«OLERKARIARENEAN»

 

Gernika, 23, 1953

 

        Aurten, Jainkoak baletsa, euskal literaturak mendeak zehar ezagutu duen argialdirik garaiena ezagutuko du ezbai gabe. Hemen Parisen, gaurdaino izan ez dugu[n beza]lako olerkari bat bere euskal poemak orrazten ari da lehenbailehen irarkolara igortzeko. Dagoeneko euskaltzaleen artean ezaguna da noski olerkari gazte hau, euskal idazle eta benetako euskaltzaleen artean. Gure liburu eta aldizkarien ardura gabe bizi direnek ez dute ezagun, eta euskaldun gehienak horrela bizi zaizkigu zoritxarrez.

        Olerkari handi hau Mirande'tar Jon da. Hementxe, Paris eder honetan jaio zen, eta hementxe bizi izan da beti. Hogeita sei urte baizik ez ditu gazte jator honek. Gurasoek, haurtzaroan, ez zioten euskararik irakatsi, baina Mirande gazteak, hogei urte zituenean, euskal odolaren deia bere baitan entzun zuen eta euskara ikastera soin eta gogo jarri zen. Laster ikasi zuen bere arbasoen hizkera eta egun gure idazle eta olerkarien artean garaienetakoa da. Haren etxean gainera, ez da harrezkero euskara baizik entzuten. Bere guraso maiteak ere xuberoeraren doinu eztia

dariela ari dira. Bai pozgarria Paris honetan euskararen habia hain beroak aurkitzea.

        Lehengo igandez, gure irrati-entzule maiteei berri emateko asmoz, olerkari gaztearen etxera hurbildu nintzen arratsaldeko hiruretan, ohitu tenorean. Hantxe zegoen, beti bezala liburuz inguraturik tximiniako egurrari gar-epela zerion bitartean. Ohitu agurrak egin ondoren hark niri:

—Kafetxo bat hartuko duzu, Andima...

—Bai, pozik ere Jon. Kanpo aldean hotz dago eta nolerebait barrena berotuko dit. Milesker.

Martel kopatxo bat ere ez zaigu gaizki jinen —hark.

        Ez noski. Horrekin berotu ez ezik gure gogoetak eta hitz-iturria ere bizkortu ahal izango ditugu. Alkohola, neurriz, zuzpergarri omen da beti ere. Gainera hitz-aspertu luze bat egitekotan natorkizu eta Martel hitz-jario egokia da izan ere.

        Eta supazter inguruan eseri ginen, elur bisutsak Parisko teilatu eta kaleak astintzen zituen bitartean, gure elkarrizketa hasteko.

        — Poema-liburua orrazten ari omen zara Jon, laster argitaratzeko. Egia al da?

        Bai egia da izan ere. Hilabetez gero horretara jarri nintzen, adiskide zenbaitek eskatu zidatelako. Zuk ondo dakizu aspaldi hasi nintzela olerkiak euskaraz egiten. Baina hasieran nire euskara ez zen behar bezalakoa. Poesia-asmoak ere ez ziren nire egungoak bezalakoak. Harrezkero gure hizkera ederra sakonkiago ikasi dut eta behar-beharrezko nuen nire olerkien hizkera aldatu eta maiz zuzentzea ere. Horra oraingo nire arloa.

        — Nire ustez, Jon, ez zenuen aldaketa eta zuzenketa handirik egin behar izango noski. Niri behintzat, orain arteko zure olerkiak, ozen, aberats eta ertz guztietatik biribil iduri izan zaizkit.

        — Ez uste. Gauza anitz aldatu behar izan ditut, euskarari eta erritmoari buruz batez ere.

        — Zergatik erritmoari buruz?

        — Erraxa da endelgatzea. Orain arte gure olerkariek kontsonantez baizik ez dituzte beren poemak antolatu. Ondo dakizu; hoskidegoaz gainera badela beste zerbait neurtitzak ozen eta durunditsu bihurtzen dituena, erritmoa alegia. Erritmoa izen gaindi dabil eta hitzen aukerak olerki osoari erritmo hori erants diezaioke. Batzuetan ageria da, besteetan ez hain nabaria hitzen arimari itsatsita baitabil. Beraz erritmo nabaria eta erritmo ezkutua bereziko nituzke nire olerkietan. Erbesteko poesia-eskoletan ageri zaizkigu azken aldi hauetan. Eta nik ere horrelako berri zerbait egin nahi nuke gure euskaraz. Ez dut bazterreratu, egia, hoskidegoa zeharo nire poemetatik, eta poesia zenbait kontsonante bidetik adelatu ditut. Baina neurez maiteago dut hitzen barne-erritmoan eraiki poesia.

        — Nik dakidanetik, beste gure olerkari batzuk ere ibili dira zuk diozun bide horretatik: asko ez, baina baten batzuk.

        — Baiki: «Orixe»k esaterako, era horretara antolatu zituen zenbait itzulpen; «Bei itsua» «Oilarite» eta «Zaldia». Hoskidego edo kontsonante gabe egin zituen olerkiok, baina latindarren neurriari nolerebait jarraituz, erritmoa beti ere, ez ordea oraingo eskola berrian maite dugun erritmo ozen edo isil horri jarraituz.

        — Atsegin zitzaizkidan niri behintzat eta Orixek asmatu bide haietatik gure olerkariak ibili izan balira probetxu handia aterako zuen gure euskarak eta poesiak ere.

        — Ni ere zurekin nago. Hoskidego edo kontsonantismoaren kalaka aspergarria utziko genuen behintzat eta gerora erritmo berrietan erraxago sartuko ginen eta egungo poetek biderdia baino gehiago eginda aurkituko genuen. Baina oraindik ere gauza eder asko egin ditzakegu euskaraz.

        — Olerkirako hain egoki al derizkiozu euskarari?

        — Bai horixe. Euskara egin-egina da poesiarako. Nik, gaztea izan arren, zenbait hizkuntza ikasi ditut, euskarari laguntzeko hain zuzen. Poeta bakoitza bere hizkeraz irakurri dut. Eta hizkera bakoitza, neurri berean, ez zaizkit hain taxuzkoak iruditzen. Frantsesa, espainiera eta alemanera bera ere ez zaizkit poesiarako egoki irudi. Ingelesa dela uste dut poesia hizkera taxuzkoena. Niretzat England'ekoak dira olerkaririk garaienak. Ez dakit hizkuntzak egin dituen poeta, ala poetek egin duten hizkuntza. Dena den England'en bezalako olerkaririk ez da beste hizkuntzetan sortu. Baliteke neurekoiegi izatea ustekizun hau, baina jakinaren gainean diotsut. Euskararen baitan ere ingelesaren antzeko gaitasuna aurkitu dut poesian eta horregatik atsegin zait euskaraz olerkiak idaztea.

        — Euskaldun askok, nonbait, ez dizute hori sinetsiko. Ondo dakizu gurean zer gertatzen den: euskaldunek euskara bertso berrietan soilik erabil daitekeela uste dute, goi-mailako poesian ez. Eta okerrago oraindik, simaur eta ukuilu-kantak baizik ezin daitezkeela ondu. Ondo dakizkizu Unamunok erasiak...

        — Unamunok ez zekien euskararik. Unamunok erasiek ez dute batere baliorik. Gizon hori filosofo zen beharbada, inola ere ez hizkeralari edo linguista. Hark euskarari buruz esanak arbuiagarri dira, ez dute batere funtsik ez indarrik. Egia aitortu behar dizut, zuk nik bezain ondo dakizun egia. Euskara gutxitan aintzat hartu dute gure jakintsu eta eskolatuek, horregatik gure herri xeheak ere euskara gai arruntenak erabiltzeko baizik ez dela uste du. Gure olerkariek gainera, gutxi batzuk kenduz gero, gai arruntenak besterik ez dituzte erabili beren poemetan. Lurbira zabaleko eta jakintza maila orotako gai den errankizunik ez dute inoiz ere poemak ernarazteko erabili. Eta honek kalte handia sortu dio gure aberri hizkerari.

        — Lehenxeago esan didazu, Jon, poesia gunari buruz ere zerbait berri ekarri nahi diguzula zeure poemetan.

        — Bidez diozu. Horrelako zerbait egin nahi izan dizut. Nire poemetan nireak baino lehen euskaraz idatzitakoen eraginik ez duzu aurkituko poesia muinari begiratuki. Ez dut ukatu nahi olerkari bikainak ere izan ditugunik: hor daude Orixe, Zaitegi, Iratzeder, Mitxelena, Erkiaga, bizidunak bakarrik aitatzeko guztiak olerkari garaiak. Zaitegik beharbada, gure artean bide berrienak urratu ditu. Besteek ere pertsonalitate nabaria ageri dute. Baina nik nire olerkietan orain arte erabili ez diren poesia ekaiak hartu ditut. Ez da harritzeko nik darabiltzadan gaiak nire aurretiko euskal olerkariek ez erabiltzea; gehienak elizgizonak izan dira eta ezin zetzaten [zitzaketen] zenbait sujeta ukitu ere. Elizgizon izan ez diren beste olerkari asko ere, herabe ibili dira gure Parnasoan zenbait gai ukitzeko beldurrez. Ukitu badituzte ere apaizek uki zitzaketen neurriz ukitu dituzte. Ondo dakit nire poemak gogorxko eta gordinxko ere aurkituko dituztela euskaldun gehienek. Askorentzat eskandalu gorri ere izango dira. Baina besteren esamesak direla eta, ezin niezaiokeen nire barneari ukorik egin. Nire poemak nik sentitu bezala idatzi ditut eta momentu bakoitzean nire arimaren errainu bizi dituzu. Poemetan irauli ditut nire maitasun, maitakeria, sinesmen eta sineskeriak. Filosofiari buruz ere nireak oro jaulki ditut, neuk endelgatu eta pentsatu bezala. Hantxe irauli ditut nire atsegin eta etsipenak ere. Etsipenak ugariago, gure bizitzaldi hau etsipenez oratua esan bailiteke. Ezkorregi irudituko zaizkie nire olerkiak gehienei. Ezin litezke bestera izan ere baikortasunak ene bihotzean oraindik ez baitu jo. Inoiz hots egiten badu nire barne-bortan, hori ere nire olerkietan gatzatuko dut. Ene barne egia izan daitezen ahaleginduko naiz. Hori bederik iritsi dut, zenbait eskandalizatuko badira ere.

        — Gogoan dukezu, Jon, udabetean aurkeztu nizun Donostiako olerkari handi hura. Hark ere horixe esan zidan: zure olerkiak zure barne-egiaren lekuko bizkorrenak zirela. Hark ere horixe handiesten zuen zure poemetan: barne-egiaren indarra, zerorrek sentitu eta atzeman bezala. Gure olerkariak —Bernart Etxepare ez beste guztiak— maltzurregi ibili dira beren barneko nahikariak estali eta itotzen ere. Ez dute gizonki beren amets eta ustekizunak azaltzeko kopetarik izan, eta horregatik zenbaiten lanak hutsal eta azal xamar ageri zaizkit. Egia-indar hori —ez darabilt hemen EGIA filosofi zentzuz—, beharrezko genuen, eta alderdi horretatik zure lana goragarriena duzu. Horiek horrela; zein hizkelgi hautatu duzu zure poemak ontzeko?

        — Nik lapurtar klasikoa onartu dut. Garbi mintzatu nahi natzaizu honetaz. Adiskide hertsi gara eta ez zaizu gaitzituren. Hizkelgi hori onartu dut galde pertsonalak kontuan hartu gaberik, ororen gainetik batasuna behar dugulakoz eta dialekto hori delako horretarako egokiena. Hori ene aburua da, jakina, ez zurea edo Orixe'rena. Hala ere aburu zintzoa dela irudi zait. Villasante Kortabitarte'k exposatu dituen zioak ezin arbuiatuzkoak direlakotz. Orixe giputzaleak edo Lafitte lapurtar-berrizaleak beren objekzioneak aurkez bitzate konvenzitu nahi banaute okerrean gagozela lapurtar-klasiko zaleok. Baina orain arte entzun dudan objekzione bakarra hau da: euskara zaila zailago egiten dugula... Egia denik ez dut nik uste, baina egia balitz ere zer? Gizalanduen hizkera beti zailago da ezen-ez baserritarrena... Galdea da: euskal giza-landurik nahi ote dutenentz. Nik hizkuntza eli bat ikasi ditut, hizkuntzazale naiz eta; baina ez batetan ez bertzetan ez dut gure euskara bezalako literatur-ezik aurkitu eta zure bihotz-zolan hori egia dela badakizu zuk ere beste hizkuntzetako literaturak ikertu baitituzu. Nik uste dut lapurtar klasikoaren aldeko higikun hau dela izan euskara kultur bidean jartzeko azken urte hauetan egin den saiaketa handiena. Eta zuk, euskaltzale zintzo izaki, zergatik hainbat arbuiatzen duzun eta zergatik ez zatzaizkion jarraitu nahi ez dut ulertzen.

        — Adiskide hertsi gara, Jon, esan duzunez. Baina lapurtar klasikoaren auzian gogortxoegi mintzo zatzaizkit. Nik ez dut higikun berri hori oraindik arbuiatu. Beharbada ez dituzu irakurri higikun horretaz «Alderdi» aldizkarian idatzi ditudan artikuluak. Hantxe azaldu nituen nire asmoak eta aburuak. Geroago Gernika'n hurrengo hau idatzi dut: «Ez da, inolaz ere arbuiagarri Bilbao'tik datorkigun argi berria» lapurtar klasikoa alegia. Baina ez duzu miresteko, Jon, lapurtar klasikoz idazten duten zenbait atsegin ez bazaizkit, ez lapurtar klasikoz idazten dutelako, behar beste euskal zentzurik ez daukatelako baizik. Bertzalde zure lapurtar klasikoa begiko zait hizkera horretaz ere bikainki ari zarelako. Villasante Kortabitarte'ren idazkera ere maite dut, euskal senez jantzirik dagoelako, zurea bezala. Nik ere gogotik har nezake lapurtar klasikoa, beldur naiz ordea, zahartxoegi izaki, euskalki zaharberri horretan pulunpatzeko. Ez nuke zuek bezain trebeki eta antzetsuki idatziko. Euskararen batasuna inork eta ezer baino maiteago dizut, adiskide, eta lapurtar klasikoaren oinarrietan egingarri dela baneki, ni ere bide horretatik oldartuko nintzateke, neke eta izerdi askoren truke ere. Horra, ironia-doinu gabe, nire egia lapurtar klasikoari buruz. Baina honetaz aski adiskide. Zenbat poema izango ditu zure liburuak?

        — Hogeita zazpi nahi nituzke, nire urteak bezainbeste. Gehienak ondurik dauzkat, batzuk lehen argitaratuak bertze batzuk argira oraindik ilkigabeak. Bospasei poema berriago ere idatziko ditut nik amestu kopurua betetzeko.

        — Orain arteko zure olerkietan zein dituzu maiteen?

        — «Otso», «Orziren ttunttuna», «Zakhur hil bati» eta «Nil igitur mors est». Otso uste metafisiko baten gainean eraiki dut, Ortziren tuntunak badu panteista jarioa... «Oianone» ere orrazkera berritan atsegin zait. Baina niri ez dagokit nire poemen hautestea, hori irakurlearen lana duzu.

        — Eta irakurleok noiz izango dugu zure olerkiak irakurtzeko atsegin betea?

        — Ahal dudan lasterren. Oztopo handiak aurkitzen ditut bidean, baina adiskide zenbaiten laguntasunarekin behaztopa guztiak goitituko ditut, eta nire liburutxoa laster esku artean erabili ahal izango dute euskaltzale eta euskaldunek ere...

        Arratsa zen... Elur txuri eta itzal goibelak, nahas-mahas Paris'en gainean usu erortzen ari ziren. Etxera behar nuen. Olerkari gazteak metro-ahoraino lagundu zidan eta hantxe, elkarri agur eginez, arratsalde guztiko hitz-aspertu hau eten genuen.

       

        Metroa estazioak irentsirik bere bide lasterrean zihoan. Artean ni pentsa-pentsari nengoen. Noiz dituzkegu Mirande'tar Jon bezalako ehun gazte, euskaltzale eta abertzale jator? Ordu honetan hamaikatxo gazte zoro ardandegiz ardandegi ibiliko dira Euskalerri maitean eta landan ere, euskara eta aberria direnik ere oroitu gabe beren osasun eta ondasuna galtzen. Gazteok, gazteok, ikus eta ikas ezazue...

 

Paris'en 1953-II.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus