AULERIA

 

Irrintzi, 1 zenb.

 

        Hodei ilun eta busti bat ari zaigu aspalditik euskotarron abertzaletasunaren zainak usteltzen eta makaltzen, lehenago hain oparo ziren gure artotza eta gari-sailak gorrinaz alferrik galtzen. Hodei zital horrek gainera, eskale errukarri batzuen antzera jarri gaitu inguruetara begira, ogi apurren bat nondik eroriko ote zaigun gure herriaren osasunerako. Indar guztiekin horretara jarrita ere, ezin genezakeen gure burua egoera negargarriagora eraman: Euskadi eskale bihurtzera!

        Batzuk Monarkiari begira jarri zaizkigu («Ni quito ni pongo rey») beste batzuk Errepublikari begira («La elección no es dudosa»), denak mendeak mende gure zapaltzaile izan ditugun espainiarrei so (begira). Horrek ez du besterik esan nahi gure herriaren ahalmen eta kemenean lehenago geneukan itxaropena zeharo galdu dugula baizik: Euskadi endekatu zaigula, abertzaletasuna ia ustelduta dagoela gure bihotzetan.

        Nire uste apalean, ez dagokigu Euskalerriaren etorkizuna gorago aipatu ditudanen esku artean ezartzerik; bestela, orain arte bezala gure gurari eta nahikari bizienak ere lurreratuko dira laster, karta dorreak bailiran.

        Eta zergatik? Lege ezaguna da herri menderatuen historian, menderatzaile batek ere ez diola mendekoari askatasunik ematen onez eta berez. Azter ezazu herri menderatuen historia eta laster jabetuko zara lege horren egiaz. Herri harrapakari biren azpian bizi gara, Espainiaren eta Frantziaren oinpean alegia. Herri bion edestia hurbilenetik datorkigu euskaldunoi bidegabekeriaz eta konkistaz betetako historia. Eta konkistariek herri bat beren eskuekin estutzen dutenean harrapakinik (presa'rik) ez dute inoiz

askatzen, ez horixe. Eta horretan mutilak izan dira eta dira gu zapaltzen gaituzten herri biak, Espainia batez ere.

        Zertako, bada, herri horrengan gure uste eta itxaropenak jarri?

        Zertako haren erregimen ustelekin gure buruak nahasi?

 

***

 

        Monarkiagan ezin dezakegu itxaropenik ukan. Mendeak zehar aske izan garela erregimen horren mendean? Orduko giroak horrela, berez zekarrelako, eta ez beste ezergatik. Sarri erakutsi ziguten hala ere espainiar edo gaztelako erregeek gure herriari zioten gorroto bizia. Atergabe ibili izan ziren euskal herriak nola menderatuko eta garai hartako euskotarren ergelkeria bide zela, laster menderatu zituzten gure eskualdeak (regioak) beren gurdiari ondo lotu eta uztartzeko. Nafarroa, gure eskualderik handi eta jatorrena berriz, armaz menderatu zuten errege gaztelarrok Espainia faltsu bat lapurretaz osatu eta antolatzeko. Geroago, monarkiak berak, indarrez kendu zizkigun geratzen zitzaizkigun askatasunaren arrastorik ahulenak ere. Eta askatasun-nahiak, Irakaslearen eraginera berriz ere ernatzen hasi zirenean, ondo dakigu nola inausi eta moztu zituen: odolez eta espetxez. Horra labur, monarkiaren jokabideak.

        Egiatan, Errepublikaren mendean epe laburrez baizik ez zen Euskadirik bizi izan. Errepublikanook, ordea, monarkiaren bularrean haziak ziren eta hura bezala zentralismo zital batez kutsatu eta itsutuak. Lehenengo Errepublika iraizekoa izan zen, ez du beraz kontuan hartzerik ere merezi. Bigarrena berriz, penintsulako herri menderatuek, Katalunia eta Euskadik batez ere, beren askatasun-nahia argi asko erakutsi ondoren agertu zen. Espainiako Errepublika sortu zenean, Macia'k Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen egun berean; gu, beti bezala, atzeratxo ibili ginen, eta errepublikakume hark taldeka txapelokerrak bidali zizkigun badaezpada ere. Hala ere, gertakizun horiek eraginda, errepublikazaleek konstituzio berriari halako federalismo higatu baten kutsua ezartzera makurtu ziren. Nahiago izango zuten noski «Espainia Erkal bakar,

erdizale eta puskaezin bat zela» aitortu, geroak erakutsi zigunez.

        Azkenean Kataluniari estatutu exkas bat besterik ez zioten eman alde guztietatik ondo abarrakitu eta kimatua. Eta guri zer eman ziguten eta noiz? Guri ere azken orduan, besterik ezinean, itomenean, geuk geure eskuz, azkarxeagoak izan bagina, askatasun osoa har genezakeen garaian, estatutxo bat eman ziguten, Kataluniakoa baino eskaxagoa eta kimatuagoa. Guduz inguraturik geundela, borrokarako bizkortzearren, noski; hala ere hegazkinik ez ziguten bidali behar bezala etsaiari aurpegi emateko.

        Errepublika antolatzen zuten espainiarrek zer asmo zeukaten Euskadiri buruz? Nire herrian sarri entzun zieten komunistei esaten gudu garaian: «Zer? Guda irabazten baldin badugu, zuek aginduko duzuela uste al duzue? Bajagok hobarik, mendebala euri barik». Hori komunistak. Eta sozialistek zer? Largo Caballero izan zen gure Estatuto xelebrea eman ziguten zaldun horietako bat. Eta ba al dakizue zer esaten zuen jaun horrek? «Beldur naiz eusko abertzaleek beren separatismo itsu horrekin Espainia berriz jasotzeko daukagun lan izugarria hondatuko ez ote diguten. Hala ere uste osoa daukat nire alderdikideek (PSOE'koek alegia) Euskadiko askatasun-nahi guztiak itotzen jakingo dutela» (F. Largo Caballero «MIS RECUERDOS», México 1954, 357 orrialdean). Eta Gordón Ordax'ek handiak bota zituen, oraintsu, Bolivian egin zuen hitzaldi batean. Kataluniaz ari zen hitzaldi hartan, hala ere «zuri diotsut Paxkual, zuk entzun dezazun Koxe».

 

***

 

        Batzuk eta besteak, denak espainiarrak, denak gure etsaiak. Alferrik ari gara beraz espainiarrekin nahas-mahas gure helburua haien bitartez iritsiko dugulakoan. Bienbitartean Euskadi ari zaigu hondatzen, zitaltzen, galtzen. Ezin dezakegu inola ere onartu (Gabon-mezua) Euskadin sartzen ari zaigun koreano taldea, gure herria xurgatu, ahuldu eta menderatzera datozkigun espainiarrak. Erruki ergel baten estalpean eta Euskadiko aberats okitu zenbaiten diruzalekeriari eusteko, ezin dezakegu Aberriaren hondamendia onartu. Horma sendo bat jarri behar dugu inola ere, uholde negargarri horri eusteko. Nola?

        Alderdia bizkortuz, alderdia indartuz, alderdia eraberrituz. Gaurkoa eta Sabin'en garaia ez dira berdinak, hala ere Irakaslearen oinarriak ukatu gabe, alderdia sendoago bihur dezakegu eta abertzaletasuna sutsuagoa. Gure alderdira gazteak erakarri nahi baldin baditugu —eta gazteak behar ditugu— ez daukagu hauxe baino beste biderik: Alderdiaren helburua argi eta garbi, inolako lainoz, nahaskiloz eta orbanez lausotu gabe, gaztediari begi aurrean ezarri: Euskadiren Askatasuna!

        Ez dezagula Aberri maitea galdu gorroto gaituztenekin ibiliz, nardatzen gaituztenekin pakto ahul eta burugabekoetan nahasiz. Espainiarrak oro berez zinausle (perjuro), berez gezurti, berez saltzaile politika eta hartu-emanetan. Eta berriz ere salduko gaituzte gure indar eta ahalmena erakusten ez baldin badiegu, geu geurez, Euskadi askatzeko gai garela erakusten ez badiegu. Ez dugu behar espainiar monarkiarik, ez dugu espainiar errepublikarik behar geure auzia garbitzeko. Baditugu lankide hobeagoak askatasuna iristeko. Hurrengoan horretaz.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus