8. KAPITULUA

 

        Beranduegi zen taxi bati deitzeko, eta oinez egin nuen geltokirainoko bide osoa. Ez zen urrutiegi, baina hotz handia zegoen, elurrak zailago egiten ibilia, eta maletek zangoetan jotzen ninduten. Hala ere, atsegin hartu nuen aire zabalean. Arazo bakarra, hotzak sudurra mintzen zidala, eta baita goiko ezpain-barrena ere, Stradlaterek emandako lekuan. Ezpaina hortzen kontra zanpatu zidan, eta nahiko minbera nuen. Belarriak, ordea, epel-epel nituen. Erositako kapeluak belarri-estalgarriak zituen, eta beheraka jarri nituen, bost axola niri zer itxura nuen. Mundu guztia zegoen ohean.

        Poztu nintzen geltokira iristean, hamar minutu besterik ez nion itxaron behar izan trenari. Itxaron bitartean, elur pixka bat hartu nuen eskuan eta aurpegia garbitu nuen. Oraindik odol pixka bat nuen.

        Gehienetan gustatzen zait trenean ibiltzea, batez ere gauez, argiak piztuta eta leihoak beltz-beltz daudela, eta tipo horietako bat pasiloetan zehar kafea eta otartekoak eta aldizkariak saltzen. Gehienetan urdaiazpikozko otartekoa eta lau bat aldizkari erosten ditut. Trenean gauez tokatzen banaiz, irakurri ere egingo dut aldizkarietako istorio aluren bat, gonbitoka hasi gabe. Badakizue, istorio horietako bat, David izeneko tipoz beteta, ustelak eta masailezur mehekoak, eta Linda edo Marcia izeneko neska faltsuak, Davidi pipa pizten aritzen direnak beti. Gehienetan irakurri ere egingo dut istorio nazkagarri horietako bat, trenean eta gauez. Baina oraingoan desberdina zen. Ez nuen hartarako gogorik. Eseri eta ez nuen ezer egin. Egin nuen guztia, kapelua kendu eta poltsikoan gorde.

        Bat-batean, andre bat sartu zen Trentonen eta ondoan eseri zitzaidan. Bagoi osoa hutsik zegoen, esateko, oso berandu zelako, baina hura nire ondoan eseri zen, ez hutsik zeuden beste jarlekuetan, poltsa handi bat baitzuen, eta ni lehen eserlekuan eserita egon. Pasiloaren erdi-erdian utzi zuen poltsa, errebisoreak eta edonork estropezu egin zezaketen lekuan. Orkidea batzuk zituen aldean, festa handiren batean egona balitz bezala. Berrogei edo berrogeitabost urte izango zituen, nik uste, baina oso itxura ona zuen. Emakumeek txetuta uzten naute. Benetan. Ez dut esan nahi sexuzale amorratua edo antzekorik naizenik, sexua dexente gustatu arren. Atsegin ditudala, alegia. Ben uzten dituzte poltsak pasilo erdian.

        Nolanahi ere, han geunden eserita, eta bat-batean halaxe esan zidan:

        Barkatu, baina hori ez al da Penceyko eranskailua?

        Nire maletei begira zegoen, goiko apalera.

        — Bai, halaxe da —esan nion. Zuzen zegoen. Penceyko pegatina bat nuen maleta batean. Oso xelebrea, onartu behar dut.

        — Ene, Penceyn al zaude? —esan zidan. Oso ahots polita zuen. Telefonotik eta gustura entzuten diren horietakoa. Hark telefono bat eraman behar zukeen beti aldean.

        — Bai, hala da —esan nion.

        — Ene, ederki benetan! Orduan beharbada ezagutuko duzu nire semea, Ernest Morrow. Penceyn dago hura ere.

        — Bai, ezagutzen dut. Nire ikasgelan dago.

        Haren semea Penceyn sekula izandako kabroirik handiena zen, dudarik gabe, ikastetxearen historia zikin osoan. Beti ari zen xukadera bustiaz jendea ipurdian jotzen korridorean zehar. dutxa bat hartu ondoren. Klase horretakoa zen hura.

        — Ene, zein ederki! —esan zuen andreak, baina batere ez xelebre. Atsegina zen—. Esan behar diot Ernesti elkar ezagutu dugula. Nola duzu izena, maitia?

        — Rudolf Schmidt —esan nion. Ez nion kontatu nahi nire bizitza osoa. Rudolf Schmidt gure logeletako atezaina zen.

        — Gustatzen al zaizu Pencey? —galdetu zidan.

        — Pencey? Ez dago gaizki. Ez da paradisua, baina ikastetxe gehienak bezain ona da. Irakasle batzuk oso saiatuak dira.

        — Ernest zoratzen dago.

        — Badakit bai —esan nion. Ondoren betiko erretolika bota nion pixka batean—. Oso ondo moldatzen da, benetan. Esan nahi dut, hark badakiela bai nola moldatu.

        — Hala uste al duzu? —galdegin zidan. Oso interesatua zirudien.

        — Ernestek? Bai horixe!

        Ondoren eskularruak kentzen begiratu nion. Motellak, hura zen harri mordoa!

        — Azkazal bat hautsi dut taxitik irtetean —esan zidan. Begiratu eta irribarre egin zidan. Oso irribarre polita zuen, benetan. Pertsona gehienek apenas egiten duten irribarre, edo egitekotan oso irribarre itsusia.

        — Ernesten aita eta biok kezkatu egiten gara batzutan —esan zidan—. Batzutan pentsatzen dugu ez dela oso jendartekoa.

        — Zer esan nahi duzu?

        — Bueno. Oso mutil sentibera da. Egia esan, sekula ez da izan oso jendartekoa beste mutilekin. Agian bere adinerako behar baino serioxeago hartzen ditu gauzak.

        Sentibera. Harexek txetu ninduen. Komun zuloa bezain sentibera izango zen Morrow hori.

        Ondo begiratu nion. Ez zitzaidan iruditzen inozoa. Itxuragatik ederki asko jakin behar zukeen zelako kabroiaren ama zen. Baina amekin ez dago... Amak ama beti. Txoro samarrak dira denak ere. Baina kontua da Morrowren ama gustatzen zitzaidala. Ondo zegoen.

        — Nahi al duzu zigarro bat? —galdetu nion.

        Ingurura begiratu zuen.

        — Ez dut uste hau erretzaileentzako bagoia denik, Rudolf —esan zidan. Rudolf. Txetuta utzi ninduen.

        — Ondo da. Erre dezagun builaka hasten zaizkigun arte —esan nuen. Zigarro bat hartu zidan, eta sua eman nion.

        Itxura ona zuen erretzen. Arnasa hartzen zuen, baina ez zuen irensten ke guztia, haren adineko emakume gehienek egiten duten bezala. Xarma handikoa zen. Baita oso erakargarria ere, benetan jakin nahi baduzue.

        Apur bat dibertituta begiratzen zidan.

        Beharbada oker egongo naiz, baina uste dut sudurra odola dariola duzula, maitea —esan zidan bat-batean.

        Buruaz baiezkoa egin eta mukizapia atera nuen.

        — Elur-pilota batekin egin dut —esan nion—. Oso izoztuta dauden horietako batekin.

        Beharbada benetan gertatutakoa kontatu behar niokeen, baina luzeegi joko zigun. Gustatzen zitzaidan, ordea. Pena sentitzen ere hasia nintzen izena Rudolf Schmidt nuela esan niolako.

        — Gure Ernie —esan nuen—. Tipo ezagunenetako bat da Penceyn. Ba al zenekien?

        — Ez, ez nekien.

        Buruaz baiezkoa egin nion.

        — Egia esan, denbora luzetxoa behar izaten du edonork hura ezagutzeko. Oso tipo dibertitua da. Baita tipo berezia ere, alde askotatik. Ulertzen al didazu? Ezagutu nuenean, harroputz samarra zela iruditu zitzaidan. Horixe pentsatu nuen. Baina ez da. Oso nortasun berezia du, eta denboratxoa behar hura ezagutzeko.

        Morrow andreak ez zuen ezer esaten baina, motellak, ikustekoa zen hura. Eserlekuan pegatuta neukan. Har ezazue norbaiten ama, eta entzun nahi duten guztia primerako semea dutela.

        Ondoren erretolika guztia jaurtitzen hasi nintzaion.

        — Kontatu al dizu hauteskundeena? —galdegin nion—. Ikasgelako hauteskundeena?

        Ezetz egin zidan buruaz. Trantzean neukan ia. Benetan.

        — Bueno, gutako talde batek Ernie ikasgelako presidente izatea nahi genuen. Alegia, gehiengoaren iritzia zen. Lan hori har zezakeen bakarra baitzen —esan nion. Motellak, ederra bota nion—. Baina beste mutil bat hautatu zuten, Harry Fencer. Eta hura hautatzeko arrazoia, arrazoi sinple eta bistakoa, Erniek ez zigula utzi bera izendatzen. Hain da izutia eta apala. Ezetz esan zigun... Zera, izutia da benetan. Saiatu behar zenuke izu hori gaindi dezan.

        Begiratu egin nion.

        — Ez al dizu kontatu?

        — Ez.

        Baiezkoa egin nuen buruaz

        — Halakoxea da Ernie. Nola esango zizun ba? Horixe du akats bakarra, izuti eta apalegia izatea. Saiatu behar zenuke hura noizbehinka lasaitzen.

        Une hartantxe interbentorea etorri zen Morrow andrearen tiketaren eske, eta hari eskerrak utzi nion guzti hura botatzeari. Pozik nago pixka batean bota niolako, hala ere. Hor duzue Morrow bezalako tipo bat, jendea ipurdian jotzen beti bere xukadera bustiaz, norbaiti min emateko asmoz; umetan bakarrik ez, horiek bizi guztian jarraituko dute gizatxar izaten. Baina lepoa jokatuko nuke, bota nion erretolika guztiaren ondoren, Morrow andreak tipo izuti, apaltzat joko duela, presidentetarako izendatzen utzi ez ziguna. Baliteke. Inoiz ez dago esaterik. Amak ez dira oso azkarrak zer guzti hauetan.

        — Nahi al zenuke cocktail bat? —galdetu nion. Neu ere bat hartzeko gogoz nengoen—. Barra dagoen bagoira joan gaitezke, zer iruditzen zaizu?

        — Maitea, uzten al dizute alkohola eskatzen? —galdetu zidan. Baina ez modu txarrean. Xarmantegia zen hura modu txarrean esateko.

        — Bo, ez, egia esan ez, baina batzutan hartzen dut, nire altuerari eskerrak —esan nuen—. Eta ile gris dexente daukat.

        Alde batera eta bestera jiratu nintzen nire ile grisa erakusteko. Liluratuta geratu zen.

        — Tira, goazen, ba al zatoz? —esan nion. Gustura joango nintzen harekin.

        — Egia esan, ez dut gogo handirik. Dena den, mila esker, maitea —esan zidan—. Gainera, barraren bagoia itxita egongo da seguruenera. Oso berandu da, badakizu. Zuzen zegoen. Ahaztua nuen ordua. Gero begiratu eta beldurra nion galdera egin zidan.

        — Ernestek asteazkenean etxeratuko dela idatzi zidan, Gabonetako oporrak asteazkenean hasten direla. Ez al zizuten derrepentean deituko etxeko norbait gaixorik dagoelako.

        Kezkatuta zirudien benetan. Ez zen sudurra sartu nahian ari, argi zegoen hori.

        — Ez, ondo daude denak etxean —esan nion—. Neu naiz hain ondo ez nagoena, operatu egin behar naute.

        — Ene bada! Sentitzen dut —esan zidan. Benetan sentitzen zuen, bai. Berehala damutu zitzaidan hura esana, baina beranduegi zen.

        — Ez da batere serioa. Tumoretxo bat dudala garunean, horixe.

        — Ene, ez da izango!

        Eskua aho aurrera jaso zuen.

        — Tira, laster egongo naiz ondo. Azal samarrean dago. Eta oso txikia da. Pare bat minututan kenduko didate.

        Ondoren poltsikoan neukan ordutegia irakurtzeari ekin nion, gezur gehiago ez esateko. Hala hasi eta orduak eta orduak eman ditzaket nahi izanez gero. Ez naiz txantxetan ari. Orduak!

        Ez genuen askorik hitz egin haren ondoren. Berak Vogue irakurtzeari ekin zion, eta ni leihotik begira egon nintzen pixka batean. Newarken jaitsi zen. Ebakuntzarekin suerte handia izan nezan opatu zidan. Rudolf deituz beti ere. Gero udan Ernie bisitatzera gonbidatu ninduen, Gloucesterera, Massachusettsen. Etxea hondartzan bertan zutela, tenis-zelaia ere bazutela, baina nik eskerrak eman eta esan nion Hegoamerikara nindoala amonarekin. Ederra bota nion, amona ia ez da etxetik irteten, zinera edo joateko ez bada. Baina Morrow putakume hari bisita egin nik? Ezta munduan den diru guztiagatik ere, nahiz desesperatuta egon.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia