EGUZKIARI DEIKA

 

Irrintzi, VII zenb

 

        Artikulu-gaia ez ezik, idazlan ederra bidali diguzu izen gabeko adiskide, eta hain jakingarria delako, hementxe argitaratzen dugu, nahiz eta astinaldi ederra eman guri. Hortik ikus zenezake ez garela ari akuilurik egari nahi ez duen basidia bezala itsumustuan adarka. Ezta illargiari zaunka ere, —ez genuke ibili nahi—, eguzkiari deika baizik. Argitasuna nondik etorriko gabiltza eta datorkeen lekutik onartua izango da gure artean, euskal maitasunaren labe goritik jaulkia denean batez ere, gartsu baina neurritsu, zurea bezala.

        Hala ere zenbait iruzkin merezi dituela zure idazlanak nire partetik uste dut, halako beltzune batzuk xuritzeko. Beltzuneok ez dira harritzekoak, zuek eta gu sei mila kilometroko tarte batez elkarrengandik berezita bizi garelako. Halako tarte handi gabe ere, aise sortzen dira haizaroak (iluntasunak) gure artean. Kontentagaitzetatik hasiko naiz.

        Barka diezadala Orixe handiak, baina euskaldunak kontentagaitz baino gozakaitz areago gaituzue. Kontenta-erraxegiak garela aspaldion ari gara munduari erakusten harrokeria ergel baten eraginera. Zerbait egin dugula? Hutsa aberriaren alde, hutsagoa gure aberri-hizkeraren alde. Hala ere, hor ikusiko dituzu asko eta asko fanfarroikeriaz ahoa gainezka, hortzak bota beharrean, entzun nahi dietenen muxuak listuz zipriztintzen. Hori ez da kontentagaitzena, kontenta-erraxegiena baizik.

        «Eginetan luze, esanetan labur» omen ginen. Non zegok hori? Oraingoak behintzat luzeak laburtzen eta laburrak luzatzen mutilagoak gara, dudarik gabe. Eta hau gainera: Beti egon behar al dugu egin izan genuenari begira? Atzera begira beti? Karabela eta Lepantoak hausnartzen gure zapaltzaileak bezala? Eginak egin, handi nahiz txiki. Bego orain artekoa, gaurtik aurrerakoari ekiteko; zimenduak zimendu, hormak horma, eta horiexek jaso behar ditugu askatasunaren jauregia egiteko. Ez ditugu «irrintzilariok» zimenduak zapuzten, baina gure jauregirako hormak eraiki nahi ditugu, zuk ere bai nik uste. Eta lehenbailehen, berandutu ez dakigun. Belaunaldi honetako euskotarrok jasotzen ez baldin baditugu, errekak eramango ditu zimenduak eta zimenduekin nahaste gure aberri maitea ere bai. Eta hauxe ez dugu ikusten oraingo euskotarrok, etorkizunari buruz bizkar gainean daukagun erantzun behar ikaragarria. Oihuka ari garela? Beharko, fabriketako langileak adar-hotsera bezala, aberriaren oihu latzera gu ere lanerako biltzen ote garen. Euskadi ari zaigu oihuka, gu ez. Gu ez gara nor, gu ez gara ezer, gu ez gara aberri-lorrean ari garen txindurri txatxar batzuk besterik. Baina geure kitatxoa ekartzen eragotzi nahi diguzue ala, txindurri kaxkarrenak izan arren? Aberri lorketa hau ez al da guztion lana?

        Latz eta garratz ari garela? Urrutitxo joan garela? Maiteen ditugunak ere astindu ditugula? Bai, huts handiak egin ditugu, bihotzez aitortzen dizut. Aberriaren azkuak urrutitxoegi eraman gaitu. Baina, ez al zuen merezi gure itsaso-hilean zenbait harri koxkor botatzea urak usteldu ez zitezen? Ez al zuen merezi berriz ere euskotarrei esatea, Euskadi badela, jopu dela, eta askatasuna daukagula zain? Horrelako gauzak ordea, ez dira gehienetan hizkera leun eta goxoz esaten; guk ere ez ditugu hala esan, eta harropuztzat jo gaituzte. Alde gugandik harrokeria!

        Honatx, nire uste apalean, nondik datorren gure garraztasuna, gurea, zuena eta euskotar denona: HERRI GOZAKAITZ BAT IZATETIK. Gozakaitzak hezur-muineraino, bekaitzez ustelduak, arminez hirotuak, eta gure arimetako hariak ukiturik txikienera lazki inarrosten dira «gitarra zahartxoa»renak baino lazkiago. Beharbada, Bach'en akorde goxoetan eraiki beharrean, Stravinsky'ren akorde latzetan eraiki dugu geure aldizkaria. Eta musika hori, guztion gozakaiztasunak sortu du. Gu latz, zuek mergatz eta denok garratz. Zuzenduko al gara? Eltzea bol-bol dagoenean ez da errax isiltzen, nahiz eta estalkia ipini: are zarata handiagoa egingo dizu. Ur hotza botatzeko esango didazu... Alferrik, sua azpitik ari den bitartean. Sua ito beharko ote dugu? Ez dut uste.

        Aberats okitutzat hartu gaituzu. Ez ba! Gure zazpiki hau apainegi dirudizula? Dirua botatzen ari garela besteen txirotasuna mintzearren? Hamar milako diru-paperak inoren sudur-puntan ez ditugu dantzatu nahi, tati-tati eginez, ez dauzkagu-eta. Ez al dakizu etxeko oilasko gizena kanpoko haragi lehorra baino merkeago ateratzen dela maiz? Halako zerbait gertatu zaigu guri ere. Zuk baino lehenago euskal idazle bikain eta adiskide maite batek papera aldatu behar geniokeela, esan zidan, gure aldizkariari. Guk halaxe uste genuen, eta atorra berri bat erosi diogu «Irrintzi»ri, nahiz eta ziur jakin jantzi berri horrek ez duela gora handirik izango aberria askatzeko. Eta barnera begira egin dugu aldaketa hori, zuei begira, baita beste norbaitzuei ere, papera bukatzen zaigunean porrot egingo dugula esan dutenei, horiek ere poz eta ikotu daitezen. Zuk besterik uste izan arren, etsai asko ditugu, urkabetik eskegita kana beteko mingainak darizkigula ikusi nahi gaituztenak. Hortik atera dezakezu ez dela hain erosoa darabilgun bide hau, eta hemen urrutian ere, ez dela hain erraxa oihu egitea. Askoz erraxagoa da patxada ederrean eserita whisky hozkirriak danga-danga edan eta erdal aldizkari kilimakor horietakoak irakurri, ez euskaraz idazten ibili txoro bat eginda, ostikada, belarrondoko eta zaplatekoak hartzeko gainera.

        Buruak ez dit inoiz ere eman besteak baino askatasunzaleago naizenik, ez ni ezta paper honetan idazten dugunok ere. Ondo dakit bai, zuen lan isila gogorra dena, gurea baino mila bider gogorragoa. Eta niri atseginen zaidan puntua ukitu duzu zure idazlanean, euskararena alegia, «gure euskal arnasez hemengo giro kirastua, erdaldundua garbitu nahiz gabiltza» diozunean. Hori, hori izan da nire betiko ametsa, betiko ahalegina, gure giro erdaldundua euskaldundu. Askatasun-zaletasunean ni baino sutsuagoak badirela esan dizut, baina zaletasun hori euskararen maitasunez neurtzen baldin baduzu, hau ere esan behar dizut; horretan ez daukadala nire burua besteak baino txikiagotzat. Hala ere, zer egin dut nik euskararen alde? Hutsa, ezer ere ez. Eta zer egin dute gure abertzale arranditsuek aberri-hizkeraren alde? Ez al du merezi euskararekiko alderdi abertzaleen jokabide makurra sakonki aztertzea? Zergatik ari dira erdaraz hizketan eta idazketan? EUSKARA DAGOKION MAILAN EZARTZEKO BIHOTZIK EZ DUTELAKO IZAN. EUSKARA ABERRI HIZKERA BAKARTZAT HARTU NAHI EZ DUTELAKO. Zergatik? Menderatzaileen erdara erraxago zaielako, eta horretan menderatzaile ankerrarekin lankidegorik (kolaborazionismo) lotsagarrienean ari zaizkigu abertzale gehienak. Ez al genezake hau esan? Ezin ote ditzakegu gure hobenak aitortu damu sendo baten ondoren bide berritik hasteko, euskal bidetik alegia? Gu erdaraz ari garen bitartean, nola eska diezaiokegu zapaltzaileari, euskara errespeta dezala, euskara aintzat hartu dezala? Hauxe bai dela benetan «illargiari zaunka» ihardutea. Gu ere bai, baina beste asko ere horrelaxe ari dira abertzaleen artean. Eskubide elementalak zaintzen ez dakien herria, askatasunaren gai ote da gero? Honetan ez diogu inori ere mingainik mozten utzi behar gure bekatu larrienaren aurrean mutu gelditzeko. Indar guztiekin salatu behar ditugu erdal-uholde nazkagarrienean gure herria hondatu digutenak, eta oraindik hondatzen ari zaizkigunak, direnak direlakoak.

        Nik baino hobeto dakizu euskaraz ari garenon oihuak basamortu elkorrenean galtzen direna, hala ere jarrai dezagun euskararen alde oihuka hitzez eta egitez. Zuek, zuek zarete benetako gudariak euskara lantzen, euskara indartzen, euskara jasotzen ari zaretenok, gure «giro erdaldundua euskalduntzen»: Horra odol gabeko matxinada, batza-rekin ala batza-gabe ote-otean egin behar duguna gainera. Ez al derizkiozu?

        Gizona, hementxe bukatu behar dut goizaldeko ordubiak dira eta. Hemen ere ez digu barkatzen bizimoduaren kezkak, niri behintzat. Hurrengo zenbakirako uzten ditut gainontzeko iruzkinak, bizi baldin bagara. Agur izengabeko adiskide ezaguna.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus