7. KAPITULUA

 

        Argi pixka bat sartzen zen dutxako gortinetan barrena gure gelatik, eta ohean etzanda ikusten nuen. Ederki asko nekien esna-esna zegoela.

        — Ackley? —esan nuen—. Esna al hago?

        — Bai.

        Ilun samar zegoen, eta oinetakoren bat zapaldu eta ia-ia joan nintzen hankaz-gora. Ackley ohean eseri zen beso baten gainean pausatuta. Bikorrentzako zer zuria zuen aurpegian. Fantasma baten itxura zuen ilunean.

        — Zer arraio ari haiz?

        — Zer arraio ari naizen? Lo egin nahian nengoan zuek zarata guzti hori egiten hasi aurretik. Zer arraiogatik izan da borroka?

        — Non da argia? —ezin nuen argia aurkitu. Eskua horma osoan zehar pasatzen ari nintzen.

        — Zertarako nahi duk argia?... eskuaren ondo-ondoan.

        Azkenean aurkitu nuen giltza eta piztu nuen. Ackleyk eskua jaso zuen argiak begietan min egin ez ziezaion.

        — Kristo! —esan zuen—. Zer arraio gertatu zaik? Odol guzti harengatik, alegia.

        — Borrokatxoa izan diat Stradlaterekin —esan nion.

        Ondoren zoru gainean eseri nintzen. Inoiz ez zuten aulkirik gela hartan. Ez dakit zer arraio egiten zuten aulkiekin.

        — Aizak —esan nion—, kartetan jokatu nahi al

        Kartazale amorratua zen ba.

        — Oraindik odola dariola hago, Kristo! Hobe duk zaurietan zerbait ematea.

        — Geratuko duk. Aizak, kartetan jokatu nahi al duk, bai ala ez?

        — Kartetan, Kristo! Kasualidadez, ba al dakik zer ordu den?

        — Ez duk berandu. Hamaikak, hamaika t'erdiak inguru besterik ez.

        — Besterik ez! —esan zuen Ackleyk —. Entzun, goizean jaiki eta mezetara joan behar diat. Zuek garrasika eta borrokan hasi zarete bat-batera. Zergatik huen borroka, dena den?

        Oso istorio luzea duk. Ez haút aspertu nahi, Ackley. Hire ongizatea diat gogoan —esan nion. Inoiz ez nion nire zerik kontatzen. Lehenik eta behin, Stradlater baino ergelagoa zen. Stradlater jeinua zen Ackleyren aldean.

        — Hi —esan nion— inporta al zaik gaur gauean

        Elyren ohean lo egiten badut? Ez duk itzuliko bihar gauera arte, ez al da horrela?

        Ederki asko nekien hala zela. Ely ia astero-astero joaten zen etxera.

        — Ez zekiat noiz arraio etorriko den —esan zuen Ackleyk.

        Motellak, harexek bai haserretu ninduela

        — Zer arraio esan nahi duk, ez dakiala noiz itzuliko den? Sekula ez duk itzultzen igande gauera arte.

        — Ez, baina Jainkoarren, ezin zioat edonori esan haren ohean lo egiteko, hala nahi dutela eta.

        Harexek txetu ninduen. Eskua jaso nuen zoruan eserita nengoen lekutik eta zapladatxoak eman nizkion bizkarrean.

        — Printzea haiz hi, Ackley-txiki, ba al hekien?

        — Ez, benetan, ezin zioat edonori esan lo egin dezakeela...

        — Printze bat haiz hi. Jaun-ta-jabe jakintsua haiz —esan nion. Halakoxea izan hura—. Kasualidadez ez duk zigarrorik izango, e? Esan ezak ezetz, bestela hementxe bertan hilko nauk eta.

        — Ez zeukat, egia esateko. Aizak, zergatik huen borroka?

        Ez nion erantzun. Zera egin nuen, jaiki, leihora joan eta kanpora begiratu. Bat-batean oso bakarrik sentitu nintzen. Ia-ia hilda egoteko gogoa sentitu nuen.

        — Zer arraiogatik izan duk borroka? —esan zuen Ackleyk, berrogeitamargarrenez. Aspergarria halakoa!

        — Hiregatik —esan nion.

        — Niregatik?

        — Bai. Hire ohorea defendatzen ari ninduan. Stradlaterek esan zidak oso nortasun eskasekoa haizela. Ezin izan zioat utzi horrekin aurrera jarraitzen. Urduritu egin zen.

        — Hori esan al du? Benetan? Hori esan al du?

        Txantxetan ari nintzela esan nion, eta Elyren ohe gainean etzan nintzen. Motellak, jota nengoen. Oso bakarrik sentitzen nintzen.

        — Gela honetan zegok usaina! —esan nion—. Hemendixek usaintzen ditiat hire galtzetinak. Inoiz ez al dituk bidali garbitegira?

        — Gustatzen ez bazaik, badakik zer egin behar duan —Ackleyk. Tipo azkarra hura—. Eta argia itzaliko bahu?

        Ez nuen berehala itzali, ordea. Elyren ohean etzanda jarraitu nuen, Jane gogoan. Erotu beharrean jartzen nintzen hura eta Stradlater gogoratzen zitzaizkidanean, Banky ipurtandiaren autoan nonbait aparkatuta. Hura gogoratzen zitzaidan bakoitzean, leihotik salto egiteko gogoak ematen zidan. Kontua da zuek ez duzuela ezagutzen Stradlater. Nik ezagutzen nuen, bai. Penceyn gehienek jardun eta jardun egiten zuten neskekiko sexu-harremanez —Ackleyk bezala, esate baterako—, baina Stradlaterek egin egiten zuen. Banekien gutxienez bi neskarekin zertuta zegoela. Egia osoa.

        — Kontaidak hire bizitza liluragarria, Ackley-txiki —esan nion.

        — Eta argia itzaliko bahu? Goiz jaiki behar diat mezetara joateko.

        Jaiki eta itzali egin nuen, ea hark pozten zuen. Ondoren berriro etzan nintzen Elyren ohe gainean.

        — Zer egin behar duk? Elyren ohean lo? ­esan zuen Ackleyk. Hura baino ostalari hoberik... motellak!

        — Agian bai, agian ez. Hi ez kezkatu.

        — Ez negok kezkatuta. Bakarrik, egundoko amorrua emango lidakeela Ely bat-batean sartu eta norbait aurkituko balu...

        — Lasai. Ez diat hemen lo egin behar. Hain harrera ona eginda gero ez nikek abusatu nahi.

        Handik pare bat minutura zerri-zerri zurrungaka hasi zen. Nolanahi ere, hantxe jarraitu nuen ilunean, Jane eta Stradlater Ed Bankyren auto madarikatu hartan gogotik kentzen saiatuz. Ezin, ordea. Arazoa zen ezagutzen nuela Stradlater haren teknika. Eta gauzak are eta okerrago orduan. Behin biok batera gertatu ginen Ed Bankyren autoan, eta Stradlater atzealdean zegoen bere neskarekin, eta ni aurrealdean nirearekin. Hark bai teknika, hark! Zera egin zuen, neskari ahots lasai zintzo batez ekin zion, tipo ederra ezezik, tipo atsegina, zintzoa bailitzen. Ia botaka egin nuen, hari entzunez. Neskak «ez mesedez, mesedez ez, mesedez» esan eta esan. Baina Stradlaterek ekin eta ekin jarraitu zuen Abrahain Lincolnena zirudien ahots zintzo harekin, eta azkenean isilune izugarri hura autoaren atzealdean. Txundigarria benetan. Gau hartan ez dut uste neska hura zertu zuenik, baina ez zuen asko faltako, ez.

        Han etzanda nengoen bitartean, ez pentsatzen saiatuz, Stradlater entzun nuen garbigelatik etorri eta gelan sartzen. Bere garbiketarako zer nazkagarri guztiak jasotzen eta leihoa irekitzen entzun nion. Aire fresko zale amorratua izan hura. Handik pixka batera, argia itzali zuen. Ez zen ez begira hasi non ote nengoen.

        Kalean ere, hura tristura! Ez zen auto hotsik entzuten. Hain bakarrik eta jota sentitzen nintzen, Ackley esnatzeko gogoak eman zidan.

        — Hi, Ackley —esan nion, txutxumutxu batean, Stradlaterek dutxako gortinetatik ez entzuteko moduan.

        Ackleyk aditu ez, ordea.

        — Hi, Ackley!

        Hura aditu zidan, bai.

        — Zer arraio gertatzen zaik? —esan zuen—. Lo nengoan, Kristo!

        — Aizak, zer egin behar da monastegi batera sartzeko? —galdegin nion. Horietako batean sartzeko ideia nerabilen gogoan—. Katolikoa izan beharra al dago?

        — Jakina, katolikoa izan behar. Halako galdera txoro bat egiteko esnatu nauk, kabroi horrek?

        — Tira hi, segi lotan. Ez nauk monastegi batean sartuko, dena den. Nik dudan suertearekin, okerreko frailez betetako batean sartuko nindukek seguruenera. Kabroi ergel batzuk denak. Edo gutxienez kabroiak.

        Hau esan nuenean, Ackley eseri egin zen ohean.

        — Aizak —esan zidan—, ez zaidak batere axola zer dioan nitaz, baina nire erlijioari burla egiten hasten bahaiz, Kristo...

        — Hago lasai —esan nion—, inork ez ziok burlarik egin hire erlijioari.

        Elyren ohetik jaiki eta aterantz egin nuen. Ez nuen gehiago segi nahi giro nazkagarri hartan. Bidean alto egin nuen, ordea, eta Ackleyren eskua hartu eta estutu handi faltsua egin nion. Kendu egin zidan.

        — Zer ari haiz? —esan zuen.

        — Ezer ez. Eskerrak eman nahi dizkiat halako printzea haizelako, horra guztia —esan nion.

        Oso ahots zintzoz esan nion.

        — Hi handia haiz, Ackley-txiki —esan nion—, ba al hekien?

        Tipo azkarra hi. Egunen batean eder bat hartu behar duk...

        Ez nuen hari aditzeko lanik hartu. Atea itxi eta korridorera atera nintzen. Mundu guztia lo edo kanpoan zegoen, edo asteburua etxean pasatzera joanda, eta isiltasun eta tristura galanta korridorean. Hortzore kaxa huts bat zegoen Leahy eta Hoffmanen gelaren ateondoan, eta jantzita nituen larruzko zapatilez ostikadatxoak emanez joan nintzen eskaileretara bidean. Nire asmoa, jaitsi eta ea Mal Brossard zer ari zen ikustea. Baina bat-batean iritziz aldatu nuen. Bat-batean erabaki nuen zer egin: Penceytik alde egitea, gau hartantxe. Asteazkena arte itxaron gabe, alegia. Ez nuen han geratu nahi gehiago. Triste eta bakarregi nengoen han. Beraz zera erabaki nuen, New Yorkeko hotel batean gela bat hartzea, garestia ez zen gelaren bat, eta asteazkena arte hantxe geratzea lasai. Gero, asteazkenean, ondo deskantsatuta eta umore onez joango nintzen etxera. Asteartea edo asteazkena arte, egiten nuen, aitak eta amak ez zuten hartuko Thurmeren gutuna, bota egin nindutela zioena. Haiek jaso eta erabat irentsi arte ez nuen etxera Joan nahi; ez nuen han egon nahi hartzen zutenean. Ama oso histeriko jartzen da. Baina ez da hain txarra zerbait oso-osorik irentsi eta gero. Gainera, oporren beharra nuen. Nerbioak birrinduta nituen, benetan.

        Nolanahi ere, huraxe egitea erabaki nuen. Beraz, gelara itzuli eta argia piztu nuen maleta egiten hasteko. Ordurako gauza batzuk maletan sartuak nituen. Stradlater ez zen esnatu ere egin. Zigarroa piztu eta jantzi goitik behera eta neuzkan bi maletak bete nituen. Pare bat minutu besterik ez nuen behar izan. Maletak egiten azkarra ni.

        Gauza batek tristatu ninduen pixka bat maletak egiterakoan. Azken modako izotz-patinak maletan sartu beharrak, amak pare bat egun lehenago bidali eta gero. Harexek tristatu ninduen. Ikus nezakeen ama Spauldingen dendara joan eta saltzaileari milioi bat galdera txoro egiten... eta hara non orain berriz botatzen ninduten. Oso gaizki sentiarazi ninduen. Patin pare okerra erosi zidan, noski —lasterketa-patinak nahi nik, eta berak hockeykoak erosi—, baina berdin tristatu nintzen. Norbaitek oparia egiten didan bakoitzean, azkenerako tristatu egiten naiz.

        Dena maletan sartu eta gero, dirua zenbatu nuen. Ez dut gogoan zehatz-mehatz zenbat nuen, baina dexente neukan. Amonak bidali berria zidan pila bat, astebete lehenago. Amona eskuzabala dut. Ganbaratik egiten hasia honez gero, oso zaharra baita, eta urtean lautan edo bidaltzen dit nire urtebetetzeko dirua. Nolanahi ere, nahiz eta diru dexente eduki, pentsatu nuen beti etorriko zirela ondo dolar extra batzuk. Inoiz ez dago jakiterik.

        Hala, zera egin nuen, korridorean barrena joan eta Frederick Woodruff esnatu, idazmakina utzia nion tipoa. Galdetu nion ea zenbat emango zidan harengatik. Nahiko diruduna baitzen. Ez zekiela. Ez zuela erosteko gogo handirik. Azkenean erosi zidan, hala ere. Laurogeita hamar bat dolar balio zuen, eta hark hogeitan erosi. Haserre zegoen esnatu nuelako.

        Alde egiteko prest nengoenean, maletak eta dena prest neuzkanean, pixka batean eskaileren ondoan geratu eta azken begiratua egin nion korridoreari. Negarrez ari nintzen. Ez dakit zergatik. Jantzi ehizakapelu gorria, ipini bisera atzeraka, niri gustatzen zitzaidan bezala, eta garrasi egin nuen ahal nuen ozenen:

        Segi gogor lotan, ergelok halakook!

        Lepoa jokatuko nuke solairu osoko sasikume guztiak esnatu nituela. Ondoren alde egin nuen. Aluren batek botatako kakahuete azalak egon eskaileretan zehar, eta ia hautsi nuen lepoa.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia