1. KAPITULUA

 

        Hau benetan aditu nahi baduzue, lehenengo zera jakin nahiko duzue beharbada, non jaio nintzen, eta nolakoa izan zen nire haurtzaro kaxkarra, eta zertan ari ziren nire gurasoak eta hori dena ni jaio aurretik, eta David Copperfielden antzeko kakazahar guzti hori, baina ez dut gogorik horretan sartzeko. Batetik, zer horrek aspertu egiten nau, eta bestetik, nire gurasoei ondoeza egingo litzaieke beren gauzak azalduko banitu. Oso sentiberak dira horrelakoetan, batez ere aita. Jatorrak dira, ez dut ukatzen, baina baita zera baino sentiberagoak ere. Gainera, ez noakizue nire autobiografía malapartatu osoa edo horrelakorik kontatzera. Justu azken Eguberriak inguruan gertatu zitzaidan zer txoro hura da zuei kontatzera noana, jota geratu eta atseden hartzera hona etorri aurrekoak, alegia. Esan nahi dut hau dela D.B.ri kontatu nion guztia, eta hori neure anaia izanda. Hollywooden dago. Hura ez dago urrunegi leku txatxar honetatik, eta ia asteburu guztietan etortzen zait bisitatzera. Berak eramango nau etxera, agian datorren hilean etxeratuko naiz eta. Oraintxe erosi du Jaguar bat. Traste ingeles horietako bat, orduko hirurehun bat kilometro egin dezakeena. Ia-ia lau mila dolar kostatu zitzaion. Orain diru pila dauka. Lehen ez zeukan. Idazle arrunt bat besterik ez zen etxean zegoenean. Istorio laburrez osatutako liburu izugarri bat idatzi zuen, Arraingorri Ezkutua, beharbada adituko zenuten.

        Onena «Arraingorri ezkutua» izeneko istorioa zen. Arraina bere diruz erosi eta inori ikusten uzten ez zion ume batez ari zen. Seko jota utzi ninduen. Orain Hollywooden dago D.B., bere burua merke salduta. Ezeri gorroto badiot, filmeei diet galanta. Ezta aipatu ere gero horiek niri.

        Nik Pencey utzi nuen egunetik hasi nahi dut kontatzen. Pencey Pennsylvaniako Agerstownen dagoen eskola bat da. Seguraski entzuna duzue. ikusiko zenituzten iragarkiak, nolanahi ere. Mila bat aldizkaritan iragartzen dute, zaldi gainean tipo bat azaltzen dela beti, aparta, hesi gainetik salto egiten. Penceyn egiten den guztia poloan jokatu eta poloan jokatu balitz bezala. Nik ez nuen zaldirik behintxo ere ikusi inguru haietan. Eta zaldi gaineko tipoaren azpian honela dio beti: «1888tik ari gara mutilak gizon gazte bikain buruargi moldatzen». Txorakeria hutsa. Penceyn ez dute beste edozein eskolatan baino gehiago moldatzen. Eta nik ez nuen ikusi inor bikain eta argi eta guzti hori zenik. Beharbada bi tipo. Asko jota. Eta seguraski horrelakoak ziren Penceyra etortzerako.

        Dena dela, Saxon Hallen kontrako futbol partiduaren larunbata zen. Saxon Hallen kontrako partidua gauza handitzat jotzen zen Penceyn. Urteko azken partidua zen, eta zeure burua urkatu edo horrelakoren bat egin beharra zenuen derrigor gure Penceyk irabazten ez bazuen. Gogoan dut arratsaldeko hirurak aldean Thomsen Hill gainean nengoela, Independentziaren Gerraren garaikoa den kainoi baten ondoan. Zelai osoa ikusten zen handik, eta han zehar bi taldeak egurra majo partitzen. Ez zegoen tribuna nagusia oso ondo ikusterik, baina garrasi batean entzuten zenituen Penceyren aldeko guztiak, zeren eta ia eskola osoa ni ezik hantxe baitzen, eta ahul eta indarge

        Saxon Hallen aldekoak, zeren eta talde bisitariak nekez ekartzen baitzuen jenderik berekin.

        Futbol partiduetan ez zen inoiz neska askorik izaten. Bakarrik zaharrenei uzten zitzaien neskak ekartzea. Izugarrizko eskola zen, edozein aldetatik begiratuta. Niri noizean behin neska bat edo beste ikusten duzun lekuan egotea gustatzen zait, berdin zait besoei atximurka edo zintz egiten edo txilioka edo horrelako zerbaitetan ari badira ere. Selma Thurmer, zuzendariaren alaba, sarri samar agertzen zen partiduetara, baina hura ez zen inondik ere desioz erotzen zaituen tankera horretakoa. Neska sinpatikoa zen, hala ere. Behin haren ondoan eseri nintzen Agerstowneko autobusean eta nola edo hala hizketan hasi ginen. Gustatu zitzaidan. Sudur handia zuen eta azkazalak zeharo janda eta odoletan bezala, eta zer parea zeharo markatzen duten betegarri alu horiek zituen jantzita, baina errukia edo antzeko zerbait ematen zizun. Gustatzen zitzaidana, hura ez zitzaizula hau eta bestea hasiko, aita nolako tipo bikaina zen kontatzen. Seguraski bazekien ustel modorro bat besterik ez zela.

        Thomsen Hillen egotearen arrazoia, behean partiduan egon ordez, zera zen, New Yorketik iritsi berria nintzela eskrima taldearekin. Neu nintzen eskrima taldearen arduraduna. Ederra kontua. Goiz hartantxe joanak ginen New Yorkera McBurney eskolakoekin eskriman jokatzera. Baina zera, ez zen ezpata jokorik izan. Ezpatak eta ekipamendua eta zer guztiak ahaztu nituen metro malapartatu hartan. Ez zen nirea izan erru osoa. Planoari etengabe erreparan joan beharra neukan, non jaitsi behar genuen jakiteko. Beraz, ordu bi t'erdiak alderako Penceyn ginen atzera bueltan, afalordurako itzuli beharrean. Talde osoak egin zidan hutsunea bueltako bidean. Dena dela, xelebrea izan zen hura.

        Behean jokoa ikusten ez egoteko beste arrazoia zera zen, Spencer zaharrari, historiako irakasleari, adio esatera nindoala. Gripea edo izan behar zuen, eta errezeloa neukan seguruenik ez nuela berriz ikusiko Eguberrietako oporrak hasi aurretik. Ohar bat idatzi zidan esanez etxera joan baino lehen ikusi nahi ninduela. Jakinean egon hura, ez nintzela Penceyra itzuliko.

        Ahaztu egin zait horretaz hitz egitea. Ostikoa eman zidaten. Bazirudien ez nintzela itzuliko Eguberrietako oporren ondoren, lau asignatura suspenditu eta ez saiatzeagatik. Sarritan ohartarazten zidaten saiatzen hasteko —batez ere hiruhilabetekoen erdialdera, gurasoak Thurmer horrekin hitz egitera etortzen zirenean— baina ez nuen halakorik egiten. Beraz, bota egin ninduten. Penceyn sarri samar kaleratzen dute jendea. Oso maila akademiko ona du Penceyk. Halaxe da, bai.

        Nolanahi ere, abendua zen, eta txakurraren muturra baino hotzago zegoen, batez ere muino alu haren gainean. Nire sira besterik ez neraman aldean, ez eskularrurik ez beste ezer. Aurreko astean norbaitek ostua zidan ganbelu-ilezko berokia gelatik, eskularruak poltsikoetan zeudela. Pencey eskuluzez beteta zegoen. Zenbait tipo oso familia dirudunetatik etortzen ziren, baina hala ere eskuluzez beteta hura. Zenbat eta garestiagoa eskola bat, orduan eta eskuluze gehiago bertan, ez naiz txantxetan ari. Nolanahi ere, kainoi haren ondoan jarraitzen nuen, beheko partiduari begira eta freskura ederrean. Ez nion arreta handirik jartzen jokoari. Nola-halako agurren bat aurkitu nahi nuela eta, horrexegatik nenbilen han kanpoan noraezean. Esan nahi dut nik ikastetxe eta leku askotatik alde egin dudala alde egiten nuela jakin gabe. Horrek ematen dit niri amorrua. Bost axola agur tristea edo agur eskasa den, leku batetik alde egiten dudanean alde egiten dudala jakin nahi izan dut. jakin ezean, orduan eta okerrago sentitzen da bat.

        Zoria alde nuen. Bat-batean handik irten behar nuela sentiaraziko zidan zerbait gogoratu zitzaidan. Supituan. ni eta Robert Tichener eta Paul Campbell baloia jaurtitzen ari ginen aldi hura gogoratu zitzaidan, urri aldera, ikastegiaren aurrealdean. Tipo jatorrak ziren, batez ere Tichener. Afalaurrea zen justu-justu eta iluntzen ari zuen, baina baloiari eman eta eman jarraitzen genuen. Gero eta ilunago, eta apenas ikusten genuen baloirik, baina guk utzi nahi ez egiten ari ginena. Azkenean hala egin behar. Biologia irakasten zuen irakasle batek, Mr. Zambesik, atera burua ikastegiko leiho batetik eta logelara joateko eta afaritarako prestatzeko esan zigun. Baina nolanahi ere, zer guzti hauek gogoratzean, zerbait behar eta agur sentipen hori izaten dut; gehienetan behintzat bai. Hura sentitu bezain laster, buelta eman eta bestaldeko hegitik jaisten hasi nintzen, Spencer zaharraren etxerantz. Ez zen bizi campusean. Anthony Wayne Etorbidean bizi zen.

        Korrika joan nintzen bide osoan ate nagusirantz, eta gero segundo batez itxaron nuen arrasa oneratu arte. Hats laburrekoa naiz, egia jakin nahi baduzue. Batetik erretzaile amorratua naiz, nintzen, esan nahi dut: bertan behera utzi arazi zidaten. Bestetik, sei hazbete t'erdi hazi nintzen iaz. Hori dela eta izan nuen tuberkulosia eta etorri nintzen hona txekeoak eta zer guzti horietarako. Bestela nahiko osasun onekoa naiz.

        Dena dela, arrasa oneratu bezain laster, 204 autobidea gurutzatu nuen korrika. Izoztuta zegoen erabat, eta ia erori nintzen. Ez dakit zergatik nindoan korrika. Gogoa izango nuen, besterik gabe. Autobideaz bestaldera pasa ondoren, desagertzen-edo ari nintzela iruditu zitzaidan. Bazkalondo txoro horietako bat zen, hotz-hotza, eta eguzki arrastorik ez, eta desagertu egiten zinela iruditzen zitzaizun autobide bat gurutzatzen zenuen bakoitzean.

        Motellak, laster jo nuen ateko tinbrea Spencer zaharraren etxera iritsi nintzenean. Izoztuta nengoen. Belarriek min ematen zidaten eta hatzik mugitu ezin ia.

        — Ea ba! —esan nuen ozen samar—, ireki atea baten batek.

        Azkenean Mrs. Spencerrek ireki zuen. Ez zuten neskamea edo horrelakorik eta beti berek irekitzen zuten atea. Ez ziren dirudunak.

        — Holden! —esan zidan Mrs. Spencerrek—. Hau poza zu ikustea! Aurrera, maitea! Hotzak akabatzen zaude eta! —Uste dut pozik zegoela ni ikustean. Gogoko ninduen. Hala uste dut behinik behin.

        Motellak, laster sartu nintzen etxe hartan.

        — Zer moduz, Mrs. Spencer? —esan nion. Ez zidan entzun nola zegoen Mr. Spencer galdetzen. Gor samarra zen.

        Sarrerako armairuan utzi zuen nire berokia, eta nik ahal bezala orraztu nuen ilea eskuaz. Oso motz neukan eta ez zuen orraztu handiren beharrik .

        — Zer moduz zaude. Mrs. Spencer? —galdetu nion berriz, ozenago, berak entzuteko moduan.

        — Ederki, Holden —armairuko atea itxi zuen—. Zer moduz zaude zeu? —galdetzeko tankeran berehala igarri nion Mr. Spencerrek esana ziola espultsatu egin nindutela.

        — Ondo —esan nuen—. Zer moduz Mr. Spencer? Pasatu al zaio gripea?

        — Pasatu? Bai zera! Holden, zera bezala ari da portatzen... ez dakit zer... Bere gelan dago, maitea. Zoaz bertara.

 

 

© J.D. Salinger

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka" orrialde nagusia