Jon Mirande-Andima arteko hartu-emanetara merezi du arreta eta begia edukitzea, kulturgintza eta elkar eragin aberasgarrian oraturiko adiskidantza-oreka bikainenaren erakusgarri baita.

        Bata hogeitaka urteko gizon gaztea eta bestea berrogeitaka urteko gizon heldua zela egin zuten elkarrekiko ezagutza, eta hogei bat urtez behin ere elkarrekin samurtu gabe, ideologia desberdintasunek sortu eztabaidez gaindi, adiskidetasun lokarri bigunez estekatuak iraun zuten bietarik zaharrena hil arte. Andimak Parisen erbesteraturik eman zituen zazpi urtetan (1947-1953) erna-zoritu zen adiskidantza, eta bihotzez nahiz gutunez atxiki zuten gori gainerako urteetan. Mirandek Andimari idatzi gutunak argitaratuak ditugu Patri Urkizu eta Susa argitaletxeari esker; honek hari egindakoak argia ikusteko daude oraino.

        Bizkaitarrak bultzatu zuen zuberotarra kultura euskaraz lantzera ondoko gutunean Jon Mirandek aitortzen duenez: «Erran gabe doa, Peillenek II-garren Igela-n dioen bezala, aldizkari hori gurea bezainbat, zurea dela, zeuk baigaituzu biok euskeraz idaztera bultzatu» (1962-V-13).

        Ohar nola bultzatzen zuen idaztera: «Onatx, atzo eskuetaratu zenizkidan olerki beroaren bi aldaki. Ederra dela esanen âl dizut? Guti litzake, bainan ene izkera urriak izenondo beteagorik ez dit gogorazten. Arduraz makinaz jo dizut, alere, utsen bat itzuriko zitzaidan. Barka zaidazu, olerkari, ene esku baldarrez zure zitu iorien hau muskildu ba dizut. Barka mila bider. (...)

        Olerki gai berri bat eman nai nizuke, parr-olerkia ondu dezazun. Gaia, gertatua da, eta bart edesi zidaten aurrenekoz. Bazan Bizkai'ko Nabarniz'en, MORROSKOTXU zeritzan gazte dirutsu ta erdi antzul bat, borda-seme ta borda iabe. [Ez da irakurtzen] bordariek, alaba eder bat ba'zuten, baina neskatila ark senargaia bazizun, ez Morroskotxu bezin aberatsa. Gurasoek neskatila Morroskotxu'rekin ezkontzera beartu zuten. Eztei-ondoan Bilbaora ioan, ango ostatu baten gaua egiteko. Emaztea Morroskotxu baino len gelaratu zan, eta gelako atea giltzez barnetik itxi zuen. Geroago an zioek senarra emaztearekin etzateko. Emazteak aterik ez irikitzen ordea. Morroskotxu asten zaio: iriki zaidan Mikelatxo. Emazteak ezetz.— Iriki zaidan, ezin egonik niagon, ezin diñat eutsi, irekin bear diñat. Bertzeak ezetz. Izugarrizko abarrotsa atera zuten ostatuan, eta norbaitek entzunik Morroskotxoren oiuak gelatik irten eta esan zion: utz zak andrea oean, eta ator nerekin. Eta Kortes'etara (Bilbaoko puta kalea) eraman. Morroskotxok, eztei-eguneko gauean, putatzar baten alu zikiñean barrabilak uxtu bear izan zitun. Arrezkero onezkoak egin, eta seme ugari izan omen ditute. Olerki polita egin dezakezula uste dut.

        Nichte'ez osotu duzun lanaren aiduru naukazu, gure aldizkarira igortzeko, olerkariarekin batera» (1951-7-12).

        Semeari literatur dohainak sumatu eta hura kritika gozoz gidatzen eta guztiz ere adoretzen diharduen literatur gurasotzat hautematen dugu ondoko gutunean: «Beraz, oro, amazazpi dituzu. Zenbeit poesi-tanta gal dituzula erran nizulakotz samurtuxe iduri duzu. Ez duzu zertan samur adiskide. Ene uste bat, bertzerik ez duzu okerreko ustea behar ba'da. Atseginez irakurri ditut eta poeta garaien erroa zure poematan barna nabari duzu. Alare aldaketa zenbeit etzaizkit hain athin erraiterako: «Ohiko Iainkoa»n «Ilhargi zârra» «argizari»z ordezkatu duzu. Enetzat lehen esakera askoz ere poesi-zituz ernariago dirudit nahiz eta bigarren itza biziki pullit izan». (Datarik gabea baina 1953ko urtarril-otsailekoa inondik ere)

        Mirandek Andimak bezala bazekien ideologia eta adiskidetasuna bereizten. Krutwig, Peillen anaiak, eta beste bizpahiru elkartzen ziren Parisen garaitsuan elkarren arteko giroan literatur nahiz politika asmo eta ametsei hauspo emanez. Literatur hizkerari zegokionez Lapurtera Klasikoaren aldeko higikundeari ekin zion Krutwigek literatur hizkeraren batasunerako huraxe proposatuz; politika kontuan berriz Euskadi Handiaren xedeak helarazi zizkien bilerakideei. Lapurtera klasikora bildu zuen bezala Euskadi Handiaren asmotara ere orobatsu bildu zuen Jon Mirande, nahiz zenbait arlori zehaztu beharrekoak zeritzon, honek Andimari igorri ondoko gutunean ageri denez:

        «Nire azken idazkian nionaz, erderaz (eta euskaraz ere) lantxo bat egin gai dut, U.F.A.T.erako: Euskadi Handia-ri buruz. Ikerpenetan asi naiz dagoneko. Nire lagun geographu eta historilari baten aolkutik, onela izan bear luke:

        1) Bizkai andia (+Gaztela zârreko euskal elementak; iriburu: Bilbao; Kalagorri; Logroño, Murgeta (Burgos).

        2) Naparroa (Baxe Nabarra eta Zuberoa+Aragoiko euskal elementak; urib. Iruina).

        3) Biarno (Frantzia zârreko fuero-dun pyrenetar errialdeak+Ribagorza; urib. Pau (+Foix-ko konterria!)

        4) Gaskoinia (bertze izen batekin) (Burdigala (Bordele), Agen, Foix-ko konterria?; urib. Auch eta Bordele. Gainera: «Mittel Euzkadi» a.d. Gipuzkoa+Laburdi, distrikt federal batean batuak. Urib: Donostia (Waskoniako konfederazionearen uriburua dateke ere).

        Zer deritzazu? Krutwig-ek lan batzu egin ditu. Ni asmo orren alde naiz osoki, lur-eremuak direlarik kontuan beintzat. Bainan, nere aburuz, ezin onart dezakegu edozein jende edo enda Euskaldun bezala. Anthropologiaren ikusgunetik ikertu bear ditugu, beraz... Euskadi andiko etorkizun lurraldeok.

        Gauza orretaz guztiaz, igandean mintzatuko gera —baita Bocaccio-ren itzulpenetaz ere. Goizik etor zakizkit, beraz».

        Andimak ez zeukan jokabide erosoa eta xamurra. Mirande poeta handitzat zeukan, dohain bikaineko literatotzat, euskal literaturak noraezeko zuen eraberrigintzarako, erdi aroko ilunbetik argira ateratzeko noraezekotzat, bestelako onginahi eta atxikimendu pertsonalez gain. Euskara eta liburu lizunak zeritzan artikulua argitaratzean argi adierazi zuen askotariko gizataldez osatu euskal gizartea zuela maite. Ezin utz zezakeen alferrik galtzera bien arteko adiskidantza arrazoi ideologikoengatik:

        «Enauzu, adiskide, L.K. [lapurtera klasikoaren] etsai. Euskara denez geroz maite dut. Ez duzu miresteko L.K. idazten duten aunitz atsegin ez bazaizkit, ez L.K. ari direlakotz, behar beste euskal sentzurik ez dutelakotz. Bertzalde zure L.K. begiko zait, izkera ortaz ere idazle bikain ageri zeralako (...) Beraz, adiskide, enauzu etsai izkera-bidean ere. Politikari buruz derrazuna, ots «Euskadi Handiago baten alde» zurekin soin ta gogo nadukazu. Bertze ametsik ez dut buruan erabili aspaldidanik Euskadi Handiarena baizik. Gure egungo mugak hertsiegi ditugu behar bezalako aberri garai eta handi bat eraiki ahal izaiteko. Hortan ere gogoz ekhin behar deraukogu gure aintzinako lur-galduak berriz iratzartzeko» (Datagabea baina 1953ko urtarril-otsailekoa).

        Behaztopa harri gogorragorik izan zuten. Mirande europarzale arrazista eta irlandarren miresle; Andima, aldiz, juduek egin mirariaren ederresle gartsu, eta irlandarrek 1936ko gerra zibilean Francoren alde egin borroka ahazten ez zuena, eta guztiz ere aberri hizkuntzari zegokionean erakutsi zuten epeltasuna hagitz hastio zuena:

        «Adiskide maitea: Zure philiphika ukan nuen. Ez dut esango arrazoi gabe zaudenik, ez orixen. Ala ere, adiskide, zorrotzegi artzen dituzulakoan naukazu nere esakuntxoak. Aldarte txarrez iarten naizela irlandarrak aipatzen dituzun bakoitzean? Ez noski. Nire irlandarrenganako erra eta zuk uste duzun ene iuduekiko maitasuna ein batean daude. Iuduez ez dut alako biotz-iariorik ez eta irlandarrez. Irlandarrak, gure etsaien banderapean, euskotarron aurka burrukatu ziran Iberia'ko azken guduan. Orrez gainera ez dute adorerik izan ango gubernantak, anglesa ukatu eta irlandesa zegokion mailara iasotzeko. Iuduek aldiz, 5.000 urte lenago il izkera bat berpiztu dute betiko. Urbilagoko zaizkigu noski Irlandarrak iuduak baino, bai izkeraz baitare endaz, behar bada, ez ordea etxenpluz. Laterri katoliku horrek, etxenplu txarrak eman dizkigu euskaldunoi, non armaz beren katolikotasun ederraren babesean, sakaildu ez gaituten. Nik ere ez dut nihork bortxatu nai nere maitasun edo gorrotoetara. Ez orixe. Eta iuduekiko agertzen dudan nere maitasuntxoa (ez da funtsez maitasuna) ez nituke ene baranokoak maitasun ortan sutu nahi. Bakoitzak gere iabe bear dugu. Eta bertze bat oraino: zure irlandesak beeratzen iarten naizenean ez dut ori egiten zu mintzeko, baizik eta gure arteko elkarrizketa pizkortzeko. Bainan engoitik ez zaitut geiago zaurituko ain maite dituzun irlandesak, ez eta ere aboro aipatuko ain gorroto dituzun iuduak. Orrela zure baitan ez duket bakea azaldatzerik» Parisen (1954-1-19).

        Berehala jo zuen Andimak Guatemalara, hurren Caracasera eta harrezkero ez zuten elkar ikusiko buruz buru. Haatik, gutun bidez harreman estuan jarraitu zuten. Andimak Caracas-en Irrintzi aldizkari politikoa atera orduko Miranderi eskuzabal luzatu zion lankidetzarako gonbita. Bai honek erantzun ere. Mirandek eta, Igela umorezko aldizkari satirikoa atera zutenean irakurria dugu nori eskaini zioten urrezko igela, eta nolako laguntza eskaini zien honek.

        Mirandek Andima hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago, zainak eri zituela eta, hilabete eman zuen erietxe batean. Eta behin erietxetik jalgirik congé de convalescencean zela honela ziotson: «Zer zoritxarra zeu, benetako adiskide zu ere, emen ez baitzagoz! Beti itxaropena daukat laster ona etortzeko abadagunea izango duzula, eta bearbada Europan egoteko». (ibid. 243 or.)

        Zorte etsaiak ez zien bi adiskide zaharren topo egite bozkariozkorik opa izan.

 

 

© Pako Sudupe

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus