5. KAPITULUA

 

        Afari berdina izaten genuen larunbatero Penceyn. Gauza handitzat hartzen zen, xerra ematen zutelako. Mila dolar jokatuko nuke igandean guraso asko eskolara etortzen zirelako egiten zutela horrela. Thurmerek pentsatua bide zuen denen amek galdetuko zietela beren mutilei zer afaldu zuten aurreko gauean, eta hauek «xerra» esango zutela. Ederra ziria. Ikustekoak ziren xerra haiek. Zer txiki gogor batzuk ziren, ia ebaki ezinezkoak. Beti zegoen gogorrunez betetako patata-purea gaueko xerrarekin, eta postretarako Brown Betty, inork jaten ez zuen pudinga, salbu eta beheko eskolako txikiek, agian ezer hoberik ezagutzen ez eta. Eta Ackley bezalako tipoek, edozer jaten zutenek.

        Polita izan zen, hala ere, jangelatik irten ginenean. Hiru bat hazbete elur zegoen lurrean, eta artean gogor ari zuen. Polita benetan, eta denak hasi ginen elurrezko bolak jaurtika eta adarra jotzen han zehar. Umekeria zen, baina ederki dibertitu ginen.

        Nik ez neukan neskarik, beraz ni eta nire lagun batek, Mal Brossard, lutxalibreko taldean zegoena, Agerstown-erako autobusa hartu eta hanburgesa bat jatea eta agian filme aluren bat ere ikustea erabaki genuen. Ez genuen egon nahi gau osoan ezer egin gabe. Galdetu nion Mali ea axola zitzaion Ackley gurekin etortzea. Zergatik?

        Ackleyk inoiz ez zuelako ezer egiten larunbat gauetan, salbu eta gelan egon eta bikorrak zanpatu. Ez zitzaiola axola Malek, baina ideia hark ez zuela txoratzen. Ez zuen oso gogoko Ackley. Nolanahi ere, geletara joan ginen prestatzera, eta eskalaproiak eta abar jantzi bitartean oihu egin nion Ackleyri, ea zinera etorri nahi zuen. Ondo entzuten ninduen dutxako gortinen artetik, baina ez zidan berehala erantzun. Berehala erantzutea gorroto duten horietakoa zen hura. Azkenean etorri zen, eta dutxaren atzean geratu eta nitaz gainera nor zihoan galdetu zidan. Beti jakin behar izaten zuen nor zihoan. Apustu egingo nuke nonbait itsasontzia hondoratuko balitzaio, eta norbait txalupa batean erreskatatzera joan, ea arraunlaria nor zen jakin nahi baietz hark, sartu baino lehen. Esan nion Mal Brossard zetorrela. Hark:

        — Sasikume hori ... ondo zegok. Itxoin segundo bat. Egundoko mesedea egiten zigulakoan.

        Bost bat ordu behar izan zituen prestatzen. Hartan ari zen bitartean, ireki leihoa eta elurrezko pilota bat egin nuen neure esku hutsez. Primerako elurra zen saka-saka egiteko, baina ez nion ezeri bota. Hasi, hasi nintzen zeri botako begira. Kalearen bestaldean aparkatuta zegoen auto bati. Baina iritziz aldatu nuen, hain polita eta txuria zirudien autoak. Ondoren. ur-aho bati botako ote nion, baina hura ere oso polita eta txuria iruditu. Azkenean ez nion ezeri jaurtiki. Zera egin nuen, leihoa itxi eta gelan zehar ibili pilota eskuetan nuela, gehiago sakatuz. Gerora ere eskuetan neukan oraindik, Brossard, Ackley eta hirurok autobusera igo ginenean. Autobus-gidariak ateak ireki eta kanpora botarazi zidan. Nik esan nion ez niola inori jaurtikiko, baina ez zidan sinetsi. Jendeak ez du ezer sinesten.

        Brossardek eta Ackleyk ikusia zuten filmea, beraz zera egin genuen, hanburgesa pare bat jan eta makinan jokatu pixka batean, eta ondoren Penceyrako autobusa hartu genuen. Ez zitzaidan axola filmea ez ikustea, nolanahi ere. Komedia bat omen zen, Cary Grantekin eta abar. Gainera, joana nintzen lehenago ere zinera Brossard eta Ackleyrekin. Hienen pare egiten zioten barre barregarria ez zen edozeri. Ez nuen atsegin handirik izaten zinean haien ondoan eserita.

        Bederatziak laurden gutxi ziren artean logeletara itzuli ginenean. Brossard bridge-zale amorratua zen, eta bila hasi zen logelan zehar, jokoa norekin antolatuko. Ackley nire gelan kieto, nola ez ba. Baina Stradlateren besaulkiaren besoan eseri beharrean, nire ohean etzan zen, aurpegia burukoaren gainean eta abar. Bere ahots monotonoan ekin zion hizketari, bikor guztiei hazka eta hazka. Mila bat zipla bota nion, baina ezin inolaz ere hartaz libratu. Egin zuen guztia, hizketan jarraitu ahots monotono hartan, aurreko udan, sexu-harremanak izan omen zituen neskato batez. Ehun bat aldiz kontatua zidan hura. Aldi bakoitzean desberdin, ordea. Batean lehengusu baten Buickean zertu omen zuten, hurrengoan oholbide baten azpian. Guztia gezur hutsa, jakina. Birjina osoa zen hura, inoiz inor izan bada. Duda egiten dut behin ere inori eskua sartu ote zion. Nolanahi ere, zuzen-zuzen esan behar izan nion idazlana egin behar nuela Stradlaterentzat, eta hanka egin behar zuela hartara jarriko banintzen. Joan zen noizbait, baina bere denboratxoa hartuta gero, beti bezala. Hark alde egin ondoren, pijama eta txabusina eta ehizakapelua jantzi eta idazlanari ekin nion.

        Kontua zen ezin nuela gogora ekarri gela bat edo etxe bat edo zer edo zer Stradlaterek esandako eran deskribatzeko. Ez nau gehiegi txoratzen gelak eta etxeak deskribatzeak, nolanahi ere. Beraz zera egin nuen, nire anaia Allieren beisbol-eskularruaz idatzi. Oso gai deskriptiboa zen, bai horixe. Nire anaia Alliek jokalari ezkertientzako eskularrua zuen. Bera ezkertia zen eta. Baina zera zuen hark deskriptiboa, poemak zituen idatzita hatzetan eta poltsikoan eta edonon. Tinta berdez. Zelaian zegoenean eta bateatzeko inor ez, irakurgairik izateko idatzi zituen han. Orain hilda dago. Leuzemiaz hil zen Mainen geundela, 1946ko uztailaren 18an. Gustatuko zitzaizuen hura. Ni baino bi urte gazteagoa zen, baina berrogeitamar bat aldiz azkarragoa. Izugarri azkarra zen. Irakasleek eskutitzak eta eskutitzak idazten zizkioten beti amari, esanez zelako gauza ederra zen klasean Allie bezalako mutila izatea. Eta ez esate hutsagatik, halaxe pentsatzen zutelako baizik. Baina ez zen familiako azkarrena izatea bakarrik. Atseginena ere bazen, alde askotatik. Inoiz ez zen inorekin haserretzen. Ilegorriak oso erraz haserretzen omen dira, baina Allie sekula ez, eta oso ile gorria zuen. Hara zelako ile gorria zuen. Hamar urte besterik ez nuela hasi nintzen golfean jokatzen. Gogoan dut behin, hamabi urte izango nituen uda hartan, lehen kolpea jotzera joan eta bihozkada bat izan nuela, bat-batean jiratzen banintzen baietz Allie ikusi. Hala egin eta halaxe gertatu, han zegoen hura bizikletan eserita hesitik kanpo —hesi bat zegoen ibilbide osoan zehar—, hantxe egon hura eserita, ehun eta berrogeitamar bat yardatara nire atzean, lehen kolpea nola jotzen nuen begira. Halakoxe ile gorria zuen hark. Jaungoikoa, eta zelako mutil atsegina! Otorduetan zerbait bururatu eta algara batean hasten zen, ia-ia aulkitik erortzeraino. Hamahiru urte besterik ez nituen, eta psikiatragana bidali nahi izan ninduten, garajeko leiho guztiak hautsi nituelako. Ez da haien errua, inolaz ere ez. Garajean egin nuen lo hura hil zen gauean, eta leiho guztiak puskatu nituen ukabilaz, egite hutsagatik. Geltokiko bagoiaren leiho guztiak ere saiatu nintzen puskatzen, baina eskua hautsita neukan ordurako, eta ezin. Inozokeria zen, bego, baina ia ohartu ere ez ni zer ari nintzen, eta zuek ez zenuten ezagutzen Allie. Eskuan min izaten dut oraindik noizean behin, euria egiten duenean, eta ezin dut ukabildu —gogor, esan nahi dut— baina honetaz aparte ez zait askorik axola. Alegia, ez naizela zirujaua edo bibolinjolea edo antzeko ezer izango inolaz ere.

        Nolanahi ere, horretaz egin nuen Stradlateren idazlana. Allieren beisbol-eskularruaz. Nirekin neukan, nire maletan, eta beraz atera eta han idatzitako poemak kopiatu nituen. Egin behar nuen guztia Allieren izenik ez jartzea zen, inork ez zezan jakin nire anaiarenak zirenik eta ez Stradlaterenak. Ez ninduen txoratzen hura egiteak, baina ezin gogora ekarri deskriptiboa zen beste ezer. Gainera, gustatu zitzaidan hartaz idaztea. Ordubete eman nuen. Stradlateren idazmakina kaxkarra erabili behar izan nuen, eta trabatu eta trabatu egiten hura. Nirea ez nuen erabili, korridorearen bestaldeko tipo bati utzia nion eta.

        Hamar t'erdiak inguru bukatu zuenean. Ez nengoen nekatuta, ordea, eta pixka bat leihotik begira egon nintzen. Ez zuen elurrik ari, baina noizean behin autoren bat entzuten zen arrankatu ezinik. Ackleyren zurrunga ere entzuten zen dutxako gortinetatik zehar. Sinusitisa zuen eta ezin arnasa oso ondo hartu lo zegoenean. Zer ez zuen hark. Sinusitisa, bikorrak, hortz zikinak, halitosia, azkazal nazkagarriak... Pena sentitu behar putakume ero harengana.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia