16. KAPITULUA

 

        Gosaltzen bukatu nuenean eguerdi ingurua zen artean, eta ordu bi t'erdiak arte ez nuen bildu behar Sallyrekin, beraz ibili luze bati ekin nion. Ezin burutik kendu bi mojak. Lastozko saski hondatu zahar hura nuen gogoan, diru-bilketarako eramaten zutena eskolak ematen ez zituztenean. Ama, edo izeba, edo Sally Hayesen ama txoriburu hura imajinatzen saiatu nintzen, erostetxe batzuen kanpoaldean geldirik, dirua biltzen pobreentzat lastozko saski hondatu zahar batean. Zaila zen imajinatzen. Ama ez hainbeste, baina beste biak bai. Izeba nahiko karitatezalea da —lan pila bat egiten du Gurutze Gorriarekin eta abar- baina oso ondo jantzita joaten da, eta karitate lanetan ari denean oso ondo jantzita beti, eta ezpainak pintatuta eta kakazahar guzti hori. Ezin nuen imajinatu ezer karitatezkorik egiten arropa beltzak jantzita eta ezpainak pintatu gabe. Eta Sally Hayesen ama. Alajaina! Hura saski batekin diru-bilketan ibiltzekotan, mundu guztiak muin egin beharko lioke laguntza ematerakoan. Dirua saskian bota eta besterik gabe alde egin baliote ez begiratu ez ezer esan gabe, ordubeteren buruan utzia zion hark egiteko bar. Aspertu hura. Hartu bere saskia eta leku dotoreren batera joango zen bazkaltzera. Horixe gustatzen zitzaidan moja haiekin. Bistan zegoen inoiz ez zirela joango inongo leku dotoretan bazkaltzera. Ez dakit zer baino tristeago jarri nintzen hartaz pentsatzean, haiek inoiz ez zirela joango inongo leku dotoretan bazkaltzera ez ezertara. Banekien ez zuela hainbesteko muntarik, baina hala ere tristatu ni.

        Broadway aldera jo nuen, norabait jo behar eta, urteetan ibili gabea bait nintzen alde hartan. Gainera, igandeetan zabalik egoten zen disko-denda bat aurkitu nahi nuen. Disko bat erosi nahi nion Phoeberi, «Little Shirley Beans» izenekoa. Oso zaila zen eskuratzen. Haur batez ari zen, aurrealdeko bi hortzak falta eta etxetik irteten ez zena, lotsaz. Penceyn entzun nuen. Beste solairu bateko mutil batek zeukan, eta berari erosten saiatu nintzen, baina hark saldu nahi ez. Disko zahar-zahar ikaragarria zen, kantari beltz batek, Estelle Fletcherek grabatutakoa orain hogei bat urte. Dixieland erara eta putetxe estiloan abesten du oso, inolako samurkeria arrastorik gabe. Neska zuri batek abestuko balu zeharo edertuko luke, baina Estelle Fletcher horrek bazekien bai zertan ari zen, eta egundo entzun dudan diskorik onenetakoa da. Igandeetan zabalik egoten diren erostetxe horietako batean erosterik izango zela uste nuen, eta horrela parkera eramango nuela. Igandea izan, eta Phoebe sarri joaten parkera igandeetan, patinatzera. Banekien zein aldetan ibiltzen zen.

        Ez zegoen bezperan bezain hotz, baina eguzkia irten gabe artean, eta gozoegia ere ez patinatzeko. Baina bazen gauza polit bat. Familia bat, ezagun-ezagun elizaren batetik irten berri zirela, neure parean zihoan —aita, ama eta sei bat urteko ume bat. Pobre itxurakoak. Aitak gris perla koloreko kapelu horietako bat zeraman, pobreek dotore agertu nahi dutenean janzten dituzten horietakoa. Bera eta emaztea hizketan zihoazen, haurrari batere jaramonik egin gabe. Haurra polita zen. Galtzadatik zihoan espaloitik joan beharrean, baina bazter-bazterretik. Lerro zuzen-zuzen baten gainean joango bailitzen ari zen, haurrek egiten duten bezala. eta denbora guztian kantu kantari. Hurbildu egin nintzen, kantatzen ari zena entzuteko. Kantu hori zen, «Inork inor zekale artean harrapatuz gero Oso ahots polita zuen. Axolakabe zihoan kantari, bistan zegoen. Autoak habailan ondotik, balaztaden kirrinkotsa nonahi. baina gurasoek batere jaramonik ez, eta hura bazter-bazterretik «Inork inor zekale artean harrapatuz gero» kantatuz. Hobeto sentiarazi ninduen. Handik aurrera ez nintzen hain triste sentitu.

        Broadwayn jendea gainezka eta nahasmendu izugarria. Igandea zen, eta hamabiak inguru besterik ez, baina jendea gainezka hala ere. Denak zihoazen zinera —Paramount edo Astor edo Strand edo Capitol edo leku malapartatu horietako batera. Apain-apain jantzita denak, igandea baitzen, eta are okerrago orduan. Baina txarrena zera zen, bistan zegoela haiek zinera joan nahi zutela. Ezin nien begiratu ere egin. Ulertzen dut beste zereginik ez eta zinera joatea, baina benetan Joan nahi izatea, eta gainera presaka joatea lehenbailehen iristeko, horrexek bai tristatzen nauela izugarri. Batez ere jendea eta jendea ikusten badut ilara ikaragarri luze horietako batean, kaleartearen buelta osoan, pazientzia osoz txartelak noiz erosiko zain eta abar. Ez nintzen nahi orduko irten Broadway malapartatu hartatik. Suertea izan nuen. Sartu nintzen lehen disko-dendan «Little Shirley Beans»en kopia bat aurkitu nuen. Bost dolar kobratu zidaten, oso zaila baitzen hura eskuratzea, baina ez zitzaidan ardura. Motellak, nola poztu nintzela gero bat-batean! Ia ezin itxaron parkera iristeko, Phoebe han zegoen ikusi eta emateko.

        Disko-dendatik irten eta gero, kafetegi baten aurretik pasatu nintzen, eta bertan sartzea erabaki. Janeri telefonoa jotzea bururatu zitzaidan, ea oporretan etxeratua zen ikusteko. Beraz sartu telefono-kabina batean eta deitu egin nion. Amak hartu, ordea, eta eseki egin behar. Ez nuen gogorik harekin elkarrizketa luzean lotzeko. Ez nau batere txoratzen nesken amekin telefonoz hitz egiteak, ezta batere gero. Hala ere, galdetu egin behar niokeen ea Jane etxeratua zen behinik-behin. Ez nindukeen jango. Baina gogorik ez nik. Umoreko egon behar da horrelako gauza bat egiteko.

        Artean hartzeko nituen antzokirako txartel madarikatuak, eta beraz erosi egunkaria eta begira hasi nintzen ea zer zegoen ikuskizun. Igandea zenez, hiru bat obra besterik ez aukeran. Beraz zera egin nuen, «Ezagutzen dut nire maitea» obrarako bi butaka erostera joan. Emanaldi benefikoa edo horrelako zerbait zen. Ez nuen hura ikusteko gogo handirik, baina banekien Sally, ustela halakoa, sekulakoak esaka hasiko zitzaidala harako txartelak erosi nituela jakitean, zeren eta Luntarrek lan egiten baitzuten bertan. Oso sofistikatuak eta lehorrak eta abar omen diren obrak gustatzen hari, Luntarrek egiten zituztenak eta. Niri ez. Antzerkiak ez zaizkit gehiegi gustatzen, egia jakin nahi baduzue. Ez dira filmeak bezain txarrak, baina ezta ahoa zabalik uzteko modukoak ere. Lehenengo eta behin, gorroto diet aktoreei. Sekula ez dute jarduten jendeak bezala. Uste bai, hala uste dute. Onenetako batzuk bai, nolabait, baina ez modu ikusgarri eta atseginean. Eta aktoreren bat benetan ona bada, ezagun izaten du berak ere badakiela, eta horrexek hondatzen du dena. Horra Sir Laurence Olivier, adibidez. Hamlet-en ikusi nuen. D.B.k Phoebe eta ni eraman gintuen iaz hura ikustera. Lehenengo bazkaltzera gonbidatu, eta gero hara eraman gintuen. Hura ikusteko irrikatzen nengoen. Baina ez zitzaidan gehiegi gustatu. Ez diot ikusten ezer apartekorik Sir Laurence Olivieri, horra guztia. Ahots ikaragarria du, eta oso tipo ederra da, eta polita da nola dabilen edo nola borrokatzen den ikustea, baina batere antzik ez Hamletenik, D.B.k kontatu zigun erara behinik-behin. Jeneral baten antz gehiegi zuen hark, ez tipo triste eta izorratu batena. Obra osoaren parterik onena Ofeliaren anaia —Hamletekin dueloan borrokatzen dena ia azken-azkenean- urrunera zihoala eta aitak aholku pila bat ematen dionekoa zen. Aitak aholku pila hura eman bitartean, Ofelia anaiari adarra jotzen, sastakaia zorrotik atereaz eta barre eginez, eta bien bitartean mutila aitaren erretolikari arreta jarriko balio bezala. Huraxe bai polita. Sekulako festa izan nuen harekin. Baina ez dago halako asko ikusterik. Phoeberi gustatu zitzaion bakarra, Hamletek zakurrari buruan zapladatxoak ematen dizkionekoa. Hura polita eta dibertitua zela pentsatu hark, eta halaxe zen, izan. Obra hau irakurri beharko dut. Hortxe dago koxka, irakurri egin behar izaten ditut beti zer guzti hauek. Aktore batek jokatzen badu, ia ez diot aditzen. Kezkatuta egoten naiz une batetik bestera xelebrekeriaren bat egingo ote duen.

        Luntarren obrarako txartelak erosi eta gero, taxi bat hartu nuen parkera. Hobe metroa edo hartu izan banu, dirua ere urri samar nuen ordurako, baina lehenbailehen irten nahi nuen Broadway malapartatu hartatik.

        Goibel zegoen parkea. Ez zegoen hotz handirik, baina eguzkia artean irten gabe, eta ez zirudien parkean ezer zegoenik, zakurren kaka eta ttu-karkaxak eta agureek botatako zigarrokinak besterik ez, eta banku guztiak bustita zeudela ematen zuen, eta ezin bertan eseri. Tristatu egiten zuen bat, eta noizean behin, inolako arrazoirik gabe, oilo-ipurdia egiten zitzaizun ibili bitartean. Ez zeukan Eguberriak laster zetozelako itxura handirik. Ez zeukan ezeren itxurarik. Baina hala ere Mall aldera jo nuen, gehienetan haraxe joaten baita Phoebe Parkean dagoenean. Kioskoaren ondoan patinatzea gustatzen zaio. Hori ere bada. Niri ere hantxe patinatzea gustatzen zitzaidan txikitan.

        Baina hara heldu nintzenean ez nuen ikusi. Haur batzuk patinatzen eta bi mutiko baloi batekin jolasean, baina Phoeberen arrastorik ez. Adin beretsuko neska-koxkor bat ikusi nuen, hala ere, banku batean eserita bakar-baka_ rrik, patina estutzen. Beharbada Phoebe ezagutu eta nondik nora zebilen esaterik izango zuela, eta joan eta ondoan eseri eta halaxe galdetu nion:

        — Kasualidadez, ezagutzen al duzu Phoebe Caulfield?

        — Nor? —berak. Prakak eta hogeiren bat jertse besterik ez zituen jantzita. Bistan zegoen haren amak eginak zirela, mukuluz beteta eta.

        — Phoebe Caulfield. Hirurogeitamaikagarren kalean bizi da. Laugarren mailan dabil, eta...

        — Ezagutzen al duzu Phoebe?

        — Bai, anaia naiz. Ba al dakizu non den?

        — Andereño Callonen ikasgelan dago, ezta? —haurrak.

        — Ez dakit. Bai, uste dut baietz.

        — Hortaz, seguruenera museoan izango da. Gu aurreko larunbatean joan ginen —haurrak.

        — Zein museotan? —galdetu nion. Sorbaldak jaso zituen.

        — Ez dakit —esan zidan—. Museoan.

        — Bai, badakit, baina pinturenean ala indioak dauden hartan?

        — Indioak daudenean.

        — Eskerrik asko —esan nion. Jaiki eta banindoan, baina bat-batera igandea zela gogoratu.

        — Gaur igandea da —esan nion haurrari. Burua jaso zidan.

        — Ah, orduan ez dago han.        -

        Patinak estutu nahi eta ezinean ari zen. Eskularrurik ez, eta eskuak gorri-gorri eta hotz zituen. Lagundu egin nion. Motellak, urteak ziren patin-giltza bat eskuan ez neukala. Baina ez zitzaidan arrotza egin. Jarri niri eskuan patin-giltza bat berrogeitamar urte barru, ilunik ilunenean, eta hala ere baietz jakin zer den. Eskerrak eman zizkidan estutu nizkionean. Oso neskato polit eta kunplitua. Alajainkoa, nola gustatzen zaidan haur bat kunplitua izatea, patina estutu edo horrelako zerbait egin diotela eta. Haur gehienak halakoak dira. Benetan. Galdetu nion ea txokolatea edo beste zerbait hartu nahi zuen nirekin, baina ez, eskerrik asko esan zidan. Lagunaren zain zegoela. Lagunaren zain beti haurrak. Horrexek txetzen nau.

        Igandea zen, eta beraz han ez nuen Phoebe aurkituko bere ikasgelakoekin, eta eguraldi euritsua eta lardatsa zegoen, baina hala eta guztiz ere parke osoa zeharkatu nuen Historia Naturaleko Museorantz. Banekien haur patindunak museo huraxe esan nahi zuela. Ondo baino hobeto nekizkien Museoaren kontu guztiak. Ni txikitan ibilitako ikastetxe berberean zebilen Phoebe, eta gu ere beti joaten ginen hara.

        Andereño Aigletinger genuen irakaslea, eta ia larunbatero eramaten gintuen hara. Batzutan abereak ikustera joaten ginen, eta beste batzutan indioek aspaldiko garaietan egindako gauzak. Buztingintza eta lastozko saskiak eta horrelako gauzak. Poztu egiten naiz hura gogoratzen zaidanean. Baita orain ere. Gogoan dut indioen gauza guzti haiei begira egon eta gero gehienetan filme bat ikusten genuela auditorium handi batean. Cristobal Colon. Beti ari ziren ematen Cristobal Colonek Amerika deskubritu zuenekoa, nola Joan zitzaion denbora pila Fernandok eta Isabelek itsasontziak erosteko dirua eman zioten arte, eta gero marinelak oldartuta eta abar. Bost axola guri Colonen zer hura, baina beti zenuen goxoki eta txikle pila, eta auditorium haren barruan beti zegoen halako usain gozo bat. Hango usainarekin, ematen zuen kanpoan euria ari zuela, nahiz eta ari ez, eta zu mundu osoko leku atsegin, lehor eta eroso bakarrean zeundela. Maite nuen museo hura. Gogoan dut Indioen Aretotik pasa beharra zegoela auditoriumera joateko. Gela luze-luze bat zen, eta ez zegoen hitz egiterik ahopeka ez bazen. Irakaslea joango zen lehena, eta ondoren ikasle taldea. Bi ilaratan haurrok, eta beraz bakoitzak lagun bat genuen parean. Nire laguna Gertrude Levine izeneko neska bat izaten zen gehienetan. Eskutik heldu nahi izaten zidan beti, eta harena beti egon lika edo izerditsu edo horrela. Zorua harrizkoa zen oso-osorik, eta eskuan puxtarri batzuk eduki eta erortzen utziz gero, egundoko saltoak egiten zituzten lurrean zehar eta zaratots izugarria ateratzen zuten, eta irakaslea taldea geldiarazi eta ea zer arraio gertatzen zen ikustera etorriko zen. Baina sekula ez zen haserretzen andereño Aigletinger. Gero indioen kanoa luze-luze haren ondotik pasatzen ginen, hiru cadillac ilaran jarrita baino luzeagoa, eta hogei bat indio bertan, batzuk arraunean, beste batzuk kopetilun eta gogor inguruetara so, eta aurpegiak gudurako pintatuta denek. Kanoaren atzekaldean oso tipo beldurgarria zegoen, maskara bat jantzita. Aztia zen. Oilo-ipurdia egiten zidan, baina gustatzen zitzaidan. Beste gauza bat, pasatzean arraunak edo beste zerbait ukituz gero, zaintzaileren batek esango zigun «ez uki ezer, haurrak», baina oso samur beti, ez polizia malapartaturen batek edo horrelakoren batek bezala.

        Gero kristalezko kutxa handi haren ondotik pasatuko ginen, barruan indioak makilak elkarren kontra igurtzika sua egiteko, eta emakume bat manta astintzen. Manta astintzen zuen emakumea pixka bat makurtuta zegoen, eta bularrak eta ikusten zitzaizkion. Begiratu ederrak egiten genizkion denok, baita neskek ere, haiek ere haurrak eta ez zuten guk baino bular gehiago. Gero, justu auditoriumean sartu aurretik, ateen ondo-ondoan, eskimal baten ondotik pasatzen ginen. Izoztutako laku batean zegoen, zulo baten ondoan eserita, eta zulo hartatik arrantzan. Arrantzatutako pare bat arrain zituen zuloaren ondoan. Motellak, museo hura bai zegoela kristalezko kutxaz beteta. Gehiago zeuden goiko solairuan, barruan oreinak eta basahuntzak ageri zirela putzuetatik edaten, eta txoriak hegoalderantz hegan negua pasatzeko. Txoririk gertukoenak disekatuta zeuden eta alanbreetatik zintzilik, eta atzealdekoak berriz horman pintatuta, baina denak ere benetan hegoaldera hegan joango balira bezala ematen zuen, eta burua makurtu eta behetik gora begiratuz gero, are azkarrago zihoazela ematen zuen. Baina museo hartako gauzarik onena, dena bere lekuan zegoela beti. Inork ez zuen ezer lekuz aldatzen. Joatea zeneukan ehun aldiz, eta eskimal hura beti bi arrain haiek arrantzatu berri, txoriak beti hegoaldera hegan, oreinak ur-putzuetatik ura edaten, beren adartxo eta beren zango mehe politekin, eta emakume hura bularraldea agerian zuela betiko manta astintzen. Ezer ez desberdinik. Aldatuko zen bakarra, zeu. Ez bakarrik askoz zaharragoa izango zinelako. Ez zen hori ere. Desberdina izango zinela, horra guztia. Behin berokiarekin joango zinen. Edo aurreko aldian ilara-lagun tokatutako haurra elgorriarekin egongo zen eta beste bat izango zenuen. Edo beste irakasle batek era'mango zuen ikasle taldea, andereño Aigletingeren ordez. Edo aita eta ama entzungo zenituen demanda batean bainugelan. Edo gasolinak ortzadarrak egiten zizkion putzuren baten gainetik pasatu berria izango zinen kalean. Era batera edo bestera, desberdina izango zinela, alegia. ezin hobeto azaldu esan nahi dudana. Eta ahal banu ere, ez dakit ba nahi ote nukeen.

        Joan nindoala, atera poltsikotik ehizakapelua eta jantzi egin nuen. Banekien ez nuela topatuko ezagutzen ninduen inor, eta heze samar zegoen. Ibili eta ibili nindoan, eta larunbatetan Phoebe museo hartara joaten zela pentsatuz, ni Joan izan nintzen bezala. Pentsatu nuen nik ikusitako gauza berak ikusiko zituela, eta bera ere desberdina izango zela haiek ikusiko zituen aldi bakoitzean. Ez ninduen tristatu hura pentsatzeak, baina oso alai ere ez ninduen jarri. Gauza batzuk diren bezalakoak izaten jarraitu behar lukete beti. Batek gai izan behar luke halakoak kristalezko kutxa handi horietako batean gorde eta han bakean uzteko. Badakit ezinezkoa dela, baina pena ematen du hala ere. Nolanahi ere, honetaz pentsatuz nindoan bidean zehar.

        Jolastoki baten ondotik pasatzean geratu eta ziburu batean zebiltzan bi mutikotxori begira egon nintzen. Bietako bat gizena zen, eta eskua jarri nuen argalaren aldeko ertzean, indarra egiteko, baina bistan zegoen ez nindutela han nahi, eta bakarrik utzi nituen.

        Honetan, gauza xelebre bat gertatu zen. Museora iritsi nintzenean, bat-batean, ez nintzela han sartuko ezta milioi bat dolar emanda ere. Ez ninduela batere erakartzen; eta pentsa, Parke osoa zeharkatuta eta bazter guztietara gogoz begira eta abar joana nintzen hara. Phoebe bertan izan balitz, ikusiko nukeen, baina ez zegoen. Beraz zera egin nuen, museoaren parean taxi bat hartu eta Biltmorera joan. Ez nuen joateko gogo handirik. Sallyrekiko zita alu hura neukan, ordea.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia