«ISRAEL»

 

Euzko-Gogoa, 1952, 1-2, 46 or.

 

                «Zure semeak sortaldetik erakarriko ditut,

                Sartaldetik, berriz, elkartuko zaituztet.

                Iparrari esango diot: Emazkidazu!

                Hegoari berriz: Ez itzazula luzaroago gorde!

                Ekarzkidazu urrutietatik nire semeak

                Eta lur-ertzetatik nire alabak!

                        (Isaia, XL, 5, 6)

 

        Herri guztiek, edestia zehar, laborri gorriak ezagutu dituzte, Israelek bezain ugari egari dituenik ez duzue beste bat aise aurkituko. Historiaren gau beltz eta sakonenean galtzen dira herri maitagarri honen zoritxarrak.

        Kristo Garezurmendi'n hil aurretik, Israelek diaspora edo sakabanatze gogorrenak ikusi zituen. Jentil-herriak barna barreiaturik aurkitzen ziren garai hartan milaka judu.

        Idazti Deunean nork ez du irakurri israeldarren Egipto eta Babiloniako egoera latza? Zeinek irakurri ez, harako eresi edo salmo ukigarri hura: «Babiloniako ibai ertzean eseri gintuzun, zutaz, Israel ahantzi ezinik» Zenbat negar, zenbat zinkurin, zenbat odol Egiptoko faraondarren zaharopean. Nik neuk, idazteunean zati hauek irakurtzean, beti ere Israelekiko gupidarik eta errukirik xamurrena nabaritzen dut.

        Hobenik izan zuela? Bai noski. Baina, Kristok inguratzen zituen haiei bezala herri guztiei esan geniezaieke: «Hobenik ez duen herriak jaurti beza harria». Horra herri oro zut eta zurt, behatzik ere mugitu gabe. Ai eta zelako hobenak jaulki dituzten herri guztiek eta Israel herriaren aurka, hain zuzen.

        Erromatarrak Palestinaz jabetu zirenean, sarraskia, herioa eta mina lur zoragarri hartan hedatu zituzten. Milioika judu, aberria utzirik, erbestean, jentil-herrian kokatu ziren. Benetan negargarriak, Josepo'k bere liburuan gudu gogor horretaz erasiak. Jauretxea porrokatua izan zen, eta jauretxearekin batera judu-herri osoa ere bai.

        Erromako Inri handi eta sonatuarenak ere, handik lasterrera egin zuen. Gerora, arabiar eta mahometarrak Palestinaz jabetu ziren, eta lehenago esne eta eztia zerizkion lurralde oparoa, oti-hodei beltzak jan bailuen, basamortu etze eta elkor bihurtu zen. Artean, juduak, negar eta samina alde orotarik zeriela, arrotz bizi ziren ludia barna, sorterritik uxatuta milaka urtetan.

        Erbestean ez zuen ordea atsedenik idoro. Piztia antzo hartuak, piztia antzo zerabiltzaten; batean ostiko, bestean jo, bestetik jaurti. Espainiako katoliko hotseko erregeak, erruki gabe israeldarrak bere uhartetik iraitzi zituen 1.500 urte buruan. Beste lurraldeetatik ere, era berean jaurti zituzten.

        Baina herrien ankerkeria horien erpina, Alemania eta bere menderrietan eginak jo zuen. Nazitarren erasoaldian mukurutu zen. Juduak ia bi mila urte zehar, lurralde haietan egokiro eta gizabidetsu bizi ziren. Nazizaleak ordea, ez ziren israeldarrak beren mendeko herrietatik botatzeaz nahikotu. Apokalipsiko piztiak baino ankerrago eta ikaragarriago, oro sakaildu, oro erail, oro lur gainetik ezabatu nahi izan zituzten. Eta zigor-zelai eta laspel-geletan zazpi milioi israeldar errugabe garbitu zituzten.

        Herriak, jaiki zaitezte! Herriak entzun itzazue israeldarren oihu saminak. Baina, aldiak zauri eta negar oro itzaltzen omen, eta herriek ere erailketa gorriok ahantzi dituzte; geroztik, behinik behin, ez die gehiagoko gorarik ematen. Israelek ordea, ez ditu ahaztu eta ahantziko ere ez ditu.

        Hainbeste odol, hainbeste nahigabe eta ezbehar, ezin zitezkeen mintzul lotu. Eta israeldar oro, hainbat urte iguriki ondoren, israeldarrentzat aberria jasotzen hasi ziren, berez zegokien lurraldean bertan, hots, Palestinan. Mugagabeko samin-itsaso honek, horra bere ondorena eman: Israel, juduen aberri zaharberritua.

        Ari ziren, aspalditik, ardiak saldoratu nahiz Palestinako bazka goxoetan. Eta berrogeita hamar urteren buruan, aberria eraiki dute. Ez hori bakarrik, aberriarentzat askatasun osoa iritsi ere bai. Eta Israel berria, Israel zaharraren oinarrietan jasorik, judu oro bereganatzen ari da. Etsaiez inguraturik. Ez zaio axolarik. Atzo seirehun mila biztanle zituen herriak, gaur milioi t'erdi ditu: bi urtetan, askatasuna iritsi ondoren, bere giza-kopurua bikoiztu du Israelek.

        Juduek, gizaldi honetako miraria, herri baten miraria burutu dute. Lehor zena, hezetu; elkorra loreztatu, hila berpiztu. Mahometarrek oin zakarrez ihartua, israeldarrek lan eta arteziaz berriz ere bizkortu dute. Aberri bat eraiki dute geroaren itxaro betea, eta hainbeste nahigaberen ondoren joria. Hutsa zegoena bete dute. Lantegi, soro oparo eta hiri ederrez jantzi dute. Xinaurrien lana hutsa duzue haienaren ondoan. Hilik zetzan heberkera, Israelgo semeen ezpainetan berpiztu dute eta hor dabil hegalari juduen aberria zeharo beretuz.

        Jarraibide galanta euskotarrak. Gu ere, juduen antzera, zelai-samin hau barna gabiltza; batean ostikoz garabiltzate, bestean bultza, bestean ondiko. Arrotzak aberriaz jabetu zaizkigu. Ito nahi gaituzte, hizkuntza, gure bitxi bikainena, bihotz-mingainetatik erauzi nahi digute. Gure mendiak zitalez bete nahi dituzte.

        Nahiaren indarrez, borrokaz, oldarrez, iskiluz, israeldarrek beren miraria egin dute, hainbat mendetako ametsa haragitu dute. Ez noski, demokrazia francozaleen, demokrazia ustelen laguntasunez.

        Omen zuri Israel, herri zahar eta herri berria. Aintza zuri. Zure askazia itsasoko hondarrak bezain ugari bedi! Bil semeak zeure baitara, heda mugak lehengo heinera. Zorion osoa opa dizuegu euskotarrok. Jarraibide izan zakizkigu gure aberri errukarrian burutu nahi dugun lan gogorrean. Gora Israel.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus