41

 

        Eta haurrak ikasten hasi ziren; bakoitza leihodun gela batean, ohe urreztatuarekin, eta estalki zuriarekin, edredoi horiarekin neguan, zur argiko mahai txikia bere aulkitxo eta guzti. Ezkondu eta hurrengo egunean bertan esan zidan Antonik, bost minutu ere ez ninduela garbitzen ikusi nahi, bila nezala emakume bat etxeko lanak egiteko, goiz eta arratsaldez, eta neskame bat nahi banuen, bada, neskamea. Ez zela ezkondu arropa nork garbitu edukitzeagatik, baizik eta familia bat izateko, eta familia pozik ikusi nahi zuela. Denetik geneukan. Arropa, platerak, kubiertoak eta xaboi usainduna. Eta nola negu partean logelak izoztuta eta beste hiletan nahikoa hotzak zeuden, bada, uda betean ezik, denok egiten genuen lo galtzerdiak jantzita.

        Andre Enriqueta bisita egitera etortzen zitzaidan, eta hara non lehenengo egunean bertan hasi zitzaidan ezkongaua nola joan zen galdezka, ea nola moldatu ginen egin ezinik, ea zer... Eta barrez ari zen. Lehenengo egunetan bata bestearen ondoan esertzen ginen sofa estalian, baina laster aldatu genuen eta nor bere besaulkian jartzen ginen, zeren, berak zioenez, sofan gehiegi hondoratzen zen eta kortsearen burdina bat galtzarpean iltzatzen zitzaion. Zangoak oso modu bitxian jarrita esertzen zen: hankak bata bestearen ondoan baina belaunen parean apur bat bereizita, gorputza tente, bere apo-aho harekin eta kukurutxo antzeko sudurrarekin. Gauza guztiak erakutsi nizkion, kalera eramateko jantziak eta etxean egotekoak ere bai, eta esan zidan denda batek ezin zuela eman hainbeste gauza erosteko, Antonik izango zuela dirua, eta nik erantzun nion ez nekiela. Eta bionboak erabat txunditurik utzi zuen. Holakorik asmatzea ere, esan zuen. Eta etxeko lanak egiteko emakume bat neukala esan nionean ondo merezia nuela erantzun berak. Rosa deitzen zela kontatu nion, eta andre Enriqueta, lantzean behin goizago etortzen zen, Rosa ikusteko, batik bat arropa plantxatzen zuen egunean —sofa estaliko gelan plantxatzen baitzuen beti—, hura plantxan ikustera. Alde egiten zuenean, denda aldetik ateratzen zen eta Antonik, lehen egunetik bertatik, gaileta zorro bat, txikia, ematen zion egunero, eta horrela bereganatu zuen, eta ondo bereganatu ere, ezen, etortzen zen bakoitzean Antoniz bakarrik hitz egiten zuen eta berea balitz baino maitekiroago begiratzen baitzion.

        Egun batean arratoi koxkor bat harrapatu genuen. Arratsaldearen lehen orduan topatu genuen. Neroni konturatu nintzen. Garrasi egin nuen eta guztiak atera ziren patiora. Bere kasa disparatzen diren tramankulu horietako batek harrapatu zuen, erditik juxtu-juxtu. Eta lehertua zegoen, eta tripak odolez nahastuak, eta beheko zulotik mutur antzeko zerbait zeukan agerian eta arratoikume baten muturra zen. Fin-fina zen: kolorea, atzaparrak eta tripako larruaren zuria, zeharo zuria ez zen arren hala ematen zuena, gorputzeko beste ataletakoa baino argiagoa baitzen. Hiru liztor zeuzkan odolari itsatsiak, hurbildu ginenean batek hanka egin zuen, guk uxatua nonbait, baina segituan itzuli zen. Hirurak ziren beltz-beltzak, distira urdin eta gorriekin, garai batean Quimetek deskribatzen zuen deabruaren tankera berdinekoak, eta pizti hilaz asebetetzen ziren, Quimeten esanetan deabruak euli itxuraz ibiltzen zenean egiten zuen lez. Baina aurpegia beltza zuten eta Quimetek esana zidan deabruak, euli itxuran ibiltzen zen arren, aurpegia garrez gori-goria zeukala. Eta eskuak ere bai. Ez genezan benetako euliekin nahas. Eta Antonik, hain kokildurik geundela ikusita, tranpa eta arratoia brastakoan hartu, kalera atera, eta estoldako zulotik behera bota zuen dena.

        Antoni asko maite zuten haurrek, eta ni ondo hartuko ote zuten beldurrez... Mutilak batik bat. Neskatila bestelakoa zen: berekoiagoa. Baina mutila, etxeko lanik ez bazuen, beti zebilen atzera eta aurrera Antonirekin eta Antonik zerbait agindu ezkero, pozik egiten zuen. Eta Antonik bazkalondoan egunkaria irakurtzen bazuen, haurra, pixkanaka hurbildu eta, egunkaria irakurtzeko aitzakiaz, alboan jartzen zitzaion.

 

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus