ASTOAREN GORAZARRE

 

Irrintzi, VII. zenb.

 

        Arrantzaka ari omen gara. Hala diote behintzat, biribil-erdi honetan, agertzen den izparkaritxo batean. Eta arrantzalari gogortzat jo gaituzte astoaren izena guri ezartzeko zakartxo edo, aurkitu dutelako. Eta jakina, arrantzaka ari garenez gero asto izan behar derrigorrean, arrantzak astoa, keak sua bezala salatzen duelako, ez baitago lurbira guztian halako kantu ederrik ematen duen beste abererik.

        Beharbada, ez dute gure adiskide on haiek astoa ondo ezagutzen, bestela, ziur-ziur nago, beste edozein abere arruntago batekin berdinduko gintuztena, ur-zaldi edo hipopotamoarekin, esate baterako.

        Astoa lur gaineko abererik apal eta langileena izan ordea. Astoa pataririk burutsuena; astoa lau-hankadun setatiena; astoa gizonaren laguntzailerik kirmenena; hitz batean esan, astoa Jaunak mendez-mende gizaseme langileari eman dion ondasunik bikainena. Non zitezkeen gure errotari eta nekazariak astorik izan ez balute? Eta non arrantzaleak? Haiek ere astodunak behar izaten zituzten herri barruetan arraina saltzeko.

        Hala ere zeinen zitalki erabili izan duen gizonak abere goragarri hori. Egiten dion laguntasunaren alderako, makila eskaintzen dio; lanaren alderako gosea, eta hori guztia gutxi bailitzan, era eta modu guztietara astotxoaren izen ona galtzera ekin dio. Halakoxeak gara, izan ere, gizonak; esker txarrekoak.

        Izan dira, horregatik, edestira pasatu diren asto ospetsuak. Bat, antzina xamar, Balaam igarlearen asto hiztuna. Galdua igarlea, astotxo hori izan ez balitz. Beste asto bat, izen handikoa hau ere, Josu haur jaioberria arnas lurrintsuz berotu ondoren Herodes errege gaiztoaren eskuartetik askatu zuena. Beti astoa on egiten.

        Asto jakitunak ere izan dira. Nork ez du Apuleius'en «urrezko astoa» ezagutzen? Baina asto bihurtutako gizon bat zen hau, benetakoa baino eskaxagoa beharrik ere. Eta olerkariek ospatu dituztenak? Oraindik bizi dela esan daiteke Platero, Jimenez'en astoa, bere bidean utzi zigun argi-litsa ez baita behingoan itzaliko. Eta Junqueiro'k olerki zoragarri batean goraipatu zuena? «A moleirinha branca, branca de luar», ilargi txuriz txuri zegoen bolu-atsotxuaren asto zoragarria. Bataiatzea ere merezi zukeela dio olerkariak, asto hark. Horra iraizean bildutako astotxo argiak.

        Ez uste izan gero, arrantza ere noiznahi eta noragabe egiten duenik. Ez horixe. Oihu ozen eder haiek, zergatikorik gabe ez ditu jaulkitzen. Sua dela, lapurrak direla, arriskuren bat, nahigaberen bat, gosea, egarria... Eta zergatik ez? Zelaietako isiltasuna urratzeko ere bai, heriotzaren antzekoa den isiltasun samina, Euskadiren askatasunaren inguruan hogei urtez gero euskotarrok egin izan dugun isiltasun hilgarriaren antzekoa.

        Gizon askotxok ezer ere ez lukete galduko abere on hauen antzera jardungo balute.

        Balaam'ena bezala, hizketan zuhur eta eginetan setati balira, Euskadiri bere izatasunean eusteko.

        Junqueiro'rena bezala, apal eta xalo, gure euskarari, bolu-atsotxo zoragarri honi, laguntzeko.

        Jimenez'ena bezalakoak, ameslari, alai eta arrai ASKATASUN BIDETIK ibiltzeko.

        Belengoa bezala, Euskadi etsaien mendetik askatzeko.

        Behar orduan arrantza egiten dakitenak, batez ere Aberria amilbera lerratzen, eta galzorian dagoenean, beste asto lokartuak esnatzeko.

        Guk ere halakoxeak izan nahi genuke, eta esker onerako ez dugu nahi ez sekula-bedarrik, ez entxuferik, ez artalerik, ezta zaldalerik ere. Inoiz ez gara bizi izan askatik jaten, eta orain arte bezala jarraituko dugu aurrerantzean ere: jarei, askatasun-belardi oparoetan kantari.

        Artale-zaldale-sekula-belarrak, beude beste batzuentzat, ABERRIA sabelaren neurriz neurtzen dutenentzat.

        Horra esan, astoaren gorapenak.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus