11. KAPITULUA

 

        Bat-batean, bebarrura nindoala, Jane Gallagher bururatu zitzaidan berriro. Barruraino sartuta neukan eta atera ezin. Eseri bebarruko gonbito-itxurako besaulkian eta hartaz eta Stradlaterez pentsatu nuen, Ed Bankyren autoan eserita, eta nahiz eta ia erabat seguru egon Stradlaterek ez zuela zertu harekin —liburu bat bezala ezagutzen nuen nik Jane—, hala ere ezin neska burutik kendu. Liburu bat bezala ezagutzen nuen, benetan. Alegia, damez gainera, kirol guztien zale amorratua zen, eta elkar ezagutu ondoren, uda osoan ia goizero jokatzen genuen tenisean, eta ia arratsaldero golfean. Barren-barrendik ezagutzera iritsi nintzen. Ez dut esan nahi ezer fisikorik zegoenik —ez zegoen—, baina denbora guztian ikusten genuen elkar. Neska bat ezagutzeko ez dago sexuaren beharrik.

        Ea nola ezagutu nuen? Haren dobermann pinscherak gure jardinera etorri eta han libratzeko ohitura zuen, eta ama izugarri haserretzen zen. Deitu zion Janeren amari eta egundoko istilua atera zion. Amak egundoko istilua atera dezake honelako gauzetatik. Gero zera gertatu zen, handik bi egunera Jane ikusi nuen ahozpez etzanda piszina ondoan, klubean, eta kaixo esan nion. Banekien gure aldameneko etxean bizi zela, baina aurrez sekula hitz egin gabea nintzen harekin. Hala ere, ezikusia egin zidan egun hartan kaixo esan nionean. Denbora luzea hartu zidan hura konbentzitzeak, alegia niri ez zitzaidala piperrik inporta haren zakurra non libratzen zen. Niregatik egitea zeukan egongelan. Nolanahi ere, haren ondotik, Jane eta ni lagun egin ginen. Bazkalondo hartan bertan golfean jokatu genuen. Zortzi pilota galdu zituen, gogoan dut. Zortzi. Kristorenak egin behar izan nituen pilota jotzerakoan begiak zabalik eduki zitzan. Izugarri hobetu nion jokoa, hala ere. Oso golf jokalari ona naiz. Esango banizue noraino heldu nintzen, seguruenera ez zenidakete sinetsiko. Behin ia hartu ninduten filme baterako, baina azken unean iritziz aldatu nuen. Nik filmeei diedan gorrotoarekin, pentsatu nuen ustel bat nintzela filme batean hartzen uzten banien.

        Neska atsegina zen Jane. Ez nuke esango eder-ederra zenik, baina izugarri gustatzen zitzaidan. Pittin bat aho-txoroa zen. Alegia, hizketan ari eta zerbaitek kitzikatzen bazuen, berrogeitamar bat aldetara joaten zitzaion ahoa, ezpainak eta. Horrek jota uzten ninduen. Eta ez zuen inoiz erabat ixten, ahoa alegia. Beti zuen pittin bat zabalik, batez ere golfean ari zenean, edo liburu bat irakurtzen. Beti ari zen irakurtzen, eta oso liburu onak gainera. Poesia pila bat eta abar. Hari bakarrik erakutsi nion, familiakoak aparte, Allieren eskularrua idatzitako poema guztiekin. Ez zuen ezagutu Allie, hura baitzuen lehen uda Mainen —aurretik, Cape Codera joan ohi zen— baina gauza asko kontatu nion anaiaz. Horrelako gauzak interesatzen hari.

        Amak ez zuen oso gogoko. Alegia, beti pentsatu zuen Janek eta bere amak ezikusia egiten ziotela agurtzen ez bazuten. Amak askotan ikusten zituen herrian, biak joaten baitziren merkatura beren LaSalle deskapotable hartan. Amak ez zuen uste Jane polita zenik ere. Nik bai, ordea. Haren itxura gustatzen zitzaidan, hori da dena.

        Gogoan dut bazkalondo bat. Jane eta ni ia musuka hasteko zorian egon ginen aldi bakarra. Larunbata zen eta euria ari zuen gogotik, eta haren etxean nengoen, atalaurrean —atalaurre estali handi bat zuten—. Dametan ari ginen. Noizean behin adarra jotzen nion ez zituelako damak azken lerrotik ateratzen. Baina ez gehiegi ere. Ez nion adarra asko jo nahi izaten. Nik uste gehien gustatzen zaidana aukera dudanean neskei adarra jotzea dela, baina hara zer gauza xelebrea, gogokoen ditudan neskekin gogo askorik ez horretarako. Batzutan pentsatzen dut gustatuko litzaiekeela batek adarra jotzea —egia esan, seguru nago baietz— baina zail da hasten, aspaldiko ezagunak izan eta sekula adarrik jo ez badiezu. Nolanahi ere, ia musuka hasi ginen bazkalondo hartakoa ari nintzen kontatzen. Euria ari zuen gogotik eta atalaurrean geunden, eta bat-batean haren amarekin ezkondutako moxkortzioa atalaurrera irten eta ea etxean zigarrorik bazegoen galdetu zion Janeri. Ez nuen ondoegi ezagutzen, baina zure beharrean izan ezean apenas hitz egingo lizukeen tipo horietako bat ematen zuen. Izakera eskas-eskasa zuen. Nolanahi ere, Janek ez zion erantzun hark ea zigarroak non zeuden galdetu zionean. Berriro galdetu tipoak, eta neskak berriro ere erantzun ez. Ezta bista jaso ere jokotik. Azkenean tipoa etxera sartu zen atzera. Ea zer arraio gertatzen zen galdetu nion Janeri, eta orduan niri ere ez zidan erantzun. Hurrengo jokaldian kontzentratzen ariko balitz bezala egin zuen. Honetan, bat-batean malko bat erori zen taula gainera. Lauki gorri baten gainera; motellak, oraindik ere ikus dezaket. Doi hatza pasatu zion gainetik. Ez dakit zergatik, baina pena izugarria eman zidan, eta zera egin nuen, joan eta mugiarazi egin nuen ziburuan haren ondoan esertzeko; egia esan, ia-ia altzoan eseri nintzaion. Honetan, negarrari eman zion, eta dakidan hurrena, musuka ari nintzaiola alde guztietan, begietan, sudurrean, bekokian, betileetan, belarrietan... aurpegi osoan ahoan ezik. Hark ez zidan utziko ahoraino iristen. Nolanahi ere, huraxe izan zen zertzetik gertuen egon ginen aldia. Handik pixka batera, jaiki eta sartu eta bere jertse zuri-gorria jantzi zuen, hainbeste gustatzen zitzaidana, eta filme batera joan ginen. Bidean galdetu nion ea Cudahy jauna —hala zuen izena moxkortzioak- inoiz berarekin zeozertan saiatua zen. Neskatila gaztea zen, baina ikaragarrizko figura zeukan, eta Cudahy putakume harekin batere harritu ez ni. Baina ezetz esan zidan. Sekula ez nuen jakin zer arraio gertatzen zen. Neska batzurekin sekula ez dago jakiterik zer gertatzen den.

        Ez nuke nahi hura izotz puska bat zenik pentsa dezazuen, musuka eta abar ez genuela asko jardun eta. Ez zen, ez. Esate baterako, beti ibiltzen ginen eskutik helduta. Honek ez dirudi asko denik, konturatzen naiz, baina harekin eskutik helduta joatea izugarria zen. Neska gehienek, bazoaz eskutik helduta eta eskua hilda uzten dizute, edo bestela usteko dute etengabe mugitu behar dutela, aspertuko ote zaren beldur balira bezala. Jane desberdina zen. Joango ginen filme batera, eta berehala eskutik helduko genion elkarri, eta ez genituen askatuko filmea amaitu arte. Eta posturaz aldatu gabe edo hura ez dakit zer zelakoa egiten ibili gabe. Janerekin inoiz ez zeneukan kezkatu beharrik eskua izerdituta ote zenuen ala ez. Zenekien guztia, zoriontsu zinela. Halaxe zinen eta.

        Oraintxe gogoratu zait beste gauza bat. Behin, filme batean, ia erotu ninduen zerbait egin zuen Janek. Albistegia edo antzeko zerbait ari ziren ematen, eta halako batean eskua sentitu nuen garondoan, eta Janerena zen.Grazia handia egin zidan. Alegia, oso gaztea zen hura, eta neskarik gehienek, norbaiten garondoan eskua jartzen ikusten badituzu, hogeitabost edo hogeitamar urte izaten dituzte, eta gehienetan senarrari edo umetxoari egiten diote hori —nik nire arrebatxo Phoeberi egiten diot noizean behin, esate baterako. Baina neska bat oso gaztea izan eta hori egiten badu, ia txetuta uzten zattu, hain da polita.

        Nolanahi ere, honetaz ari nintzen pentsatzen bebarruko gonbito-itxurako besaulki hartan eseri nintzenean. Jane. Hura eta Stradlater Ed Bankyren autoan zeudelako partera insten nintzen bakoitzean, ia erotzen nintzen. Banekien ez ziola utziko ezta plaza bat egiten ere, baina hala eta guztiz erotu egiten nintzen. Ez dut horretaz hitz egin nahi, egia jakin nahi baduzue.

        Bebarruan apenas zegoen inor. Puta itxurako ilehori guztiak ere ez zeuden, eta bat-batean handik hanka egiteko gogoak eman zidan. Hura tristura. Eta nekatuta ez nengoenez, igo nire gelara eta berokia jantzi nuen. Leihotik ere begiratu nuen, ea perbertituek jo eta ke jarraitzen zuten, baina itzalita zeuden argi guztiak. Igogailuan jaitsi nintzen berriro eta taxi bat hartu eta Ernierenera eramateko esan nion gidariari. Ernie Greenwich Villageko night club bat da. Nire anaia D.B. sarri samar joaten zen hara, Hollywoodera alde egin eta bere burua merke saldu aurretik. Noizean behin eraman egiten ninduen. Tipo gizen koloregorri bat da Ernie, pianoa jotzen duena. Snob izugarria, hark ez dizu hitzik egingo primerakoren bat edo ospetsuren bat ez bazara, baina ederki jotzen du pianoa. Hain ederki ezen, xelebre ere gertatzen da batzutan, egia esan. Ez dakit zehazki zer esan nahi dudan honekin, baina halaxe da. Gustatzen zait bai hura jotzen entzutea, baina batzuetan gustura jarriko zenioke pianoa hankaz gora.

        Batzutan, jotzen ari denean. primerakoren bat ez bazara hitz egingo ez dizun tipoa dirudielako edo izango da horrela, nik uste.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia