12. KAPITULUA

 

        Nire taxia zahar-zaharra zen eta norbaitek gonbitoka egin berri izan balu bezalako usaina zuen. Beti tokatu behar taxi gonbitorio horiek gau beranduan inora noanean. Baina okerragoa zen kaleak hain lasai eta bakarti egotea, nahiz eta larunbat gaua izan. Apenas ikusten nuen inor. Noizean behin gizon eta neskaren bat kalea gurutzatzen elkarri gerritik helduta, edota gizatxar itxurako tipoak beren neskekin, denak hienen pare algara batean, barre egitea merezi ez zuen zerbaitengatik, apustu egingo nuke. New York izugarria da norbaitek gau beranduan barre egiten duenean. Kilometroetara entzuten da. Oso bakarti eta triste sentiarazten zaitu. Mira sentitu nuen, etxera joan eta Phoeberekin hizketatxoa egiteko gogoa. Baina, azkenik, pixka batean ibili ondoren, taxista eta biok halamoduzko elkarrizketan lotu ginen. Horwitz zuen izena. Beste taxikoa baino askoz jatorragoa zen. Nolanahi ere, hark ahateen kontuak jakingo zituela pentsatu nik.

        — Aizu, Horwitz —esan nion—. Pasatu al zara Central Parkeko aintziratik? Central Park Southen dagoen hartatik?

        — Nondik?

        — Aintziratik. Laku txiki moduko bat. Ahateak eta daude bertan, badakizu.

        — Bai, eta?

        — Zera, badakizu nola ibiltzen diren ahate batzuk han igerian, udaberrian eta. Kasualidadez, ba al dakizu nora joaten diren negu partean?

        — Nora joaten den nor?

        — Ahateak. Ba al dakizu, kasualidadez? Esan nahi dut, norbaitek eramaten ditu kamioi batean, ala berak joaten dira hegan hegoaldera, ala zer?

        Horwitzek jiratu eta begiratu egin zidan. Oso pazientzia gutxikoa gertatu hura. Ez zen tipo txarra, hala ere.

        — Nola jakingo diat? —esan zuen—. Nola jakin behar diat horrelako alukeria bat?

        — Bueno, ez haserretu horregatik —esan nion. Haserre zegoen.

        — Nor zegok haserre? Inor ez zegok haserre.

        Utzi egin nion harekin hitz egiteari, hain gaizki hartu behar bazuen. Baina berak ekin zion berriro. Berriz ere jiratu, eta hala esan zidan

        — Arrainak ez dituk inora joaten. Dauden lekuan geratzen dituk arrainak. Lakuan.

        — Arrainak... hori besterik da. Arrainena desberdina da. Ni ahateez ari nintzen —esan nion.

        — Zer alde zegok, bada? Ez zegok batere alderik —Horwitzek. Esaten zuena esaten zuena, haserre zirudien zerbaitekin—. Arrainentzat ahateentzat baino gogorragoa duk negua, demonio! Zertarako daukak hik burua, arraio demonioa?

        Ez nuen ezer esan minutu batez edo. Gero hala esan nion:

        — Ondo da, eta zer egiten dute arrainek laku txiki hori izotz bloke bihurtzen denean, jendea gainean patinatzen eta abar?

        Horwitz berriro jiratu zen.

        — Zer arraio esan nahi duk, nola zer egiten duten? —oihu egin zidan—. Dauden lekuan geratzen dituk, Kristo!

        — Baina ezin berdin-berdin segi izotzarekin, ezin inolaz ere.

        — Zeinek segitzen dik berdin-berdin? Inork ez dik segitzen berdin-berdin! —esan zuen Horwitzek.

        Hain urduri jarri zen, beldur nintzen farola bat edo joko ote zuen.

        — Izotzetan bertan bizitzen dituk. Horixe duk horien izaera, Kristo! Izoztuta geratzen dituk negu osorako.

        — Bai? Eta zer jaten dute, bada? Alegia, gogorrean izoztuta geratzen badira, ezin igeri egin janari bila.

        — Horiek gorputzetik... Kristo, zer gertatzen zaik hiri?... gorputzetik hartzen diate elikadura zuzenean, izotzetan dauden alga eta abarretatik. Beren poroak irekita ditiate denbora guztian. Horixe duk horien izaera, Kristo! Ulertzen al duk?

        Berriro ere jiratu eta begiratu egin zidan.

        — Ah —esan nuen. Utzi egin nion. Bazterra joko ote zuen beldur nintzen. Gainera, hain erretxina zen... harekin ez zegoen gozo handirik zer edo zer eztabaidatzerakoan.

        — Nahi al zenuke taxia gelditu eta zerbait hartu nirekin? —esan nion.

        Ez zidan erantzun. Uste dut artean pentsatzen ari zela. Berriro galdetu nion, hala ere. Nahiko tipo ona zen. Oso dibertitua.

        — Ez zeukat zurruterako astirik, adiskide —esan zidan—. Zenbat urte dituk hik, dena den? Zergatik ez hago etxean lotan?

        — Ez nago nekatuta.

        Ernieren parean gelditu eta ordaindu nionean, Horwitzek arrainena atera zuen berriro. Ondo sartu zitzaion gogoan, bai horixe.

        — Entzun —esan zidan—, hi arraina bahintz Ama

        Natura arduratuko huke hitaz, ezta? Ez duk horratio pentsatuko arrainak hil egiten direnik negua etortzean, ezta?

        — Ez, baina...

        — Zuzen hago, ez dituk hiltzen —esan zidan Horwitzek, eta alde egin zuen saguxar baten moduan. Sekula ezagutu dudan tiporik erretxinena zen. Zernahi esaten zenuela, haserre hura.

        Nahiz eta hain berandu izan, lepahezurreraino zegoen Ernie's. Institutu eta fakultateetako aluak batez ere. Eguberritan ia ikastetxe guztietan hartzen dituzte oporrak nik baino lehenago. la berokia ere utzi ezin arropazaindegian, hain zegoen beteta. Isilik samar zeuden, hala ere, Ernie pianoa jotzen ari zen eta. Zerbait sakratua zen, alajainkoa!, hura piano aurrean esertzen zenean. Inor ezin daiteke hain ona izan. Hiru bikote zeuden mahairen baten zain, nire aurretik, eta hirurak bultzaka eta hanka-puntetan tente Ernie piano jotzen ikusi nahian. Ispilu handia jarri zioten pianoaren parean, eta foku handi batek argitzen zuen, jotzen zuen bitartean denek haren aurpegia ikusi ahal izateko. Hatzak ikusterik ez zegoen, aurpegi handi hura besterik ez. Ederra kontua. Ez nago seguru nola zuen izena sartu nintzenean jotzen ari zen abestiak, baina zena zela, hondatzen ari zen. Kiribil eta lilikeria alu ugari goiko notetan, eta beste truko nazkagarri pila bat. Bukatzen zuenean, ordea, entzun egin behar zitzaion jendeari. Goragalea ematen zuen. Erotu beharrean denak. Filmeetan graziarik ez duten gauzei hienen pare barre egiten dieten ergel berberak ziren denak. Zinez diot, ni pianojolea edo aktorea edo antzeko zerbait izan eta alu haiek guztiek egundokoa naizela pentsatuko balute, amorrua hartuko nuke. Ez nuke haien txalorik nahiko. Jendeak okerrekoak txalotzen ditu beti. Ni pianojolea izatera, komunean joko nuke. Nolanahi ere, amaitu zuenean, eta denek eskuzartaka ekin ziotenean, jiratu zen Ernie aulkian eta erreberentzia umil faltsua egin zuen. Umil-umila balitz bezala, pianojole izugarria izateaz gainera. Faltsukeria galanta, hura hain snob handia izanda. Alde batetik, ordea, lastima pixka bat ere eman zidan amaitu zuenean. Ez dut uste dakienik ere noiz jotzen duen ondo eta noiz ez. Ez da bere errua. Eroen moduan txalotzen duten alu guzti horiei botatzen diet erruaren parte bat, edonor tontotuko lukete, aukera emanez gero. Nolanahi ere, berriz ere triste eta nazkatuta nengoen, eta ia-ia hartu berokia eta itzuli nintzen hotelera, baina goizegi zen eta ez nuen bakarrik egoteko batere gogorik.

        Azkenean mahai nazkagarri bat eman zidaten, justu paretaren kontra eta zutabe baten ostean, ezertxo ere ez ikusteko moduan. Mahaitxar horietako bat zen, aldamenekoak pasatzen uzteko jaikitzen ez badira —eta sekula ez dira jaikitzen, sasikumeak halakoak- ia-ia zeure aulki gainera igo behar izaten duzun horietakoa. Whiskya eta soda eskatu nuen. Horixe dut gogokoen, daiquiri izoztuen ondoren. Sei urte izanda ere, pattarra emango lizukete Ernierenean, hain ilun zegoen hura. Eta gainera inori ardura ez zure adinak. Drogazale bat izanda ere, inori ardura ez han.

        Aluz inguratuta nengoen. Ez naiz txantxetan ari. Nire ezkerreko mahaitxoan, ia nire gainean esateko, tipo xelebre bat eta neska xelebre bat. Nire adin ingurukoak, edo zaharxeagoak beharbada. Hura bai xelebrea. Ezagun zuten kontu handiz ari zirela azkarregi ez edateko. Haien hizketa entzuten egon nintzen pixka batean, beste zereginik ez eta. Mutila arratsaldean ikusitako partidu bat ari zitzaion kontatzen neskari. Partiduko jokaldi guzti-guztiak. Ez naiz txantxetan ari. Inoiz entzun dudan tiporik aspergarriena zen. Eta bistan zegoen neska ez zegoela batere interesatuta jokoan, baina hura are xelebreagoa izan, eta aditu egin behar, nik uste. Ederra daukate neska itsusi-itsusi horiek. Lastima ematen didate batzutan. Batzutan ezin izaten diet begiratu ere egin, batez ere partidu bat kontatzen ari zaien alu batekin daudenean. Eskuinaldean hizketa are okerragoa zen, ordea. Eskuinaldean yalekume-itxurako tipo horietako bat zegoen, franela grisezko trajez eta txaleko nabarmen batez jantzita. Ivy League-ko kabroi guzti horiek itxura berdina dute. Aitak Yalera bidali nahi nau, edo beharbada Princetonera, baina zinez diot, ez nintzateke joango Ivy League-ko fakultate horietako batera ezta hiltzorian banengo ere, Jaungoikoa! Nolanahi ere, yalekume itxurako tipoak ikaragarrizko neska zuen ondoan. Motellak, hura zen neska puska! Baina entzutekoa zen haien solasa. Lehenengo eta behin, apur bat txolinduta zeuden biak. Mutilak eskua sartzen zion neskari mahaipetik, eta aldi berean bere logelako tipo baten kontu bat ari zitzaion esaten, aspirina tubo osoa irentsi zuela eta ia bere burua hil zuela eta abar. Neskak esaten zion «Ene! Ikaragarria benetan!... Ez maitea. Mesedez, ez. Hemen ez». Imajina ezazue, norbaiti eskua sartzen eta bere burua bota zuen tipo batena kontatzen aldi berean! Jo-ta-ma utzi ninduten.

        Egonezina sartu zitzaidan, ordea, han bakarrik eserita. Ez zegoen ezer egiterik, erre eta edan besterik ez. Baina zera egin nuen, zerbitzariari esan nion Ernieri galdetzeko ea inporta zitzaion nirekin tragoska bat hartzea. D.B.ren anaia nintzela esateko. Baina ez dut uste nire mezua eman zionik. Kabroi horiek sekula ez dute mezurik ematen.

        Bat-batean, neska bat alderatu zitzaidan:

        — Holden Caulfield!

        Lillian Simmons zuen izena. Nire anaia D.B. berarekin ibilia zen aldi batez. Hark bai zituela titi-ale ederrak!

        — Kaixo esan nion. Jaikitzen saiatu nintzen, jakina, nola ordea, hura bezalako leku estuan? Ipurditik ziria sartu baliote bezain tente zebilen Itsas Armadako ofiziale batekin zegoen.

        — Hau sorpresa zu ikustea! —esan zidan Lillian Simmonsek. Ustela halakoa—. Nola dago zure anaia zaharra? —huraxe jakin nahi hark.

        — Ondo dago. Hollywooden.

        — Hollywooden! Hori bai gauza ederra! Zertan ari da?

        — Ez dakit. Idazten —esan nion. Ez nuen hartaz jarduteko gogorik. Bistan zegoen gauza handitzat zeukala Hollywooden egote hori. la mundu guztiak egiten du berdin. Haren ipuinik sekula irakurri ez duten gehienek. Nire onetik ateratzen nau.

        — Zein interesgarria! —esan zuen Lillianek. Gero ofizialea aurkeztu zidan. Komandante Blop edo antzeko zerbait zeritzan. Eskua ematean berrogei bat hatz hausten ez badizute maritxuak direla uste duten horietako bat zen hura. Jaungoikoa! Halako gauzei bai diedala gorrotoa!

        — Bakarrik al zaude, mutiko? —galdegin zidan Lillianek. Pasabideko joan-etorri guztia etenda zeukan. Bistan zegoen gustatzen zitzaiola joan-etorria etetea. Zerbitzari bat zegoen zain, hura bidetik noiz kenduko, baina neska ohartzen ez. Xelebrea zen. Bistan zegoen zerbitzariari ez zitzaiola askorik gustatzen, bistan zegoen marinelari ere ez zitzaiola asko gustatzen, nahiz eta harekin atera. Eta niri ere ez zitzaidan asko gustatzen. Ezta inortxori ere. Lastima sentitu behar harengana, alde batetik.

        — Ez al duzu neskarik? —galdetu zidan. Zutik nengoen, eta ez zidan esaten esertzeko. Zutik edukiko zaituen horietakoa izan hura.

        — Ez al da mutil ederra? —galdegin zion marinelari—. Holden, gero eta mutil ederragoa zaude.

        Marinelak arren mugitzeko, pasabide osoa ixten ari zirela.

        — Holden, zatoz gurekin —esan zuen Lillianek Ekatzu zeure edaria.

        Alde egitekotan nintzen oraintxe —esan nion—. Lagun batekin egon behar dut.

        Bistan zegoen onez-onean egon nahi zuela nirekin. Gero D.B.ri esango niolakoan.

        — Tira, txiki. Nahi duzun bezala. Anaia ikustean, esaiozu gorroto diodala.

        Gero alde egin zuen. Marinelak eta biok urte askotarako esan genion elkarri. Txetuta uzten nau horrek beti. Beti esan behar «urte askotarako» ezagutzea pozten ez nauen norbaiti. Bizirik segitzekotan, ordea, zer guzti hori esan behar.

        Lagun batekin egon beharra nuela esan ondoren, ez neukan alde egitea beste aukerarik. Ezin geratu Ernieri zerbait dexente samarra jotzen entzuteko ere. Baina ezin eseriko nintzen mahai batean Lillian Simmons eta marinelarekin, aspertuta hil nahi ez banuen. Beraz, alde egin nuen. Haserretu egin nintzen, ordea, berokia hartzerakoan. Jendea beti ari zaizu gauzak hondatzen.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia