SABIN'ENGANA BERRIZ ERE

 

Irrintzi, IX. zenb.

 

        Euskadiko gudu dohakabeak zain-zainean jota mundua zehar sakabanatu gintuenez gero, Sabin handiaren irakaspenetatik ere indar berarekin saihestu garela dirudi hainbeste eta hainbeste euskotar. Aberria galdu, eta Irakaslearen esanak, dotrinak, irakaspenak galtzen joan gara, edo behintzat ahazten. Sabini zerizkion ur garbiak bertan behera utzita, apostolu faltsu batzuen hitz-jariora makurtu gara.

        Zerk eraman gaitu euskotarrok argitasunetik halako ilunbera?

        Gertari handiak agitu ziren munduan gure zoritxarreko guduaz gero. Beste gerra gogorrago bat sortu zen, denok ondo ezagutzen duzuena. Gudu hori nazionalismo baten inguruan sortu zen hain zuzen ere, Alemanian ezin esan ahalako oldarrez loratu zen nazionalismoak eraginda. Ez naiz nor herri handi hartan indartu zen nazionalismoa gaitzesteko, hala ere mundu guztiak gaitzetsi zuen, eta gaitzespen haren maindire artean, beste nazionalismoak oro ere, era berean kondenatu zituen. Ezespen horrek, gurea ere erro-erroan jo zuen. Demokrazia garaileek badirudi beste ondorenik ez zutela ekarri. Eta herri txiki guztiok Demokrazia ustel horiengan begiak ezarrita egon ginen, gure aberri txikiok mendetasunetik aterako zituztelakoan. Harrezkero arbolek aldatu dituzte hostoak, hala ere gure herriak ez. Inoiz baino ere zori okerragoan dago demokrazia ustelen eskaintza faltsuak direla bide, haien maltzurkeria, gezur eta zinismo zitala direla eta. Txakurrok, diktadore odolzaleenen oinak miazkatzen ari zaizkigu egunotan Moskutik Finisterrera. Hori al da demokrazia? Hori baldin bada, bihoa zakurraren salara. Ez dugu halako demokraziarik nahi, herriak ito, gizonak zapaldu eta agintari doilorrak goraltxatzen dituztenak.

        Beude alde batera gizontasuna eta zintzotasuna saldu dituzten demokrazia, aristokrazia, prolekrazia, hitz batean esan, krazia mota ustelak oro. Giza-eskubideak eta herri eskubideak ukatzen dituztenak oro, edota behar bezala defenditzeko kemenik izan ez duten herriak oro, gainbehera etorriko dira ikaragarrizko hondamendi batean, brontzezko bere irudi eskerga, lokatz gainean eraiki zuen errege galduarena bezala.

        Hurbil dago herri txiki, oinperatu, ezestu eta zigortuen garaia. Hurbil Euskadiren garaia!

        «Otzaldi zoro baten ondoren», Lizardik zioenez, itzul gaitezen geure herrira, geure barnera, geure mamira. Zorionez, azken aldi honetan, euskotar gehienok hala ari garela dirudi. Zati batean, lausotuta egon den Irakasleak sukarritik jaulki zuen askatasun, txinpart bizia, berriz bizkortzen, argitzen eta handitzen dabilkigu. Txinpart hori da, izan ere, gure herria zorion betera eraman dezakeen argi bakarra. Beste guztiak, faltsuak, aizunak, ustelak dira.

        Sabinek bidatu zuen gure herria, askatasun bidetik. Alferrik dabiltza bide horretatik Euskadi saihestu nahi dutenak, benetako hotzaldi zoro batean sartuta.

        Zinez Euskadiren zoriona nahi baldin badugu, Sabinen labe gorian geure bihotzak goritu behar ditugu herdoil kaltegarri guztietatik garbi atera daitezen.

        Hark aldarrikatu eta tinkatu zuen ASKATASUN BETEA iristeko, indar guztiak batu ditzagun aski-gabeko borrokari ekiteko. Izua (terror) erein behar baldin badugu, bihur gaitezen izukari, eta odola jario behar bada odolkari. Askatasunaren ordain-saria garestia da izan ere, urrea baino garestiagoa, bizia bera baino ere bai.

        ASKATASUNA! Horra Irakaslearen ondorea.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus