ARANA GOIRI EUSKAL IDAZLE

 

Alderdi, 79-80, 1953-XI, 34-35 orr.       

       

        Laino maindire belunenez Irakasle Handiaren irudi garbala estaltzera aspalditik jarri ziren, haren etsaiak ez ezik, adiskide-usteko euskaltzale eta euskalari anitz. Azken urte hauetan Sabin'en oroitzapenaren aztarnak ere euskaldunengandik gogorkiro iradoki nahi izan dituzte. Isil-konspirazio lotsagarriena haren inguruan eraiki dute, eta oraindik ere esker gaiztoko isiltasun horri eutsi nahi diote. Ikusi ditugu euskal idazle zenbait, iraizean bezala, haren izena itsusten. Eta egia esan, Irakaslearen izena itsusten duten idazleek, min eta nazka, erabat, bihotzean sortzen didate. Ez dira garaienak, kaxkarrenak baizik, euskaltasunaren gogo beteaz jantzigabeak.

        Alferrik ari dira sortaldeko eguzkiaren erlantza ilinti motelari darion keaz estaltzen. Eguzkiaren aitzinean ilun oro suntsitzen dira eta bere bidean gorago dihoan neurrian bazter guztiak are argitzenago ditu.

        Horra Irakasle maitearekin gertatua. Mende erdi lehenago lurrak bere hondakinak Sukarrietako hilerri apalean jaso zituen. Lurrak ere ezin izan du Irakaslearen erlantza itzali. Are bizkorragotu duela esan genezake. Sarri aipatu ohi da harako «hazia hil ez badadi... uztarik ezin daiteke bil». Irakaslea hil zen, baina hazi ekarkorra baino ugari eta emankorrago bihurtu da. Oraindik bere hilobiari darion arnas beroak euskal idazle eta euskaldun oro zuzper eta indartzen gaitu. Eta geroan ere, hala izanen da ezpai gabe.

        Arana Goiri Euskal Idazle; horratx bere omenaldirako eskatu didaten lantxoa. Ez da mugaerraxa, bada euskal idazketan ere lan gaitza egin zuen Arana Goirik. Sail guztiak ezin ditzaket uki artikulu honen zedarri estuen artean, halere aipatu bederik egingo ditut, sakonera jo gabe alegia.

        Idazlari on baten dohainik irtenena, irakurlearen gogoan jakin-mina, egonezina eta erdi-mina sorraraztea duzue, ondoren idaztera erakartzeko. Hori irits dezakeenak, ezpai gabe, idazle handi behar du. Eta Sabinek bete-betean lortu zuen aipatu erdi-mina bere irakurleen artean. Gogoak eta kemenak ere esnatu zituen, saldoka idazle euskal bidera erakarririk.

        Ondo daki irakurleak, Arana baino lehen euskal elerti zelaia zer nola zegoen. Mendeak zehar, elkorraldirik idorrenak jotako lekaro errea baino erreago. Mirariz bezala, noiztenka, euskal landaratxoren bat ernatzen zen, ahul eta erkin, eguratsaren laztanik epelenera ihartzeko. Aranaz gero, Urkixo Jaun euskalari jakintsuak zioenez, urte betean, lehenagoko mende guztietan baino askoz gehiago euskaraz idazten da. Eta jaun honek, ondo zekien zer zerasan.

        Ez hori bakarrik. Gure hizkera herabe eta lotsati zebilen jakintza gaietan sartzeke. Ordurainoko euskal idazle banakek, uskurtz-gaiez landa, ez zuten uste euskaraz deus ere idatz zitekeenik. Dena zen uskurtza, dena zen eliz-gaia. Eliz-liburutxo arruntak, piadoski antolatuak nahi baduzue, gehienak ordea funts gutxikoak. Euskara eliz-mailatik atera eta jakintzara eraman nahi zukeenik ez zen ageri. Erlijioz landa ari izan ziren idazle bakanak, hala nola Sarako Etxeberri eta olerkari gutxi batzuek, ez dute nik erasi legea sendotu baino egiten. Aranarekin hartu zuen euskarak zegokion goi-maila joera. Etxepareren oihua, mortu soilenean galdu zen. Zerbait behar zukeen bere baitan oihu harrigarri hark: aberri-arnasa. Hori falta zuen Etxepareren deiadarrak, eta horregatik ez zuen euskaldunak iratzartzeko ahalmenik izan. Aranak aldiz, Aberria'ren eustazpietan bere euskaltzaletasuna eraiki zuen, eta eustazpi horren gainean euskara Euskadiren hizkera gertatu zen. Eta euskal arloan ari garen idazle gehienak, aberriaren maitasunak eraginda ari gara. Bestela ez luke izaterik ere euskara zaindu, apaindu eta goi-mailetara jasotzeko erretzen gaituen azku honek.

        Zer idatzi zuen, ordea, euskaraz Arana Goirik?

        Euskal literaturan erne diren olerki aberkoienak. Baina olerki saila arakatzea, niri ez dagokit. Ni baino luma azkarragoak, euskal poeta handi honek egin lan aipagarriak zeratuko ditu.

        Beste liburutxo eder bat ere idatzi zuen euskaraz, «Umiaren Lenengo Aizkidia» (Bilbao-1897). Ondo zekien Irakasle Argiak, euskara gaizkatuko badugu, ikastolatik hasi behar dugula. Ikastola da orain-lehenago ere, euskararen kalbarioa. Hantxe gure aberri hizkeraren hil-opa negargarria erdal irakasleek burutzen dute. Hantxe, haurtxoen ezpain samurretatik, indarrez euskara eranzten dute. Eta indarkeria hori eragotzi nahi zuen Sabinek, ez bakarrik eskolan, baita etxeetan ere, irakasle eta gurasoek liburutxo horren bitartez gure haurtxo maitagarriak euskal bidetik eraman zitzaten. Honatx Irakaslearen urrezko hitzak:

        «Zubei opaltzen dautzubet ingurti au (Umiaren Lenengo Aizkidia) ta emoten dautzubet, zuben seme-alaba edo sengijen izkerea euren abendearen izkerea ixan dadintzat, zuben odolaren izkerea, zuben izkera gustiz ederra, zarr-zarra, beste gustijak baño ederrago ta zarragua... gusti-gustirik gaxoena!».

        Ondoren, edo lehenago, «Egutegi Euzkotarra» ere argitara zuen. Euskaraz eginiko lehendabiziko kalendarioa. Harrigarria benetan, egutegitxo honek euskarari ekarri zion eragina, beste edozerk baino handiagoa esango nuke. Horra zergatik:

        Irakasleak hantxe argitara zituen bere izendegiko euskal izenak, egunean, egunari zegozkionak. Beharrezkoa zen, hizkera bakarraren jabe izango zen aberriak, izendegi bakarra ere izatea, bere hizkera bereziaren moldeetan antolatua. Zer egin dute beste herriek ere? Bakoitzak, bere hots eta mintzorrez izenak apaindu, bere mendekoen izenbiderako. Gurean aldiz, menderik mende, izenak auzoetako erdaraz ematen zitzaizkien gizaki guztiei. Ezertxo ere ez zuten egin gure asabak euskarari berean eusteko eta indar emateko. Eleizalde'tar Koldobika'k «Izendegia»ren hitzaurrean hain ederki dioen lez... «egin zuten gutxiya, euzkera erderapeko joputzan ezartzeko; Euzkerari bere bizmena kendu, ta edozelako erderaren menbean ezartzeko; Euzkerari bere gogo ta zaña kendu, azalutsetan uzteko. Auxe izan da gure zoritxarra!...»

        Beraz, izendegiarekin, Aranak euskal arloan hutsunerik haundiena bete zuen.

        Baina Izendegiarekin euskararen batasun-oinarriak ere jarri zituen. Euskaltzale anitzek, orain arteko hizkelgi banaketak are aurrerantzean ere berean behar lukeela esaten dute, Sabinen jarraile gartsuen direnen artean ere. Sabinek Izendegi honekin, usteok itxulasten ditu, gilaz gora botatzen ditu. Ez zituen izenak hizkelgi bakoitzaren arabera antolatu, euskara bakarraren fonetika-legeei jarraituz baizik, onomastikan behintzat batasun osoena ezarririk. KEPA eskualde guztietarako eta hizkelgi guztietarako KEPA da, berdin Iñaki, berdin Andima, berdin Jone e.a.

        Irakaspen ederra Irakasleak eman ziguna hizkeraren inguruko beste auzi guztietan ere bere jarraile eta ikasleok batasun osoena iristera oldartu gaitezen. Enetzat daukat Izendegia Aranaren lanik garai eta garrantzitsuena izan dela. Herri abertzaleak laster beretzakotu zuen lan handi hori eta euskal izenak nonahi zabaldu ziren, hamaikatxo borroka eta liskarri buru eman ondoren. Tamalgarria abertzale direnetan oraindik askotxo ikustea izen horietaz jabetu gabe, beren haurrei erdal izenak ezartzen. Gure haurrek sortzetik behar lituzkete bi ezaugarri argiok: euskal izana eta izena alegia, bien kidetasunetik berez datorren euskara mingainean pil-pil eta kantari eramateko.

        Aipatu lanez bertzalde, ehundaka orrialde ere bete zituen Irakasleak euskaraz. Argitara zituen hilabetekari, astekari eta egunkarietako orrialdeetan euskararik asko aurki daiteke Sabinek idazkortzetik jaulkitako artikulu, naskaldi eta berein oharretan. Haren idazlan osoak argitaratzekoan, zenbait miretsirik lotuko dira hainbeste euskara erabili zuela ikustean.

        Egin zituen eskutitz eta idazkien artean ere ugari aurkitzen dira euskaraz idatziak, bere andregai eta geroago emazte izango zuenari zuzenduak gehienak. Horiek ere ez dira oraindik argitaratu. Zenbaiti toki emango diote noski idazlan osoen artean.

        Eusko-sendi baten magalean jaio arren, ez zuen Sabinek euskara bere ama hizkera izan. Orduko zenbait eusko-senditan, handikien artean batez ere, euskararen tradizioa etenda zegoen. Baina aberri-mina Arana gaztearen barne-muinetan erne zeneko, hizkera-mina erabat sortu zitzaion. Laster jabetu zen euskotasunaren ondasun garai eta nagusienaz, euskaraz alegia. Gure mintzoa sakoneraino aztertu zuen, bere ahalmenak nabarmenduz, eta euskararen errai bero eta oparotik, istarririk bikainenak jaulkiarazi zituen. Bere idaztietan, hizkerarik goxo eta xamurrena darabil, euskaldun arloteenak ere aise aski ulertzeko eran. Bere olerkietako euskara baino isurkor eta gardenagorik gutxi. Beste hainbeste esan dezakegu bere idazkietan zerabilen idazkeraz ere. Herriarenganako joera, herria erakarri nahi baitzuen bere irakaspenetara, nabari aski agertzen zaigu errun zituen idazlan guztietan. Badu meriturik aski.

        Aranak gainera, hizkera inarrosi zuen ondorengo euskal idazleei euskara auzian nola joka irakasteko. Sabinen aztarna betiko geratu da gure aberri-hizkeran. Alfer dukete bere etsaiek haren lan ederra lokaztu. Hortxe daude ehundaka hitz eder kantari: aberri, Euskadi, abestu, idatzi, ikurrin eta abar, denak ernagarriak. Hor dago ortografia edo zutzidazkia ere. Hortxe ere Aranaren lorratz argiak betiko iraungo du. Labur esan, euskara osoa haren arnas eta eraginari zor zaio. Goizegi lur honetatik aldatu zitzaigun, bestela Sabinen gogo bero eta argitsuaren garrera, gure euskarak ezteirik goxoenak ezagutuko zituen.

        Beude isil, beraz, Irakasle Argiak gure hizkeraren hondalana egin zuela dioten ergelek. Arana jaio baino lehen,

        Nafarroako eremu zabaletan euskara galdurik zegoen

        Arabako herri gutxiz gehienetan hilik zegoen

        Bizkaiko hiriburu eta herri batzuetan ehortzirik zegoen

        Gipuzkoan bertan ere erdal haizea sarraskigintzan zebilen.

        Ez didazue, horratik, esango aberri hizkeraren inguruko hondalan negargarri hori Sabin handiak egin zuenik. Ezin daiteke horrelakorik esan grina lotsagarrienaren mendean baizik.

        Haren jarraileek ere, ez dugu zama astun hori geure bizkar gainean jaso nahi. Gaur ere euskara galtzen bada, garai haietan bezala, aberri-arima lokarturik dagoelako duzue, Sabin Handiari entzungor eginez. Eta zenbait euskal idazlek aberri-hizkera erabili, bizkortu eta apaintzeari oraindik ere badaragoiogu,

 

Sabini zor diogu. Euskara oraindik bizi bada ere, Irakasleari zor diogu.

        Horra egia bakar eta biribila, Sabinen inguruan isil-konspirazioa eraiki dutenek entzun nahi ez dutena.

 

Parisen 1953-VI-29.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus