EKAINAK 8, OSTIRALA

 

        — Ixo, gaixo hori, ixo.

        Poltsa lurrean utzi zuen, belar gainean. Poltsa oso zaharra zen, zikina oso. Kisketak nikelezko bainua zatika zuen eroria eta metal usainez uzten zituen behatzak. Zamarraren ertzaren kontra igurtzi eta txanbra esku batez askatu zuen. Bularra oso zuria zuen, eroria, zain urdin ilunez zeharkatua. Haurra xurgatzen hasi zitzaion, antsiaz, eta noizean behin begiak ixten zituen. Berriro ireki zituenean adi-adi gelditu zitzazkion, hutsik. Esne tanta bat irristatu zitzaion ezpain xokotik.

        Tente, geldi, ibaiari so zegoen. Goiko zubiaren burdinen artetik burrunbaka ari zuen haizea. Honek ura kixkurtu, gonak hegaldarazi eta belar izpiekin jolasten zuen. Haurrari kontrako eztarritik joan zitzaion, bularra utzi eta buruko mugimendu moldakaitz batez haren bila hasi zen berriro, katu jaio berri, itsua bezala. Denbora guztian itxirik izan zituen ukabilak: haiek zabaltzen hasi ziren astiro, lore bat bezala. Zubia balantzatu egin zen. Trenaren itzala azkar pasatzen zen uraren gainetik. Ziztu luze bat burdinen eta haizearen zaratarekin nahastu zen. Kezko hodei bat zubipean desegin zen, ibaian behera.

        Ondoan zuen gizonari axolagabeki begiratu zion. Ez zuen etortzen sentitu, ez zekien ere nondik zen aterea. Bere jantzi zarpailetatik hauts mugikorra eta urre kolorekoa nabarmenarazten zuen eguzkiak. Bizkarretik erdi betetako zaku bat zeraman eta zorrotik botilaren muturra ateratzen zitzaion.

        Begiak txikiak eta urdinak zituen, bibotea eta bizarra oso txuriak. Gizonak erdi lo zegoen haurrari begiratu zion. Burua apur bat atzerantz zintzilikatzen zitzaion. Esnea irristatu zitzaion azal zatia distirant zuen.

        — Goseak zegoen, ezta?

        Andreak ez zion erantzun eta haurra bularraren kontra estutu zuen, zaindu nahi balu bezala. Gizona ez zen keinu hartaz ohartu. Behatz zabalduarekin kopetako azal arrosa igurzten zion poliki.

        — Ez al dun uste txikiegia dela horrelako haizearekin kalera ateratzeko?

        Andrearen begirada gogorrarekin egin zuen topo eta haren hatsa hortz itxien artean eutsia sentitu zuen. Pixka batean zur eta lur gelditu zen, dudatan.

        — Tira, tira. Ez badun berriketarako gogorik berdin dio. Ia bada, neska. Ondo segi!

        Herren zebilen. Diagonal atzeko bide batetik abiatu zen, maldan gorako lur lehorrean ehun berde gisa zabaltzen zen mahastirantz. Andreak begiradaz jarraitzen zion, burua mugitu gabe. Azkar zebilen. Laster zeru-ertz argitsuaren kontra mantxa ilun bat besterik ez zuen ikusiko. Haurra lurrean utzi zuen lotan. Handik bi pausotara harri bat zegoen. Hura jaso eta patrikatik atera zuen lokarri zikin batez harilkatzen hasi zen. Aurpegia eroria zuen eta bi mantxa gorri eta sukartsu distiratzen zitzazkion masailetan. Lokarria lotzen ari zen bitartean, eguzkiak isla urdinak ateratzen zizkion adatsetik, eta azkazal zurbilak distira arazten zizkion. Haurrarengana hurbildu zen eta aldamenean belaunikatu. Pixkana-pixkana buru azpitik pasa zion lokarria. Haurrak intziri bat egin eta eskuak itxi egin zituen, esnatu gabe.

        — Ixo, gaixo hori, ixo. Egin ezak lo.

        Oso isilik esan zion eta heldu egin zion. Eginahalak eginda altxatu zen. Sabelaren gainean harria ipini zion eta uretara hurbildu zen. Hankak lohian hondoratzen zitzaizkion. Aurrera egin zuen oraindik. Izu begiz inguruari begiratu zion. Ahal izan zuen indar guztiarekin jaurti zuen. Ur urratuaren hotsa entzun zen. Gainaldean egon zen apur bat eta gero bat-batean desagertu, azpitik brastakoan tiratu izan balute bezala. Txori saldoa pasatzen ari zen zeru baketsuan zehar orroka. Ez ziren asko. Errenkada lodian hegaldatzen ziren eta bide beltz bat egiten zuten urdintasunaren gainean.

        Haizerantz zebilen, agurea abiatutako bidetik tente xamar, zangoak zurezkoak balitu bezala. Txori-orruen atzetik zihoala zirudien.

       

       

        Urrutixeago lau etxe sakabanaturik ikusten ziren. Kamio ondoan, arrosa eta huntzezko sare-estalki baten azpian mahai banaka batzuek zeuden burdinazko aulkiekin. Atzekaldean eseri zen. Sartzen ari zen eguzkiak zerua sutzen zuen eta urrutian ibaiak odolezko ukalondoa egiten zuen.

        Ez zen asko ibili. Ordu erdi pasatxo zegoen zubitik estalkiraino, eta lurrean eserita ibaiari so hainbatetan egona zen. Halere oso nekatuta zegoen. Mina zuen bizkarrean eta giltzurrunetan; bular puztuak, esnez beterik, bustitzen zion alkandora. Egarriak zegoen eta lepoaren ezker aldean zain bat taupadaka ari zitzaion.

        Kamiotik bi gizon iritxi ziren. Bizikletak paretaren kontra utzi zituzten, patioa alderik alde pasa eta barreneratu ziren.

        — Ikusten denez bezero berriak dituzu, etxekoandre!

        Gizon heldu samarra zen, begi beltz eta distiranteak, masailak eta kokots ilunak, ilea itxura arras zakarrekoa. Eskua pasa zuen izerdiz betetako kopetatik. Alkondara blai eginda zuen, bularrean erantsita.

        — Zer diok Balcacem?

        Ukalondoko bat eman zion lagunari saihetsean, arabiar koxkor, olibaxka bat, masailean zauriondo handia zuenari. Arabiarrak barre egin zuen. Hortzak argitu zitzazkion une batez.

        Buruan zapi beltza zeraman atso batek sal-mahaiaren atzean basoak garbitzen zituen.

        — Ia ordubete darama hemen. Zer ari zineten harrobian hainbeste barreno jartzen?

        Iturriko ura zinkezko harraskara amorruz erortzen zen eta berehalaxe irristatzen ziren tanta lodi borobilez zipristintzen zituen alboak. Atsoak botila bat bermut hartu zuen. Tapoia kirrikatu zen.

        — Inozoarena, etxekoandre, inozoarena.

        Gizonak basoa heldu zuen eta argiaren kontra edariari begiratzen zion.

        — Gabon, Violeta!

        Neskameak mahaietatik pasatzen zuen trapua. Oso soineko motza zeraman eta makurtzean galtzerdi bukaera ikusten zitzaion.

        — Ez didan gaur ukatuko, Violeta...

        Bermuta jadanik edana zuen arabiarrak eta kanpora begira zegoen ateondoan.

        — Ez dut ezer jakin nahi aita familiakoekin.

        Masailak borobilak zituen, tolesgabeak, begiak inora ez antzean.

        Sal-mahaiaren ondoan zegoenak aho-sabaiaren kontra klaskatu zuen mingaina, behatz bat sudurpetik pasa eta ate ondokoari esan zion:

        — Ez al diok aditzen, Balcacem?

        Arabiarra bueltatu egin zen:

        — Ixo, begira zer ari den hura...

        Hurbildu zitzaion bestea eta biak jarri ziren kanabera eta alezko kortinatik zehar neskari begira. Estalkiaren azpian zegoen eserita, geldirik, gaseosa botila huts baten aurrean. Begiak itxita zituen, eta eskua txanbra barrenean sartuta, bularra ikutzen zuen. Atsoak iturria berriro ireki zuen. Uraren zarata entzun zuenean begiak zabaldu eta inguruari so gelditu zen, izuturik.

        — Anis bat eskatu dit. Esan zien neskameak guztiz asaldaturik.

        Nik galdetu diot: hutsik ala urez? Oso modu arraroan begiratu dit, ilargitik jaitsiko balitz bezala. Niretzat burutik eginda dago.

        Atsoa sal-mahai atzetik atera zen, eta bera ere kortinan zehar begira zegoen.

        — Ez du hemengoa ematen. Galdetu diot berriro nola nahi zuen anisa eta erantzun dit: ekar iezadazu gaseosa bat. Hobeto pentsatu du, nonbait. Beragandik urruntzen nindoala bueltatu naiz, zerbait esaten ari zitzaidalakoan. Baina ez zen nirekin ari.

        Isilune bat egin zuen, burua altxa, eta bi gizonei begiratu zien... bere buruarekin ari zen. Eskuak mantalarekin lehortzen bukatu zuen eta barrez hasi zen: arratoi baten antzera ari zen kirrika.

        — Neuk egingo diot hitz eginarazi etxekoandre, ikusiko duzu. Atera ardoa. Aizak, etorri hadi.

        Kortinaren zintzilikarioak apartatu zituen. Balcacem atzetik zihoakion. Mahaira iritsi zirenean ustekabean harrapatutako piztiaren mugimendua egin zuen neskak.

        — Ez ikaratu, eder hori. Beltzaxka da, baina bihotz onekoa.

        Haren mahaian eseri ziren. Honek astunki begiratu zien. Begi bateko zuria odolgorritua zuen eta txima beltzak, koipetsuak, aurpegiaren alde banatatik erortzen zitzazkion. Atzerantz bota zituen esku hezur hutsezko batez, harrizkoak bezalako behatz luzatuz. Arrosa hosto bat erori zen jira-biratzen mahai gainera. Sukaldetik zetorren olio errearen usain sarkorra, arrosa perfumearekin eta ilunabarraren usainarekin nahasten zen.

        Violetak hiru baso eta botila bat ardo utzi zituen mahai gainean. Itzuli zen eta behin barruan, ateondoan gelditu zen ikusmiran, aho zabalik eta begiak borobil. Gonapean zuen eskuaz astiro hatz egin zuen iztarrean. Kortinaren zintzilikarioek elkarri jotzean ziri zaratatxo bat ateratzen zuten, eta ez zuten ezer entzuten uzten. Arabiarra neskari baso bat luzatzen eta hark buruaz ezetz zioela ikusi zuen. Edan zuten bi gizonek eta berriro bete zituzten basoak. Orduan neskak bereari heldu eta ezpainetara hurreratu zuen. Bazirudien ahoan artekatu zitzaiola eta betiko geldituko zitzaiola horrela. Baina bat-batean hustu zuen kolpe batez, begiak itxirik zituela. Balcacem belarrira mintzatzen zitzaion, besteari bizkarra besterik ez zitzaion ikusten. Noizean behin sorbaldak astintzen zituen, barrez arituko balitz bezala. Atsoa sukaldetik atera zen eta sal-mahaiaren atzera joan zen. Kaxoiko giltzari eragin eta patrikan gorde zuen.

        — Horrela laguntzen al didan afaria prestatzen, alfer hori? Laga itzan bakean, txantxetarako gogoa dinate eta.

        Violeta urrundu zen, penaz, eta kez beterik zegoen sukaldera sartu zen. Mantal zuria kendu zuen, serbitzekoa, eta ate atzean zintzilik zegoen urdin iluna jantzi zuen. Zartaginaren tapa altxa eta eragin zien patatei. Ez zeuden erreak. Leihotik malba koloreko zerua, atzealdean zerrenda arrosarekin ikusten zen. Iluntzen hasi zuen aterpean eta atsoak argia piztu zuen. Paretan zintzilik zeuden aluminiozko lapikoak eta arasan lerrotutako basoak distiratu egin ziren.

        Halako batean oihuak eta kristal pusketen hotsa entzun ziren.

        — Astoa alaena!

        Violeta korrika atera eta sarreran zutik gelditu zen. Atsoak jarraitu egin zion. Arabiarrak botila apurtuaren muturra utzarazteko bi eskuez bihurritzen zion besoa neskari. Honek libratzeko eginahalak egiten zituen eta libre gelditzen zitzaion eskuarekin amorruz jotzen zuen aurpegian. Besteak eskua mukizapi batekin biltzen zuen. Mahai gainean eta lurrean odola zegoen.

        — Astoa alaena!

        Azkenean botila zatia eskutik erori zitzaion.

        — Utz ezak, ez duk ikusten deabrua barruan daramala? Utz ezak!

        Neskak garraxi egin zuen eta arnasestuka gelditu zen beso minberatua igurzten zuen bitartean. Gero, poliki, poliki, alde egin zuen. Behin kamiora iritsiz gero korrika hasi zen. Violetak burua jiraka ari zitzaiola sentitu zuen, baina atsoak bultzada bat eman zion.

        — Ea, garbitu ezan mahaia, agudo!

        Odola gertutik ikustean begiak lausotu zitzazkion eta balantzaka ari zela konturatu zen. Oraindik ahots bat adi zezakeen, oso urrutian.

        — Halako astakeria, horixe bakarrik behar genuen!

        Eta ez zuen beste ezer aditu.

 

* * *

 

        Lurrean zetzan, burdinazko zubipean ibaiari begira. Iluna zegoen dena: zerua eta ura. Haize hezeak laino lodi, geldoa, zabaltzen zuen, itzalik ilunenak itsaso esnetsuan murgilaraziz zihoana. Ilea bustita eta zangoak hotzak zituen. Zubiko argi berde batek, ia bere oinen azpian, ura zauritzen zuen. Patrikatik mukizapi bat atera zuen, txanbra askatu eta bularraren eta alkondara blai eginaren artean jarri zuen. Ongi-izate apur bat nabaritu zuen eta begiak itxi zituen. Urak zurrumurru ahula ateratzen zuen, arnas hartzearena bezalakoa, plast-hots ezkutu batek aldian behin hautsia. Ez zomorro durundiorik ez txori garraxirik ez zen aditzen. Oso urruti, ibaian behera, haizearen pisuak apur bat itorik, motore baten eztandek itzalaren taupada ziruditen. Zubiaz beste aldetik oso garbi iristen zitzazkion maniobratan ari zen trenaren txistukadak eta bagoien zarata metalikoak. Isiltasunak biluzi zituen murmurio haiek guztiak eta bere larritasuna arintzen ziotela zirudien. Sabeleko giharretan tentsio arina eta zapore mingotsa ezpain lehorretan, besterik ez zitzaion gelditzen. Begiak ireki zituenean halo gorrixka batek, ibaiaz beste aldean, zeruaren atzaldean lainoa tintatzen zuela ikusi zuen. Berriro egur irazekia zirtakatzen aditzen zuela iruditu zitzaion, gau hartan bezalaxe keak berriro itotzen zuela. Ia hilabete zen lo berak bakarrik egiten zuela txabola batean, muga jakinik gabeko eremu baten bukaeran, lantegirako kamioaren ondoan. Lanik eta etxerik gabe gelditu zen eta lan egiten zuen jatetxeko lixiba joleak giltza utzia zion. Irailaren hondarreko gau bat zen, lainotsua hura ere, baina laino likits, kirastua, zingira aldetik zetorrena, eltxo amorratuez gainezka. Ez zituen bi gizon haiek sartzen aditu. Alanbre batez ireki zuten atea nonbait, eta esnatu zenean bi itzalak ohe ondoan ikusi zituen. Bere gainetik paseak ziren biak: lehendabizi bata, gero bestea. Lehendabizikoa ezagutzen zuen pixka bat. Bestea ez zuen inoiz ikusi. Biek ardo eta makina-koipe usai bortitz bera botatzen zuten. Nork izan behar zuen lehena eztabaidatu zuten ilunbetan. Atea zabalik utzi zuten, eta haizeak lantegiko mailu-hots jasangaitzak hurbiltzen zituen eta lainoa barrenarazten zuen. Alde egin zuten gero. Behin kanpoan zirela alde batetik bestera ibiltzen sentitu zituen, eta barrez ari zirela iruditu zitzaion. Loakartzen hasia zela ke bufada batek estul eginarazi zion. Hasiera batean lainoa zela pentsatu zuen. Kutxa zuen txokotik distira gorria, duda-mudakoa, zetorren, baina bere burua arnasa hartu ezinik aurkitu arte ez zen konturatu txabola erretzen ari zitzaiola. Leihotik salto egin behar izan zuen, eta ezin zuen ezer salbatzerik izan. Biharamunean, komisaldegian, makina bat galdera egin zioten. Komisarioa gizon gaztea zen, zakar xamarra, zergatik egiten zuen lo bakarrik txabolan eta nola sartu zen barrura jakin nahi zuena. Azkenean bi gizon haietaz hitz egin behar izan zuen. Inspektore batek lantegiraino lagundu zion, ia ezagutu zitzakeen ikusteko. Grua baten ondoan ikusi zuen bat baina ez zuen ezer esan. Bidetik zihoazela inspektorea ari zen:

        — A zer itxura. A zer itxura txarra!

        Goiz batean, handik hilabetera edo bitara, lehenengo behazun goralarria izan zuen.

        Bat-batean haizea gelditu zuela ohartu zen.

        Pauso hotsak entzun zituen eta arnasari eutsi zion. Begiak zabaldu zituenean inguratzen ari zitzaion itzal bat ikusi zuen. Bihotza erauntsika zuen: taupada bizkorrak, desordenatuak, piztia harrapatu eta izutuarenak. Gizona bere aurrean geratu zen.

        — Trenen baten zain bahago, puska baterako dun oraindik. Goizaldera arte ez dun pasatuko espresoa.

        Zigarro bat piztu zuen eta poxpolo piztua aurpegira hurreratu zion.

        — Gaur arratsaldekoa haiz... Hemendik gehiegi bahabil mina hartuko dun...

        Ibaiaz beste aldean zeru zerrenda bat laranja ilun koloreko bihurtu zen, haizeak laztasuna kendu izan balio bezala. Goian, zerua terziopelo beltz trinkozkoa zen. Motorearen eztandek nekatuxeak ziruditen.

        — Nik hemen daukat, belaunean.

        Poxpoloaren argi mugikorraren kontra oso argiak ikusten zitzazkion begitxoak, itsutuak, bizarra eta bibote zurien artean zigarroa gora behera ari zen. Ezpainetatik kendu zuen, ondo piztuta ote zegoen begiratu, eta poxpoloa bota zuen: jira-bira gorri bat egin zuen eta lurrean zegoela oraindik apur batez erre zen, belar izpien artean. Ilune sartezinak bereizi zituen elkarrengandik.

        — Hobe dun etxera joatea. Dagoeneko haurra garraxika izango dun, eta hi hemen. Zer uste dun, ez dakidala zeren zain hagoen?

        Agureak pauso batzuk eman eta desagertu zen. Ilargia altxatzen ari zen, borobila, odol ilun kolorekoa, itzaltzear dagoen metal gorizko disko handi bat bezala, ertz bizikoa, heldua, hila. Goialdean zubiaren egitura, beltzagoa, itzaletik bereizten hasia zen. Ibaiko ura ahulki distiratzen zen, kobre xafla mugikorraren islaz.

        Mina zuen bularrean eta lehertu nahi zuela zirudien. Eskua txanbra azpian jarri eta ukitu egin zuen: harria bezain gogorra zegoen eta mukizapia erabat bustita jadanik. Haizeak gaua garbitua zuen, eta ilargiak, puskaka, zerua fosforeszentzia arrosa batez hautseztatzen zuen. Denbora batez gero ez zegoen ilunbezko harresi hura besterik. Baina harresia gardenduz zihoan eta gauzak itzuli egiten ziren, ilunak, itzalez kutsatuak, eta gauzekin batera gauaren maltzurkeriazko murmurio guztiak itzultzen ziren. Larritasun zorrotz batek intziriarazi zion. Taupadak erauntsika ari zitzazkion. Beragandik gertu, sasi apal batetik, aldian behingo hego-hotsa ateratzen zen. Itzalak, uraren ispilu distira, piztiatxo zalaparta belar artean, zeruko laku arrosak, bera baino urrunago zegoen besteren bati eskainitako zeinuak iruditzen zitzazkion, ulertezinak. Estalkiko gizon haren oihuak eta ardoaren zaporea, eta mahai gainera erortzen ziren arrosa hostoak bezalakoak. Agurearen hitz arrotzak bezalakoak. Beste nonbaiteko zeinuak... Ukalondoa jarri zuen lurrean eta gorputza aurrerantz makurtu zuen. Dardara latz batek astintzen zion besoa, eta begiak zuloetatik ateratzen zitzazkion. Bere eskuari amorruz egin zion kosk. Plast-hots ozenagoa entzun zuen uretan. Badaude saltoka dabiltzan arrainak, irentsi egiten duten arrainak. Non ote zen? Masa arin bat uraren hondoan, erabat inguratua itzal oldartuez, isilez, uhinaldi bizkor batez hurbiltzen direnez, une batez gelditzen, atzera egiten dutenez. Ur lasterrak eramana zen, nonbait. Baina harria lodia zen. Bularretan hainbeste min izango ez balu agian oraindik sosegatu zitekeen, etzan, sosegatu. Nekez altxatu zen. Arnasestuka ari zen. Hankak pixkana-pixkana gogortuz zihoazen, buztin hezekoak balitu bezala zen. Ur arras egon zenean sasi batzuk eskua harramazkatu zioten. Itxi zuen dardarti eta kolpe zakar batez eskukada bat erauntsi zuen. Ahurrak zaurituta balu bezala erretzen zion. Oinak lohian hondoratzen zitzazkion, ur hotza zangoetatik gora zihoakion, sakatzen zizkion, haize lodia, izoztua, baretua bezala: amets gaiztozko haize beltzak. Dudatan egon zen apur batez: izu ikaragarri batez estutzen zion arnasa eta lepoko gihar batek tiratu egiten zion, soka bat bezala. Eginahalak eginez bi pauso eman zituen oraindik. Mihi izoztu batek miazkatu zizkion sabela eta bularra. Urak zeraman. Hortzak estuturik eta begiak itxita une batez borrokatu zuen. Baina bere gainean zerbait betiko ixten zela sentitu zuen, ura, hotza eta itzala, eta bat-batean etsi egin zuen.

 

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus