SALBATORE MITXELENA
«AMA-SEMEAK ARANTZAZU'KO KONDAIRAN»
Euzko Gogoa, 9-10, 1951, 64 or.
Honatx olerkari iaioa, gaurkoan edeslari. Eta nolako edeslari! Arantzazu'k bere xotiltasunez fraide gaztea txoratu zigun, eta txoramen horrek eraginda, euskal lanik bikainenak argitaratzen ari zaigu!
Zuk zer dezu, Arantzazu!
ames-kabi, otoi-leku...
Euskalerria oso-osorik
kantari dijoakizu.
Izena bera, Arantzazu!
Kanta ederrena dezu.
Itz bakar ori mintza orduko
kantari jartzen gaituzu.
(ARANTZAZU Euskal-Poema'tik)
Azken bi urte hauetan, Aberri Egunez, hemen Paris'en, meza garaian kantarazi ditut ahapaldiok, baina gure bihotza ez zen kantari jarri, nahigabez baizik. Ni neu organoan ari nintzen bi begiak malkoz blai, eta ni bezala beste asko. Izen ukigarria Arantzazu! Izen horrek, haurtzarotik, bihotza ukitu zigun euskaldun guztioi.
Sei urte izango nituen eta Arantzazu'ren berri etxe barnean izan nizun lehenengoz, Bizkaiko itsas-bazterrean. Gogoan dut nola amama Petra'ri, andre handi eta guren, bai behin, galdetzen genion:
Amama, zelan da «Arantzazu'ra bidez bide ipuina? Eta amamatxu maite hark beti erantzuten zigun amaigabeko ipuin honekin:
«Jun... ta jun... ta jun...
makillatxu bat esku'n...
ogi zatitxu't kolku'n...»
Bidaiarenak azkenik ez zuen, baina amamatxuk Arantzazu'ko komentu eta Birjinaren zehapen ugari jaulkitzen zizkigun. Amets gozoz oheratzen gintuzun Aloñakoaren magalpean bidari ibilkoiarena ezin buruturik horratik. Joan eta joan...
Guk burutu-ezina Salbatore Mitxelena'k irizgai dugun liburu xoragarrian burutu digu. Andre Mari'ren Agerpenetik hasi eta gaurdainokoak oro zehatz-mehatz edesten dizkigu. Ia hirurehun orrialde jori eta aberats belztu ditu.
Edeslariaren lanak badizu arriskurik, zehapen gehiegi, batez ere, gertakari nagusiaren inguruan metatzen dituenean. Gure edeslaria ordea, ez zaigu horretan lerratu. Edeslari baino lehen olerkari izan gure hau eta honetxek, nire ustez, edesgileen kalaka aspergarritik saihestu digu Salbatore maitea. «Instruere delectando» zioten antzinakoek edestiari buruz; eta idazleak bete-betean iritsi dizu. Atseginez irakatsi: bai horixe. Atseginik bizkorrenaz orrialde guztiak irakurri ditut eta ziur-ziur esango nuke beste edozeinek ere atseginez gainezka irakurriko duela liburu xoragarri hori.
Badizu idazleak irakurlea bereganatzeko indar, dohain berezi bat. Nondik datorkio ordea indar hori? Hara hor labur.
Arantzazu'ko gorabehera guztiak gutxik bezala ezagutzen ditu Mitxelena Aitak. Badizu, gainera, horretarako ziorik. ARANTZAZU poema ederrean lehenago abestu zituen Aloña'ko mendiaren baranoan gertatuak oro. Mendi bizi haren sakonenean pulunpatu zitzaigun orduan, eta harribitxi istatsuenez jositako euskal poema ondu, garrez, maitasunez gainezka. Orduko garra, orduko maitasun berbera, gaurkoan hitzlauz ematen dizkigu. Garra eta maitasuna itsaskor eta hedakor dituzu. Hortik, beraz, irakurlearen gogamenez jabetzeko daukan indarra.
Idazkera ere berebizikoa dizu idazle gazteak. Euskara argi eta garbia erabat. Herriarentzat egin-egina eta herri ez denarentzat ere bai. Maiz, idazti hau irakurtzean, idazlearen barne-borroka nabaritu dugu hitzak aukera beharrez. Garbira ote? Herrira ote? Gehienetan herrira jo du, eta hala hobe! Nolanahi ere, Mitxelena'ren euskara herritarra izan arren, aberatsa duzu. Badizu hitzak aukeratzeko ere zertxobait, antze berezi bat. Euskal literatura osoa, hizkelgi guztietan, irakurria ez-ezen hausnartua dizu, sakonki aztertua. Batasun bidera jo nahi dugunok hori behar ere lehenik eta behinenik, bestela ez dugu inoiz ere gure jomuga iritsiko. Zaletasun berdinez jasotzen du idazle azkarrak, erle langileak antzo, herri-elertiko baso-lili apalenei edota elerti garaiagoko lore ñabarrari darion ezti goxoa. Oro ordea, bere gogo-giroz oratuta. Eta nolako gogo-giroa! Frantzizko deunaren xalotasuna, ezti-jarioa dizu idazle gazte honek. Maiz bururatu zait Aita Azkue'ren «Loretxoak» «Ama-semeak Arantzazu'ko Kondairan» irakurtzean. Baina Mitxelena'ren euskara bihozkoiago, isurkorrago, zailuago baita ere aberatsago duzu.
Idazlan handi honetan Aita Adriano Lizarralde'netik ugari baino ugariago jetzi dizu Mitxelena'k. Berberak aitortzen digu: «Erbi-zakurrak baño bizkorrago, Lizarralde arantzazulari paregabeak ez dizu utzi bazterrik miatu gabe. Nik eiztariarena egin det emen: nere bidetik jarraitu, iñoiz edo beste tiroa boteaz ark ateratako erbiai.»
Beraz, idaztiaren guna, edeslari bikain haren oinarrietan sendotua datorkigunez gero, ezin zitekeen zindo eta zintzoagorik izan. Zindo eta zintzotasuna, horra gaurko edeslariaren gurpilak, eta gurpil horietan ez lebilkeena, aizuna litzateke. Aizunez jotako edeslaria aldiz, ez duzu edeslari, kontari alai baizik.
Jakina: Arantzazu'ko Andre Mari'z aritzekoan ezin zitzakeen aldebat utzi mirariak eta mesedeak. Mirariak herri-abarraren bazka dituzu, egun baino lehen areago. Gure liburua berriz, herriarentzat egina izan denez gero, nola bertan behera utzi mirariak eta mesedeak? Taxuz aukeratuak ematen dizkigu eta gutxi; gure sinesmenak harkaitz sendoagorik badizu oinak tinkatzeko. Aita Luzuriaga'ren «Paraninfo Celeste Historia dela Mística Zarza... t.a.» irakurtzerakoan, niri behintzat ez zitzaidan Arantzazu'ko Amarenganako eraspena berotu. «Idazkera bera alako katramilla ta anpatua bait dizu, amazazpiko idazleak oi zutenez.» (134 orrialdean). Halaxe da izan ere eta ederki mugatzen digu Mitxelena'k Luzuriaga'ren mirariketa.
Idazti honen kapitulurik ederrenak hautestera jarriko banintz ez nizuke zein aukera aise jakingo. Baina ene gardiz, honatx benetan ernagarrienak: «Antxe Arantzazun» IIIgarren kapitulua, «Erromeriak» VIgarrena, «Gau-Bijiliak» VIIgarrena, «Mendi Santuko Dirdaiak» IXgarrena, «Gainbera» Xgarrena, «Gaurko Arantzazu» XIIgarrena. Gainerakoak ere ernagarri eta bete-beteko dira, hauek bezalatsu, esku antzetsuz idatziak.
Bukatu baino lehen idazlearen asmo garaienak jaso nahi nituzke euskaltzale-zur. 164garren orrialdean idazleak dio:
«Ikuskizunik jatorrena ta pozgarriena izango litzake auxe, ara: gure diputadu, euskal-akademiku, idazlari, musikalari, jakintsu, aundikitar eta osterako euskaltzale argienak, mota guzietakoak, danak bat artuta, antxe (Arantzazu'n) urteroko bazkaria egin bear luteke, lengo kofraditarren antzera, asmo berberakin. Antxe guzion ama Zaindariaren babesean. Ikuskizun jator eta pozgarriena izango litzake, ta xuspergarriena gainera, danon gogoko iru gauzok anpatzeko: euskaltasuna, leñargia ta jabetasuna gaurko egunak eskatzen duten giñoan eta tankeran... Batere politika-usairik gabe (?), jakiña. Alaz guziz, emen ere izango genduke lizar-arbasta jasota, zentzui sarrera ukatu!» (Puntu-lerro ta azpi-lerroak irizlearenak dituzu).»
Zergatik ez? Arantzazu Euskadi oso-osoaren bihotzean kokatua dago, eta Arantzazu'ko Andra Mari'k bihotz horri taupadarik goxoenak eragiten dizkio. Bihotzak soina biziarazten du; hura atertuz gero, soina ere atertzen, hiltzen da. Ez dugu nahi ateririk gure Euskadirentzat ezta gure euskararentzat ere. Arantzazu! Zu zaitugu Euskadi'ren bihotz, Zuk behar duzu Euskadi'ko Erregin. «Sei Semeak» zure mantupean kokaturik behar dugu! Batasunak zainduko gaitu eta batasun hori zure babesean lortuko dugu!
Ekiozu, idazle gazte, asmo gailen horri, ARANTZAZU, Andre Mari'ren itzalpean, euskal kulturaren habia gertatu arte, Montserrat katalan kulturaren habia den bezalatsu. Ekin, harik eta zure eta gure «trixtura» alaitasun bete bihurtu arte.
Euskal arloan zitu pozgarrienak ageri zaizkigu Aloña-mendi zoragarrian, gazteen artean batik bat; zaharrak, beharbada, oraindik hirurogei urte lehenagoko herra eta haserre txoro eta hutsalez ageri badira ere. Euskalbidean ez dugu haserrerik behar, adiskidetasun zintzoena baizik. Horrela burutu ahal izango dugu gure asmo bakarra eta begien aurrean jarrita daukagun jomuga ere, hots, euskara datzan leize sakonetik eguterara dirdai atera!
Zu ari zaitugu Mitxelena maitea, eta bihotz-bihotzetik eskerrik gartsuenak ematen dizkizut egin diguzun eskukari bikainaren ordez. Ez etsi, arren! Jaunak osasun eta kemen emango ahal dizkigu larrialdi gorri honetan!
Paris'en 1951-X-5
© Andima Ibinagabeitia