XI
Orain banekien nik zer esan nahi zuen Lindak niretzat. Aski nuen Liligan pentsatzea hori ulertzeko. Liligan, denekin zebilen eta dantzarako zapatetan baizik pentsatzen ez zuen harengan. Erraz askoa izango zatekeen hura lortzea eta maitemintzea. Jolas bat bezala izango zatekeen. Inori ez zitzaion odolean sartzen, Lili.
Eskerrak ere eman gabe, Linda Lubranirekin elkartu zen. Mascherinon esana zidan lana zuela. Gauean atarira joan nintzaion, bila ibili nintzen, ez zegoen. Biharamunean ohadura handian bilatu nuen. Neskek barre egiten zuten. Areto batean hitz egin zidan, sumindurik.
— Kokoteraino nagok —zioen.
Gero alde egin zuen. Gero aretora itzuli zen. —Ez al duk ulertzen hemen lan egiten dugula? —esan zidan. Eskuak hartzen utzi zidan, une batean geratu zen.
— Gaur gauean ikusiko diagu elkar, al badiat.
Gau horretan Milorekin Moncalierira joan nintzen. Gitarra eraman nuen. Taberna batean sartu ginen. — Neskarik ez —esan nion Milori—, ez ditiat irensten—. Gauerdian, kaletik, neska batek leihora deitu zuen. Gitarra entzutera sartu nahi zuten. —Argi ibil hadi —esan nion Milori. —Ez haiz elbarria ez konkorduna —esan zidan—. Zergatik? —Argi ibil hadi—. Mozkorturik zegoen. Orduan Milok kanpora begiratu eta esan zuen: —Hago—. Eta ordu erdi geroago itzuli zen, ni bakarrik hizketan ari nintzela.
«Ameliori bezala —zioen—, azak eman zizkidak Ameliori bezala.» Milok esan zidan: —Neska horail bat hire bila zebilek—. Hosto iharrezko basotxo batera eraman ninduen. Zuhaitz baten kontra itxaroten neukan horaila. Hostoetan irrist egiten genuen eta esan zidan: —Zutik gera hadi—. Ez zuen hotz handirik egiten eta azalaren kontra jarri nintzen. Milok oihu egin zuen: —Ongi trata ezan.
Horailak denetik egin zuen, berak lotu zidan abrigua. Milok tranbiara bultzatu ninduenean, nik ez nuen hitz egiten. —Eta bihar joango gaituk —esan zidan—, hik gidatuko duk.
Hilabete batez mozkorturik egon nintzen. «Ameliori bezala —pentsatzen nuen—, azak eman zizkidak Ameliori bezala». Buruan sarturik neukan edanez odola aldatuko zitzaidala. Mozkor bat bukaturik hurrengoan pentsatzen nuelakoak negargura ematen zidan. Milok esan zidan: —Esna hadi—, eta egunak luzatu egiten ziren. Denbora osoan mozkorturik egotea astuna zen. —Martxoan gaudek —esan zidan—, gustura lan egiten duk. Zer daukak buruan? —Nik ez nuen hitzik egiten eta hortzak estuturik jarraitzen nion.
Hil hartan Biella eta Novarara bidaiatu genuen; Casalera itzuli ginen; ez dakit zer egin nuen. Goizean etxera itzultzen nintzela, kafetegian lo egiten nuela, kamioian kurritzen nuela, besteez ez naiz oroitzen. Behin batez martxan zegoen gurpil baten gainera salto egin nuen eta lurrera erori nintzen, asfalto gainera eta nireak egin zuela iruditu zitzaidan. Begitartean ukabilkada bat hartzea bezalakoa izan zen, eta une batez osatua iritzi nion neure buruari. Milo oihuka eta deika ari zitzaidan; nik inozo aurpegia jarri eta zoriontsu esaten nuen: —Ez nengoan mozkorturik. Ondo nagok honela.
Garai guzti hartan otso batek bezala jaten nuela gogoratzen dut. Etxean jaten nuen, kamioian jaten nuen, Casalen eta Novaran jaten nuen. Janez bakarrik lozorrotzen zen gaitz hura. Baina hala odol gehiago egiten zitzaidan eta gehiago nozitzen nuen. Indar guztiak odol egite hartan erabiltzen nituen.
Milok esaten zidanez, gidatzeko azterketa pasa eta kamioilari bihurtu behar nuen. Ez nuen ezer jakin nahi izan. Honela zerbait irabazten nuen ezkutuka, tailerra utzia nuen, ez nuen kemenik besterik egiteko. Txoferren kafetegian gauero jokatzen nuen, gitarra ez bazen, lauetara zen; gogor jokatu eta dirua galdu nuen. Honetan ere, arrakasta izateko grina behar da; nik beste zerbaitetan nuen burua; kontuz ibili nintzen. Milok zioen: —Akats bat duk. Gauzak ez dituk azkeneraino eramaten.
Baina gauzak berez gertatzen dira. Carlettok ez zuen alde egin. Martxoko gau batean kaletik deitzen didatela entzuten dut. Ez zeraman abrigurik: —Saldu egin nian —esan zidan—, berriro kalean nagok. Eta hik, zergatik ez nauk agurtzen? —Ibilian eta hizketan Mascherinoraino iritsi ginen. Nik ibiltzen jarraitu nahi nuela konturatu zenean, bere betiko barre burlatiarekin esan zuen: —Lasai. Inor ez duk etortzen hona aspaldian.
Sartu ginen. —Hi ospitalean egon haiz.
— Hobe bai! —esan zidan—, baina jaten duen jenderik ez ditek onartzen.
Nik neurekiko: «Auskalo biotarik zein dagoen okerrago», eta zigarro bat eman nion eta halako aurpegia izateak hunkitu egiten ninduen.
— Ez al duk harez gero inor ikusi? —galdetu zidan.
— Inor ere ez.
Arrautza frijitu bat eskatu eta eskaini nion. —Hik ez al duk jaten? —esan zidan—, lehen jaten huen.
Gau hartan alaitasun itsusi bat jabetu zen nitaz. Carlettok ireki zizkidan begiak. Berarekin jan nuen, edan erazi egin nion, elkarri adarra jo genion. —Pozik nagok Lubranik aho bete hortzekin utzi hauelako —esaten nion.
— Eta Erroman Dorina zain daukadala pentsatzea ere —esan zidan—. Han jan egiten duk.
— Ziur al hago zain dagokiala?
— Inoiz ez duk jakiten —esan zuen barrezka—, ez duk jakiten.
Gau hartatik banaka batzuetan elkar ikusi genuen. Carlettok teatroko tabuko batean lo egiten zuen, gauzainarekin batera. —Lubranik ostatua ematen zidak —esan zidan—. Lilik ez zidan sekula horrelakorik egin.
— Berriz ikusi al duk?
— Abrigua saldu diat.
Horrela mantentzeak asaskatu egiten ninduen. Bazkaltzean neronek ordaintzen nuen. Emakume bat neukala iruditzen zitzaidan. —Irabaz dezadan lehen diruaz —esaten nion—, trena hartu eta Erromara ospa egingo duk. Sentitzen diat.
— Erromara itzultzen banauk bihurtuko diat.
— Zozoa. Nork aipatu dik ordaintzea?
Hara zer, dendaraino etorri zitzaidan bila. Carlottinak gaizki hartu zuen eta amorruz begiratzen zion. Carlettok esan zion: —Baliteke biok kantatzea—. Gitarra ikusi nahi izan zuen eta frogatu ere egin zuen. —Hirukote bat egigun, guk kantatu eta Pablok jo. Plazarik plaza ibiliko gara eta zuk pasako duzu kapela—. Unada luze batez zirikatu zuen eta Carlottina marmarka zegoen. Zera esateko zorian zegoen: «Konkordun arraioa». Orduan gitarra hartu eta berarekin irten nintzen.
Carlettok gau horietan zinema bat aurkitu zuen kantatzeko. Lekutan zegoen, Dora baino askozaz harago. —Sumatzen diat —esan zidan—, teatro handiren bat duk, nonbait. —Han konkorraz gehiago baliatzen zen ahotsez baino. Bizkarraldetik haurdun zegoen judu baten istorioa kantatzen zuen, eta emakumeei sabela handitzen zaien modura, hari konkor hura nabari-nabari handitzen zitzaion. Gero bi neskak hiru koloretako gailardetea ezartzen zioten konkorraren erdian, «Hoa Italiatik» kantatu eta ostikadak ematen zizkioten. Jendeak barre eta txistu egiten zuen.
Gau batzuetan honela lan egin zuen, hogei lira irabazi zituen, gero benetan bidali zuten. Nik, adore ematearren, elkarrekin kantatzera joango ginela esan nion. —Atarietan, okerrenean ere, ura botako zigutek burutik behera. —Nik neuk egingo nikek —esan zuen hark—, ez pentsa. Orduan gitarrarekin bertsotan ibili ginen herbarreneko atarietan zehar. Nik frogatzearren egin nuen; Milorekin garraio batetik gehiago ateratzen nuen, baina Carlettori lagundu nahi nion. Eta gainera, honetara mugatzeak asaskatu egiten ninduen. Gustua ematen zuen lur jota sentitzeak, zanpaturik bezala egon eta ez etsitzeak. Goiz oso batez bueltaka ibili ginen. Handik puska batera atariak utzi eta kaleetan zehar kantatu genuen. Niretzat ez zen ezer, baina Carletto marrant geratu zen. Nik bera laguntzea besterik ez nuen egiten, eta atezainei adi egoten nintzen. Baina neskameek botatzen ziguten dirua hartzeko ez nintzen gauza. Zigarrokinak biltzea bezala iruditzen zitzaidan. Harritu ninduen zenbat txanpon erortzen zen. Carlettori esan nion: —Hireak dituk, hartu egin behar dituk. Dena bildurik, ez zen bi liratara iritsi.
Milo utzi eta Carlettorekin topo egiten nuen. Berarekin nengoela eguna ez zitzaidan hain pisu gertatzen. Ez nuen Lindaz hitz egiten. Carlettok bazekiela jakiteaz aski nuen. Oraindik leloturik nengoen. Ezinegona bezalako zerbait sumatzen nuen odolean, ezin nien emakumeei begiratu. Hain goiz hozkirri haiek, belardiko gau haiek —nork jakin nola zegoen orain itsasoa. Batzuetan pentsatzen nuen Lindak, ahal izanez gero, berreskuratuko nindukeela, eta berak ere pena ematen zidan. Hamaika aldiz bertan behera utzia eta berriz hartua nuen. Agian berak besteek baino gehiago nozitzen zuen, eta asko zekielako ibiltzen zen txantxetan. Agian, nik orain ulertzen nuena, Ameliok ere ulertua zuen. Eta orduan dena erabakirik zegoen Pablo deitzera dendara etorri zen egun hartatik. Eta berriro atzamarkadak sumatzen nituen odolean, jolas egiteko nitaz baliatu zelako.
— Aizak, Carletto —esan nion—, inoiz gertatu al zaik gauzaren bat hik egin baino lehenago norbaitek erabakirik edukitzea?
Luzaz hitz egin genuen, eta hori denei gertatzen zaiela esaten zuen berak. Beti izaten da tartean sartzen den norbait, eta geurearekin aurrera irten nahi izango genuke eta ezin dugu.
— Baina geurearekin irtetea duk kontua.
— Bai noski —esan zidan—. Baina jende gehiegi interesatzen duk hiri agintzeaz.
— Ez diat hori esaten. Kapritxoz egiten diren gauzak esan nahi diat. Edaten duan basokada, erretzen duan zigarroa, topatzen dituan neskak.
— Jende gehiegik dik interesa. Zer edan eta erre nagusiak esaten dik.
— Eta neskak?
— Nagusiak esaten dik. Ezin baduk lan egin eta irabazi, jai duk neskekin.
Honez gero ez nuen ulertu esan nahi niona. Bera, Carletto, zain zegoen, katu begiekin. Nik beste gauza bat neukan buruan, guztiz bestelakoa.
— Ikusi duk zer egin duten Italian —esan zidan—. Hatz bat higitzeko eskudun al haiz? Lan egin al dezakek karnetik gabe? Burua makurtzen ez baduk kopaurik ematen al diate?
— Ni ezer gabe ibiltzen nauk kamioian.
— Gitarra besterik ezin duk jo. Eta sordinan. Eta ez kantatu ere, multa bat irabazten duk-eta.
Hori da, pentsatzen nuen, gitarra. Nahiez gero, egiten dudan zerbait da gitarra. Nahiez gero, Novarara joaten naiz. Tabernara joaten naiz. Carlettorekin berriketan egiten dut. Honela egiten dudan bitartean, kapritxoz, neure kontura egiten dut. Baina garrantzizko gauzak, lurrera botatzen duten gauzak, horiek haien kontura gertatzen dira. Gainera oldartzen zaizkizu kamioi bat bezala, pneumonia txar bat bezala, eta atzean bada horri gustua hartu eta jolasten duen norbait.
— Nor nahi duk izatea? Aita Eternoa? —esan zuen hark.
— Existitzen baduk, toki guztietan zegok —esan nuen oraindik—. Baita muinoen eta Littoria dorreen atzean ere.
Landa usaina zerien gauak iritsi ziren. Zerbait emango nukeen lehen bezala Paradisora joatearren. Hauek bai zirela maitasuna egiteko gauak. Batzuetan pasatzean emakumeentzako zenbait erakustokiri begiratzen nien. Milok gitarra neurekin eramatea nahi izaten zuen eta igande batez Pianezzan zubi baten pretil gainean jo erazi zidan neska batzuk pasatzen ari ziren bitartean. Dantzan ere hasi ziren. Pretil hartatik lautada ikusten zen, eta Genovako terraza bat ematen zuen. Oraingoan benetan aldrebestua nintzela ulertu nuen. Neskak zubitik behera botatzeko gogoak eman zidan, eta zorionez bagenuen edaria eta Milok barre egiten zuen. Baina kokoteraino nengoen eta ulertzen nuen orain Torino osoa eta ofizioa eta kamioiak eta etxe-harriak ez zirela aski ni bakeatzeko. Carlettok zer janik ez zuela jakiteak ere ez ninduen lasaitzen. Alu bihurtzen ari nintzen. Hura gose ikusteak ez zidan onik egiten, zeren ulertzen bainuen baliabideak izan balitu hark ere bertan behera utziko nindukeela.
— Ez zegok arriskurik —esan zidan—, ez duk nahi izango traje bat egin gabe joatea. Erromara ezin naitekek honela joan.
Erromaz hitz egiten zidan, Milok emakumeez bezala. Erroma hiri handi bat zela esaten zidan, non denek jaten duten eta jaten ematen duten. —Halako ugaritasuna zegok —esaten zidan—, ezen airean ere igartzen baituk. Inork ez dik etxe-aterik ixten. Han bizi eta jan kalean egiten duk.
— Ez al zegok Littoria dorrez beterik?
Burlati barre egiten zuen, eta ahotsa beheratu zuen: —Baduk horretan pentsatzen duenik ere —esan zuen—. Baduk jende maltzurrik, ezagutzen ditiat.
Gero kontatzen zuen kaleak aldapan zeudela eta eraikuntzen atzean pinuak ikusten direla. —Gau eta egun egon litekek kanpoan —esaten zidan—. Ordu honetan dagoeneko uda duk. Erroma osoa taberna duk, eta beti eguraldi ona egiten dik. Hemen ibili, han ibili, hiritik irten. Toki guztietan jendea merendatzen, ongi pasatzen ageri duk. Hik gitarra duk, dirutzak egingo hituzke.
Azkenean goiz batez Milori esan nion: —Erromara noak.
— Erroma ez duk Pianezza —erantzun zuen—. Sei egunez egoten duk kanpoan.
— Bertan geratzeko joan nahi diat.
— Laburrago joko dik trenez —esan zuen.
— Bi gaituk.
Orduan Milok begiratu eta esan zidan: —Tira.
© Cesare Pavese
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu