«NONI ETA MANI»
(MUXIKA)

 

Euzko Gogoa, 1-2, 1952, 28 or.

 

        Aurtengo udaberria ere irribarrez etorri zait leihora bere esku argitsuan euskal liburutxo bat ekarki. Bakanka, baina euskal baratzea lorez estaltzen ari zaigu; lore bakoitzak, ernetzean, bihotza pozten digu gure baratzea landu, garbitu eta jorratzen ari garenoi.

        «Itxaropen-Argitaldariak»k euskal liburuz egindako sorta berri bat antolatu gogo dizu, «Kulixka Sorta» alegia, eta Sorta horren aurreneko lilitzat «NONI eta MANI» Svensson jesuita zenaren gertari-eleberritua, Muxika'tar Palgida Aita jesulagunak alemaneratik ipin-apain itzulia, aukera dizu. «Kulixka Sorta»k jaio behar izan dizu «NONI eta MANI»k euskaraz argia ikusteko.

        Urte pila bihotz-barne eta bizkargaineratu zaizkigu Muxika'ren itzulpena egin zenez gero. Urte latzak, malko urteak, goldeak lur apatzean baino ildo sakonagoa gogoan urratu diguten urteak.

        Itzulariak ez dio hitzaurrerik ez ataririk bere itzul-lanari ezarri. Ez du nonbait, horretarako adorerik izan, edota izan badu, eskuak uko egin dio, lotsaz, ahalkez, jaulki-beharrak gogorregiak, gordinegiak zitezkeelako, behar bezala, liburutxoaren baranoan gertatuak kontatuko bazituen. Gainera, bere nagusiek ez zioten noski, horrelako hitzaurrea argitaratzerik laketuko.

        Anitz urte zakar igaro ditugu bai, Muxika'tar Palgida Aitak itzulpen hori burutu zuenetik: Aitzol'ek «YAKINTZA» aldizkarian 1935.ean liburutxo hori irarriko zuela iragarri zigun. Aitzol ordea, Kristok adinako nekaldia aberri eta euskaragatik Franco odolgorriaren esku artean egari ondoren, lur honetatik itzuri zitzaigun. Horratx, irizgai dugun liburuxkaren hitzaurrean, idatzi balu, lehendabizi aitortu behar zukeena. Ondorengo esatekoak ere, ez zitezkeen goxoagoak. Etsipen, samin, negar, nahigabe eta gaitzezpenez oratutakoa behar zukeen hitzaurre horrek. Ogi latza ordea, egia-ogia! Eta Francopean ez dago egiarentzat tokirik; ogiarentzat ere ez, bestalde!

        Bitxia benetan ikusi ditugunak ikusi eta dakizkigunak jakin ondoren, jesulagunek euskal liburuxka bat argitaratzeko baimena ematea! Hamazazpi urte hauetan Euskara eta Euskadi'ren aurka haiek eginak ez zaizkigu ez oraingo ez geroko euskaldunei ahaztuko. Gure herri eta hizkuntzak, mundua mundu, ez dute horrelako jazarpenik ezagutu. Zeinen erruz? Franco eta haren laguntzaileen erruz. Jesuitak ludi guztian oldartu ziren Francori laguntzeko eta Euskalerria itotzeko. Buruxkilak (Caudillo) zemai, sarraski eta odol egarriz bere burua jaso zuenekoxe, Ledochowsky jaunak, jesulagun guztien buru garai hartan, agindu gogor bat eman zien lur zabalean barreiatuta zeuden bere mendekoei. Eskutitz bat egin zien, jakina, erlijio amarru-jantzipean bere politika gaiztoa zuhurki estalirik. Honatx eskutitz horretako hitz batzuk:

        «Espainiako gudak erabakiko du kristautasun eta gizarte zuzentzaren oinarriek betiko iraungo duten ala hondatuko diren. Arazo horren aitzinean ezin gintezke mintzul. Anitz, kristauen artean ere, gezurrak barreiatzen ari dira egiaren eta are katolikotasunaren kaltetan». Idazki horrekin jesuita guztiak Francoren alde jarri nahi izan zituen «mundu guztiak hil edo biziko garatz honetan argia eta egia ikus ditzan». (Bayle Constantino «Diario Vasco» 18 Septiembre 1937). Unamuno'k non edo han idatzi zuen «jesuitentzako oro duzu garatz». Matxinada hura ere bai nonbait.

        Ledochowsky jaunak zotza jaso orduko jesuita guztiak falangisten gurutz-gudaren ederrak lur zabalean hizkera guztietan kantatzen ari ziren, gure apaiz eta herria bidenabar larrutuz. Alemanian José Marcelo'k «Ritter der Kreuzes» idazten du; Austrian Carrillo de Albornoz'ek «Was jeder Katholik uber den Spanischen Krieg wissen soll»; Castillo'k, Ipar-Ameriketako «The Queen's Work» aldizkarian «General Franco leads his legions not again but for Governement». Quito'n ere «A los Héroes del Alcazar de Toledo» argitara zuten. Italian, Ledochowsky'ren hurbilean, gogor ari ziren Francoren alde «Lettres de Rome» aldizkarian. Aita Beltza are sakonago ibili zen. Mundu guztiko Luistar eta Maria'ren Kongregazioetara hitzaldi eta ikasgaiak bidali zizkien, Buruxkilaren ontasunak zabaltzeko, «Espainiako erlijio jazarpena» gaitzat. Ez zenuten poloniar hauxe lo egon Francori laguntzeko. Jainkoak bereganatu zuen, han garbituko zituen bere kontuak. Bere aberri dohakabea ere, Francozale porrokatua agertu zitzaigun garai hartan: zoritxarrik gorrienak ikusi ditu harrezkero eta ikusten ari da oraindik, antzinako adiskide maltzurrek zirkinik ere egiten ez dutela haien zorigaitzaren aitzinean. Eta gain-gainetik baizik ez naiz ari, bestela liburu mardulenak beteko nituzke.

        Iberia'ko jesulagunak ez ziren nagusiaren zain egon Francoren baranoan txaloka eta poz-lekaioka hasteko. Aurreneko egunetik, zoro galduak bezala, buruxkila goraipatzen oihuka ziharduten. Ikusi besterik ez daukazue «Razón y Fe» Burgos'en, «Broteria» Lisboa'n. «El Mensajero del Corazón de Jesús» eta argitara ohi dituzten aldizkariak. Aldizkari horietan gure herri maitea eta gure apaiz santuak ere lokaztera jarri ziren. Bayle jauna, jesulaguna gero, infernuko etsaia baino amorratuago lerde-jario zebilen gure aurka, gure apaiz on eta gurbilen aurka. Eta bere lerde zikina nonahi okatzen zuen Jesu'ren Lagundi'ko nagusien onespean.

        Baziren behar bezalako jesulagunak ere euskaldunen artean. Laster munduko lau zokoetara iraitzi zituzten, behar bezalako zirelako, giza gorabehera eta herri gudutan nahasi nahi ez zutelako. Erbestean hil ziren anitz, zakur ustelak antzo, zokondoratuta: Agirrezeziaga Aita, Estefania Aita, Agirre Aita, Olabide Aita... Ledochowsky jauna eta haren inguruko beste jaunak, espainiarrak batik bat, narda lotsagarrienarekin martiri haien azken-hats eta herio-zotinak begiratzen zituzten bitartean.

        Jakina, euskara jesulagunen artean debekatua izan zen. Argitaratzen zuten aldizkari bakarra «Yesus'en Biotza'ren Deya» suntsitua, euskal idazle gehienak erbestetuak. Euskara ez ezik Euskadi ere zatitu eta lauskitu dute, «oyal batez yantzitako lau aizpak» elkarrengandik bakandurik, «Castella Orientalis, Castella Occidentalis» ezizen lotsagarripean laurak estalirik, gure herriaren izenik aipatu ere ez dadin; «nec nominetur inter vos» Paul bidaliak bekatu satsuaz zioen bezala.

        Egunen batean Euskadi burujabe izatera heltzen bada, eta helduko da alajainkoa, edestiaren biderik ezin baititeke saihestu, ez du bere mugartean Kastilla sor eta sartaldeko jesulagunik baizik aurkituko. Zer egingo ote gure herriak? Logika bidez hain maite duten Kastilla aipatuan sarrarazi. Zertako gordeko ditu berena ez duten lurraldean ez izenez ezta ere izanez? Laido gorriagorik ezin zitekeen asmatu ere Euskalerri eta Euskararen aurka, ezta euskaldunen aitzi.

        Baina Orixe'k zioenez (Euzko-Gogoa 7-8) «asiak ditxin (praileak) loxintxaka zer gerta ere. Gu etxera itzuliko ba'giña zenbat zurikeri guretzat! Izango ote lukete lotsaren izpirik ere Euskalerrian gelditzeko!». Aldiak aldatzen ari dira eta damua agertzen. Baina nire susmoak ditut politikari horien bihotzetan damuak inoiz benetako habiarik egingo ote duen. Badaezpada ere, garaiz ardurak hartu beharko ditugu geroenean atzipetuak ez izateko.

        Noiztenka egiak ere esan behar ditugu antxul eta inozotzat joko ez bagaituzte. Baina egia-jaulkitze honek, uste baino urrunago eraman nau. Goazen berriz ere harira «Noni eta Mani» atseginera eta itzulari jatorrera. Ez bat hori ez beste hau jesulagunen artean ikusi dugun eroaldiaren errudun ez baitituzu.

        Nor dugu Muxika'tar Palgida? Altzako seme euskaldun jatorra, hizkuntzalari bikaina eta euskal idazle trebea. Nori berea. Gorago gogorxko mintzatu banaiz ere jesulagunez, saldoka, ez da herrak ezta ere amorruak eraginda izan, bihotz-minik sakonenak baizik. Adiskide asko ditut jesulagunen artean, bihotzez maite ditudanak, beti ere maitatuko ditudanak.

        Hizkuntza gaietan Muxika Aba ezagunagoa da halere erdaraz, euskaraz baino. 1935garrenean YAKINTZA'n argitara zuen, euskaraz, idazlan ernagarri bat. 1936'garrenean RIEV'en, erdaraz, «Iñaki Deunaren egunerokoa eta euskera» zeritzan lantxo bat, hau ere biziki ederra. Zorioneko garaiak haiek, jesuita eta fraideak burua galtzeke zebiltzan oraindik. Egun argitara digun itzulpena ere, burutua zuen ordurako. Badakizue zergatik itzalpean gelditu zen.

        Harrezkero Palgida Abak bi hiztegi argitaratu ditu, Latin-Espainiera eta Greko-Espainierazkoak, hizkuntza horiek ikasi nahi dituzten erdaldunentzat. Baina ekaitzak eta zoroaldiak gorabehera euskaltzaletasunak ere gotor iraun du Muxikaren baitan, eta euskal hiztegi bat antolatzeari atertu gabe ekin dio. Entzun dugunez, ia amaituxe dauka hiztegi bikain hori, euskal idazleei benetako laguntasuna ekarriko dien hiztegia. Esan beharrik ez, horretarako iaioa dugunez gero, lan biribil eta osoa ere emango digunik.

        «Noni eta Mani»ren itzulpenak gainera, argi erakusten digu Muxika Aba euskal senaren jabe dela. Baina lan handiago, aberatsagoak itxaro ditugu euskaldunok harengandik. Euskarak bere bi begiak hargan ezarrita dauzka. Izan du gainera, Lagunartean, aurrelari jakintsurik, Olabide zena. Haren urratsei jarraikiko ahal zaio baten bat zuen izena zerbait zuritu dezan! Eta gaurko jesulagunen artean, Muxika'k izan ezik, ez dakit zeinek bete dezakeen hark utzi zigun hutsunea, bete baledi.

        Bidenabar, Itxaropena' Argitaldariari ere gure atseginak agertu nahi genizkioke. Bakarra zaitugu Euskadi osoan euskal irar-lanean. Txukun aski datoz zuen lanak begi eta bihotz pozgarri. Egun hasi duzuen «Kulixka Sorta» lan apain eta mardulez jantziko ahal duzue. Pozik, gure haurtxoek «Noni eta Mani» bezalako liburuxka goxoak irakurriko dituzte.

 

Paris'en 1952.eko Martxoak 20

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus