16

 

        Eta orduan zera hura heldu zitzaigun. Noizean behin Quimeti jartzen zitzaion larridura moduko bat. Hau larridura dudana!, zioen, baina zangoa ez zuen aipatzen. Bakarrik zerbait jan ondoren jartzen zitzaion tristura; nahiz eta jan ondo egiten zuen, gogoz egin ere. Mahaian esertzen zenean dena ondo zihoan, baina bukatu eta handik bi minutura berriz larridura... Lana urritzen hasia zen dendan eta nik pentsatzen nuen agian larridura lan urriarena ez aipatzearren esaten zuela. Goiz batean, ohea desegiten ari nintzela, Quimetek lo egiten zuen aldean, tripa antzeko zerbait, heste zati bat ertzak uhin modukoak zituena aurkitu nuen. Gutun-paper batez bildu eta Quimet etorri zenean erakutsi nion eta botikara erakustera eramango zuela esan zidan; eta esan zuen baita ere, hestea bada nireak egin du. Arratsaldean ezin nuen gehiago eta haurrak hartu eta dendara joan nintzaion. Quimet haserretu egin zen, ea zertara joan ginen galdetu zigun, eta nik handik suertatu ginela erantzun; baina segituan ulertu zuen eta aprendiza haurrentzako txokolate bila bidali zuen. Aprendizak atea bere gibelean itxi bezain laster esan zidan, mutil horrek ez du deusik jakin behar, zeren bost minutu barru harriek ere jakingo bailukete. Eta botikan zer esan zioten galdetu nion eta zizare handi bat zeukala, etxe bat adinakoa, behin ere ikusi zuten handiena, esan omen zioten. Botika bat eman ziotela zizarea hiltzeko. Eta berriro esaten dit, mutilak txokolatea ekarri bezain pronto zoazte hemendik, gauean hitz egingo dugu. Itzuli zen aprendiza txokolatearekin. Mutikoari pusketa bat eta neskatilari pittin bat bakarrik eman zien, justu miazka zezan, eta etxe aldera abiatu ginen. Gauean etxeratu orduko esan zidan, atera afaria agudo, botikariak asko jan behar dudala esan dit, bestela zizareak berak ni jango nau eta. Eta afalondoan neu nintzen eutsi ezineko larridura zuena eta Quimetek botika igandean hartuko zuela eta zizarea derrigor osorik bota behar zuela, bestela, botatzen ez bazuen, burutik isatsaren puntaraino oso-osorik, berriz haziko zitzaiola, bi arra bete luzeagoa gainera. Galdetu nion ea ba al zekiten zizareak nolako luzeak izan zitezkeen eta, neurri askotakoak omen daude, erantzun zidan, norberaren adinaren eta izaeraren arabera omen da, baina lepoak bakarrik hamar arra bete edukitzen du.

        Cintet eta Mateu Quimetek botika nola hartzen zuen ikustera etorri ziren, baina berak alde egiteko eskatu zien, bakarrik egon behar zuela. Handik bi ordutara trantsitoan gora eta behera zebilen, non zegoenik ere ohartu gabe, txalupan baino are okerrago da hau, zioen. Eta marmartzen zuen, botika orain botatzen badut, orduan neke guztiak alferrik, eta nabaritzen zuela nola ari zen zizarea borrokan botika gonbita zezan botagura eraginka. Haurrak aingeruak bezala lo zeudela eta niri begiak ixten zitzaizkidala eta logaleak akabatzen bazterretan nenbilela, bota zuen zizarea. Gure bizitzan estreinakoz ikusten genuen alea zen: arrautzarik gabe egindako zopa-pasta kolorea zuen eta mermelada poto batean jarri genuen alkoholetan. Cintet eta Quimeten artean halako moldez ipini zuten non, haria bezain fina zuen lepoa goraka ondo biribilduta geratu zen, eta burua, orratz bat bezain meharra, edo aukeran are meharragoa, tente goialdean. Apal baten gainean utzi genuen eta gutxienez astebete luze eman genuen zizareaz hitz egiten. Eta Quimetek esaten zidan biok berdintsuak ginela, nik bi haur eta berak hamabost metroko zizare bat egin genituelako. Arratsalde batean beheko dendako andrea bisita egitera igo zen eta bere aitonak gauza bera izan zuela kontatu zigun, eta zurrunga egitean itolarria sartzen zitzaiola eta eztulka jarduten zela, zizareak burua ateratzen zuelako ahotik gora. Ondoren terrazara usoak ikustera igo ginen, asko gustatu zitzaizkion, eta pozik joan zen. Baina etxeko atea irekitzerako neskatilaren negar biziak aditu nituen, etsi-etsita sehaskan besoei amorruz eragiten: bere gainean zizarea zeukan, eta kendu nionean eta mutilari ipurdiko bat ematera nindoalarik, korrika, barre algaraka nire aurretik pasa zen, zintzilikario gisan zizare pusketa bat zeramala.

        Quimetek harrapatu zuen haserrealdia ezin da esplikatu ere egin. Jo egin nahi zuen mutila, nik ordea uzteko, errua geurea zela, zizarearen potoa gorago ez uzteagatik. Ritaren eztarrian ziba sartu zuen egunetik gauza jakina zela aulkiarekin leku askotara irits zitekeela. Cintetek esan zion, egon lasai, laster beste zizare bat bere poto eta guzti edukiko duk, egiten ari baitzait dagoeneko. Baina gezurra zen.

 

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus