EGUZKIARI DEIKA
(bigarrena)

 

Irrintzi, VIII zenb.

 

        Zure «Illargiari zaunka»k, adiskide estali, oihartzun luze bezain zabala izan dizu. Badukezu, horregatik, pozbiderik. Pentsa ezazu: zuk hor idatzi, nik hemen argitaratu, «Bestea»k Parisen jaso eta Argentinako «Tierra Vasca»n berriz argitara eman. Halako epe laburrean hainbesteko exiturik idazlan gutxik, «Lunik»en garai honetan ere.

        «Besteak» ordea, makilakadak baizik ez ditu bildu zure idazlanean zartailu berri bat antolatuz guri bizkarra berotzeko. Zergatik ote? Guretzako eztenkadak, besterik ez al zuen aurkitu? Irrintzikoentzat ez ezik beste norbaitzuentzat ere botatzen zenituen egia biribilak ez ditu, hor-nonbait, aintzat hartzen, edota beste aukera baterako utzi ditu, hori gero, neuk neurez, letra larriz ondo nabarmendu nituela. Baina egia horiek, ez dira aipagarri, mindu behar ez ditugun zenbait mindu daitezke bada, eta kontuz... horrelakorik egin.

        Zure idazlanean aurkitzen dira hurrengo hauek ere: «Sor ditzagun bai, burrukalari taldeak... Ez dago beste biderik. Iñor iltzerik ez degu nai, bañan SOÑU AUNDIKO GAUZAK EGITEN EZ DITUGUN BITARTEAN GURE ERRIA OARKABEAN ILTZEN ILTZEN JOANGO ZAIGU. Euskadin ez da, zoritxarrez, orrelakorik ikusi. Beraz ez gabiltza, oraindik beintzat, ASKATASUN BIDETIK». Eztenkada hauek ere ez al dira aipatzekoak? Aipatzekoak eta kontuan hartzekoak. Guri donostiar horrek egozten dizkiguzun «zaunkak» eta «euli-uxatzea»k baino askoz ere garrantzidunagoak, astunagoak, Euskadi barnetik esanda gainera, ez hemendik Caracas'tik. Eta horretarakoxe argitaratu ditugu hemen, besteek ere jaso eta zabal ditzaten. Baina...

        Ez da hain luzaro ere gu ilargiari zaunka ari garela. Hala ere gure zaunkak ahalmen hau bederik izan du: lokartuak esnatu, makilak gure aurka astintzeko baino ez bada ere. Eta beste asko, gu baino aleun bider handiagoak eta garaiagoak, noiztik ari zaizkigu atergabe zaunka, Selene zurbilari uluka? Hogei urtez gero, ez dute horixe besterik egin; ulu, zaunka, Espainiako diktadorearen aurka propaganda espantagarri batean urteak, diruak, indarrak garbitu eta xahutuz. Zertako?

        Oraindik «Katutxoa mizpiraren gainean dago» mingainarekin bere bibotea gustora miazkatzen. Baita egongo ere gure zaunkak gorabehera. Horrela jarraitzekotan, ez nintzateke bat ere harrituko egunen batean «badago, bego»ko osin baketsuan euren batelak atrakatuko balituzte. Itxurak behinik behin, halakoxeak dira.

        Era berriko abertzaletasun regionalista (zekor bi hauek uztar ahal badaitezke) batzuen gerizpean, Euskadi hondamendira daramagun regionalismo ustel, antzu eta higatua, espainiar-federalismo kirats batekin goroztatua, sartu nahi digute sudur eta belarrietatik euskotar guztioi. Espainiako erkal irolduari eutsi-beharraren puruz, eta erkala bezain irola den estatutuari eustearren. Artean, herritasun, hizkera, ohitura eta endarekin Euskadi amilbera dihoakigula ikusi arren, horretan diraute oraindik ere, tenkor, setati, burugogor.

        Ondo diozu «Euskadi askatu behar dugula, ez Venezuela». Eta nik hauxe diot: ezta Parisik ere, are gutxiago Espainiarik. Eta mundu guztiko euskotarrak Espainia askatu nahiz dabilzkigu eginahalean. Ez duzula sinesten? Irakur itzazu erdaraz eta antifrankismoz gainezka lur zabalean agertzen diren eusko izparkariak, eta gero esango didazu. «Txorrozkille» horrek aztoratuta dauzka gure agintari, hots-emaile eta abertzaleak eurak, eta aztorapen horrek ez-lan hondagarri batean murgilduta dauzka.

        Utzi dezagun ez-lana, buru-belarri bai-lanean sartzeko: Euskadi burujabe, aske, lotura-gabe eta euskaldun baten alde. Horra benetako bai-lana.

        Bi gabe, hirurik ez omen. Hirugarrenerako uzten ditut beraz hiru puntu, jakingarriak hauek ere. Bitartean, Donostia, bidal iezaguzu zerbait eder gure gosea berdindu eta zaunkak isiltzeko. Irrintzi'ren orrialde zuriak zabalik dauzkazu. Hori bai, izena ere bidal ezazu (isilean gordeko dugu); gu halakoxe lotsagabeak gaituzu, ez gara beldur ezta-ezta izena emateko ere.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus