6. KAPITULUA

 

        Zenbait gauza zail da gogoratzen. Stradlater Janerekiko zitatik itzuli zenekoaz pentsatzen ari naiz orain. Alegia, ezin dut zehatz-mehatz gogoratu zer ari nintzen haren pauso hotsak aditu nituenean korridorean zetorrela. Seguru asko leihotik begira egongo nintzen artean, baina zinez diot, ezin dut gogoratu. Oso kezkatuta nengoelako, horra zergatik. Zerbaitek benetan kezkatzen nauenean, ez naiz jolasean ibiltzen. Komunera ere joan behar izaten dut zerbaitek kezkatzen nauenean. Baina ez naiz joaten. Kezkatuegia egoten naiz joateko. Ez dut nire kezka eten nahi izaten hara joanda. Stradlater ezagutu bazenute, zuek ere kezkatuta egongo zineten. Pare bat aldiz atera izan naiz harekin, eta badakit zer diodan. Barrenean harrik ez hark ezertarako, ez horixe.

        Nolanahi ere, korridorea linoleozkoa zen osorik, eta haren pauso hotsak entzun zitezkeen zuzenean gelara zetorrela. Ez dut gogoan ezta non nengoen eserita ere hura gelan sartu zenean, leihoan edo nire besaulkian edo berean. Zinez diot, ez dut gogoan.

        Kanpoan bai hotza eta horrelakoak marmarka sartu zen. Gero hauxe esan zidan:

        — Non arraio zegok mundu guztia? Honek kanposantua zirudik.

        Ez nuen erantzuteko lanik hartu. Larunbat gaua zela ez ohartzeko bezain alua bazen, denak kanpoan edo lo edo etxean zirela asteburua pasatzen, ez nuen eztarria urratuko hari esaten. Arropak eranzten hasi zen. Ez zuen hitzik esaten Janez. Ezta bakar bat ere. Nik ere ez. Begiratu besterik ez nion egiten. Egin zuen guztia, eskerrak eman txamarra janzten utzi niolako. Pertxa batean zintzilikatu eta armarioan sartu zuen.

        Gero, gorbata kentzen ari zela, galdetu zidan ea egin nion idazlana. Bere ohe gainean bukatuta zuela, nik. Hartu eta irakurri egin zuen alkondara askatu bitartean. Han geratu zen, irakurtzen eta bular eta urdail biluziak ferekatzen, inozo aurpegi harekin. Beti ari zen urdaila edo bularra ferekatzen. Erotuta zegoen bere buruarekin. Halako batean honela esan zuen:

        — Kristo, Holden, hau beisboleko eskularru batez duk.

        — Eta? —nik, hotz-hotz.

        — Nola «eta»? Esan nian gela batez edo etxe edo antzeko zerbaitez izan behar zuela.

        — Hik esan huen deskriptiboa izan behar zuela. Zer axola ziok beisboleko eskularru batez izatea?

        — Kaka zaharra! —izugarri haserre zegoen. Suak hartuta—. Hik dena aldrebes egiten duk beti —begiratu egin zidan—. Ez duk harritzekoa kanpora bota bahaute. Ez dut gauza bakar bat ere egiten behar bezala. Ezta bat bakarra ere.

        — Ondo zegok, emaidak bada —esan nion. Joan eta eskutik kendu nion, eta ondoren puskatu egin nuen.

        — Zergatik egin duk hori? —esan zidan.

        Ez nion erantzun. Puskak saskira bota nituen. Gero ohean etzan nintzen eta isilik geratu ginen biok denbora luzean. Denak erantzi zituen, galtzontzilo hutsean geratu arte, eta ni ohean etzan eta zigarroa piztu nuen. Debekatuta zegoen logeletan erretzea, baina gau beranduan egin zitekeen, denak lo edo kanpoan zirenean eta inork ezin usaindu zuenean kea. Gainera Stradlater haserrarazteko egin nuen. Erotu egiten zen arauak hautsiz gero. Inoiz ez zuen erretzen logelan. Neuk bakarrik.

        Janez hitz bakar bat esan gabe jarraitzen hark, eta azkenean neuk ekin behar:

        — Berandutxo ez al hator, bederatzi t'erdiak artekoa besterik eskatu ez badu? Berandutuarazi egin al duk?

        Ohe ertzean zegoen eserita, azkazal nazkagarriak mozten.

        — Pare bat minutu —esan zuen—. Zein kristok eskatu behar dik bederatzi t'erdiak artekoa larunbat gauean?

        Jaungoikoa, nik nion gorrotoa!

        — New Yorkera joan al zarete? —esan nion.

        — Erotuta al hago? Nola joango ginen New Yorkera bederatzi t'erdiak arteko baimena izanda?

        — Hori suerte txarra.

        Begiratu egin zidan.

        — Aizak —esan zidan—, gelan erre beharrean, zergatik ez haiz garbigelara joaten? Hi bahoa, baina nik hemen agoantatu beharko diat graduatu arte.

        Ez nion kasurik egin. Ezta batere. Erretzen jarraitu nuen ero baten moduan. Egin nuen guztia, saiheska jarri eta beha geratu azkazalak nola mozten zituen. Hura zen ikastetxea, hura. Beti egon behar honek azkazalak nola mozten zituen edo horrek bikorrak nola hazkatzen zituen edo antzeko zerbaiti begira.

        — Eman al dizkiok goraintziak? —galdegin nion.

        — Bai.

        Zera emango zion putakume hark.

        — Zer esan dik? —esan nion—. Galdetu al diok oraindik bere dama guztiak azken ilaran gordetzen al dituen?

        — Ez, ez zioat galdetu. Zer arraio uste duk egin dugula gau osoan, dametan jokatu, kristo?

        Ez nion erantzun. Jaungoikoa, nik nion gorrotoa!

        — Ez bahaiz New Yorkera Joan, nora joan haiz berarekin? —galdetu nion handik pixka batera. Ederki kostatzen zitzaidan ahotsa ikararik gabe ateratzea. Motellak, bai urduri ari nintzela jartzen! Zerbait gertatu zelako susmoa nuen.

        Bukatu zuen azkazalak moztea. Beraz ohetik jaiki zen galtzontzilo hutsetan, eta oso jostari hasi zen. Nire ohera etorri, gainera makurtu eta sorbaldan kolpetxoak jotzen hasi zitzaidan jostari.

        — Egon hadi geldi! —esan nion—. Nora orduan, New Yorkera joan ez bazarete?

        — Inora ere ez, autoan egon gaituk, besterik ez.

        Beste kolpe jostari haietako bat eman zidan sorbaldan

        — Egon hadi geldi! Noren autoan?

        — Ed Bankyrenean.

        Ed Banky saskibaloiko managerra zen Penceyn. Stradlater kutunetako bat zuen, taldearen bihotza zelako, eta Ed Bankyk nahi zuen guztietan uzten zion autoa hartzen. Ikasleek debekatuta zuten irakasleen autoak hartzea, baina kirolari sasikume haiek elkar hartuta zeuden denak. Ibili naizen eskola guztietan zeuden elkar hartuta kirolari sasikumeak.

        Stradlaterek nire sorbaldan kolpetxoak jo eta jo jarraitzen zuen. Hortzetako eskubila zuen eskuan, eta ahoan sartu zuen.

        — Zer egin duk? —esan nion—. Ed Bankyren autoan zertu al duzue?

        Ahotsa dardara batean neukan.

        — Hori duk hizkera. Nahi al duk aurpegia xaboiaz garbitzea?

        — Zer egin duk?

        — Hori sekretu profesionala duk, adiskide.

        Ondorengoa ez dut oso ondo gogoratzen. Dakidan guztia da ohetik jaiki nintzela, komunera banindoa bezala, eta orduan jotzen saiatu nintzela, nire ahal guztiaz, zartakoa zuzen-zuzen hortz-eskubilan, lepoa hautsiko ote zion. Baina huts egin nuen, ez nuen asmatu. Egin nuen guztia, buru aldean edo eman. Beharbada egingo zion min pixka bat, baina ez nik nahi beste. Beharbada min handia egin zion, baina ezkerraz jo nuen, eta esku hau ezin dut ondo ukabildu. Kontatu dizuedan zauri harengatik.

        Nolanahi ere, hurrengo jakin nuena, zoru gainean nengoela etzanda eta bera nire bular gainean eserita, aurpegia gorri-gorri. Hau da, belaunak nire bular gainean zituen, eta tonelada bat edo pisatzen zuen. Eskuturretatik ere helduta nindukan, eta ezin nion beste zartakorik eman. Jo eta garbituko nukeen.

        — Zer arraio gertatzen zaik? —esan eta esan ari zen, eta bere aurpegi ergela gero eta gorriago.

        — Ken itzak hire belaun nazkagarriok nire bular gainetik —esan nion. Ia orroaka ari nintzen. Benetan—. Tira, alde nire gainetik, sasikume alu hori.

        Ez zuen halakorik egin, ordea. Hark eskuturretatik heltzen eta nik putakume eta abar deitzen jarraitu genuen, hamar bat orduz. Apenas gogoratzen naizen esan nizkion guztiez. Esan nion ea uste al zuen edonorekin jo zezakeela larrua. Ez zitzaiola zipitzik axola neska batek bere dama guztiak azken ilaran gorde ala ez, ergel madarikatu bat zelako. Amorrua ematen zion ergel deitzeak. Ergel guztiak amorratzen dira ergel deitzen dietenean.

        — Hago isilik, Holden —esan zuen aurpegi handi gorriarekin—. Hago isilik.

        — Ez dakik ezta izena Jane ala June duen ere, ergel madarikatu horrek!

        — Hago isilik, Holden, arraioa! Abisatzen diat —esan zuen. Erotu behar zuen—. Isiltzen ez bahaiz, eman egingo diat.

        — Ken hitzak hire belaun nazkagarri aluok nire bular gainetik.

        — Askatzen bahaut, isilduko al haiz?

        Ez nion erantzun. Berriro esan zuen:

        — Holden, askatzen bahaut, ahoa itxita edukiko al duk?

        — Bai.

        Hura gainetik kendu eta ni jaiki. Bularrean egundoko mina nuen haren belaun nazkagarriengatik.

        — Putakume nazkagarri ergel bat haiz hi —esan nion.

        Honek ero baten moduan jarri zuen. Bere hatz handi alua aurpegi aurrean jarri zidan.

        — Holden, Jainkoarren, abisatzen diat. Azkeneko aldiz. Ez badaukak heure aho hori itxita, nik...

        — Zergatik? —esan nion ia oihuka—. Horixe duk auzia ergel guztiokin. Ez duzue sekula ezer diskutitu nahi. Horrela antzematen zaiok ergel bati. Inoiz ez ditek diskutitu nahi izaten ezer intelij...

        Orduan bai eman zidala benetako bat, hurrena gogoratzen dudana atzera ere zoruan nengoela. Ez dakit konorterik gabe utzi ninduen ala ez, ez dut uste. Zail samarra da norbait konorterik gabe uztea,, filmeetan izan ezik. Baina sudurretik odola dariola nengoen. Gora begiratu nuenean, ia gain-gainean nuen Stradlater. Bere garbiketa-poltsa besapean zeukan.

        — Zergatik ez haiz isildu nik esandakoan? —egin zuen.

        Urduri samar zirudien. Beharbada izututa zegoen kaskezurra hautsi ote zidan zorua buruaz jo nuenean. Zoritxarrez ez zidan hautsi.

        — Heuk eskatu didak, deabru demonioa! —esan zuen. Motellak, harena bai ikara.

        Ez nintzen jaikitzen saiatu ere egin. Zoru gainean etzanda egon nintzen pixka batean, putakume ergel hots eginez. Erotuta nengoen, garrasi batean.

        — Garbitu ezak aurpegia —esan zidan Stradlaterek—. Aditu al didak?

        Bere aurpegi ergela garbitzeko erantzun nion; umekeria zen hura esatea, baina erotuta nengoen. Esan nion garbigelarakoan alto egin eta Schmidt andrearekin jotzeko larrua. Schmidt andrea atezainaren emaztea zen. Hirurogeitabost urte inguru zituen.

        Zoruan eserita jarraitu nuen, Stradlater atea itxi eta korridorean zehar garbigelara zihoala aditu nuen arte. Orduan jaiki nintzen. Ez nuen inon aurkitzen nire ehizakapelua. Azkenean aurkitu nuen. Ohe azpian zegoen. Jantzi eta bisera atzeraka jarri nuen, gustatzen zitzaidan bezala, eta gero joan eta begirada bat eman nion neure aurpegiari ispiluan. Bizi osoan ez duzue ikusi halako odolketarik. Odola nuen ahoan eta kokotsean eta baita pijaman eta txabusinan ere. Batetik beldurtu egin nintzen, bestetik liluratu. Guzti hark halako gogor itxura ematen zidan. Nire bizi osoan pare bat borrokatan besterik ez naiz gertatu, eta biak galdu nituen. Ez naiz oso gogorra. Pazifista naiz, egia jakin nahi baduzue.

        Susmoa nuen beharbada Ackleyk istilu guztia entzun eta esna ote zegoen. Beraz dutxako gortinetatik zehar pasa eta haren gelan sartu nintzen, ea zer arraio ari zen ikusteko. Apenas joaten nintzen haren gelara. Beti zegoen hala-holako zoko-usaina han, oso ohitura zikinetakoa zelako.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia