9. KAPITULUA

 

        Penn Stationera iritsi nintzenean egin nuen lehen gauza telefono-kabina batean sartzea izan zen. Telefonoa jo nahi nion baten bati. Maletak kabinaren kanpoaldean utzi nituen, ondo ikusteko moduan, baina sartu bezain laster, ezin inor gogora ekarri. Nire anaia D. B. Hollywooden zegoen. Nire arrebatxo Phoebe bederatziak aldean oheratzen da, eta hari ere ezin deitu. Axola ez hari esnatu izan banu, baina arazoa zen ez zuela berak hartuko telefonoa. Gurasoek hartuko zuten. Beraz, ezin halakorik egin. Gero Jane Gallagheren amari deitzea bururatu zitzaidan, Janeren oporrak noiz hasten ziren jakiteko, baina ez nuen gogorik. Gainera, berandu samar zen deitzeko. Ondoren elkarrekin sarri ibiltzen ginen neska bati deitzea bururatu zitzaidan, Sally Hayesi, bai bainekien Gabonetako oporrak hasiak zituela eskutitz luze faltsu bat idatzia zidan, Gabon egunean Eguberrietako arbola apaintzen lagun niezaion gonbidatuz—, baina beldur nintzen ez ote zidan haren amak telefonoa hartuko. Haren amak nirea ezagutzen, eta imajina nezakeen presaren presaz zango bat hautsi beharrean telefonoa hartu eta amari New Yorken nintzela esateko. Gainera, ez zidan kili-kili handirik egiten Hayes andrearekin telefonoz hitz egiteak. Behin basapizti bat nintzela esan zion Sallyri. Basapizti bat nintzela eta ez nuela norabiderik bizitzan. Ondoren

        Wooton Schoolen nengoeneko lagun bati deitzea bururatu zitzaidan, Carl Luceri, baina ez nuen oso gogoko. Beraz, azkenean inori deitu ez. Kabinan hogei bat minutu eman ondoren, irten handik, hartu maletak, joan taxiak zeuden tunelera eta taxi bat hartu nuen.

        Hain naiz despistatua, etxeko helbidea eman nion taxistari, ohitura faltaz. Alegia, erabat ahaztua nuen pare bat egunez hotel batean geratuko nintzela, eta oporrak hasi arte ez nintzela etxera joango. Parkerako bide erdia ibili arte ez nintzen ohartu. Orduan hala esan nion:

        — Aizu, inporta al zaizu ahal duzunean buelta hartzea? Oker eman dizut helbidea. Berriro itzuli nahi dut.

        Taxista tipo azkarra zen.

        — Hemen ez zegok buelta hartzerik, txo. Hau norabide bakarreko bidea duk. Orain bide osoa egin beharko diat Laurogeita hamargarren kaleraino.

        Ez nuen sesioan hasi nahi

        — Ondo da —esan nion.

        Orduan zerbait bururatu zitzaidan bat-batean.

        — Aizu —esan nion—, ezagutzen al dituzu Central Park Southeko lakuan dauden ahateak? Ez al dakizu, laku txiki hartan? Kasualidadez, ez duzu jakingo nora joaten diren ahateak dena izozten denean. Ba al dakizu, kasualidadez?

        Banekien aukera bakar bat besterik ez zegoela milioi baten artean.

        Hark buruari jira eta erotuta banengo bezala begiratu zidan

        Zertan ari haiz, adiskide? —esan zidan—, adarra jo nahian?

        — Ez, interesatuta nengoela, besterik ez.

        Ez zuen besterik esan, eta nik ere ez, Parketik Laurogeita hamargarren kalera irten ginen arte. Orduan hala esan zuen:

        — Bueno, kontua da ez dudala ekialdeko hoteletara joan nahi, han ezagunekin egin dezaket topo eta. Inkognito ari naiz bidaian —esan nion. Amorrua ematen dit «inkognito ari naiz bidaian» bezalako xelebrekeriak esateak. Baina xelebrea den norbaitekin nagoenean, neuk ere xelebre jarduten dut . Ba al dakizu zein musika-talde dauden Taft-en edo New Yorker-en, kasualidadez?

        — Ideiarik ez, txo.

        — Bueno, orduan, eraman nazazu Edmont Hotelera —esan nion—. Nahi al zenuke bidean gelditu eta cocktail bat hartu nirekin? Nire kontura. Diruz ondo hornituta nago.

        — Ezin diat, txo. Sentitzen diat.

        Oso konpainia ederra hura, bai horixe. Ikaragarrizko nortasuna harena.

        Iritsi ginen Edmont Hotelera, eta izena eman nuen bertan. Taxian jantzita nekarren ehizakapelu gorria, gogoak hala ematen zidalako, baina kendu egin nuen izena eman aurretik. Ez nuen nabarmen azaldu nahi. Horrek bai duela grazia. Artean ez nekien hotel hura gizagalduz eta astapistolaz beteta zegoela. Tipo nabarmenak bazter guztietan.

        Gela nazkagarri bat eman zidaten, leihotik zeri begiraturik ez zeukana, hotelaren beste aldeari izan ezik. Ez zitzaidan askorik axola. Tristeegi nengoen bista ederra nuen ala ez arduratzeko. Gelara eraman ninduen zerbitzaria hirurogeitabost urte inguruko tipo zahar bat zen. Gelak baino tristura handiagoa ematen zuen hark. Burusoila, beren soiltasuna estaltzeko alde bateko ile guztia hartu eta gainetik orrazten duten horietakoa. Nahiago nuke burusoila izan hori egin baino. Nolanahi ere, lan ederra hirurogeitabost urte inguruko tipo batentzat. Egun osoa jendearen maletak garraiatzen eta eskupekoa jasotzeko zain. Ez zen argiegia izango, seguruenik, baina ikaragarria da nolanahi ere.

        Hark alde egin eta gero, leihotik begira egon nintzen pixka batean, berokia jantzita. Ez neukan beste zereginik. Harrituko zinatekete hotelaren beste aldean gertatzen zenaz. Ez ziren arduratzen ezta pertsianak jaisten ere. Han ikusi nuen tipo bat, ilea urdin, oso itxura dotorekoa bera, aldean prakak besterik ez zituela, esanda ere sinetsiko ez zenidaketen zerbait egiten. Lehenik maleta ohe gainean utzi zuen. Gero emakume arropak atera eta jantzi egin zituen. Benetako emakume-arropak, zetazko galtzak, takoi altudun zapatak, titizorroak, eta uhalak zintzilik dituzten kortse horietako bat. Ondoren gau-jantzi beltz estua jantzi zuen. Bene-benetan diotsuet. Gero hara eta hona hasi zen ibiltzen, pausotxo laburrak emanez, emakume batek egiten duen gisan, eta zigarroa erretzen eta bere buruari ispiluan begira. Bakar-bakarrik, bainuan beste norbait ez bazegoen behinik-behin; hori ez neukan ikusterik. Gero, haren gaineko gelan, gizona eta emakumea ikusi nituen ahotik ura botatzen elkarri. Seguruenera urez nahastutako whiskya izango zen, ez ur hutsa, baina ezin nuen ikusi zer zeukaten basoetan. Zena zela, lehenik gizonak trago bat hartu eta txorroa botatzen zion emakumeari, gero honek hari, eta horrela txandaka. Jaungoikoa! Ikustekoak ziren haiek. Histeriko zeuden denbora guztian, inoiz gertatutako gauzarik dibertituena bailitzen. Ez naiz txantxetan ari, hotel hura gizagalduz gainezka zegoen. Ni izango nintzen normal bakarra, eta hori ere ez da asko esatea. Ia-ia bidali nion telegrama bat Stradlateri, esanez hartzeko New Yorkerako lehen trena. Hotel hartan bera errege.

        Arazoa zera zen, narraskeria klase hau liluragarria dela begira egoteko, norberak hala nahi ezta ere. Adibidez, ur-txorroa aurpegian jasotzen ari zen neska hura polit-polita zen. Esan nahi dut horixe dela nire arazo larria. Pentsamenduz, inoiz ikusi duzuen sexumaniakorik handiena izango naiz beharbada. Batzutan oso gauza xelebreak bururatzen zaizkit, egin ere egingo nituzkeenak aukera izanez gero. Ulertu ere ulertzen dut oso atsegina gerta daitekeela nolabait, biak mozkortuta egonda eta abar, hartu neska bat eta elkarren aurpegira ura edo beste zerbait txorroka jaurtitzea. Kontua da, ordea, ideia ez zaidala gustatzen. Oso gaizki dago, ondo aztertuz gero. Nik uste dut neska bat benetan gogoko ez baduzu, ezinezkoa gertatzen zaizula inolaz ere berarekin dibertitzea, eta gogoko baduzu, haren aurpegia ere gustatuko zaizu, eta aurpegia gustatuz gero, kontuz ibili behar gauza itsusiak ez egiteko, ura txorroka jaurtitzea eta horrelakoak. Penagarria da benetan halako zerak batzutan hain dibertituak izatea. Neskak ere ez dira laguntza handia zabarregi ez izaten saiatzen zarenean, benetan ona den zerbait ez hondatzen saiatzen zarenean. Ezagutu nuen neska bat, orain pare bat urte, ni baino zabarragoa zena. Motellak, hura zen izateko zabarra! Hala ere, ederki dibertitu ginen denborale batean, zabarkeriatan. Sexuarena ez dut nik oso ondo ulertzen. Inoiz ez dakizu non arraio zauden. Neure buruari sexu arauak ezartzen jarduten dut, eta gero jo ta hautsi egiten ditut. Iaz arau bat ezarri nuen, izugarri aspertzen nauten neskekin dibertitzeari utzi behar niola. Baina ezarri nuen aste berean —gau berean, egia esan— hautsi nuen. Gau osoa eman nuen musuka Anne Louise Sherman zeritzan faltsu izugarri batekin. Sexuarena ez dut nik hain ondo ere ulertzen. Zinez diotsuet.

        Janeri telefonoa jotzeko ideiari bueltaka hasi nintzen, han zutik nengoen bitartean. Alegia, konferentzia bat jartzea B.M.ra, bera zegoen lekura, amari deitu beharrean noiz etxeratuko zen jakiteko. Ez zegoen ikasleei gau beranduan deitzerik, baina dena asmatu nuen. Osaba nintzela esango nion telefonoa hartzen zuenari. Izeba hil berria zela auto istripu batean eta neskarekin hitz egin behar nuela berehala. Funtzionatuko zuen. Aldarte onean ez nengoelako ez nuen egin, horra arrazoi bakarra. Ezin da eta, aldarte onean ez egotekotan.

        Geroxeago, eseri besaulki batean eta pare bat zigarro erre nituen. Bero samar sentitzen nintzen, aitortu behar dut. Orduan, bat-batean, ideia bat bururatu zitzaidan. Hartu kartera eta Princetongo tipo batek aurreko udako festa batean emandako helbidearen bila hasi nintzen. Azkenean aurkitu nuen. Karteraren kolorea hartuta zeukan ordurako, baina artean irakur zitekeen. Neska baten helbidea; ez zen puta baina ez omen zitzaion axola noizbehinka beste zer horretan jardutea, hala esan zidan Princetongo tipo hark. Behin Princetonera eraman omen zuen dantzaldi batera, eta ia-ia bota egin omen zuten hura eramateagatik. Strip-teasean edo jarduten omen zuen errebista batean. Nolanahi ere, joan eta telefonoa jo nion. Faith Cavendish zuen izena, eta Stanford Arms hotelean bizi zen. Hirurogeita seigarrena eta Broadway bitartean. Kobazuloren bat, dudarik ez.

        Lehen unean pentsatu nuen ez zela etxean egongo. Inork ez zuen erantzuten. Gero, azkenean, norbaitek hartu zuen telefonoa.

        — Kaixo! —esan nuen. Lodi-lodi egin nuen ahotsa, nire adina soma ez zezan. Nahiko ahots lodia dut, dena den.

        — Kaixo! —esan zuen emakume ahots batek. Baina ez oso lagunkoi.

        — Hor al da Faith Cavendish andereñoa?

        — Nor zara? —esan zuen—. Nork deitzen dit ordu hauetan?

        Honek apur bat beldurtu ninduen.

        — Bueno, badakit oso berandu dela —esan nuen, ahots heldu harekin—. Espero dut barkatuko didazula, baina gogo bizia nuen zurekin kontaktuan jartzeko,

        Suabe-suabe esan nion.

        — Nor zara? —esan zuen.

        — Bueno, ez nauzu ezagutzen, baina Eddie Birdsellen lagun bat naiz. Esan zidan inoiz hirira banentorren, cocktail bat edo beste har genezakeela elkarrekin.

        — Nork? Noren laguna zarela? —Motellak, tigremea bat zen hura telefonoan. Orroaka ari zitzaidan telefonotik.

        — Edmund Birdsell. Eddie Birdsell —esan nuen. Ez nuen gogoan haren izena Edmund ala Edward zen. Behin besterik ez nintzen egon harekin, festa alu batean.

        — Ez diat izen horretako mor ezagutzen, aizak. Eta uste baduk gustokoa dudala gauerdian honela esnatzea...

        — Eddie Birdsell, Princetongoa —nik.

        Nabari zen buruan jiraka zerabilela izena.

        — Birdsell, Birdsell... Princetongoa... Princeton Unibertsitatea?

        — Hori da! —esan nuen.

        — Princeton Unibertsitatean al hago?

        — Beno, gutxi gorabehera.

        — Ene... zer moduz dago Eddie? —esan zuen—. Oso garai aldrebesak dituk hauek pertsona bati deitzeko, hala ere. Jaungoikoa!

        — Primeran dago. Esan zidan goraintziak emateko.

        — Bueno, eskerrik asko. Emaizkiok goraintziak berari ere —esan zidan—. Oso pertsona ona duk. Zertan ari da orain?

        — Zera, badakizu, betiko kontuekin —esan nuen.

        Nola arraio jakin nezakeen zertan ari zen? Apenas ezagutzen nuen tipo hura. Ez nekien Princetonen jarraitzen ote zuen ere.

        — Begira —esan nion , nahi al zenuke cocktail bat hartu nirekin nonbait?

        — Kasualidadez, ba al dakik zer ordu den? ­esan zidan—. Nola duk izena, dena den, galdetzerik badaukat? Ingeles azentuz ari zen, bat-batean.

        Gazte samarra ematen duk. Barre egin nuen.

        — Eskerrik asko kunplimenduagatik esan nuen, suabe-suabe—. Holden Caulfield dut izena.

        Hobe izen faltsuren bat eman banio, baina eman ez nik.

        — Zera, begira, Cawffle. Ez diat gauerdian konpromezuak hartzeko ohiturarik. Lan egiten duen neska bat nauk.

        — Bihar igandea da —esan nion.

        — Dena dela. Nire edertasuna lotaratu behar diat. Badakik zer den hori.

        — Pentsatua nuen cocktail bat har genezakeela elkarrekin. Ez da beranduegi.

        — Tira, oso atsegina haiz —esan zuen—. Nondik deitzen didak? Non hago orain, nolanahi ere?

        — Ni? Telefono-kabina batean.

        — O! —esan zuen.

        Gero pausa luze bat.

        — Bueno, izugarri gustatuko litzaidakek noizbait hirekin elkartzea, Cawffle. Oso erakargarria ematen duk.

        Oso pertsona erakargarria ematen duk. Baina berandu duk.

        — Zu zauden lekura joan naiteke.

        — Bueno, normalki ondo da esango niake. Alegia gustatuko litzaidakeela hi hemen hartzea cocktail baterako, baina nire gelakidea gaisorik zegok. Hemen egon duk etzanda gau osoan, begiak bildu ezinik. Oraintxe bertan lokartu duk. Benetan.

        — Tira, oso gauza txarra da hori.

        — Non hago? Beharbada biharko gera gaitezkek cocktail batzuk hartzeko.

        — Ezinezkoa dut bihar —esan nuen—. Gau hau besterik ez dut libre.

        Ni nintzen kirtena, ez nuen hura esan behar.

        — Tira bada, sentitzen diat.

        — Goraintziak emango dizkiot Eddieri zure partetik.

        — Emango al dizkiok? Ondo pasa hire egonaldia

        New Yorken. Oso leku ederra duk.

        — Bai, badakit. Eskerrak. Gabon —esan eta eseki egin nuen.

        Motellak, nik egin nuen hutsa. Cocktail batzuk edo atera banitu, sikiera...

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia