14. KAPITULUA

 

        Sunny joan eta gero, aulkian eserita geratu nintzen pixka batean, eta pare bat zigarro erre nituen. Eguna argitzen hasita zegoen kanpoan. Motellak, ni bai nengoela jota. Ez dago imajinatzerik zein triste nengoen. Zer egingo eta Allieri ozen hitz egiten has] nintzen. Hala egiten dut batzutan oso triste nagoenean. Esaten diot joateko etxera eta bizikleta hartu eta nirekin biltzeko Bobby Fallonen etxe aurrean. Bobby Fallon guretik gertu samar bizi zen Mainen, orain urte batzuk alegia. Behin zera gertatu zen, Bobby eta biok Sedebego lakura joan beharrak ginen bizikletan. Gure bazkariak eta karabinak eta dena eraman behar genituen, haurrak izan gu eta pentsatzen genuen izango genuela zerbaiti tiro egiterik gure karabinekin. Nolanahi ere, Alliek hartaz ari ginela entzun, eta berak ere etorri nahi zuela, eta nik utzi ez. Ume bat zela esan nion. Horregatik noizean behin, oso triste nagoenetan, hala esan ohi diot, «Ondo zegok, joan hadi etxera eta hartu hire bizikleta eta bildu hadi nirekin Bobbyren etxe aurrean. Bizkor». Ez pentsa gero neurekin eramaten ez nuenik inora nindoanean. Horixe eramaten nuela. Baina egun hartan ez nuen eraman. Ez zen haserretu harengatik —hura ez zen sekula ezergatik haserretzen—, baina horixe gogoratzen zait oso triste nagoenean. Azkenean, ordea, erantzi arropak eta oheratu egin nintzen. Errezatzeko gogoa sentitu nuen ohean, baina ezin. Ezin izaten dut errezatu nahi dudanean. Lehenengo eta behin, ateo samarra naiz. Gustatzen zait Jesus, baina Bibliako beste zer guztiak ez zaizkit gehiegi ardura. Horra Dizipuluak, adibidez. Sutan jartzen naute, egia jakin nahi baduzue. Ondo jardun zuten Jesus hil ondoren, baina bizi zen bitartean buruan harrikada bat bezain lagungarri gertatu zitzaizkion. Huts galanta besterik ez zioten egin haiek. la Bibliako edonor dut Dizipuluak baino gogokoago. Egia jakin nahi baduzue, Biblian gehien gustatzen zaidan tipoa, Jesusen ondoren, zoro hura da, hilobietan bizi eta harriez bere burua zauritzen zuen hura. Dizipuluak baino hamar bider gogokoago dut sasikume gizarajo hura. Nire eztabaidatxoak izan nituen, hura zela eta, Whooton Schoolen nengoenean, korridorearen beste aldean bizi zen mutil batekin, Arthur Childsekin. Childs hura kuakeroa zen, eta beti ari zen Biblia irakurri eta irakurri. Oso mutil ona zen, eta gogoko nuen, baina ez nengoen batere ados Bibliako gauza askotan, batez ere Dizipuluei buruz. Esaten zidan Dizipuluak gogoko ez banituen, orduan ezta Jesus bera ere. Zera zioen, Dizipuluak Jesusek berak aukeratutakoak zirenez, gustatu egin behar zitzaizkiola norberari. Nik, banekiela Jesusek aukeratu zituela, baina itsu-itsuan aukeratu zituela. Ez zuela astirik izan banan-banan ondo aztertzeko. Ez niola errua Jesusi egozten. Ez zuen errurik, astirik izan ez eta. Gogoan dut nola galdetu nion Childsi ea Judas, Jesus saldu zuena, infernura joan zela uste al zuen, bere burua bota eta gero. Seguru baietz, Childsek. Horretantxe bai ez nentorrela bat harekin. Esan nion mila dolar jokatuko nizkiola Jesusek ez zuela Judas infernura bidali. Orain ere jokatuko nituzke, mila dolar baneuzka. Nik uste, Dizipulu guztiek bidaliko zutela Judas infernura hark bere burua bota eta gero, laster gainera, baina ezetz Jesusek hori egin, lepoa jokatuko nuke. Childsek esan zidan nire arazoa elizara ez joatea zela. Ez zitzaion arrazoirik falta. Ez naiz elizara joaten. Lehenengo eta behin, gurasoak erlijio desberdinetakoak dira, eta haur guztiak ateoak gara gure familian. Egia jakin nahi baduzue, ezin ditut agoantatu apaizak eta. Ibili naizen eskoletakoek halako santu itxurako ahots horiek ateratzen zituzten denek beren sermoiei ekiten zietenean. Alajainkoa, horrek bai amorratzen nauela. Ez zait buruan sartzen zer arraiogatik ezin duten hitz egin beren betiko ahotsaz. Zeharo faltsuak ematen dute hitz egiten dutenean.

        Dena den, ohean ezin zipitzik errezatu. Ekiten nion bakoitzean Sunny agertzen zitzaidan lapur-puska deitzen. Azkenean, eseri ohean eta beste zigarro bat erre nuen. Oso gustu txarra zuen. Izango nituen pare bat pakete erreak Penceytik irten nintzenetik.

        Bat-batean, erretzen ari nintzela, norbaitek jo zuen atea. Nahiago nukeen neure atea jo ez balute, baina ederki asko nekien hala zela. Ez dakit nola, baina banekien. Banekien nor zen ere. Aztia izan ni.

        — Nor da? —esan nuen. Nahiko beldurtuta nengoen. Oso beldurtia naiz gauza hauetan.

        Berriz jo zuten, ordea. Indar handiagoz.

        Azkenean ohetik irten, soinean pijama besterik ez neramala, eta atea ireki nuen. Ez nuen gelako argia piztu, ordurako eguna argituta baitzegoen. Han zeuden zain Sunny eta Maurice, igogailuko tipo bikortsua.

        — Zer gertatzen da? Zer nahi duzue? —esan nien. Motellak, ikara batean neukan ahotsa!

        — Ezer askorik ez —Mauricek—. Bost dolar bakarrik.

        Berak hitz egiten zuen. Sunny ondoan zegoen, ahoa zabalik.

        — Ordaindu diot. Bost dolar eman dizkiot. Galdegiozu —esan nion. Motellak, nolako ikara nire ahotsean!

        — Hamar dolar dituk, txo. Esan diat. Hamar dolar behin jotzea, hamabost eguerdira artekoa. Esan diat.

        — Ez didazu hori esan. Zuk esan duzu bost dolar behin jotzea. Hamabost dolar eguerdira arte, konforme, baina garbi asko aditu dizut...

        — Zabal ezak, txo.

        — Zertarako? —esan nuen. Alajaina, bihotzak ihes egin behar zidan golkotik taupaka. Jantzita egon izan banintz sikiera. Izugarria da pijama hutsean egotea halako zerbait gertatzen denean.

        — Tira, txo —esan zuen Mauricek. Honetan bultzakada bat eman zidan bere esku nazkagarriaz. Kristoren indarra zuen putakume hark, eta a-a erori nintzen ipurdiz gora. Dakidan hurrena, Sunny eta biak gelan zeudela. Leku hura berena balitz bezala ari ziren. Sunny leiho ertzean eseri zen. Maurice besaulkian, eta lepoko botoia askatu zuen. Igogailu-mutilaren jantzian zegoen. Motellak, zein urduri nengoen!

        — Ondo zegok, txo, emaiguk. Lanera itzuli behar diat.

        — Esan dizuet hamar bat aldiz, ez dizuet xemeikorik zor. Jadanik eman dizkiot bostak...

        — Tira, aski diagu. Emaiguk.

        — Zergatik eman behar dizkiot beste bost dolar? —esan nion. Ahotsa zartatuta neukan—. Xixkatu egin nahi didazue.

        Mauricek jakako boto guztiak askatu zituen. Azpian lepoko faltsua besterik ez zuen jantzita, ez alkondara ez ezer. Zilbor handi iletsua zuen.

        — Hemen inork ez dik inor xixkatu nahi —esan zuen—. Emaiguk, txo.

        — Ez.

        Hau esan nuenean, jaiki bera besaulkitik eta niregana egin zuen. Neka-neka edo asper-asper eginda bailegoen. Alajainkoa, ni bai nengoela beldurtuta. Besoak antxumatuta nituen, gogoan dut. Ez zen hain txarra izango, ez dut uste, pijama hutsean egon ez banintz.

        — Emaiguk, txo.

        Zuzenean etorri zen ni zutik nengoen lekura. «Emaiguk, txo», besterik ez zekien esaten hark. Ergel alena.

        — Ez.

        — Txo, pixka bat astindu beharko haut. Ez diat nahi, baina ez zegok beste erremediorik —esan zidan—. Bost dolar zor diguk.

        — Nik ez dizuet zor bost dolar. Astintzen banauk, garrasika hasiko nauk. Hoteleko denak esnatuko ditiat. Polizia eta denak.

        Ahotsa ikara batean nuen.

        — Has, hortaz. Egin ezak garrasi. Oso ondo —esan zidan Mauricek—. Nahi al duk gurasoek gaua puta batekin pasa duala jakitea? Hi bezalako mutiko dotore batek? Nahiko zorrotza zen, bere erara, bai horixe.

        — Utzi nazak bakean. Hamar esan bahu, desberdina izango huen. Baina argi eta garb ...

        — Emango al diguk? —atearen kontra nindukan. Ia neure gainean zegoen, bere zilbor nazkagarri iletsuarekin.

        — Utzi bakean. Alde nire gelatik —esan nion. Oraindik besoak antxumatuta nituen. Alajainkoa, ni nintzen izateko alua!

        Orduan Sunnyk zerbait esan zuen lehen aldiz.

        — Hi, Maurice, nahi al duk kartera neuk hartzea? —esan zuen—. Zer horren gainean zegok.

        — Bai, bar ezan.

        — Utzi bakean nire kartera!

        — Hemen zeukat —Sunnyk. Bost dolar erakutsi zizkidan—. Ikusten? Zor dizkidaan bostak besterik ez dizkiat hartuko. Ez nauk lapurra.

        Bat-batean negarrari eman nion. Edozer emango nukeen ez egiteagatik, baina eman nion.

        — Ez, zuek ez zarete lapurrak —esan nuen—. Bost dolar lapurtu besterik ez ...

        — Hago isilik —esan zuen Mauricek, eta bultzada bat eman zidan.

        — Uztak bakean, hi —esan zion Sunnyk—. Goazemak. Bazeukagu zor digun dirua. Goazemak. Tira, hi.

        — Banian —Mauricek, baina ez joaten.

        — Tira, Maurice. Uztak bakean.

        — Nork jo din inor? —esan zuen, inozente arraioa. Honetan, zera egin zuen, atximur egin zidan pijaman gogor. Ez dizuet esango non egin zidan atximur, baina min izugarria eman zidan. Ergel zikin bat besterik ez zela esan nion.

        — Zer? —esan zidan. Eskua belarri atzean jarri zuen, gor baten gisan—. Zer? Zer naizela?

        Negarrez jarraitzen nuen. Oso gaizki eta urduri nengoen.

        — Ergel zikin bat haiz hi —esan nion—. Ergel xixkari bat, eta pare bat urte barru tipo narrats horietako bat izango haiz, kalean jendeari kafetarako txanpon eske ari diren horietakoa. Berokia lerdez beteta edukiko duk, eta...

        Hartan, danba eman zidan. Ez nintzen saiatu ezta ixkin egiten edo makurtzen ere. Ukabilkada ikaragarria hartu nuen urdailean.

        Ez nuen konortea galdu, hala ere, akordatzen bainaiz lurretik ikusi nituela irten eta atea ixten. Lurrean egon nintzen luze samar, Stradlaterekin egin nuen bezala. Oraingoan, ordea, hil egin behar nuela uste nuen. Benetan. Itotzen ari nintzela edo. Ezin ia arnasarik hartu. Halako batean jaiki nintzenean, bainugelara joan behar izan nuen erabat makotuta eta urdailari bi eskuez helduz.

        Baina ni erotuta nago. Zinez diotsuet, erotuta nago. Bainugelara bidean, urdailean bala bat neukalakoa egiten hasi nintzen. Mauricek tiroa jo zidan. Orain ni bainugelara nindoan bourbon trago on bat jotzera, nerbioak lasaitzeko, eta benetako ekintzari hasiera emateko. Imajinatu nuen bainugelatik irteten nintzela, jantzita, automatika poltsikoan hartuta, eta zabuka. Gero eskailerak jaisten nituela, igogailua erabili ordez. Barandari helduta eta guzti, eta odol arrastoa ageri zitzaidala aho ertzetik. Zera egiten nuen, jaitsi solairu batzuk —urdailari heltzen eta odol-jario beti ere- eta gero igogailuaren botoia sakatu. Mauricek atea ireki bezain laster, eskuetan automatika nuela ikusi eta garrasika hasten zitzaidan, kurrixka batean koldarra, uzteko bera bakean. Baina berdin jotzen nion tiroa. Sei tiro zilbor gizen iletsu hartan. Ondoren automatika jaurtikitzen nuen igogailuaren zirrikitutik, hatz arrasto guztiak ondo garbitu eta gero. Ondoren, itzuli nire gelara eta Janeri deitzen nion, etortzeko urdaila bendatzera. Zigarroa ahoratzen zidala imajinatzen nuen, nik erre ahal nezan, odol-jario beti.

        Filme madarikatu horiek. Alferrik galtzen dute bat. Ez naiz txantxetan ari.

        Ordubete inguruko bainua hartu nuen. Gero oheratu egin nintzen berriro. Denbora pixka bat behar izan nuen lokartzeko —nekatuta ere ez nengoen eta- baina azkenean lokartu nintzen. Baina nahi, benetan nahi, neure burua bota nahi nuen. Leihotik salto egin. Egin ere egingo nukeen, seguru egon banintz lurra jo bezain laster norbaitek estaliko ninduela. Ez nuen nahi ni odoletan blai eta kontakatilu alu mordo bat niri begira egotea.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia