4. KAPITULUA

 

        Ez nuen aparteko zereginik eta, beraz, garbigelara joan eta berriketan hasi ginen hark bizarra kendu bitartean. Bakarrak ginen garbigelan, oraindik denak partiduan zeuden eta. Bero izugarria zegoen han, eta leihoak lurrunduta. Hamar bat konketa ziren, denak lerro-lerro hormaren kontra. Stradlater erdi aldeko batean zegoen. Aldamenekoan eseri eta ur hotza ireki eta itxi hasi nintzen, nik dudan ohitura nerbioso bat. Stradlater «Song of India» txistukatzen hasi zen bizarra kendu bitartean. Txistu sarkor eta gozagaitz horietako bat zuen, eta beti aukeratzen zuen txistukari ona izanda ere zaila zen kantaren bat, «Song of India» edo «Slaughter on Tenth Avenue» bezalakoak. Zeharo hondatzen zuen kanta.

        Gogoan duzue lehen nola esan dudan Ackley modorro bat zela bere ohitura pertsonaletan? Bada, Stradlater ere bai, baina beste era batean. Stradlater ezkutuko modorroa zen. Beti zuen itxura ona, baina ikustekoa zen, adibidez, nolako labainarekin ari zen bizarra kentzen. Erabat herdoilduta zegoen eta bitsez eta ilez eta zikinez beteta. Ez zuen sekula garbitzen. Hark itxura ona beti prestaketak bukatzean, baina hala ere ezkutuko modorroa zen, nik bezala ezagutu behar zenukete. Ea zergatik apaintzen zen hain itxura ona izateko? Bere buruaz itsu-itsu maiteminduta zegoelako. Mendebaldeko Hemisferioko tiporik guapoena zela uste zuen hark. Nahiko guapoa zen, ezin esango dugu ezetz. Baina gehien bat guapo klase horretakoa, gurasoek Urteko Liburuan argazkia ikusi eta berehala esango lukete «Nor da mutil hau?». Urteko Libururako moduko guapoa, alegia. Penceyn asko ezagutzen nituen nire ustez Stradlater baino guapoagoak zirenak, baina ez ziren guapo agertzen Urteko Liburuan argazkiak ikusita. Sudur-handi edo belarriak kanpora agertzen ziren. Askotan gertatu zait hori.

        Nolanahi ere, Stradlater bizarra kentzen ari zen konketaren aldamenekoan eserita nengoen, ura ireki eta itxi. Artean jantzita neukan kapelu gorria, bisera atzeraka eta abar. Sekulako testa nuen kapelu harekin.

        — Aizak —esan zuen Stradlaterek—, egingo al didak fabore handi bat?

        — Zer? —nik, ez oso pozik. Beti ari zen fabore handiren baten eske. Hartu guapo bat, edo primerakoa dela uste duen norbait, eta beti ari dira fabore handiren bat eskatzen. Bere buruarekin txoratuta daudenez, uste dute besteok ere txoratuta gaudela, eta ez dakit zer emango genukeela berari fabore bat egiteagatik. Xelebrea da alde batetik.

        — Kanpora al hoa gauean? —esan zidan.

        — Agian bai. Agian ez. Ez zekiat. Zergatik?

        — Historiako ehun bat orrialde zeuzkat irakurtzeko astelehenerako. Zergatik ez didak ingeleseko idazlan bat egiten? Gorriak ikusi behar ditiat astelehenerako eginda ez badaukat. Horregatik eskatzen diat. Zer diok?

        Hura xelebrekeria, hura.

        — Ni nauk hemendik bota behar duten bakarra, eta hik zer eta idazlan bat egiteko eskatzen didak? —esan nuen.

        — Bai, bazekiat. Baina kontua duk gorriak ikusiko ditudala egiten ez badut. Porta hadi lagun baten moduan, adiskide. Bai?

        Ez nion berehala erantzun. Suspentsea ona da Stradlater bezalako sasikumeentzat

        — Zertaz?

        — Edozertaz. Deskriptiboa den edozer. Gela bat. Edo etxe bat. Edo heu bizi izandako lekuren bat edo antzeko zerbait, badakik. Deskriptiboa goitik behera.

        Aharrausi handia egin zuen hura esaten ari zela. Horrexek izorratzen nau ni. Alegia, norbait fabore handi baten eskean ari zaidala, justu orduantxe, aharrausi egiteak.

        — Ez ezak ondoegi ere egin —esan zuen—. Hartzell putakumeak ingelesean primerakoa haizela pentsatzen dik, eta bazekik nire gela-laguna haizela. Esan nahi diat ez jartzeko komak eta zer guztiak beren lekuan.

        Horrexek ere ez nau bada gozo jartzen. Alegia, bat idazten ona izan eta norbait komei buruz hitz egiten hasteak. Stradlaterek beti egiten zuen hori. Zera nahi zuen hark, besteok pentsatzea bera idazten eskasa izatearen arrazoi bakarra koma guztiak okerreko lekuan jartzea zela. Horretan bazuen Ackleyren antza. Behin Ackleyren ondoan egon nintzen eserita saskibaloi partidu bat ikusten. Elementu izugarri bat genuen taldean, Howie Coyle, kanpo erditik ere ez taula ez ezer ukitu gabe sartzen zituena. Ackleyk partidu osoa eman zuen esaten Coyleren gorpuzkera saskibaloirako propio egina zegoela. Jainkoa, horri bai diodala gorrotoa!

        Handik pixka batera aspertu nintzen konketa gainean eserita egoten, eta pauso batzuk atzeratu eta klakean hasi nintzen, gogoak hala emanda. Neure burua dibertitzen ari nintzen. Egia esan, ez dakit klakean, baina harrizko zorua zegoen garbigelan, eta espeziala zen klakerako. Filmeetako tipo horietako bat imitatzeari ekin nion, musikal horietako batean bezala. Pozoia bezala gorrotatzen ditut filmeak, baina sekulako testa izaten dut imitatzen. Stradlater ispilutik begira zegoen bizarra kendu bitartean. Nik behar dudan guztia publikoa da. Exibizionista hutsa naiz.

        — Gobernadorearen semea nauk —esan nuen. Zorabiatzen ari nintzen, klakean hara eta hona—. Aitak ez dik nahi ni dantzari izatea. Oxfordera bidali nahi naik. Baina odolean zeramat klakea.

        Stradlaterek barre egin zuen. Ez zuen umore-senik falta.

        — Ziegfield Follies-eko lehen gaua duk —gero eta arnasa estuagoa nuen. Ez naiz batere hats luzekoa—. Lehen dantzariak ezin dik jarraitu. Mozkor-mozkor eginda zegok. Beraz, nor hartzen dutela haren ordezkoa egiteko? Neu. Gobernadorearen semetxoa.

        — Nondik atera duk kapelu hori? —esan zuen Stradlaterek. Ehizakapelua alegia. Ordura arte ohartu ez hura.

        Arnasa hartu ezinda nengoen nolanahi ere, eta adarra jotzeari utzi nion. Kapelua erantsi eta laurogeita hamargarren aldiz edo begiratu nion.

        — New Yorken eskuratu diat goizean. Dolar batean. Gustatzen?

        Baiezkoa egin zuen buruaz.

        — Kristorena —esan zuen. Koipea ematen ari zitzaidan, jakina, ondoren hauxe esan baitzuen—: Aizak, egingo al didak idazlana? Jakin egin behar diat.

        — Astirik badut egingo diat. Ez badut, ez —esan nion. Atzera joan eta berriz ere konketa gainean eseri nintzen, haren aldamenean—. Norekin hoa gaur? —galdetu nion—. Fitzgeraldekin?

        — Adarrik ez, hi! Esan nian, zerri horrekikoak egin ditiat denak.

        — Bai? Pasaidak niri, motel. Benetan. Niretzako modukoa duk.

        — Har ezak... zaharregia duk hiretzat.

        Bat-batean eta inolako arrazoirik gabe, egia esan, adarra jotzeko umorean nengoela besterik ez, konketatik saltatu eta Stradlateri nelson-erdi bat egiteko gogoak eman zidan. Hau lutxalibreko atxiki bat da, ez badakizue, kontrarioari lepotik heldu eta itotzeko, nahi izanez gero. Hori egin nuen. Pantera batek bezala egin nion salto gainera.

        — Nahikoa diagu, hi, Holden, ze kristo habil! —esan zuen Stradlaterek. Ez zuen brometarako gogo handirik. Bizarra kentzen ari zen—. Zer nahi duk, buruan matxura egitea?

        Ez nuen askatu, hala ere. Nahiko nelson-erdi ona egin nion

        — Askatu hadi heu atxiki honetatik —esan nion.

        — Jesukristo —bere labaina utzi eta bat-batean besoak gora jaso eta atxikia hautsi zidan. Oso indartsua izan hura, eta ni berriz oso ahula.

        — Tira, nahikoa diagu —esan zuen. Berriz ere bizarra kentzen hasi zen. Birritan kentzen zuen bizarra beti, dotore egoteko. Bere labaina zikinaz.

        — Nor duk neska, Fitzgerald ez bada? —galdegin nion. Berriz ere konketan eseri nintzen, aldamenean—. Phyllis Smith polita?

        — Ez. Hala izan behar zian, baina nire ahalegin guztiak pikutara joan dituk. Orain Bud Thaw-en neskaren gela-laguna diat... Hara, ia ahaztu ninduan, ezagutzen hau.

        — Nork? —esan zuen.

        — Nire neska horrek.

        — Bai zera! Nola dik izena? hura bai zela interesgarria.

        — Pentsatzen ari nauk... A bai, Jean Gallagher. Motellak, ia-ia bertan zerraldo erori nintzen hori esan zuenean.

        — Jane Gallagher —zuzendu nion. Jaiki ere egin nintzen konketatik hori esan zuenean. Ia-ia bertan zerraldo erori nintzen—. Zuzen hago, ezagutzen diat, bai. Aldameneko etxean bizi huen igazko udan. Dobermann Pinscher handi bat zian. Halaxe ezagutu nian. Zakurrak gure jardinean sartzeko ohitura zian...

        — Argia kentzen didak, Holden, arraioa! —egin zuen Stradlaterek—. Hortxe egon beharra al daukak?

        Motellak, bero-bero nengoen.

        Non zegok bera? —galdegin nion . Jaitsi eta kaixo edo zerbait esan behar niokek. Non zegok? Eranskinean?

        — Bai.

        — Nolatan aipatu nau? B.M.ra joaten al da orain? Hara joan behar zuela esaten zian. Shipleyra joan behar zuela ere esaten zian. Uste nian Shipleyra joan zela. Nolatan aipatu nau? —oso urduri nengoen.

        — Ez zekiat, arraioa. Mugituko al haiz? Nire xukaderaren gainean hago —esan zuen Stradlaterek. Haren xukadera aluaren gainean nengoen eserita.

        Jane Gallagher! —esan nuen, neure buruaz jabetu ezinean—. Alajaina!

        Stradlater Vitalis ari zen jartzen ilean. Nire Vitalisa.

        — Dantzari ona duk —esan nuen— baleta egiten dik. Egunero pare bat orduz jarduten zian, baita berorik handienarekin ere. Kezkatuta zegoan zangoak itsusituko ote zitzaizkion, lodi-lodi jarri, alegia. Dametan jokatzen nian harekin beti.

        — Zertan jokatzen huela?

        — Dametan.

        — Dametan! Arraioa!

        — Bai, ez zian damarik mugitzen. Zera egiten zian, dama bat zuenean, mugitu ez. Atzealdeko ilaran utzi eta kito. Denak azkeneko ilaran lerro-lerro edukitzen zizkian. Gustatu egiten hari nola egoten ziren denak lerro-lerro azken ilaran.

        Stradlaterek ez zuen ezer esaten. Kontu klase hau ez zaio interesatzen jende gehienari.

        — Haren ama eta gu klub berekoak ginen —esan nuen. Noizean behin caddy bezala jarduten nian, diru pixka bat ateratzeko. Haren amarekin pare bat aldiz jardun nian. Ehun eta hirurogeitamar bat kolpe behar izaten zian bederatzi zulorekikoa egiteko.

        Stradlaterek ez zuen zipitzik aditzen. Bere txima ederrak orrazten ari zen.

        — Jaitsi eta gutxienez kaixo esan behar niokek —esan nion.

        — Joan hadi, bai.

        — Berehala joango nauk.

        Lerroa egiten hasi zen berriz. Ordubete inguru behar hark ilea orrazteko.

        — Aita eta ama dibortziatuta zeudean. Ama berriro ezkondu huen alproja mozkor batekin —esan nion—. Tipo flakosta bat, zango iletsukoa. Gogoan diat. Beti zegoan praka motzetan. Janek esaten zuenez,antzerki-idazlea edo horrelako zerbait izan behar zian, baina nik edaten ikusten nian denbora guztian, eta misteriozko programa guztiak entzuten irratian. Eta etxean zehar ibiltzen, biluzik. Berdin zioan Jane inguruan bazen ere.

        — Bai zera! —esan zuen Stradlaterek. Huraxe interesatzen zitzaion benetan. Alproja moxkortzioa biluzik etxean zehar, Jane inguruan zebilela. Sasikume sexuzalea zen Stradlater.

        — Haurtzaro tristea izan zian. Ez diat txantxetan esaten.

        Hura Stradlateri interesatzen ez, ordea. Sexuzko zerak interesatzen bakarrik hari.

        — Jane Gallagher, handia duk gero! —ezin inolaz ere neure buruaz jabetu—. Jaitsi eta kaixo esan behar niokek gutxienez.

        — Eta zer arraio hago bada hemen, hori esan eta esan? —Stradlaterek.

        Leihora joan nintzen, baina ez zegoen kanpoa ikusterik, lurrunduta zegoen dena garbigelako beroagatik.

        — Orain ez negok aldartean —esan nion. Ez nengoen eta. Aldartean egon behar da halako gauzetarako—. Uste nian Shipleyra joan zela. Zin egingo nian Shipleyra joan zela.

        Garbigelan zehar hara eta hona ibili nintzen pixka batean. Ez neukan beste zereginik.

        — Gustatu al zaiok partidua? esan nion.

        — Bai, hala uste diat. Ez zekiat.

        — Kontatu al dik beti ari ginela dametan jokatzen?

        — Ez zekiat. Ze kristo, ezagutu besterik ez diat egin barren! —Stradlaterek. Bukatua zuen ile ederraren orrazketa. Garbiketarako zer zikin guztiak erretiratzen ari zen.

        — Aizak, emaizkiok goraintziak nire partetik.

        — Ondo zegok —esan zuen Stradlaterek, baina ia seguru nekien ez zizkiola emango. Stradlater bezalako tipoek ez diote inoiz ematen goraintzirik jendeari.

        Gelara itzuli zen, baina ni garbigelan geratu nintzen pixka batean, Janez pentsatzen. Gero gelara itzuli nintzen neu ere.

        Sartu nintzenean, Stradlater gorbata janzten ari zen ispilu aurrean. Bizitza erdia ematen hark ispilu aurrean. Besaulkian eseri eta begira egon nintzaion pixka batean.

        — Aizak —esan nion—, ez gero esan bota egin nautela, e?

        — Ondo zegok.

        Stradlaterek horixe zuen ona. Hari ez zegoen dena azaldu beharrik, Ackleyri bezala. Batez ere, nik uste, ez zegoelako oso interesaturik. Horra zergatik. Ackleyrekin desberdina zen. Ackley sasikume sudurluzea zen oso.

        Nire txamarra jantzi zuen.

        — Kontuz gero, ez ezak dena emanda utzi, e? —esan nion. Birritan besterik ez nuen jantzia.

        — Ez diat emanda utziko. Non arraio zeudek nire zigarroak?

        — Mahai gainean.

        Inoiz ez zuen jakiten gauzak non uzten zituen.

        — Tapaukaren azpian.

        Txamarraren poltsikoan sartu zituen. Neure txamarraren poltsikoan, alegia.

        Ehizakapeluaren bisera aurreraka jarri nuen, aldatzeagatik. Urduri samar sentitu nintzen bat-batean. Oso urduria naiz.

        — Aizak, nora joango zarete? —galdegin nion—. Ba al dakik?

        — Ez zekiat. New Yorkera, astia badugu. Bederatzi t'erdiak arteko baimena besterik ez dik sinatu, kristo!

        Ez zitzaidan gustatu hura nola esan zuen.

        — Ba al dakik zergatik egingo zuen hori? Seguru asko ez zian jakingo nolako sasikume dotorea eta atseginadiak artekoa eskatuko zian.

        — Jakina —Stradlaterek. Ez zen erraza hura bere onetik ateratzea. Harroegia zen—. Orain serio. Egidak idazlan hori —esan zidan. Txamarra jantzita zeukan, eta gertu zegoen alde egiteko—. Ez hadi erotu, deskriptibo hutsa egin ezak. Bale?

        Ez nion erantzun. Ez nuen gogorik. Esan nion guztia hauxe izan zen:

        — Galdegiok ea oraindik azkeneko ilaran gordetzen dituen bere dama guztiak.

        — Ondo zegok —esan zuen Stradlaterek, baina banekien ez ziola galdetuko—. Hago lasai —eta ateari danbateko ederra emanez atera zen gelatik.

        Hantxe eserita geratu nintzen ordu erdi batez, hark alde egin eta gero. Besaulkian eserita alegia, ezer egin gabe. Janez pentsatzen jarraitu nuen, eta Stradlaterekin zuen zitaz eta abar. Oso urduri jarri nintzen, ia erotzeraino. Esan dizuet zelako sasikume sexuzalea den Stradlater.

        Bat-batean, Ackley sartu zen berriro, dutxako gortinetatik zehar, beti bezala. Behingoagatik poztu egin nintzen hura ikustean. Beste zer hartatik aldentzen zidan gogoa.

        Han geratu zen afalordura arte, Penceyn gorrotatzen zituen guztiez hizketan, eta kokotseko bikor handi bat lauskitzen. Ez zuen erabiltzen bere mukizapia. Ez dut uste mukizapirik eduki ere egingo zuenik, egia jakin nahi baduzue. Nik behinik-behin sekula ez nuen ikusi bat erabiltzen.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia