1

 

        Julieta goxodendara propio etorri zitzaidan, lore-sortaren zozketa baino lehenago kafeterena egingo zutela esatera; ikusiak zituela berak: politak oso, zuriak, laranja pintatu batez, bitan ebakia eta atalak bistan zituena. Nik ez nuen dantzara joateko gogorik, ezta ateratzeko ere, eguna goxoak saltzen eman bainuen, eta hainbeste urrezko kordel estutu eta hainbeste korapilo eta txibista egitearen egitez behatz puntak minberak neuzkan. Eta Julieta ondo ezagutzen nuelako, aski baitzitzaion hari hiru orduko loa, eta berdin zitzaion lo egin edo ez egin. Baina nahitaez lagundu behar izan nuen, halakoa izaki ni, norbaitek zerbait eskatu eta ezetz esan beharra ezin bainuen sufritu. Zuriz nindoan oinetatik bururaino. Soinekoa eta azpiko gona biak almidoiztatuak, oinetakoek esne txurrut bat iduri, belarritakoak esmalte zuriko, eskumuturrean hiru aro belarritakoen tankerari zegozkionak eta poltsa zuri bat, Julietaren ustez hulezkoa, krisketa urrezko maskor antzekoa zuena.

        Plazara iristerako musika hasia zen. Sabaia kolore guztietako lore eta paperez zegoen apaindua: paperezko zintzilikario bat, lorezko zintzilikario bat. Lore batzuek argia zuten barruan eta sabaiak ahuspez jarritako aterki bat zirudien, zintzilikarioen muturrak erdialdean baino gorago baitzeuden loturik. Azpiko gonaren gerriko gomak, kateorratzak aurrera egin nahi ez zuelako pasatzeak hainbeste lan eman zidanak, botoi ttipi eta harizko xilderi batez loturik, estutu egiten ninduen. Gerrian arrasto gorri bat nuen ordurako. Noizean behin arnasa sakonki hartzen nuen, goma zabaltzearren, baina haizea ahotik atera ahala han nuen berriro gomaren martirioa. Musikarien oholtzak luma-landareak zituen hesi moduan buelta osoan, eta luma landarea bera paperezko lorez zegoen apainduta eta alanbre mehez loturik. Musikariak izerditan eta mahukutsik zeuden. Ama aspaldian nuen hila, beraz ezin niri lagundu eta aita beste batekin berrezkondua zegoen. Aita beste batekin ezkondua eta nik zer nahi hura emateko bizi zen amarik gabe. Eta aita ezkonduta eta ni gaztetxo eta bakarrik Diamantearen Enparantzan, kafeterak noiz zozketatuko zain, eta Julieta bere ahotsak musikari gaina har ziezaion oihuka: kontuz, ez hadi eseri, soinekoa ximurtuko dun eta!, eta begien aurrean bonbilak lorez apainduak eta lorezko xingolak irinez itsatsiak eta mundu guztia kontentu, eta horrela ilargian nengoela, ahots batek xuxurlaka:

        — Dantza egingo al dinagu?

        Ia oharkabean, ez nekiela erantzun nion eta beste alderantz jiratu nintzen. Aurpegi batekin egin nuen topo, hain gertu zegoen non zer itxura zuen ezin nion ondo ikusi, baina mutil aurpegia zen. Ez din axolarik, esan zidan, ni oso ona naun horretan eta erakutsiko dinat. Pere gizarajoa etorri zitzaidan burura, ordu haietan Colon-go sotoan sartuta sukalde lanetan mantal zuriarekin baitzegoen, eta zer bururatuko eta esaten diot:

        — Eta nire senargaiak jakiten badu?

        Gazte hura are hurrerago jarri zitzaidan eta barrez esaten dit:

        — Horren gaztetxoa eta senargaia dagoeneko?

        Eta barre egitean ezpainak luzatu eta hortz guztiak agerian jarri zitzaizkion. Tximino begiak zituen eta alkandora zuri marra urdinduna zeraman, maukak bildurik ukalondoen parean eta lepoko botoia askatua. Eta mutil hark bat-batean bizkar eman zidan eta hanka puntan jarrita mugitu zen batera eta bestera eta nigana itzuli zen berriro eta esan zidan, barkatu, eta hasi zen oihuka! Aizue!... nire jaka ikusi al duzue? Musikarien ondoan zegoen ba! Aulki batean! E!... Eta esan zidan jaka kendu ziotela eta segituan zetorrela eta ea mesedez itxoingo nion. Oihuka hasi zen: Cintet! Cintet!

        Julieta, hori biziz jantzita, brodatu berde batzuekin, ez dakit nondik atera zen eta esan zidan: jarri hadi aurrean, oinetakoak kendu behar dizkinat eta... ezin dinat gehiago... Erantzun nion ezin nintzela mugitu, bere jakaren bila joana zen mutil batek nola nirekin dantzatu nahi zuen eta itxaroteko eskatu zidala. Eta Julietak esan zidan: segi dantzara, segi. Bero egiten zuen. Umeek itxaferoak eta petardoak botatzen zituzten kale kantoietan. Lurrean sandia-pipitak ikusten ziren lurrean eta bazterretan sandia azalak eta garagardo botila hutsak eta terrazetan ere pizten zituzten itxaferoak. Eta balkoietan. Aurpegiak ikusten nituen izerdiz dirdirka eta musuzapia aurpegitik pasatzen zuten mutilak. Musikariak joka pozik. Apain-apain jarria dena. Eta pasodoblea. Dantzan gora eta behera aurkitu nintzen eta gertu neukan arren urrutitik baletor bezala aditu nuen mutil haren ahotsa esaten, ikusten nola badakinan dantzan? Eta izerdi sarkorraren usaina sumatzen nuen eta perfume lurrunduarena. Eta tximino begiak dir-dir neureen parean eta belarriaren domina aurpegiaren alde bakoitzean. Gomazko zinta gerrian iltzatua eta nire ama hilda eta niri aholkurik eman ezinik, zeren mutil hari esan bainion senargaia Colon-en neukala sukaldari, eta berak barre egin eta erruki zuela zeren urtebete barru ni bere emaztea eta bere erregina izango bainintzen. Eta sorta-dantza elkarrekin Diamantearen Enparantzan dantzatuko genuela.

        — Nire erregina, esan zuen.

        Eta esan zidan urtebete barru bere emaztea izango nintzela eta nik begiratu ere ez niola egin, eta orduan begiratu nion eta berak: ez begiratu horrela, lurretik jaso beharko naute eta, eta orduantxe esan nion tximino begiak zituela eta barreari eman zion. Zintak gerrian aiztoa zirudien eta musikariek, Tarari! Tarari! Eta Julieta inon ez zen agertzen. Desagertua. Eta ni uzten ez ninduten bi begi haiek aurrean nituela, mundu osoa bi begi bilakatu eta ihes egiterik ez balego bezala. Eta gaua izarren gurdiarekin aurrera zihoan eta festa ere aurrera eta sorta bera eta sortarekiko neska ere bai, urdinez goitik behera, jira-biran... Nire ama Sant Gervasiko kanposantuan eta ni Diamantearen Enparantzan... Orduan gozokiak saltzen al ditun? Eztia eta konfitura? Eta musikariek, nekatuta, tramankuluak estalkien barrura jasoz eta atzera berriz atera behar gero auzoko batek bals bat guztientzat ordaintzen zuelako, eta denok ziben moduan dantzan.

        Musika bukatu zenean jendea ateratzen hasi zen. Nik Julieta galdu nuela esan nion eta mutil hark esan zidan

        Cintet galdu zuela; gero erantsi zuen: jende guztia etxeratua eta kaleak jenderik gabe daudenean, guk biok bals bat Diamantearen Enparantzan hanka puntan dantzatuko dinagu... jira eta bira... Colometa. Begiratu nion oso minduta eta izena Natalia nuela gogorarazi ere bai, eta aire izena Natalia zela esan nionean are barre gehiago egin zuen eta nik izen bakarra izan nezakeela erantzun zidan: Colometa. Orduan eman nion korrikari eta bera nire atzetik: ez hadi izutu gero... entzun, ez al dun ikusten ezin ibili haizela bakarrik kaletik, lapurtu egingo hautela!, eta besotik heldu zidan eta geldiarazi: ez al haiz konturatzen lapurtu egingo hautela, Colometa?... Eta ama hilda eta ni han tuntunarena egiten eta gomazko zinta nire gerria estutu eta estutu, luma-lore adaska bati alanbrez loturik balego bezalaxe.

        Eta berriro eman nion korrikari. Eta bera nire atzetik. Dendak itxiak jada eta aurrealdeko pertsianak ere behean eta denda-leihoak gauza geldiz beteak, hala nola tintontziak eta xurga-paperak eta postalak eta panpinak eta arropa zabaldua eta antoisinak eta artilezko zamarrak... Kale Nagusira jo genuen, ni gorantz eta bera nire atzetik, biok lasterka, eta, urteen buruan oraindik kontatzen zuen: Colometa, Diamantearen Enparantzan ezagutu nuen egunean, hasi zen korrika eta tranbearen geltokian bertan danba!, azpiko gona lurrera erori zitzaion.

        Harizko xilderia hautsi eta han gelditu zitzaidan azpiko gona. Salto egin nuen gainetik, la behaztopa egiteko zorian, eta lasterka bizian alde egin nuen infernuko deabru guztiak segika izango bainituen. Etxera heldu eta ohean etzan nintzen ilunpean, nire ezkongaietako ohean, letoizko hartan, harri bat banintz bezalaxe. Lotsak nengoen. Lotsaturik egoteaz aspertu nintzenean ostiko batez oinetakoak kendu eta ilea askatu nuen. Eta Quimetek, urteen buruan, oraindik gauza gertatu berria bailitzan kontatzen zuen, gomazko zinta hautsi zitzaion eta tximistaren pare zihoan korrika...

 

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus