Gorago adierazi dugu kultur arloan bide zabalak zituela maite; politikan, aldiz, bestelakoa zela. Irakurri berri ditugu bere iritziak eta proposamenak. Zer pentsa ematen dute, ematen dutenez.

        Laburbildurik, aberriaren askatasun osoa ipintzen du helburutzat, horretarako euskotarren arteko batasuna eta herri txiki oinperatuen arteko elkartasuna jotzen ditu noraezeko; aitzitik, Francoren diktaduraren kontra zeuden indar espainiar errepublikazaleekin lankidegoan aritzea erabat gaitzesten du. Euskal nazionalismoari politika erregionalista, Espainia salbatu beharreko politika, Txillardegik geroxeago karlismo berritzat etsi zuena (Huntaz eta hartaz 1965) burutzen ziharduela irizten zion 1958-1959 urteetan. Hil arte eutsi al zion aburu honi?

        Aberria askatzeko etsi-etsirik zegoen Euskadik bazuela gudaroste beharra:

«Gure uste eskaxean, gudarozte bat bear bearrezkoa dugu euskotarrok gaur ere, gure aberriaren egokera negargarria itzulazteko, au da, gain-bera botatzeko.

        Zurrumurruren bat iritxi da gure belarrietara, eta pozik iaso dugu zurrumurru ori, berriz ere gazte adoretsu zenbaitek Euzko-gudaroztea egin nai luketela-ta. Ez al da berandu izango! Gaiñera aberriaren onerako liteken edozer, ondo etorria bedi. Ekin gazte ameslariok zuen asmo bikaiñ orri, eta ez atzerarik egin. Erri eta gizon azkarrena izan oi da askatasuna ere...».

        Hark egungo gehienok ez ditugun erreferentzia historikoak zituen. Artean hamar bat urte baino ez ziren euskal gudarostea desegin zela. Harira datorren gertakari batera etorriz: 1946an, Ingalaterrako alderdi laboristako Baker jauna etorri zen isilean gure artera jeltzaleek gonbidaturik. Andimarekin batean informazio zerbitzuetan ibilitako Anton Zugadik eraman zituen autoan, Donostiatik Bilbora, Ajuriagerra eta delako Baker. Bidaiaren hainbat puntutan, Durango aldean kasu, gudariak atera zitzaizkien armez horniturik, ingeles politikoak ikus zezan Euskadi gertu zegoela diktadura egotzi ondoan aginteaz jabetu eta ordena ezartzeko.

        Irakurri berri dugunez, «Donostiatik» idatzi zuenak ziri gogorra sartu zien irrintzitarrei, ilargiari zaunka ari zirela leporatuz. Estuasunean ipini zuen Andima. Euskadiren askatasuna lortzeko ezinbestekoa al zen odola isurtzea? Odolik gabeko matxinada oihuztatuz erantzun zion lehenbizian, euskararen aldeko gizon azkarren borroka sendora deituz. Baina horrekin, ez zuen etsi, barruak gehiago eskatzen zion. Ebanjelio politikoa idaztera iritsi zen. Egun nagusi dugun ideologiaren arabera apaizkeria erromantiko gaitzesgarria, askoz ere «arrazoizkoago» zatekeen Espainiako indar demokratikoen batasunean sinestea.

        Bibliako oihartzunez zipriztindurik hortxe-hortxe Nuremberg zuen gogoan —artean hamar urte baino ez faxismoaren krimenen kontrakoa burutu zela—, Epai Eguna, baina ez Josafateko zelaian gure lur honetan baizik. Francoren heriotzaren biharamunera bitartean diktaduraren kontrako ekintzak burutzera deitzen du, odol mendekurik hartu gabe. Prest eta gertu egonik Francoren heriotzaren biharamuneko Epai Egunean, boterea indarrez hartzeko, eta egindako bidegabekeriak auzitara eramanez behar zen zuzentasuna egiteko.

        Nemesio Etxanizek garai beretsuan; azkenean, ibili-ibili eginda, juduen jokabidera jo beharra noraezekotzat jo zuen Francoren diktadura eraisteko. Andimak epaiketa eta haustura proposatu zituen. Ez da hala gertatu, baina hori besterik da.

        Gorago egindako galderara nator berriz ere; iritzi aldaketarik izan al zuen? J.A. Agirre hil ondoan idatzi zuen artikuluak, itxura batera, aburu aldaketaren zantzu nabarmenak ditu. Ipar eta gidaritzat aitortzen du J. A. Agirre, urtebete lehenago gogor kritikatu zuen politika aipatu ere egin gabe. Esan liteke arrazoi pertsonalek gaina hartzen diotela. Atxikimendu eta mirespenak itsutu egiten dutela. Ez da miresteko Irrintzi aldizkariko bazkide nagusiak ez onartzea aipatu artikulua eta biak guztiz haserretzea.

        Guztiarekin ere, funtsean, ez zuen iritzirik aldatu. Jokin Zaitegi eta Nemesio Etxaniz adiskide handiek eskari gogorrak egin zizkioten ahaleginean «Alderdi»rako bildu nahian:

«Alperrik ari zerate zu eta Zaitegi nere lantxoak Alderdirako eskatzen. Lotsagarria da, eta lotsakizun ori urte asko dira Alderdiak bere lepo-gainean daramala, abertzale izenezko eralguntzak erderaz aritzea, eta erderaz gaillenki. Okerrok zuzentzen ez ditugun bitartean, ixilik egongo naiz ni beintzat. Nola eska dezaiokegu menperatzaileari euskara aintzat ar dezala, geu, abertzale izenezkook arbuiatu ta baztertzen ari geran bitartean? (...)

        Ez nauzu erdikide españar alderdi txatxu, itsu eta ertsi oriekiko erakusten duzun zure biotz onegi orrekin. Ez ditugu iñoiz ere gureganatu aal izango, ez eztiakin eztare ospiñakin. Beraz gure alegin guztiak gureari arnas eta indar ematera zuzendu bear genituke, gutar ez direnekiko xurikeri ta legunkeriak aldebat utzi-ta. Naizta aipatu alderdiok jorratu ez, utz ditzagun eurak euretara, atzetik ibilli gabe txakurtxoak bezala. Indar ta arnas artzen ikusten baldin bagaitute, eurak etorriko dira guregana» (Nemesio Etxaniz-i 1960-8-26).

        Txillardegirekin hil aurreko urtean izan zituen gutun bidezko harremanek ere horixe frogatzen dute: «Egia da eztugula elkar ezagutzen izenez baizik; ala ere, begiz baino ispirituz ezaguera sakonagoak egiten dira maiz. Idazlan eta liburuetan ixurtzen den ispirituak ezin ukatuzko ezaguera barrenago bat ernarazten du gure baitan, eta orixe gertatu zait neri beintzat, zurekin. Egunero ikusi oi ditudan baño obeto ezagutzen zaitut. (...)

        Bai, ondo dakit nik askatasuna iristen dugunean Erromako Eliza santak ere, urrezko galtzara iarriko diela gure naikari eta agindu guziei, ez elizak bakarrik, baita orain menperatuta gauzkaten estatuak ere, gezurra dirudien arren. Oraindik gogoan dadukat Euzkadiko azken guduatzaz prantzitar jeneral Duval'ek (prantzitarra eta prankozalea gaiñera) gudu artaz idatzi zuen liburu batean idatzita utzi ziguna: «Zer egingo zuen Frantziak, baldin Euzkadik gudua irabazi eta askatasuna iaritxi izan bazuen? Ezkenuen beste erremediorik izango bere-berean ERREKONOZITZEA BAIÑO» Ortaz eztaukat batere dudarik. Baina bat da ori, eta besterik egun, gaur erabili bear ditugun bideak euskerari dagoentxoan eusteko. Eztedilla beintzat gure zabarkeriz areago galdu. Ortan, alderdi ospetsuak, pekaturik larriena egin zuen. Sortu zenian bizirik zegoen euskera Euskalerri geienean (Euzkadin) eta etzion eutsi, zegokion lez, etzuelako euskeraren benetako garrantzirik ikusi. Etzuten ikusi, garai zenean, Euskalerrik bear zukela gure ABERRI BAKARRA eta ez, noski, EUZKO-ERRIAK aiek euzko zorioneko ori artzen zuten esanaian beintzat. Baña urrats kaltegarri hura eman zuten, erderari garrantzi aundiagoa alegia, eta orain etzaigu errexa izango okerkeri ori zuzentzea. Nekeak izango ditugu askatasuna lortuta ere. (...) Benetako euskaltzaleen eskuartean ezpadugu gure erri jaurlaritza uzten, galduak gu.» (Txillardegiri 1966-10-17).

 

***

       

        Bestera nator. Xosé Estévez gure artean bizi eta lan egiten duen historialari gailego-euskaldunduak, besteak beste, Galeuzkak erbestean egindako historia aztertu du. Zehazki 1939tik 1960 arteko aldi bitartea. Jose Antonio Agirrek Castelao eta C. Pi Sunyer-ekin bigarren mundu gerraren garaitsuan izandako gutun harremanak dokumentuz dokumentu jaso ditu argi azalduz Iberiar Penintsulako herrien arteko harremanak federazioaren ildotik bideratu nahian zer urrats eman asmo zituzten; orobat 50eko hamarraldian Galeuzka indartzeko asmoz ernaturiko asmoak, eta horien artean Andima Ibiñagabeitiak Caracasen 1959ko maiatzean sinaturikoa. Sinatzaile ez ezik ordezkari ere izendatu zuten zuzendari-batzorderako, euskaldunen ordezkari gisa.

        Utzi dituen aztarnen arabera, bizitza hila eta laburra izan bazuen ere delako hiru herrien arteko antolakuntza horrek, ohargarria da. Andimak bereziki Cubako uhartean zeuden katalan independentistekin (Estat Catala-nekoak) izan zuen harremana. Hauen buruetakoa zen Josep Pineda i Fargasekin trukatu zituen gutunak lekuko.

        Andimak sinatu zuen dokumentuak zehazten du nola eratu zen elkartea, zuzendaritza-batzorderako nor hautatu ziren, eta ondotik oinarri aldarrikapena dator. Delako oinarri adierazpenetik puntu batzuk bereizi ditut: «Primera.— GALEUZCA, declara la Independencia de las Naciones gallega, vasca y catalana bajo las denominaciones de Galicia, Euzkadi y Cataluña.

Cuarto.— GALEUZCA, declara que propugna para cada una de las naciones que la componen un régimen de libertad, de democracia efectiva y de verdadera justicia social. A este efecto, proclama la libertad de pensamiento, de religión y de cultura, mediante la enseñanza gratuita en todos los grados de primaria, secundaria y superior, a fin de que las vocaciones y las inteligencias tengan libre acceso a la técnica, a la ciencia y al saber.

Quinta.— GALEUZCA, declara que propugna por la paz y por la constitución de los Estados Unidos de Europa, y mejor del Mundo, de donde formen parte todas las Naciones mediante la incorporación —con su Independencia— de las que están aún oprimidas.

Sexta.— GALEUZCA, llama a la lucha a todos los partidos políticos y organizaciones catalanas, gallegas y vascas, así como a la

pequeña burguesía, a los artesanos y a la masa obrera y campesina para que se incorporen a la lucha para los expresados fines».

        Xosé Estévezek jakin zuenean Andima aztertzen ari nintzela, aiputan dugun dokumentua luzatu zidan eta aldi berean galdera: ea ezkerrekoa zen Andima, sentikortasun ezkertiarrik zuen? Ezetz esan nion.

        Venezuelako hauteskundeez Andimak idatzitako artikulua 1964ko hasieran argitaratu zen Zeruko Argian. Garbi dago Venezuelako politikaz ari dela ere, bereziki Euskal Herria gogoan duela ari dela, eta bereziki euskaldun gazteei ari zaiela esango nuke. Aberri hizkuntzari zegokionez, hizkuntza bakartzat euskara hartu beharra kontseilatzen zien, aberriaren askatasunari zihoakionez burujabetasun osoaren alde borrokatu beharra, eta gizarte auziaz zen bezainbatean gizarte eskubideak zaintzen dakien kristau demokrazia jotzen zien begiz, gainerako aukerak ñabartasunik gabe gaitzetsiz. Komunismoa eta faxismoa deabruak, eta aukera bakar kristau demokrazia. Euskal Herrian gazte artean ernamuinetan zegoen ezkerrerako lerratzeari hegoak moztu nahian.

        Garaitsuan, artean Rikardo Arregi kristau demokrata zen. Zeruko Argian argitara artikuluan gisa honetan zioen:

        «Gure hiztegia «agiri-agiriko egiekin» betea dago. Horietatik bat hau da, lehendakaria Washington-en aurkitzen den bezala eta Aita Santua Erroman, Deabrua erremediorik gabe Moskun bizi dela. Kremlin-en aurkitzen direla Gaitzaren indar guziak pentsatzeraino iritxi gara eta hortik gure konforterako ondoren bat ateratzen dugu, alegia, inon gaitzen bat azaltzen baldin bada badakigula nondik datorren.

        Baina hara, Deabruak engainatu egin gaitu beste nora batera joaz eta gainera ugarituaz, orain hemen, gero han agertzeko, ideien arteko mugak batere errespetatu gabe.

        Aldakor den egoera honen aurrean egokitu beharrean, lehengo mito zaharrei itsatsita jarraitzen dugu, eztabaidatu daitezkeenak gutituaz, eta ideia berri asko pentsa ez daitezkeen pentsamentuen artean jarriaz. Ba, nik uste dut joera hau alda daitekeela eta aldatu egin behar dela eta gure interesaren barruan dagoela mitoak haustea, pentsa ez daitezkeen pentsamentuen artean batzuek pentsatzea».

        Mitoak hautsi beharreko bide horri sutsu ekin zion Rikardo Arregik. Kristau demokrazian eskuindar bizkarroi ugari zegoela, mundu gerra ondoko abagunea ongi ustiatzen jakin zutenak; ezkerra eta komunismo gorria ez zirela bat; ezker berria, Vietnam, Che

Guevara. Rikardo Arregi eta Txillardegiren arteko polemikak marxismoaz, sozialismoaz...

        Andimak ez zuen esateko luma dantzatu ezkerraz aritzeko, hartu zuenean mito zaharrei eusteko egin zuen. Nago nagusiki bere fede erlijioso-politikoak bulkatu zuela jarrera itxi horretara, eta hein beretsuan komunistekin izandako eskarmentu pertsonalak. Araka ditzagun handizka eta gaingiroki bi arrazoiok, jakinik Andima aztertzean pertsona jakin bat baino gehiago ari garela miratzen.

 

***

       

        Sarrerako espioitza atalean jaso dugu informazio zerbitzuetan ari zirela, norbaitzuk salatu zituztela eta polizia joan zitzaiela etxera. Nortzuk salatu zituzten? Komunistek, beren ustez. Berek ez zuten zalantzarik. Caracas-en nortzuk ahalegindu ziren hauteskunde demokratikoak oztopatzen? Fidel Castro bizar handiaren jarraitzaileak. Nortzuk deitu zioten botorik ez ematera gonbidatuz edo mehatxatuz? Askatasunaren kontrako komunistek.

        Denboran atzera joz Andima jesuitetan zen aroraino, Espainiako II. Errepublikaren garaian, katolikoek gizartean zer jokabide hartu behar zuten erakusteko, Pio X.enaren hitzak euskaratu eta jesuitek argitaratzen zuten Jesusen Biotzaren Deyan argitara zituen Andima Ibiñagabeitiak:

       

«IV. Beraz, Jaungoikoak sorturiko gizarte au nagusi ta menpekoz, aberats eta txiroz, jakintsu ta ezjakinez, aundiki ta beartsuz osoturikoa izan bear dau; danak ordea, maitasun lokarri batez lotuta, alkarri lagundu bear dautse, lurrean gorputz eta gogoarentzat bizitz erosoa ta zeruan azken elburua jaritsi dagien (Quod Apostolici muneris, Enzi).

V. Ezpa barik, izatezko eskubidea da noski bakotxak bere ondasunak gordetzeko daukana, naiz lan ta artezik irabaziak, naiz ondarrez jasoak izan; baita jabeak nai bezela erabilli leikez (Rerum Novarum. Enzi).

VI. Aberats eta beartsuen arteko auzia garbitzeko, zuzentasunezko ta goi-maitasunezkoak berezi bear dira. Bidegabez ukatu jakonian baño, ezin lei iñork, zor bai litzaion, ezer eskatu (idem).

VII. Proletari ta langilleak oneixek zuzentasunez bete bear dabez; berez eta bear dan lez artu daben lana ziatz eta zintzoro betatu; iñoiz be nagusiari ez ikutu ezta bere ondasunei be. Norberaren eskubideak aldeztean gogorkeri ta oldarrez ez jokatu, ezta eskubiderik matxinadakin nasi (idem).

VIII. Ara nagusi ta jabeak bete bear dabezanak: Langilleari dagokion alogera ordaindu; iñoiz diru aurrezterik, naiz maltzurkeriz, edo gogorkeriz, naiz atzipez, edo diru zalekeri geiegiz ez egin; euren erlijiño eginbearrak beteteko langilleei azkatasuna emon; ez iñoiz galbidean itxi; ezta sendiagazko maitasunaz ta diru aurreratzeko zaletasunaz be aldendu; ez lan gogorregirik leporatu, ta euren adin eta izakeraz kontu izan (idem)».

        Gizarte auziak ebazteko edo juzgatzeko oinarriok zenbateraino atxiki eta zenbateraino aldatu zituen ez da erraz jakiten. Susmo dut, hondarrik hondarrenean, bere horretan atxiki zituela.

 

***

       

        Eman dizkigun lekukotasun ausartengatik, hain egoera gozakaitzean euskal aberriaren alde burutu duen lan azkarragatik beti izango da gurean oroituko duenik, utzi digun uztara jo eta kontzientziaren alde kuttunenean lekutxorik opa izango dionik.

 

 

© Pako Sudupe

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus