SEDAZKOA ZIRUDIEN
Haize-egun batean, irailaren hondarrean gogoan ez dudan urte batean, sartu nintzen lehenengo aldiz belarraren kanposantura; ez bertan norbait nuelako, baizik eta kanposantuko bake giroa sentitzearren, eta batez ere, begiak hautsez betetzen eta gona eramaten zizkidan haizearengandik ihes egiteagatik. Nik maite nuen hildakoaren aurpegia egunero ikusten nuen paretan, baina ezin nion konpainiarik egin. Bere anaiek herrian eman nahi izan zioten lurra, bertako kanposantuan zulo bat zutelako, eta herria urruti zegoen; trena hartu beharra zegoen, nik ez nuen txartela erosteko adina diru, eta handik aurrera gero eta gutxiago izango nuen, begiak nekatzen hasiak nituen eta; arratsaldez bakarrik egin nezakeen lan, eta iritsiko zen etxez etxe jostera joaterik izango ez nuen eguna.
Kanposantuan ez zegoen kalean bezainbeste hauts, baina haizearen hegoek guztia dardarazten zuten. Ez dakit nongo zulotatik, loreak oraindik freskuak zituen koroi bat erori zen, eta jiraka zihoan sorta txiki bat gelditu zitzaidan oinen parean. Goialdean irudiak zituzten hilobien artetik paseatzen nintzen. Bazegoen bat irudirik gabe eta etxetxo bat zirudiena: borobila, teilak zituela, untzez estalita eta hain pita zaharrez inguratua ze beldurra ematen zuten. Utzi nuen hura atzean eta, zerbaitetan pentsatzen ari nintzelako, gelditu egin nintzen bide babestuenetako baten erdian.
Zetorrenik ere sentitu gabe, hego-kolpe bat bezalako haize bolada batek lurrera botako ninduen zuhaitz enbor bati heltzeko betarik izan ez banu. Txistuka eta hostoak harrotzen pasa zen haize bolada, nitaz barrez arituko balitz bezala. Bide-erdian zutik eta geldirik zera pentsatzen nuen: lurra, nahiz eta kolore desberdinekoa izan, munduko edozein partetan lurra dela, eta lur guztia berdina baldin bada, ni nengoen kanposantukoa eta nire hildako gaixoa lo zegoenekoa berdinak zirela. Kontsolatu ninduen aurkikunde honek. Zuhaitza olibondo bihurrituenetako bat, haize guztien hegoek makurtua eta martirizatua utzi nuen, lehenengo kolpetik gustatu zitzaidan hilobi xume bat ukitzeko; harria eguzkiak eta ihintzak karraskatua zegoen eta nik abandonatuaren itxura hartu nion. Ukitu egin nuen nerea izan zedin. Gaineko harlauza eta hildakoaren izenarekin atzealdean altxatzen zenaren tarteko zirrikituan, loretxo horiak ematen zituen belar mordoxka hazten zen. Haiek hain distiranteak ziren ze portzelanezkoak ziruditen. Hildakoaren izena ia ezin zen irakur. Nire hildako gaixoari gustatuko zitzazkion. Eta harrezkero ezin nituen burutik atera: eguzki printza bakoitzean, neska baten lepoko horian, banderen urrezko marretan... ikusten nituen. Kontatu nion argia itzali orduko paretan behazun mantxa batetik ateratzen zen aurpegiari: lehendabizi begiak eta ahoa. Kopeta eta masailak, haragizkoa zen guztia, apur bat beranduxeago ateratzen zen. Eta hantxe egoten zen, erdi ezabatua, enbarazurik egin gabe, ez garrasirik ezta ihes egiteko gogorik ere eman gabe. Batzuetan negar egiten zuen. Aurpegi guztia keinu batean desegiten zen, eta eskubiko begitik malko bat ateratzen zitzaion, distiratzen eta dardarka apur batez egon ondoren, azkenean isuri eta masailatik behera irristatzen zitzaiona. Baina biharamunean, egunez, ez zen ezertxo ere ikusten paretan.
Ez zaizkit batere gustatzen etxe santu honetara jatera datozen bisitak. Azken aldiz izan dadila! Oraindik ikusi gabe nuen lur-emailea, nahiz eta gutxi gora-behera astebete pasatxo, haize egunaz geroztik, egunero-egunero kanposantura joateko ohitura hartuta nengoen; baina nonbait berak berehalaxe jo ninduen begiz, zeren nik bitan bakarrik jan nuen ogi puxka bat eta txokolatea hilobian eserita, etxera joaten hainbeste denbora ez galtzearren. Aditu ez banio bezala begiratu nion eta berak marmarka alde egin zuen, argala eta zimurtua, hostoz betetako karretila bultzatuz. Ez zidan batere graziarik egin. Loretxo horiek harriaren letrak estaltzeko moduan jarri nuen belar mordoska; ahal izan banu neronek ezabatuko nituen, nik sinetsi nahi nuena sinesten eragozten zidatelako: nik maite nuen hildakoa, neure neurea, bertan lurperaturik zegoela alegia. Noizean behin lore bat eramaten nion: batzuetan handia, besteetan txikia. Izkinako lore saltzaileak ezagutzen ninduen, eta nik sekulan eskatu ez banion ere, zilarrezko paperez bilzen zidan, politago izan zedin. Belaunikatu, lorea ondo ipini, eta atzera egiten nuen olibondotik begiratzeko, enborra beso batez inguraturik. Errezatu egiten nuen. Egiaz, ezin daiteke zuzen zuzen esan errezatzen nuenik, zeren sekulan ez baitut otoitz oso bat errezatzerik izan; euli baten hegadak ere distraitzen nau. Edo beste edozerk berdin, nahiz eta ez mugitu. Noizbait pentsatzen nuen nola izango ote zen barruko ezezagun hila, kaleetan zehar jantzita eta arnasa hartzen zebilen garaian. Edo bestetan Jesusekin hitz egiten nuen, ze estanpetan ikusi bezain pronto maite bainuen. Izpiritu Santuarengan pentsatzeak ordea, beti eman zidan barregura, zeren zer eskatuko diozu, bada, aberetxo bati? Nire Jesus, lagun iezadazu lorea erosteko gauza izaten, eta egizu lur-emaileak ez diezadala errietarik egin. Eta batzuetan, bere aitak armario eta aulkitxoak egiten zituen bitartean mundutik oinutsik ibilia zen mutil rubio eta atseginarekin hitz egin ordez, urrutiko zeruak zer-nolako urdina ote zeukan jakiteko irrika bizian nengoen ni, eta gauean, begiz begi niri so zegoen paretako aurpegiari neuk ere begiratuz, zeru zati bat hartzen nuen eta nere gainetik zabaltzen nuen.
Domu Saindu eguna hurbilduz zihoan baina astebete lehenago utzi nion kanposantura joateari, errota bat ematen zuelako. Hilobi eta zuloen garbiketan ari ziren familiez zegoen betea, eta krisantemo eta lili sortak zeramazkieten beren maite gaixoei. Hain beharrezkoa nuen joatea ze ezin nuen bizi: putzu sakon batean sartu izan banindute eta argia bukatu izan balitz bezala zen. Ametsetan nituen belarra, burdina koloreko piten arantzak, pasea-lekuko altzifreak alde banatan lerroturik. Itzultzea erabaki nuenean hegoak neuzkan oinetan. Bideko sarreran bat-batean gelditu eta eskuan neraman lorea erori zitzaidan. Ez nuen nere hilobia ezagutzen. Norbaitek urrez zipristindutako pintura, ez beltza ez grisa batez birmargotua zegoen, eta harlauzen tartean ez zegoen belarrik; petalo hori bakan batzuk ximeltzen ari ziren harriaren gainean. Hiru hartu nituen. Petaloak eskuan nituela, zer egin ere jakin gabe, olibondora hurbildu nintzen erdi tontaturik eta bertan negar eta negar, ilundu arte. Herabe nintzen alde egiteko, ibiltzen hasi orduko derrigorrez ezbeharren bat gertatuko zitzaidalakoan, baina hotza eta begietan hazkura nuen. Abiatu aurretik inguruari begiratu nion: gozoa eta arina zen dena, baina hanka bakoitzean ehun kiloko karga nuen. Eta agian ordurako lur-emaileak atea itxita izango zuela neure buruari atsekabez esaten nion bitartean, hego-hotsa aditu nuen altzifreen gainetik, sasi artean txoritzar batek hankak katigatu eta ihes egin nahi eta ezin balu bezala. Eta altxatu zen haizea.
Gau hartan gaizki egin nuen lo: traba egiten zidaten maindireek, besoek, paretako aurpegiak, guztiak egiten zidan traba. Jaikitzerakoan oheratzean baino nekatuagoa nengoen, baina halere ni inork ez bildurtzeko erabat deliberatua; loretxo horiak izango zituen beste belar mordoxka berria landatuko nuen harlosen tartean. Bazeuden kanposantuan zehar ibiltzeke nituen bideak, belarrez beteak egon behar zutenak, seguruenez. Eta haziko zenean, euriteen poderioz ezabatuz joango ziren letrak estaltzeko moduan jarriko nuen belarra. Ustegabeko zerbait nuen zain: lore sorta bat goiza bezain gazteak denak, larrosa kolorekoak, zegoen hilobiaren gainean. Biriketan haize falta nuelako besarkatu nuen olibondoa arnasestuka. Astiro astiro oskarbi zegoen zerua lainotu zuen, eta euri jasa hasi zuenean, arretaz lur-emaileak ikus ez nintzan, suge habi bat balitz bezala lore sorta hartu eta sastraka artean izkutatu nuen.
Ez nuen sosegurik hartzen; loreak nork eraman zituen eta belarra nork erauzi zidan ea aurkitzen nuen joaten nintzen kanposantura ordu desberdinetan. Eta inoiz holakorik izan ez zela, eta errudun bakarra lur-emailea zela sinesteko zorian nengoenean, krisantemo zuri dozena batek, zinta zuri distirante batez lotua eta harlosa gainean utzita, gaixoarazi ninduten. Lurrean erdi belaunikaturik, ni naizen guzti hau olibondoaren kontra, eusten nien intziriei eta malkoak edaten nituen. Lore bakar bat eraman nezakeen nik. Ez dakit zenbat ordu emango nituen bertan, baina halako batean, zeruak otso-eztarri itxura hartu zuen eta konturatu nintzen berandu zela, eta otso-eztarri haren aurrean, itzal bat, hego handi bat zabaldua? mugitzen zen apur bat, baina ilunbearekin hain nahastuta ze neure buruari esan nion zentzumenek huts egiten zidatela, ikusten nuena ez zela egia, zeren etsipenak hartuta eta hilobia kendu zidatelako pentsamendu bakarrarekin bizi nintzenez geroztik, ez nuen paretako aurpegia gehiago ikusi. Nire hildako gaixotxoa ez zen nitaz gogoratzen; ezin zuen. Neu nintzen berataz gogoratzen zena. Nire buruari animo pixka bat ematearren esan nion ia ahots altuan: amets bat da. Eta hegoa ere bai, eta baita neu ametsaren barruan ere, dena gezurra zen... Nire buruaren gainean bertan benetako hego-burrunba batek kokilduarazi egin zidan; eta haize bufada batek hileak harrotu zizkidan. Kanposantuaren barruan nago entzerratuta. Oinak non jarri ere ez nenkiela, nekez ikusten nituen bideetan barrena eta muturrak hautsiko nituela pentsatuz, korrika egiteari eman nion. Itxita zen atea. Gaua hego eta itzal-zaraten artean eta hildakoekin pasa behar nuelako izuturik, adarrak intziri arazten zituzten batek daki nondik zetozen haize bolada haien artean, altxa nituen begiak zerurantz gupida eske, eta horrela nengoen bitartean, gora begira, ateko burdinak kirrikatu egin ziren. Ikus ezin nezakeen norbaitek ireki zuen atea. Eskerrik asko nire Jesus.
Gau osoa pasa nuen kanposantura berriro itzuli bai ala ez-eko kezkarekin neure buruari sufriarazten. Gauzak areago biribiltzeko, egunsentian arima erratuen gurdia agertu zitzaidan. Ilargirantz zihoan hegan, eta gaiztoak izan zirenak, igo nahi zuten unean bertan, erortzen ziren goitik behera, zintzo portatutakoak ordea, zeruko larreetan bazkatzen zuten eta kopetaren alde bateko hegoez zoriontsuen belarra jaten zuten azkar azkar.
Biharamunean gaixo nintzen; zozoturik nenbilen etxean alde batetik bestera, zer egin jakin gabe, ezta zer nahi nuen edo zeren bila nenbilen ere, buruko haria korapilatua eta galdua nuen. Afaltzeko zoparik gabe gelditu nintzen: erreta. Bizitzaren kontrako burruka hura gehiago ezin eramanik, izuaren orduan atera egin nintzen kalera. Guztiak, nire baitan, nahi ez nuenera eramaten ninduen. Azkar azkar nindoan kaleetan gora. Behin, sakonki arnasa hartu nuen batean galipot usainez bete zitzazkidan sudurraren bi zuloak. Hain geldi zegoen dena ze atzetik zetozkidatela konturatu bainintzen. Ez zen pauso hotsik aditzen, baina norbait zetorkidan atzetik. A bai! Zazpi haur ziren, guztiak gorpuzkera berdinekoak; begiak itxita eta aurpegia argizaiezkoa zuten. Beso bat luzatu izan banu bat uki nintzakeen. Nigandik gertuen zegoena, neu zazpi urterekin nintzen: patrikak zituen mantala eta artilezko galtzerdi beltzak neramatzan. Kanposantuaren aurrean, isiltasunez inguratua, hartu nuen berriro arnasa lehendabizi barrurantz eta gero kanporantz, izpiritu eta bihotza lasaituta. Lur-emailearen etxeko leiho batean ikusten zen argia, eta ordurako itxita zen atariaren erdia. Irristaka, neure burua ahal nuen bezain txikia eginez, kanposantuan barreneratu eta eskubitara hartu beharrean ezker aldera jo nuen: oso buelta handia eman beharko nuen eta derrigor lore ximelezko koroi-piloaren ondotik pasa, baina horrela ez nuen altzifrezko pasealekutik igaro behar izango: lur emaileak ikus nindukeen eta ez dut pentsatu ere egin nahi zer ez ote zidan esango. Gelditu egin nintzen hilobitik hurbil. Ordurako alde eginda ziren haurrak eta une batez bakardade hark min egin zidan. Belar izpirik ez hostorik ez zen mugitzen. Hain xamurra zen guztia ze ez nuen nahiko begi isiltasunari begiratzeko. Azkenez, besoak aurrerantz luzaturik esan nion ahopean inor-ez-i guzti hura nirea zela: hildakoaren lorategia, pareta batetik bestera eta barru-barruraino, sustrai sakonenetaraino, eta zeru iraulia ere, non hasten den jakiten ez dena eta are gutxiago non bukatzen den.
Ez zen krisantemoen arrastorik ikusten, baina nire besoa bezain luze eta mehe, gauza beltz bat distiratzen zen harriari itsatsita: luma bat zen. Nahiz eta irrika bizian nengoen, bitxia iruditzen zitzaidalako, ez nintzen ikutzen ausartzen, hain handia izateak izutzen baininduen. Zer-nolako hegok edo txori isatsek jasan ote zezakeen hura bezalako luma? Arnasarik hartu gabe belaunikatu nintzen eta ni begira eta begira, gehiago ezin arte, azkenez behatz bat pasatu nion gainetik bizpahiru aldiz: sedazkoa zirudien. Bai polita egongo zarela lorontzian sartuta esan nion. Etxera eramateko harrapatzera nindoala haize-boladarekin zetorren hego-burrunba batek, olibondora erorarazi ninduen. Eta dena aldatu zen. Hantxe nuen aingerua, beltz eta garai hilobiaren gainean. Adarrak, hostoak, zerua ere hiru izarrekin beste mundu batekoak ziren jadanik. Aingerua bera, hain geldi zegoen ze ez zirudien benetakoa; alde batera egin zen arte, erortzear, eta emeki-emeki, ni lokartzearren? Hasi zen kulunkan alde batetik bestera, alde batetik bestera, alde batetik bestera... Hura egiten sekulan ez zuela bukatuko pentsatzen hasia nengoenean intziri baten antzera joan zen gorantz ihesi, airea zulatuz, berriro lurruntsu lurra jo arte. Nigandik hiru arrabetera egon orduko, hanka egin nuen! Deabrudun baten modura nindoan hilobiak saihesten, sastrakarekin behaztopatuz, garrasi egiteko gogoari eutsiaz. Aingeruak bistatik galdua ninduelako uste osoarekin geratu egin nintzen, eskuak bularraren gainean jarrita, bihotzak ez ziezadan aldegin. Ai ene! aurre aurrean nuen, gaua bera baino garaiago, oso osorik hdeiez egina, hegoak oihalak bezain haundiak dardarka ari zitzazkiola. Nik begiratzen nion eta berak begiratzen zidan, eta horrelaxe puska batean, a zein luze! zoraturik elkarri begira. Begiratzeari utzi gabe beso bat luzatu nion baina erretirarazi egin zidan hego-kolpe batez. Zoaz amorruz zioen ahots batek, nirea ote zen jakin ez nuenak. Eta berriro besoa luzatu. Hego-kolpea! Erotu berria banintz bezala has nintzen garraxika: alde hemendik, alde hemendik, alde hemendik! Besoa hirugarren aldiz luzatu nionean pita batekin egin nuen topo. Presaka baina nola ez dakidala kukubilkatu nintzen landarearen atzean, aingeruak ikusi ninduelaren ziurtasunez. Ordurako zeru-erdian zegoen ilargi zatiak, sua txistukatzen zuen alboetatik. Arrastaka nindoan ar baten moduan, ukalondoen gainean, sabelaren gainean, non-nahi katigatzen nintzelarik, ez dakit nongo arantzekin jantziak urratuz, krask egiten zuen orbelaren gainean betiko lotan gelditzeko gogoz, nora joko ote nuen jakin gabe, ezta kanposantutik aterako ote nintzen ere. Buelta asko eman ondoren altzifreetaraino heldu nintzen: usain mingots batek eguzkiak berotutako mandarina-lorearena, nondik ote zetorren? zorabiatzen ninduen, eta begiak itxita aingerua hiltzearren, atzamarka egiten zidaten adartxoak alde batera eginez gelditu nintzen altzifre hurbilenaren ondoan. Mina nuen hegoek kolpatutako besoan, eta pitak masailean egindako ebakidurari odola zerion. Bideaz beste aldera, heriotza bezain geldi eta burua distira urdinez inguratuz, erne neukan aingerua. Ez nintzen gehiago mugitu. Beldurra baino indartsuagoa zen nekea.
Gauerdia al zen, ala gauerdia zela egiten nuen amets? Nire hildako gaixoa negarrez ari zen urrutian nik ahaztuta nuelako, baina ahots batek, ilargia zirudien igeltsu koloreko eguzki baten atzetik, esaten zidan aingerua bera zela nire hildakoa, hilobi barruan ez zegoela ezer: gizaki geldiren ez hezurrik, ez oroitzapenik ere. Ez nuen inolako lorerik erosi beharko, ez txikirik ez haundirik, ezta malko gehiago zurrupatu beharrik ere; neuk ere aingeru izateko ordua iritxi arte, barre besterik ez nuen egin behar... Halere, hegoak ez zitzazkidala gustatzen, lumak ez zitzazkidala gustatzen garraxika esateko gogoa nuen, adi ziezadala ahots izutuak ez nuela aingeru izan nahi... eta ezin nuen garraxirik egin. Ahotsak begira niezaiola agindu zidan. Esku bat bestearen gainean etzanik zeuden guztien izara bailitzan kanposantutik zehar hedatuz zihoan lanbroak ongi-izatez bete ninduen. Oso usain desberdinak zetozen: eztiaren eta izar argitan soilik hazten den belarrarena, baina ni ez nintzen jadanik altzifrearen ondoan, hilobiz inguratutako plaza txiki batean baizik. Aingerua, hegoak lurrean zabaldurik zurezko eserlekuan zegoen eserita, jaiotorduz geroztik nire zain balego bezala, eta gogoratzen naiz pentsatu nuela: hegoak horrela baldin badaramatza edonola arrastaka, erori egingo zaizkio lumak eta gero galduko ditu kanposantutik zehar. Gero eta zuri eta lodiago zen lainoak izozten zizkidan hankak, eta aurrerantz zihoan. Lainoa ez, ni. Intzigarrezko maldatik behera irristatzen nintzen. Nahi gabe, begiak gainetik kentzen ez zizkidan aingeruarengana nindoan hurbilduz, eta aldamenean izan ninduenean, oso-osorik altxa zen ilargia buruz ukituz, eta belar usaina, ni lurperatuz zihoan lur beltz eta onaren usain bihurtzen zen, zernahi landatzen duzuela ere fruitu emango dizuen horretakoa. Ur murmurioa aditzen zen hilobi eta hosto hilen artetik, ez dakit zerezko hari bat ikusten zen distiran, eta aingerua zabaltzen eta zabaltzen hegoak, eta ondo ondoan eduki ninduenean bere gozotasuna nirearekin nahasten zela sentitu nuenean... ezingo dut inoiz ulertu zergatik izan nuen nire burua babestua sentitzeko hainbesteko beharra. Aingeruak, nonbait igarri zidan, bildu ninduen bere hegoez, estutu gabe, eta ni, beldurrak airean, ukitu egin nituen seda aurkitzeko, eta betiko gelditu nintzen han barruan. Inon ez banengo bezala. Harrapatuta...
© Mercè Rodoreda © itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal