ERRI BAT GAINEZKA

 

Alderdi, 131, 1958-II, 12 or.

 

        Urte berria hastera zihoan Caracasko zeru gaina bat-batean, saldoka hegalontzik zeharkatu zuten, oraindik erne eta alai urte zaharrari agur egiten zebilen herriari berri on bat emateko: Agintari indartsua, alegia, baztertua izan zela. Gudu-talde guztiak edo, bat eginda omen zeuden Perez'en jauraldi doilorra —Venezuelako lurraldea hamar urtez gero bihotz gogor eta esku gogorragoz jaurtzen zuen gizon gogorrarena— betiko erauzi eta alderatzeko. Egun horretan ordea, ez zuten iritsi nahi zutena. Beste gudu-gizon zenbait, dirudienez, ez zeuden bat eta bere lagunak saldu zituzten, eta poza iragartzera etorri ziren hegalontziak arerioek su biziaz uxatu eta berriz ere lur hartzera behartu zituzten edota erbestean kokatzera. Poz behar zukeena nahigabe bihurtu zen.

        Lehendik ere koloka zegoen Perez'en agintaritza, baina oraingo honetan zalantza gorriagoan jarri zuten eta handik hogei egunera herri osoak harri eta makilekin, bestelako iskilu gabe, erasoezina zirudien bere zulo beltz hartatik atera eta bota zuen. Gezurra dirudi, baina ezin uka daiteke, HERRIAK, hain gogorki menderatuta zirudien herriak, diktadore indartsua goitu eta garaitu zuela.

        Bazen horregatik, gudu-gizonen artean ere euskal abizen ederra daraman Almirante bat, Larrazabal gizon gazte eta jatorra, lehendik ere Perez'en aurkalaria, eta honexek adierazi zion Gudalburu harroari erbesteko bidea lehenbailehen hartzeko herri eta gudu-gizonen azpian lehertu nahi ez bazuen. Eta goizalde ilun batez, erbeste bidea hartu zuen hurbileneko bere adiskide eta lankideekin. Erbi ikaratia bezala Santo Domingora joan zen ihesi lehoi harrapakaria, bere moduko beste diktadore zital baten itzalpera.

        Harrigarria benetan Caracas'ko herriak erakutsi duen askatasun-nahia. Hamar urte beltz hauetan noiztenka agertu izan zuen bere egonezina, baina egonezin hori indarka gogorrez baketzen zuen Perez'ek. Espetxeak gainezka, erbestean milaka herri-gizon aurkitzen ziren. «Seguridad Nacional» zeritzan polizi-eralguntzak aleunka egin zituen Perez bere aulkian iraunarazteko, eta ezin esan ahala ikasle gazte, gizon jator eta politiko adoretsuak ere leozpe ilunetan min-bihurrienez nekaldu zituen halako diktadore nazkagarriek egin ohi dutenez. «Seguridad Nacional» horretakoak guk hain ondo ezagutzen dugun beste «Seguridad» batean ikasiak ziren, Franco diktadorearen giza-ankerren ikastolan. Eta askatasun eguzkiak Caracas'ko herria argitu zuenean, herriak berak erre zuen etxe zital hori eta etxe hartako morroi askotxo ere bere eskuz lehertu eta ito zituen. Harrezkero agintari berriek legez kendu eta lurrera bota dute betiko, delako «S.N.» hori.

        Diktadura guztien ondorena eskandalu gorria izaten da. Hala gertatu zen Argentina'n. Kolonbian oraintsu eta hemen ere bai. Indarrez eta diruz estaltzen zituen zorna eta ustela bete-betean agertu dira inguru guztiak kirastuz, hiro eta ustelez gainezka dihoan ibai zikin baten antzera.

        Baina euskotarrok zer ikusi eta ikasi handiak ditugu Venezuela'ko matxinada eder honetan. Alderdiko aldizkarian ari naiz, zilegi bekit beraz, nire ohar-ikasiak nolerebait adieraztea. Ez da aski begiratu eta ikustea; ikastea dagokigu eta ikasi ondoren eman diguten jarraibide ederrari geure ahalegin guztiekin jarraitzea. Gure Alderdia ezin daiteke lo goxoenean etzanda egon. Gure helburua, jomuga alegia, hemengoena baino, bikain eta garaiagoa da. Aberriaren askatasuna. Zer gauza bikainagorik? Zer jasoagorik?

        Hementxe ikusi dugu argi eta garbi herri oso baten gorrotoari eutsiko dion diktadurarik ez dela oraindik sortu. Denak gizon bat bezala jaikitzen direnean ez dago Perez'ik ezta Franco'rik ere esango nuke nik.

        Nagikeriak edo alferkeriak, —koldarkeriak ez esateko— berez garamatza auzokoen egintza garaienak ere guk egin ditzakegunak baino erraxago eta erosoagotzat jotzera. Sarri entzuten da gure artean: Guk ere beste hainbeste egingo genuke lehertzen gaituen diktadura hain gogorra ez balitz, Francoren diktadura Perez'ena bezain makala balitz...

        Horra ba: Perez'ena askoz ere indartsuagoa zen, aberastasun eta oparotasunean eraikia. Hark, indarraz gainera, dirua zeukan ugari, adiskideak ere ez gutxi, gudari eta ingurumari guztiak isiltzeko lain. Hala ere ezin izan zituen isildu. Francok berriz miseri gorrienaren gainean jasota dauka bere agintaritza. Goseak nonbait giza-gogo eta kemena irentzeko ahalmen berezia du, nahiz eta besterik esan antzinako esaerak, eta jendeak zerura begira apal-apal jartzeko ere bai, handik askatasuna noiz etorriko zain. Eta askatasunik ez du inork ematen: indarrez eta bortxaz iritsi behar da: «eman emanka» ez, hartu hartuka baino, Caracas'ko herri goragarriak hartu duen bezala.

        Eta gazteak izan dira batez ere hemengo ordena ustela hankaz gora bota dutenak herria bizkortuz: zintzo jokatu dute ikasleek, gudu-gizon gazteek, zenbait eliz-gizonek eta langile ez gutxik. Matxinada hau ez dute bizkar gainean etzanda gora begira daudenek egin, ezta diruzalekeriaz ustelduek, ezta diktadoreen zigorpean makurtuta daudenek ere; ez, ameslari aske eta eginkorrek, ametsez, eginez, eta ekinez egia bihurtu dute.

        Venezuela'k gaur herriari dagozkion eskubide guztiak irabazi ditu eta laster Larrazabal Almirante eta Lehendakari gazteak gidatuta, demokrazi bati dagokion mailara iritsiko da, hots, gizon askez osatutako herri aske baten mailara iritsiko da. Larrazabal jaunak atzoko hitzaldian esan zuenez, «mundu guztia dago Bolibar'en herrira begira hango soldaduak askatasunaren ezpata erabiltzen ikusteko eta ez jauntxoaren idizila» «Gora eta gora uztarria jaurti duen herri azkarra!».

 

Caracas'en 1958-1-27.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus