ODOL GABEKO MATXINADA

 

Irrintzi, VII zenb.

       

        Ez dago esan beharrik gure odola begi-ninia baino arduratsuago zaindu behar dugunik. Herria odol-jariora eraman aurretik arretaz aztertu beharko dituzte ingurumari guztiak hotsemaile eta buruzagiek, garestiegia baita odola, hutsean, onura gabe eta noragabe parrastan isurtzeko. Zenbat eta urriagoa izan, hainbat eta garestiagoa. Gure herri dohakabearen tanta bakoitzak berriz, lurbirako urreak oro baino gehiago balio du eta benetan xuhur eta lukur beharko dugu izan jario baino lehen. Sari handi baten ordainez izan ezik, ezin dezakegu odolik eman euskotarrok, ez horixe.

        Hala ere herri den herri batek, hurrengo hiru nahiak bederik nabarmendu behar ditu, herritasunaren gai dela begira dagokion munduari erakusteko. IZAN-NAHIA, BIZI-NAHIA, IRAUN-NAHIA. Lehenik eta behin, izan hurrengo bizi eta beti iraun. Nahiok kemenez, adorez eta indarrez erakutsiko ez lituzkeen herria, ez da herri bat, beraz askatasun osoaren gai ere ez litzateke izango.

        Herri askotxok odol-truk erakutsi izan dituzte hiru nahiok askatasuna iristeko, odol-jariora baino lehen ordea, izana, bizia eta irauna mami-mamian daramatzan hizkuntzari sendo eutsi zioten, hizkuntzaren oinarrietan askatasunaren jauregia eraikitzeko. Hizkuntza da izan ere, aipatu hiru nahiak ur-begi bakarrean bezala batzen dituen iturburua, herri bakoitzari Jainkoak eman dohainik bikainena, bera baita herriaren arima, herriaren gogoa baita odola ere. Arima hori, odol hori erpe eta agin zaintzen ez duen herriak, ez du izan nahi, ez du bizi nahi, ez du iraun nahi bere zainak labain zorrotzez ebakitzen dituen giza-semeak baino gehiago.

        Eta Euskadi, aspalditik ari zaigu zainak ebakita odolusten, euskara gabetzen. Zainok elkar-itsatsi behar dizkiogu aberri maiteari hil ez dakigun. Nola ordea? Euskarari soin eta gogo, gure indar guztiekin eutsiaz. Horra hor odolik jario gabe egin dezakegun eta egin behar dugun matxinada.

        Matxinada horretarako egitarau (programa) txiki bat aurkeztera ausartzen gara, hutsuneak zuek beteko dituzuelako uste osoarekin. Denon laguntasuna behar du euskarak dagoen egoera negargarritik ateratzeko, eta ez dut uste ukatuko diozuenik.

       

        OINARRIAK

 

        I.— Eralguntza honetan parte hartu behar dute Euskadin eta mundu guztian zabalduta dauden euskaldunak oro, gizaseme eta emakume, txiki eta handi, aberats eta txiro, arrantzale eta nekazari, langile eta ugazaba, jakitun eta ezjakin, agintari eta mendeko, herri-gizon eta eliz-gizon, idazle, hizlari, olerkari, bertsolari eta mota guztietako mintzalariak oro. Hitz batean, euskara dakiten guztiek eta ikasi nahi luketenek ere bai, ar eta eme, zahar eta gazte denak nahaste.

 

        II.— Euskara beti eta nonahi erabiltzera behartuko dira, lotsa-konplexua gure artetik zeharo baztertuz:

        a) GURASOAK, horiexek baititugu euskararen euslerik nagusienak, euskara erabiliko dute beti euren artean eta senitartean hizkera bakartzat.

        b) HERRI-AGINTARIAK saia daitezela euskara bakarrik erabiltzen udaletxetako batzar, eztabaida eta agiri guztietan. Euskara sar dezatela, nahiz eta bortxaz, euren mendeko eskola guztietan, eta euskararik ez dakienik ez dezatela hartu otsein, langile eta ogipekoen artean.

        d) ELIZ-GIZONEK euskara erabil dezatela euren artean komentuetan eta elizetan, batez ere herriari Jainkoaren hitza banatzeko orduan, nahiz izan apaiz, lekaide edo lekaime. Har dezatela euskara, behin betiko, euren mendeko ikastetxe eta eskola guztietan kultur-tresna nagusitzat erabiltzeko, baita argitaratzen dituzten aldizkarietan, erdara zeharo baztertzeko.

        f) MAISU ETA IRAKASLEEK erabil dezatela ahalik neurririk handienean aberri-hizkera euren mendeko ikastola eta ikastetxe guztietan.

        g) EPAILE, LEGE-GIZON, EPAI-MAISU, epaitegi, tribunal eta bestelako toki guztietan erabil dezatela euskara agiri eta hizketaldietan. Eta Auzitegira deitua izango litzatekeen euskaldunak ez dezala erantzun euskaraz baizik.

        i) LANGILE ETA UGAZABAK, lantegietan, euskara dezatela hartu-eman guztietan hizkera bakar.

        j) SALEROSTE, DENDA eta bestelako garatzetan, euskara bedi hizkera nagusi.

        k) Orobat ITSAS-GIZON, ARRANTZALE eta NEKAZARIEN artean.

        l) IZPARKARI, EGUNEROKO, IRRATONTZI, ZINEMA eta era guztietako zabalkundean, euskara erabil dezatela arduradun guztiek.

        m) EUSKO ALDERDI, ERALGUNTZA eta aberri-hotsezko higikunde guztietan euskara bedi hizkera bakar.

 

        III.— Euskal matxinada honetako bazkide guztiak, zinez behartuko dira, Euskaditik, era eta modu guztietara, analfabetoen kasta lotsagarria zeharo erauzi eta kentzeko. Horretarako beren ahalmen guztiekin saiatuko dira euskaldun guztiei euskaraz irakurri eta idazten irakasten, askatasunaren zain egon gabe.

       

        Euskal matxinadaren etsaiak

       

        Eralguntza honek etsaitzat joko ditu, erdara erabiliz euskarari bizibidea ukatzen dioten guztiak:

. Abertzaletasunaren larrupean estalita, erdaraz ari diren idazle, hizkari eta aldizkariak oro, geuretik hasita.

. Euskara ukatzen duten Auzitegi eta Tribunalak.

. Euskara ezesten duten izparringi, aldizkari eta abar.

. Euskara ostikopean darabilten herri-agintari eta udaletxeak.

. Euskararen aurka ari diren eliz-gizonak: Obispo, apaiz, lekaide, lekaime eta abar.

. Guraso zabarrak, eta emazteki erdaltzaleak.

. Euskara laidotu eta irainduko lukeen edonor.

        Aipatu etsaiak oro, gure indar guztiekin lotsatu eta isiltzen ahaleginduko gara, agerian eta estalian, erruki gabe, beldur gabe, baina gezurrik gabe.

        Horra hor, odol gabeko matxinada, hala ere kementsuen matxinada, sendoena, gudari azkarrena, herri osoarena, ez txepelen matxinada, ezta euskotar salduena ere.

        EUSKARA, heldu da zure garaia. Euskaldunak, jar ditzagun gure aizkorak sorbatza gora begira, gure hizkuntza ito nahi digun erauntsi izugarriari aurpegi emateko!

       

        GEHIGARRIA

 

        1.— Ezaguna da hiri handiek daukaten eragina txiki eta ez hain txikien gainean. Euskal matxinada behar bezala zuzentzeko, Euskadiko lau hiri handietan, Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostian alegia, bakoitzean batzorde bat izango da.

        2.— Orobat, hiri nagusietako batzorde bakoitzak, dagokien barrutian, bere adarrak beste hiri guztietara zabalduko ditu, ordezkariak haietan jarririk euskararen alderako lanaren eragingarri.

        3.— Esan beharrik ez euskara izango dela batzorde eta ordezkaritzen arteko hizkera bakarra.

        4.— Hilero gutxienez, batzorde bakoitzak orri bat argitaratuko du gure aberri-hizkeraren aldeko eginbeharrak argi eta garbi adierazteko. Orri hauek, gainera, beste hiru hiri nagusietara ere bidaliko dituzte, hangoek euren bazkideen artean bana ditzaten. Zabalkundea eraginkorragoa dadin, laurak batera barik, bakoitzak dagokion astean argitaratuko ditu, horrela astero Euskadi guztian zabal daitezen. Argi idatziak beharko dute izan, euskara sarkor batean.

        OHAR.— Asmo hauen inguruan gure irakurleek adieraziko lizkiguketen usteak aztertzeko gerturik gaude. Gainera berton argitara emango ditugu, denon artean zerbait on egiten dugun ikusteko euskararen alde. Etsitu edo derrotistek, ez dute sarbiderik gure matxinada honetan, beraz isil bitez. Ondo dakigu ez dela erraxa egiteko hau, baina euskararen auzia, horrelaxe, sendo eta maila guztietan hartzen ez badugu, galduta gaude. Euskarak behar du izan euskotarren hizkera bakar:

                Ilunean eta agerian

                etxean eta kalean

                elizan eta kabaretean

                zeruan eta infernuan. Halabiz.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus