TXILLARDEGI.— LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA

 

Euzko Gogoa, V-VI, 1957, 113-115.

 

        Aldizkari honen zuzendariak [Euzko-Gogoa] liburu honetaz kritikatxo bat egiteko eskatu zidan luzaro ez dela. Anartean, EGUNKARI honen hotsandia nireganatu zen hor-handik, eta urduri nengoen eleberri aipatu hori noiz ikusiko. Hain zuzen ere, nire hatsarteak hasi ditudan egunean eskuetara zait Txillardegiren liburua, txukun eta apain Bilbo'ko «LEN ETA ORAIN» argitaldariak ohi duenez. Paketean zetozen beste liburuak alde bat utzita, Txillardegirenari ekin diot, gogoz ekin ere.

        Eta egia esan, ez ziren ustel atera eleberri honen inguruko berri onak. Liburu berria benetan gure elertian, oraintasunez betea, idazle azkar baten arnas beroaz oratua eta bizkortua. Bai, irakurle, oratua eta bizkortua. Idazlearen arnasa darien liburu gutxi izan dugu orain arte gure artean: gehienetan idazlea kanpoaldetik baizik ez zaigu agertzen, barnez ez ordea. Txillardegiren liburu honetan aldiz, idazlea bera ageri zaigu oso-osorik bere esankizun, auzi eta gogoeta sakonetan, eta liburu hau idazlea bera dela esan behar, ez estiloz bakarrik baita mamiz eta giharrez ere.

        Ez da erraza, egia esan, norbere mami-giharrak, nolerebait mintzatzeko, paperera itzultzea, eta horixe iritsi du bete-betean Txillardegi gazteak. Guk ere behar genuen horrelako zerbait. Euskal idazleak eginkizun handi hori behar bezala betetzeko girorik sekula ez dutela izan esango nuke. Berez gara lukur eta esku-eutsiak euskaldunok barneko gure katramila eta auziak gordinki eta ausarki bihotz aratoletarik atera eta irakurlearen gogora aldatzeko. Maitasun gai honetan batez ere, beti ibili izan gara herabe eta lotsati, ez noski, euskaldunok maitabidean besteak baino hotzago garelako, axerikumeago garelako baizik geure maite-kontuak estaltzen.

        Mitxelenak ederki dioenez hitzaurrean, mila eratan azaldu digute maitasuna idazleek, eta oraindik ez dira adierok akitu ezta akituko ere gizona gizon deino, ardatz horren inguruan baitabiltza lur honetako auzi eta gorabehera guztiak. Horixe izan, hain zuzen, gizadiari berean eusten dion iturria gizakiari hainbat ur-mota darizkion iturri agortezina, berez bakar eta orokor. Eta Txillardegik argi eta garbi erakusten digu bere novela ederrean euskaldunok ere badugula esatekorik gai horren inguruan, eta esateko jakingarriak.

        Ez zaitut aspertuko, irakurle, liburu honek iradoki dizkidanak azalduz eta hainbeste bulko eta ustekizun ernarazi dizkit nire baitan. Baten batzuk idazle azkarrarekin bat ez datozenak, jakina. Zerbaiterako dugu bakoitzak geure burutxoa, pentsatzeko alegia, eta bat bederak geure pentsamenduak ditugu edo behar genituzke behintzat. Unamuno'k zioenez, benetako idazleak zerbait ernarazi eta iradoki behar du irakurlearen baitan. Txillardegik, alafede, ederki iritsi du helburu hori bere eleberri zoragarriarekin. Beste gorapenik egingo ez baliote, hauxe luke aski gure letretan lehenengo errenkadan ezartzeko.

        Hizkerari buruz ez noa ezertxo ere esatera. Ez naiz gramatikakerietan murgilduko gure artean ohi denez. Novela hau irakurtzean ez zait bururatu gramatika denik ere, ez hitz berririk ezta lapurtar klasikorik ere. Hauxe bai; darabilen euskarak gogoa erabat inarrosi didala, eta gogoak inarrosteko gai den hizkera benetakoa eta egina dela, alegia.

        Ongi etorria, Txillardegi, gure soro mehar honetara, hitzaurregilearekin mintzatzeko. Ez da goxoa, hala ere halako barne poz atseginak ekarriko dizkizu noiztenka. Gainera zu bezalako langile azkarren behar gorrian aurkitzen da gure baratzatxo hau.

 

Caracas'en 9-3-57

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus