«ASARRERAREN KRONIKA»
(gizon txipiez eta handiez)

 

Igela, 5. zenb.

 

        Ez da Andimak berak idatzia osorik; hala ere, aldatzea pentsatu dugu, adierazgarria delakoan.

        Hona zer igorri deraukun tropikuetan bizi den adiskide zahar eta euskalzale handiak, Ibiñagabeitia-tar Andima-k.

        Egia esan, zenbaitentzat tupustarri (eskandala) izan baldin bada zuen aldizkari pullita, enetzat behintzat, eredugarri izan da. Ederki erakutsi diezue gure arteko fariseu belunei, gure hizkuntza ez dela folklorerako bakarrik baita adimenaren nolanahiko fruituak erakusteko ere. Zuen adimen zorrotzarenak, jakingarriak dira. Luzaro ez dela hemengo irri-aldizkari andana bat bidali nizuen OILAR LUMATU, MINGAIN LUZE e.t. Hor dituzkezue beharbada. Bertze herriek eta hizkuntzek egiten dutenik, guk ez ote dezakegu egin? Ez, asto zenbaiten ustez, eta asto horiek eraman digute gure hizkuntza dagoen egoera negargarrira. Ondo dakit bai ez zabiltzatela diruketa euskararentzat ohoreketa baizik. Baina helas! zuek kondenatzen zaituzten abertzale hotsezko erdal-jarioek, ez dute inoiz euskararentzat laidoa besterik nahi izan. Urra ditzatela nahi baldin badute beren soinekoak eta herriak aiseago ikusi ahal izango ditu haien lotsagarri (pudenda) ustelak. Eta benetan poztu naiz jakitean oraindik beste ale bi gertatuko dituzuela Bibliothèque Nationale'n lo dauden zenbait paper haizatuz. Eguratsa, eguratsa behar du euskarak eta ez orain arteko abertzale erdarari salduek eman dioten lobel-hatsa (lobelar-hatsa).

        Bilbo'ko euskaldunak aipatzen dituzu. Hemengoak mila bider okerragoak dira. Horiek bai, horiek diru-ametsa besterik ez daukate. Bost axola euskara eta Euskalerria. Ez didazue sinistuko, baina ni hurbildu ere ez naiz egiten hemengo Centro Vasco horretara. Nazka ematen dit eta goragalea, erdara beste hizkuntzarik entzuten ez den etxe hark. Ai, zenbat bider deitoratzen ditudan gure Parisko batzartxo euskaldun haiek. (...)

 

«URREZKO IGELA» in Igela 2. zenb.

 

        Oraingoan gure adiskide zaar, Ibiñagabeitia-ri urrezko igela emango diogu. Exkerrak biurtzen dizkiogu bere kontseilu zuhurren gatik eta igorri digun diru laguntza ederra gatik.

        Gurea bezain Andima adiskidearena da errebista hori, nik beintzat eta beste hainitzek zor baitiogu, adiskidantza zahar batez kanpo, euskararen maitetasuna. Guk baino obeki diozu zer izan behar duen IGELA-k:

        «Infernu bat eskaintzen diguzue eta egia erran, adar-zelai arbuiagarri honek ez du bertzerik merezi ere»

 

D.P.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus