ZAITEGI'TAR IOKIN.— SOPOKEL'EN ANTZERKIAK .— II

 

Euzko Gogoa, 1958 (III-IV), 224 or.

 

        Egunerokoak, berrikariez ari naiz, gehienetan behintzat berri aspergarriz eta artikulu inozoenez gainezka etortzen zaizkigu, gizarteko albiste txoroz ez denean. Noiztenka hala ere, argi distira jakingarriren bat irteten da orrialde agor eta nekagarrien artetik. Esan beharrik ez, gizon hauta batzuen bihotz-zentzuak baizik ez dituztela ukitzen distira jakingarriok, Horazio'ren profanus vulgus zinema-izarren likiskeria eta kirol-mutilen ostiko tartean uxarka ari den bitartean.

        Luzaro ez dela, halako argi-printza ernagarri bat aurkitu nuen hemengo berrikari orrialdez totolo-mardul batean; artikulu laburra, baina jakituriaz, gizatasunez eta neurriz betea. Izenik ikusi ezta ere, laster antzeman ziezaiokeen idazle on baten zitua zena, ez taldeko idazlari arruntarena. Hitzaurregile eta literatur-kritikariez ari zen G. Marañon idazle handia artikulu hartan.

        Baten batzuek esan zioten hor-nonbait, hitzaurre gehiegi idazten zituela idazle ezezagun anitz literatur zelaian erakusteko, baita ere kritikagintzan bigunegia zela alde onak baizik ez dituelako erakusten. Eta idazlan hartan, zenbaitek egin salakuntza horietaz bere burua zuritzeko Paul Valery olerkari bikaina eta estilista gorengoa aipatzen zuen. Honek ere, ageri denez, hitzaurre askotxo idatzi zituen olerkari eta idazle gazteak, eta ez hain gazteak, aurkezteko. P. Valery'k beti aurkitzen omen zituen alde onak olerkari eta idazle guztiengan bere kritika biribiltzeko.

        Eta hauxe dio gainera, Marañon'ek: kritiko ondo eskaxak direla idazlearen makurrak baizik bilatzen ez dituztenak, eta ondo itsuak ere bai, alderdi txarrak ikusteko baino begirik ez daukatenak. Halako kritikoek on baino kalte gehiago egiten omen dute literatur soroan, geroago landare mardul eta oparo izan litezkeenak ernamuinean itotzen dituztelako. Eta ez zaio arrazoirik falta osagile ospetsuari.

        Niri ere, gorago aipatu ditudanen adinakoa izan ez arren, horrelako zerbait gertatu zait. Behin baino sarriagotan idatzi didate makalegia naizela kritikagintzan; hobe nukeela eztia baino egurra erabili nire iriz-lanetan. Baina ez diet kasurik egin horrelakoak idatzi dizkidaten «basoko» bihotzbera horiei, ez. Nahiago dut luma hau mila zati egin eta surtara jaurti, euskal idazle bat, dena delakoa, betiko hondatu baino. Hain oparoa ote da gure soroa ernamuin samurrenak ere ostikopean zapaltzeko? Txori lumatu berriak habian bertan itotzeko? Badugu bai, euskal irizleok gizabidea non ikasi: erbesteko kritikarietan alegia.

        Sarrera luzetxoegia gaurko nire iriz-lanerako. Baina esan beharrekoak nituen. Luzaro ez dela nahigabe handienaz irakurri bainituen bizpahiru hitz garratz Sofokles'en itzulariaren lana orpo-orpo jo eta erabat hondatu nahi zutenak, zeharka gainera, izenik ere aipatzeke.

        Horra, irakurle, Zaitegi jaunak eskaintzen digun Sofokles'en antzerkiz osatutako bigarren bilduma. Gaurko hiru antzerkiok Euzko-Gogoan agertu ziren atalka eta osorik, eta oraingo honetan liburutxo txanbelin batean bilduta ematen dizkigu gure idazle azkarrak «Piloktete», «Aiatz» eta «Tarakin'go Emaztekiak», Sofokles ahomen handikoaren lan osoa euskaraz. Eztitan behar genuke euskarak eta euskal seme guztiok gure mintzaira zaharraren antuxinean Elade ospetsuko tragedia hilezkorrak ikusita. Poztu eta gainera esker onik handiena erakutsi halako lan handia egin digun gizonari.

        Hamar urte bai, Mexiko'n argitara zituen «Oidipu Bakaldun», «Oidipu Kolono'n», «Antigone» eta «Eletere»ri buruz iriz-lan luze bat egin nuela. Orduan ere, gaur bezala, ez nuen eskularru txuririk jantzi behar izan gure gizona goraipatzeko; honen arnas handiko lanak berez dira aski eta gehiegi ere nornahi jaso eta goraipatzeko.

        Urteak ordea, ez dira alferrik igarotzen, eta orduko Zaitegiren itzulpenak gaur irakurri ondoren oraingoekin daukaten alde handiaz jabetu naiz. Euskal lanari atertu gabe eta sakonki ekin dion gure idazle kementsuak, euskara orduan baino askoz menderago duela dirudi, dudarik gabe. Ingelesek lioketenez, ordukoa baino fluency'ago, jariotsuagoa du gaurko euskara. Ia herri euskaraz mintzo zaizkigu Sofokles'en gizuren eta andreurenak, batzuetan herrikoegi ere bai harako zakurraren sala aipatzen dutenean, esaterako. Piloktete, batez ere, edozeinek irakur dezakeela nik uste, arnas batean. Hain dago erraz eta isurkor euskaratuta.

        Nahi eta nahi ez, horrelako irizlan batean hizkerari buruz jardun behar. Antzerki hauen mamiaz nik esan ditzakedanak baino mila bider hobeto esanak nonahi aurki zenitzakete, Zaitegi'k bere idazti berriari jarri dion hitzaurrean bertan urrutirago jotzeke, jakingarrienetakoa baita.

        Baina honen neurriko itzulpenek beste zerbait ere eransten diote gure hizkerari: handitasuna, orokortasuna eta kulturtasuna (landutasuna esan dezadan Orixe adiskidea mindu ez dakigun). Non, eta Caracas'en atera zaigu espainiar idazle bat euskararen aurka, gogor atera ere, gure hizkera abere tartean ukuiluan eta ardo arruntenez nahasita erabiltzeko baizik ez den hizkera arlote bat dela esanez. Bere esanok Unamuno, Baroja, eta Ortega'k euskararen aurka idatzi zituztenekin sendotuz. Nik bezain ondo dakizue aipatu hiru idazleok euskararen aurrerapenari bizkarra emanda bizi eta hil zirela. Hala ere haien erasi zahar eta higatuak aintzat dauzkate espainiar intelektualtxoek eta noiznahi ahotan hartu ohi dituzte gu belzteko. Alferrik da haiei esatea zer nolako lan handiak egin dituzten euskal idazleek, entzun nahi ez duena baino gorragorik inon ez baitago. Entzun eta ikusi nahi balute, aski litzateke Zaitegiren lana horien begi aurrean ezartzea, betiko lotsatzeko. Baina...

        Jakina, gogor ateratzen gara gu ere horrelakoen aurka izparringietan, hala ere arrazoi pixka bat badutela aitortu behar dugu, geure kautan baino ez bada ere, euskaldun gehienak euskararekiko hain muker eta saihestuta ikustean, nahigabez eta minez aitortu ere. Ez al da oraindik iritsi ordua guztiok batera aberri-hizkeraren alde jartzeko? Ez al ditu gure euskarak bere gaitasunak nabarmendu edozein arlotan handikiro erabiltzeko? Nik baietz uste, eta hor dago tinko aski Zaitegi'ren lana nik esanaren sendogarri. Baina euskaldunon hezur-mamiak atergabe jaten ari den erdal-txitxare nazkagarria hil arte, ez dugu onik izango. Eta har zikin hori kemenez eta adorez beterik lehertu behar dugu.

        Barka irakurle, irizlanetik zerbait baztertu naizelako. Propaganda pixka bat egiteko aukerak ezin ditzakegu nolanahi galdu, sorrak ernatzea zail bada ere.

        Bukatu baino lehen, hau ere esan dezagun: aspaldikoak izan arren oraindik ez dela higatu antzerki sakon horien mamia. Gizonen auziak, atzo eta gaur, berdin samarrak; irrits eta grinen sua ordukoa gaur ere. Mende eta aurrerapenak, jakintza eta teknika berriak gorabehera, giza-bihotzak ez dira aldatu: kanpo-giroa zerbait bestelakotu arren, barne-giroa betikoa da orain ere. Horregatik pozik ikusi ohi ditugu gaur ere antzerkiok, ukitu axal batzuk eginda gozaerrazagoak gerta dakizkigun egungo ikusleei. Axal-ukituok egiteko ordea, [noraezekoa] norbere hizkeraz jantzita antzerkiok ukaitea. Horrela bakarrik egokitu eta gaurkotu daitezke, eta egokiera horretarako biderik aukerakoena ematen digute Zaitegiren itzulpenek.

        Antzerki hauetaz baliatuko ahal gara gu ere euskal teatroari txerto berri bat eransteko, atzerrietan egin ohi den legez. Sofokles'en izpiritu ernea, lehen bezain atzarri dago orain ere, Grezia zaharreko neurritasun eta giza giro barearen lekuko, tragediagilea izan baitzen antzinatean giza psikologiaren joera eta itzalguneak nabarien jarri zizkiguna.

        Idazti honetan gainera, erraztasun guztiak eman dizkio irakurleari egileak, irakurketa erosotzeko; jarri dizkion ohar ugarietan aurkituko du jakinmina non ase. Hiztegi polit bat ere erantsi dio gainera.

        Taldeka irakurle opa dizkiogu itzultzaile azkarrari.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus