LENDAKARIA IL ZAIGU

 

Alderdi, 159, 1960 ekaina.

Eta Irrintzi X. zenb.

 

        Ez genuen uste hain arin utziko gintuzunik. Oraindik gara betean aurkitzen zinen eta gure herri dohakabeak zugan ezarrita zeuzkan bere itxaropena eta uste betea. Zu zinen artizar, zu ipar, zu gidari. Eta izan ere, ondo irabazita zeneukan Euskadiren uste betea, Euskadi osoaren konfiantza zabalago ezina.

        Gudu ikaragarri baten hotsera bere Lehendakari hautatu zintuen gure Herriak. Etsaiez, suz eta odolez inguratutako herri baten ardura zure esku artean hartu zenuen. Bihotza behar zen gero, garai hartan, halako erantzun-behar handia buru gainean jasotzeko! Eta zuk izan zenuen bihotz hori.

        Zin bero bat egin zenuen Gernikako Haritz Deunaren itzalpean: Euskadi zeure indar guztiekin askatasunera, zoriontasunera eramango zenuela. Eta zin horri, amor emateke, etengabe, huntzak hormari baino sendoago eutsi diozu hogeita hiru urte hauetan.

        Beti kementsu, beti hortzargi, beti baikor, euskotar txepelenen bihotzetan itxaropenaren hazia oparo ernarazten zenuen. Zure hitz beroen ukitura, gizonik hotzenak ere aberri-maitasunean irakiten jartzen zenituen. Hamaikatxo bider ikusi izan dugu hogei urtez geroko erbestealdi gogor honetan, euskaldun erorienak, jausienak, zure mintzo ozenaren hotsera jaiki eta zutitzen.

        Zu gainera, Lehendakari, euskotar oso-osoa zinen. Erdaldun jaio zinen; ez zenuen haurtzaroan euskararik jakin, hala ere buru-belarri jarri zinen aberri-hizkera ikasten eta aldi gutxi barru, euskaldun bete bihurtu zinen. Euskara zeharo menderatu zenuen eta ederki erabiltzen [sic]. Inork baino hobeto dakigu hori zure ondoan bizi izan ginen euskaldunek. Gure artean zure ahotik ez zen euskara baizik ateratzen, euskara eder eta herrikoi bat, bere herriarekin bat eginda bizi zen gizon handiari zegokion lez. Sendi euskaldun bat ere hazi zenuen, jarraibide ederra, tabernazuloetako erdal-jario, maisealari burugabe eta harroputz guztiak isildu eta lotsatzeko aski eta gehiegi.

        Ez zinen nahikotu gure herria azaletik ezagutzeaz, bere sakonenean murgildu zinen, eta Euskal historiaren errai beroetan zeure bihotz zabal hori kiskali eta goritu zenuen. Hortxe utzi diguzu zeure ondarerik aberatsena: Euskalerriko Edestia lau liburu marduletan gatzatuta. Ez dukegu barkaziorik euskotarrok, zure lan harrigarri hori argitaratzen ez dugun bitartean.

        Edonon eta beti, aberrian eta atzerrian Euskadiren izena buruzut eta goi jarri zenuen. Zuri eskerrak mundu zabalera hedatu zen Euskadiren izen hilezkorra, zure kemen, zure zintzotasun, zure abertzaletasun gartsua zirela bide. Ez du beste gizon batek herria hainbeste goratu Ludia zehar.

        Gazterik hasi zenuen gure Herriaren askatasun alderako boroka, eta borroka horretan heriotzak zure bizitza ederra ebaki du, erruki gabe ebaki ere. Aberri-lanean, Euskadiren alde borrokan. Eta berri latz horrek euskotar guztien bihotzak ez ezik, mundu guztiko herri-maitaleenak ere inarrosi eta apurtu ditu.

        Deslai geratu gara euskaldunok, artzain gabe, gidari gabe. Ezin daiteke erraz neurtu gure Herriari zure ustegabeko heriotzak ekarri dion galera.

        Hala ere, zure irakatsi eta jarraibide ederrari jarraituz inoiz baino sendoago ekingo dio gure herriak askatasun bidetik, etengabe, nekatu gabe, zuk bezala zintzo eta zindo.

        Agirre'tar Joseba Andoni Lehendakari maitea: Jaurri, zuzen ezazu askatasunera zeru goi horretatik, Euskadi, zure aberri laztana.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus