PARETA HURA, MIMOSA HURA
Barre handia eman zien nire lagunei Miquelek ni uztea: bazterrak korritzeari eman zion. Itzuliko zela esan zuen, eta itzuliko dela esaten didate oraindik, baina hau dioten bitartean sekulan gehiago ez dudala ikusiko pentsatzen dute. Eta neuk ere horixe pentsatzen dut. Zeren Miquelek... berehala nahi zuen elkarrekin oheratzea eta nik ez nuen batere gogorik. Nik jolasean aritzea besterik ez nuen nahi. Baina nola neska ona naizen, ez nuen ezetz esaterik izan, amore ez banuen ematen bide okerretik joango zela esaten baitzidan. Agian, egunen batean itzuliko da, eta itzultzen bada, ez dut ezta erregalatuta ere nahiko. Ezta urrezkoa bueltatzen badidate ere. Nire lagun guztiek jakin nahiko luketeena da ea zergatik nagoen pozik burutik beherakoa daukadanean. Izorra daitezela! Harrituta uzten ditu ni kantuka ikusteak zakur eztula eta sudurra iturri bat bezala ur dariola dudanean. Ez diet soldaduak gustuko ditudala inoiz esan, ezta baten bat ikustean mamiak urtutzen zaizkidala ere. Oinetako handi eta zamarra haiekin ikusten ditudanean, halako pena bat datorkit... Mantazko jantziez doaz jantzita eta bero dagoenean ejerzizioak eginarazten dizkiete, mantaz jantzita. Baina batzuk, txapela begi aldera apur bat okertua daramatenean... Hirunaka doazenean pasieran eta ondotik pasatzen zaizkien neskei gauzak esaten lagun-minez direlako, lurrik gabeko landareak bezalakoak dira. Eta herritik etorriak direnak, a zein lagun-minez diren! Ama-minez, jateko eta bizitzeko eraren minez. Iturrira ur bila joaten diren nesken-minez, eta gauza guztien minez dira. Eta gainean jartzen dieten manta horiekin, errematatzeko. Hirurak zihoazen, eta ni soineko arrosa bizia nuela paseatzen nintzen; lepoaren inguruan lotuta zapi txiki bat, soinekoaren kolore berekoa hondar batekin egina zelako. Eta kareizko pasadore bat, pirata lazo batekin ile onda bat biltzen zidana. Hirurak gelditu ziren nire aurrean eta bidea hautsi zidaten, orduan batek, aurpegi borobilekoak, ea tranbia txartel bat ote nuen eta erregalatuko ote nion. Ez nuela tranbia txartelik, erantzun nion nik, eta beste soldaduak esan zuen: zaharra izanda ere, berdin dio. Eta biak elkarri begira, barrez, baina urrutixeago gelditu zenak ez zuen ezer esaten. Orezta bat zuen masailaren goialdean, eta beste bat txikiagoa lepoan, belarrondoan; kolore berekoak ziren: lur ilunekoa. Tranbia txartela nahi zuten biek galdetu zidaten ea nola nuen izena, eta nik berealaxe esan nien, ez bainuen zergatik ezkutatu behar... Esan nien: Krisantema, udazkeneko lorea nintzela esan zidaten eta gezurra zirudiela, hain gazte izanik, udazkeneko lore izatea. Oraindik txintik egin gabe zegoen soldaduak esan zien besteei, goazen, nahikoa da, eta haiek erantzun, egon pixkatean, Krisantemak kontatuko digula zer egiten duen astegunetan, eta azkenean, ohitzen hasi nintzenean, alde egin zuten barrez, eta hitzik ere esan gabe zegoena, handik pixkatera, ondoan jarri zitzaidan; lagunak utziak zituela eta beste egunen batean ni ikustea gustatuko litzaiokeela esan zidan, bere herriko Jazinta izeneko neska baten antza nuelako... Galdegin zidan: zein egunetan? Eta nik erantzun nion: ostiralean, ilunabarrean. Nagusiak Tarragonara iloba ezagutzera joan zirenean gertatu zen hau, etxea zaintzen eta andre Carlotaren zain utzi ninduten, Valentziatik zen etortzekoa... Esan nion non nengoen neskame eta apunta zezala, baina ez zuen apuntatu, oso buru onekoa zela esan zidan, eta zain nuen kalean ostiralean, eta nik ezin dut adierazi nolako gauza arraroa korritzen zitzaidan ez dakit nondik, agian zainetatik, agian larrutik, ez dakit, baina oso gauza arraroa zen, nik pentsatzen bainuen lagun-minak eraginda zela ni ikusi nahi hura.
Bi ogi txiki erditik ebakiak eta barruan haragi erre xerratxoa sartuta eraman nituen eta paseatzen pixka bat ibili eta gero ea gosez ote zegoen galdegin nion, kendu nien papera ogiei eta eman nion bat; hura jateko, zuhaitz eta arrosaondoen adarrak kanporaino ateratzen zitzazkion lorategi bateko paretaren kontra jarri ginen. Nik hozka eta tiraka jaten nuen; berak ez. Eskuarekin hartzen zuen imurtxikada bat ogi eta imurtxikada bat haragi eta sartzen zituen ahoan. Herrikoak oso finak dira batzuetan. Pixkana-pixkana jaten zuen, eta niri gosea pasa zitzaidan begiratuz nola jaten zuen. Ez nuen nire ogitxoa bukatzerik izan, eman nion berari, eta, jan egin zuen. Angel zuen izena, beti gustuko izan dudan izena. Egun hartan ez genion elkarri ia ezer esan. Baina ezagutu ginen ondo. Eta etxeratzean, haur koadrila batek egin zigun iseka eta oihu: ezkonduko dira, ezkonduko dira! Txikienak hauts eskukada bat bota zigun, eta Angel haurraren atzetik joan zen, zeren haurrak Angel hurbiltzen ari zitzaiola ikusi zuenean, korrika egiteari ekin baitzion; belarrietatik heldu eta tira egin, pixka bat bakarrik eta lasaiki, ikaratzearren, eta kalabozoan itxiko zuela eta ondoren soldaduen sukaldera sartuko zuela, eta patata zuriarazi egingo ziola bi urtean segidan, esan zion. Lehenengo egunean ez zen besterik gertatu.
Bigarren egunean pasa ginen berriro kale hartatik, zati bat eroria zuen paretari iltzaturik gelditu ginen berriketan. Aurrean, beste aldean, langa zuten etxetxo errenkada bat zegoen, eta burdin hesia zuen leiho bat langaren alde banatan. Beti zeuden itxita, bertan bizi zirenek atzekaldean egiten zuten bizitza nonbait, hantxe zitzten galeria eta lorategia. Behin, pareta ondoan geundela eta zerua gauzak oraindik ezabatzen ez dituen gau-urdin kolorekoa zen batean, piztu zituzten farolak eta goian genuen arbola mimosa bat zela ikusi nuen. Loratzen hasi berria zen eta loretan iraun bitartean oso polita izan zen: mimosa on horietakoa, errauts koloreko hosto gutxikoa, eta borobiltxo txiki baina askokoa, adar bakoitzak hodei bat zirudien. Ze, badaude ere hosto gogorrezkoak eta lorea ar bat bezain luzea, hosto baino lore gehiago... Farolaren argitan mimosaren adarrak zerutik etorriak ziruditen... Ohitu ginen farolak piztu baino lehenago jaten eta nik beti eramaten nituen bi ogitxo haragi errearekin barruan. Berak pixkana-pixkana eta imurtxikadaz jaten zuen bitartean niri lepoko oreztan musu bat emateko gogoa etortzen zitzaidan.
Ilunabar haietako batean apain joateagatik perla koloreko sedazko txanbra jantzi nuen baina hoztu nintzen, etxera iristerako begiak negartsu nituen eta burua erdibitzen zitzaidan. Biharamunean botikara joan nintzen, etxekoandreak joanarazi egin zidan, esan zuenez katarroa baino gehiago gripea zen harrapatu nuena. Botikako mutilak oso begi argiak zituen, grisaxkak. Ez dut inoiz suge-begirik ikusi, baina ziur nago botikari haren begiak sugeenak bezalakoak zirela. Udaberriko katarroa nuela esan zidan. Sedazko txanbrarekin mimosa baten azpian ordu pare bat eman nuela kontatu nion. Eta berak esan zidan: polenagatik da, ez zaitez gehiago mimosa baten azpian jarri. Arratsalde batean, Angel eta biok pareta ondoan geundela, buru bat ikusi nuen kantoi gertuenaren aldean. Ez ziren nire irudipenak, ez zen buru ebaki bat, ez. Gizon gazte baten burua zen. Gauean, izkinako buruaz pentsatzean, nik ikusi nuela bera erreparatu arte guri begira egon zen hartaz, ezaguna nuela iruditu zitzaidan eta ia zin egin nezakeen Angel lehen aldiz ikusi nuenean, tranbia-txartela eskatu zidaten hartan, berarekin zihoan soldadu haietako batena zela. Esan nion Angeli eta berak ezetz, ezinezkoa zela, biak soldaduska bukatuta eta herriratuak zeudela. Huraxe izan zen ikusi nuen azken eguna. Harrezkero ez dut gehiago ikusi. Askotan joan nintzen paretara itxoitera, eta azkenez utzi nion joateari, baina egun batzuetan sufritzen nuen pentsatzen agian bera hantxe zela... Ez zidan inoiz musurik eman. Eskutik heldu besterik ez, puska batean helduta eutsi, mimosa azpian. Behin, jan ondoren, hainbeste denboraz eta hain sakonki begiratu zidan, ze galdetu nion ea zeri begiratzen zion, eta bera kuskurtu egin zen, esanez bezala: neronek jakin ahal banu! Eman nion nire ogitik zatitxo bat eta niri begira euki nuen pixka batean. Katarroak bizi guztirako iraun nahiko balu bezala iraun zidan; batzuetan erabat sendatuta ematen zuen, baina berriro bizkortu egiten zen: kilimak sudurrean eta doministikuka, eta gero gaueko estulaldiak. Eta ni pozik. Gero, botikara joaten nintzenean, nahiz eta azido borikoaren bila joan, botikako mutilak betiko leloa: kontuz mimosarekin... Eta orain katarroarekin nagoenean paretan harrapatu berria balitz bezala da, oraindik bera hantxe balego bezala...
Gero Miquelek distraitu ninduen, noski, andregaitu nintzen, neska batek ezkondu behar duelako. Baina batzuetan, Miquelekin nengoen bitartean, ixten nuen eskua, barruan neukana Angelena zelakoan; eta besteetan zabaldu egiten nuen, nahi izanez gero berea erretira zezan..., ez behartzearren. Eta nire lagunei Miquelengan soilik pentsatzen bizi naizela iruditzen zaien bitartean, nik kearen antzera uxatu zitzaidan Angelengan pentsatzen dut. Eta ez dut sufritzen, bai zera! Beregan pentsatzen dudan bitartean nirekin daukat. Bakarrik gauza bat da apur bat tristea... botikako mutila aldatu dutela. Eta aspirina poltsa bat eskatzen badiot, mutil berriak, ezagutzen ez nauenak, dio: tori, bi pezeta t'erdi. Eta krak, krak, krak, kaxa. Eta Luisa-belarra eskatzen badiot, begiratu ere egin gabe, dio: bi txakur txiki. Eta krak, krak, krak, kaxa. Orduan ateratzen naiz eta atea zabaldu baino lehenago egoten naiz pixka bat geldirik, ez dakit ondo zergatik. Zerbait faltatuko balitzait bezala.
© Mercè Rodoreda © itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal