Egia handiagorik ez da sekula munduan esan, motellak!—. Zer bada?

        — Goazen izotzean patinatzera Radio Cityra!

        Halakoxe ideiak zituen beti hark.

        — Patinatzera Radio Cityra? Oraintxe bertan, esan nahi duzu?

        — Ordubeterako edo. Ez al duzu nahi? Nahi ez baduzu...

        — Ez dut nahi ez dudanik esan. Jakina baietz, zeuk nahi baduzu.

        — Benetan? Ez esan gero baietz benetan nahi ez baduzu. Esan nahi dut, batera nahiz bestera, ez zait askorik ardura.

        Ez zitzaion batere ardura, ez.

        — Patinatzeko gonatxo horietako bat alokatu diezadakezu —esan zidan Sallyk—. Jeannette Cultzek halaxe egin zuen joan zen astean.

        Horrexegatik zegoen hura hara joateko irrikitan. Justu-justu ipurdia estaltzen duten gonatxo horietako batekin jantzita ikusi nahi bere burua.

        Hala bada, joan ginen, eta patinak hartu eta gero, gonatxo urdin bat eman zioten Sallyri. Baina oso itxura ederra zuen hura jantzita. Ezin esango dut ezetz. Eta ez gero pentsa berak ez zekienik. Nire aurrean zihoan, nolako atze polita zuen ikus nezan. Itxura polita zuen, bai horixe. Ezin esango dut ezetz.

        Baina hara xelebreena, geu ginen pista osoan zeuden patinatzaileerik eskasenak, eskasenak ginenez bai. Eta hori bazirela beste perla batzuk ere. Sallyri behin eta berriz bihurritzen zitzaizkion orkatilak, ia izotza ukitzeraino. Itxura eskas-eskasa izateaz gainera, izugarrizko mina ere emango zioten. Nireek bai behinik-behin. Akabatu behar ninduten. Itxura apartekoa izango genuen biok ere. Eta txarrena, bazirela han gutxienez berrehun bat begiluze, nola erortzen ginen begira egotea beste zeregin hoberik ez zutenak.

        — Eseriko al gara mahai batean zerbait hartzeko? —esan nion azkenean.

        — Egun osoan izan duzun ideiarik zoragarriena da hori —hark. Hura txikizioa bere orkatiletan. Hura zen ankerkeria, hura. Pena eman zidan, benetan.

        Kendu patin malapartatuak eta tabernan sartu ginen. Galtzetin hutsetan egon zitekeen han patinatzaileei begira, zerbait hartu bitartean. Eseri bezain laster eskularruak erantzi zituen Sallyk, eta zigarroa eman nion. Ez zirudien oso pozik. Zerbitzaria etorri zen, eta coca-cola bat eskatu nion Sallyrentzat —ez zuen edan- eta niretzat whisky eta soda, baina putakume hark ez zidala halakorik ekarriko, eta coca-cola bat hartu behar neuk ere. Gero pospoloak pizteari ekin nion. Askotan egiten dut hau, halako umore berezi batez nagoenean. la heldu ezin diedan arte uzten ditut erretzen, eta orduan hautsontzira botatzen ditut. Nire ohitura nerbioso bat.

        Honetan, tupustean, egiten dit Sallyk:

        — Begira, jakin beharra daukat. Etorri behar duzu etxera Eguberritako Zuhaitza apaintzen laguntzera, bai ala ez? Jakin beharra daukat.

        Umore txarreko zegoen artean bere orkatilengatik.

        — Idatzi nizun baietz. Hogei bat aldiz galdetu didazu. Bai noski, joango naiz.

        — Jakin beharra daukat —esan zidan. Gelan zehar begira has zen.

        Bat-batean pospoloak pizteari utzi nion, eta hurbildu egin nintzaion mahaiaren gainetik. Zenbait gauza nerabiltzan buruan bueltaka.

        — Aizu, Sally —esan nion.

        — Zer? —hark. Gelaren bestaldeko neska bati begira zegoen.

        — Inoiz egon al zara lepahezurreraino? —esan nion—. Esan nahi dut, ez al zara sekula beldurtu pentsatuz zeuk zerbait egin ezean dena pikutara joango zela? Alegia, gustatzen zaizu eskola eta zer guzti hori?

        — Ikaragarri aspergarria da.

        — Esan nahi dut, gorrotatu egiten al duzu? Badakit ikaragarri aspergarria dela, baina ea gorrotatzen duzun, horra zer esan nahi dudan.

        — Bueno, gorrotatu ez. Zuk beti...

        — Ba nik gorrotatu egiten dut. Demonio, nola gorrotatzen dudan! —esan nion—. Baina ez da hori bakarrik. New Yorken bizitzeari ere gorrotoa diot. Taxiak, Madison Etorbideko autobusak, gidariak beti atzeko atetik irteteko garrasika, eta Luntarrei aingeru deitzen dieten tipo ustelak aurkezten dizkizutela, eta igogailuetan gora eta behera ibili beharra kanpora irten besterik nahi ez duzunean, eta tipoak prakak zeure neurrira jartzen beti Brook's-en, eta jendea beti...

        — Ez egin garrasi, mesedez —esan zidan Sallyk. Ederra kontua, ez bait nintzen ari garrasika.

        — Horra autoak —esan nion. Oso ahots apalez esan ere—. Horra jenderik gehiena, erotuta daude autoekin. Larri-larri jartzen dira autoari harramazkatxoa eginez gero, eta beti ari dira litro bakoitzeko zenbat kilometro egiten dituzten esaka, eta marka berriren bateko autoa ekartzen badute berehala hasiko dira berriago baten truke aldatzeaz pentsatzen. Ez zaizkit gustatzen autoak. Alegia, ez zaizkit interesatzen. Nahiago nuke zaldi bat. Zaldi bat gutxienez humanoa da, Jaungoikoa! Zaldi bat gutxienez...

        — Ez dakit zertaz ari zaren ere —Sallyk—. Batetik bestera saltoka ari zara...

        — Ba dakizu gauza bat? —esan nion—. Seguruena zeu zara ni orain New Yorken egoteko arrazoi bakarra. Zu hemen ez bazeunde, auskalo non nengokeen ni. Basoren batean nonbait. Zeu zara ni hemen egoteko arrazoi bakarra.

        — Eskerrik asko —esan zidan. Baina bistan zegoen gaiz aldatu nahi zuela.

        — Mutilentzako ikastetxe batera joan behar zenuke. Egizu aproba noizbait —esan nion—. Ustelez beteta dago, eta egiten duzun guztia ikastea da, egunen batean cadillac bat erosteko bezain azkarra izateko adina ikasi, eta futbol taldeak galtzen badu pena hartzen duzulako plantak egin behar, eta egun osoan neskez eta edariez eta sexuaz hitz egin eta hitz egin, eta mundu guztiak bere taldetxoak egiten ditu. Saskibaloikoek beren taldetxoa egiten dute, katolikoek ere beren taldetxoa, intelektual malapartatuek ere bai, bridge jokatzen dutenek ere bai. Hileko Liburuaren klubekoek ere beren taldetxoa egiten dute barren! Ezer intelijenterik egiten saiatuz gero...

        — Aizu —esan zuen Sallyk—, mutil askok aurkitzen du hori baino gauza interesgarriagorik ikastetxean.

        — Konforme! Konforme, batzuk aurkituko dute! Baina neuk aurkitu dudana hori da. Ikusten? Horixe da nire ikuspuntua. Horixe da hain justu nire ikuspuntua —esan nion—. Apenas aurkitzen dudan ezer inon. Sasoi txarrean nago. Sasoi eskas-eskasean.

        — Halaxe zaude, bai.

        Honetan, bat-batean, ideia bat bururatu zitzaidan.

        — Begira —esan nion—. Hona nire ideia. Nahi al zenuke hanka egin hemendik? Hara zer bururatu zaidan. Tipo bat ezagutzen dut Greenwich Villagen, utziko liguke autoa pare bat astetarako. Ni nengoen eskolan zegoen bera ere, eta oraindik hamar dolar zor dizkit. Zera egin dezakegu, bihar goizean Massachusetts eta Vermontera joan, eta alde horretako paraje horietara, begira. Izugarri polita da hura, benetan.

        Zenbat eta buelta gehiago eman, orduan eta urduriago ari nintzen jartzen, eta eskua luzatu eta Sallyri hartu nion berea. Ni nintzen astapistola, ni!

        — Ez naiz txantxetan ari —esan nion—. Ehun eta larogei bat dolar dauzkat bankuan. Goizean irekitzen dutenean atera eta tipo horren autoa hartzera joan gaitezke. Ez naiz txantxetan ari. Txaboletan eta horrelakoetan bizi gaitezke dirua xahutu arte. Gero, dirua xahututakoan, lanen bat aurkituko nuke nonbait eta errekatxoren baten ertzean biziko ginateke, eta beranduago, ezkondu edo zerbait. Guretzako egur guztia moztuko nuke neguan. Bene-benetan, ikaragarri ondo biziko ginateke! Zer diozu? Tira! Zer diozu? Egingo al zenuke hori nirekin? Mesedez!

        — Ezin da horrelakorik egin! —esan zuen Sallyk. Izugarri haserre zirudien.

        — Zergatik ez? Zer arraiogatik ez?

        — Garrasirik ez niri, mesedez —hark. Kakazaharra, ez nintzen garrasika ari eta.

        — Zergatik ez, e?

        — Ezinezkoa delako, horrexegatik. Lehenengo eta behin, ia haurrak gara biok. Eta inoiz pentsatu al duzu zer egingo zenukeen dirua bukatu eta gero lanik topatuko ez bazenu? Goseak hilko ginateke. Esaten ari zarenak ez du ez buru ez hankarik...

        — Ez da burugabekeria. Lortuko dut lan bat. Ez kezkatu horregatik. Horregatik ez duzu kezkatu behar. Zer arazo dago? Ez duzula nirekin etorri nahi? Esan ezazu hori, nahi ez baduzu.

        — Ez da hori, inolaz ere ez —Sallyk. Gorroto pixka bat hartzen hasia nintzaion—. Denbora ugari izango dugu gauza horiek egiteko... gauza guzti horiek. Esan nahi dut zu unibertsitatera joan eta gero, eta ezkontzen bagara eta abar. Leku eder ugari izango ditugu joateko. Zuk bakarrik...

        — Ez, ez ditugu izango, ez dugu inora joaterik izango. Oso bestelakoa izango da dena —esan nion.'Triste-triste jartzen ari nintzen berriro.

        — Zer? —hark—. Ezin dizut entzun. Garrasika ari zinen puntuan, eta orain...

        — Esan dut ezetz, ez dela leku ederrik izango unibertsitatera joan eta gero. Ireki belarriok. Oso bestela gertatuko dira gauzak. Igogailuetan jaitsi beharko dugu maleta eta traste guztiekin. Telefonoz deitu beharko diegu denei eta agur esan eta postalak bidali hoteletatik eta abar. Eta nik bulegoren batean jardungo dut lanean, diru pila bat irabazten, eta egun osoa emango dut taxietan eta

        Madison Etorbideko autobusetan lanera bidean, eta egunkariak irakurtzen, eta bridge jokatzen, eta zinean laburmetraia eta trailer eta albistegi alu pilo bat ikusten. Albistegiak. Jaungoikoa! Zaldi-lasterketa aluren bat beti, eta andreren bat botila itsasontzi baten kontra puskatzen, eta tximinoren bat prakak jantzita bizikleta gainean. Ez litzateke berdina, inolaz ere ez. Ez duzu ezertxo ere ulertzen esan nahi dizudana.

        — Beharbada ez! Beharbada ezta zeuk ere! —Sallyk. Ordurako elkarri gorrotoa hartuta biok. Bistan zegoen ez zuela inolako zentzurik elkarrizketa inteligentean saiatzeak. Erabat damututa nengoen has] nintzelako.

        — Tira, goazen hemendik —esan nion—. Barrabiletaraino nago zurekin, egia jakin nahi baduzu.

        Motellak, ia jo zuen sabaia hura esan nionean! Badakit ez niola halakorik esan behar, eta seguruenera normalean ez nion esango, baina nire onetik atera ninduen. Normalean ez diet halako astakeriarik esaten neskei. Motellak, ia jo zuen sabaia! Ero baten moduan eskatu nion barkamena, baina ez zidan onartu. Negarrari ere eman zion eta! Horrexek kezkatzen ninduen, beldur nintzen etxera joan eta aitari barrabiletaraino nengoela esango ote zion. Haren aita sasikume isilzale horietako bat zen, eta ez ninduen batere gogoko. Behin zalaparta eta istilua besterik ez nuela ateratzen esan zion Sallyri.

        — Benetan, sentitzen dut —esaten nion behin eta berriz.

        — Sentitzen duzu. Sentitzen duzu. Polita kontua! —hark. Oraindik negarrez ari zen, eta bat-batean pena sentitu nuen hura esan niolako.

        — Tira, etxera eramango zaitut. Benetan.

        — Joan naiteke bakarrik, eskerrik asko. Etxera laguntzen utziko dizudalakoan ala? Zu erotuta zaude. Inork ez dit esan halakorik nire bizitza osoan.

        Zer guzti hura xelebre samarra zen ondo pentsatuz gero, eta bat-batean egin behar ez nukeen zerbait egin nuen. Barre. Eta nik barre zaratatsu eta mozo horietakoa dut. Alegia, neure buruaren atzean esertzerik baneuka filme batean edo, seguruenera aurreratu eta mesedez isiltzeko esango nioke neure buruari. Hark are suminago jarri zuen Sally.

        Han jardun nuen artean pixka batean, barkatzeko eta barkatzeko, baina ez zidan barkatu. Alde egiteko eta bakean uzteko esaten zidan behin eta berriz. Eta azkenean horixe egin nuen. Sartu eta hartu nire oinetakoak eta dena, eta bakarrik irten nintzen kanpora. Ez nukeen hori egin behar, baina leporaino nengoen.

        Egia jakin nahi baduzue, oraindik ez dakit zergatik bota nion zer guzti hura, nori eta hari. Norabait joateko kontu hori, alegia, Massachusettsera edo Vermontera eta abar. Seguruenera ez nukeen eramango ezta berak nirekin etorri nahi izanda ere. Harekin ez zegoen inora joaterik. Txarrena, ordea, eskatu monean huraxe pentsatzen nuela. Hori da txarrena. Zinez diot, burutik zeharo eginda nago.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia