ORIXE. «URTE GUZIKO MEZA-BEZPERAK»

 

Euzko Gogoa, 9-10, 1951, 64 or.

 

        Gaurgero, euskaldun eliztarrek badukete goi-argiz gogoa non ase. Hamaikatxo eliz-liburu argitarazi dira euskaldunen artean, meza, otoitz, eta edonolako eraspenez kuin-kuin. Eliz-liburu egoki eta beterik ordea, ez geneukan. Orainartekoak egile bakoitzak asmatu otoitz eta eraspenez egokituak ziren gehienak. Beste batzuk eliz-otoitz jatorrez, baina otoitzok erdizka baizik ez zitzaizkigun emanak izan. Labur esateko, eliz-liturgia osoari zegokion idaztia etortzekoa zitzaigun.

        Gaur berriz, euskaltzale gartsu batzuen laguntasun eta Orixe maisu handiaren kemen-adoreei zor, inoiz euskaraz sortu eliz-libururik bikainenaren jabe gaituzue. Azalari gagozkiola, ez dio inongo meza-liburu dotore eta apainenari zorrik. Haiek bezala, orrialde bikain eta paper goxoenean bilduta, «Urte guziko Meza-Bezperak» dakartza, urteko egun bakoitzari dagozkion eliz-otoitz eta meza santuak. Jai haundi eta jai tipi, oro bere larru finezko azalaren barnean, latina eta euskara aurrez aurre dakartzalarik.

        Egileak dioenez, beharrezkoa genuen euskal kristauok ere horrelako idazti bat. Egun liturgia-zaletasunak aurrerapen handia egin du, euskaldunok ordea, eliz-zeremoniarik ezin genezakeen behar bezala jarraitu horretarako libururik ez geneukalako. Gainera, Eliz Amak, gogo bizia erakutsi du azken aldiotan kristau eta aldarean ari den apaizaren artean hartu-eman gehiago izan dadin; hots, eliz jaiak bizi eta bizkor izan daitezen, ez apaizentzat soilik, baita kristau guztientzat ere. Nola ordea, euskaldun eliztarra apaizarekin bat gertatu eliz-zeremonietan horretarako libururik gabe?

        Aldamenetako hizkuntza harroek bazituzten, eta euskotarren artean ere, geroago eta zabalagotzen ari ziren hizkuntza harro horietaz jantzitako misalak. Jaunaren hitza erdaraz, neurri gabe jaten ari ginen geure arimen, eta batik-bat, euskaltasunaren kaltetan. Engoitik erdal misalari atxikita jarraituko lukeen euskaldunak, ez luke barkabiderik, ez horixe.

        Oixtian, Orixeren adore-kemenak aipatu ditugu, haiek izan baitira, noski, liburu bikain honen sortarazleak. Behar ere bazizun egonarri Ormaetxea jaunak, etsi gabe, lan harrigarri hori burutzeko. Gure hizkera eta latinaren artean dagoen aldea handia da izan ere, itzul-lanaren malkar eta arantzak aldiz, larriegiak. Malkarra gainditu eta arantzak mozteko adorea behar, baita ere hizkuntzaren ezagupenik sakonena, bi hizkuntzena alegia.

        Argitarazi nahi izan dutenek ezin zezaketen itzultzaile hoberik hautatu lan tzar hori biribiltzeko, Euskadi eta mundu guztiko euskal idazle oro arakatuta ere. Gure olerti oihanean, Orixe zaigu ibarjaun, eta jaun horrek bezain ongi inortxok ez zezakeen misalaren itzulpenik euskaraz mugatu. Euskaltzalez gainera, Orixe, latinzale ere bai zaigu [sic], eta Lati[o]'ko hizkuntzaren zirkun-zarkun eta gurpilak inork ez bestean ezagutzen ditu. Hori dela bide, lan oso eta garbala burutu digu.

        Kezkarik badizu, horregatik, itzulariak, hitzaurrean aitortzen digunez. «Mordoiloegi ez egiteko batzuek; garbiegi ez jarduteko beste batzuek». Horra itzularien betiko kezka, euskaraz ari denean batez ere. Kezka hori aldendu nahi, eta ezin saihestu inola ere, gure hizkuntza herri-abarrean behar bezala zaindu eta apaindu ez dugulako, baita ere menderatzen gaituzten hizkuntzetan bezalako zaletasunez geurean pulunpatu ez garelako eta pulunpabiderik ere izan ez dugulako. Nolerebait, mordoilozale eta garbizaleak kontenta behar...

        Xede hori izan dizu Orixek eta bete-betean iritsi duela ere aitortu genezake. Nola ordea? «Aldeaurretik ba'dakit guzien gustorik ez dudala egingo. Ez neronenik ere, jakiña. Ontatik asi naiz, nere ta iñoren atsegiña baño geienen etekiña edo protxua lenago baita». Beraz, jomuga hori atzematera oldartu zaigu itzulari aberatsa. Herri-herriarentzat egina ez dela liburu hau dio egileak, herria egunero mezataratzen ez delako. Baina herriak, gure herri-herriak, aise ulertuko luke Orixeren euskara, ulertu ez ezik baita miazkatu ere darion ezti goxoa.

        Euskara garbiagoa erabil zezakeela? Egia. Egileak berak adierazten digu zergatik garbiegi ihardun ez duen. «Euskera gaxoak operazio asko dauzka egin bearrak eta guziak batean egin ezkero, il liteke. Batetik sendatu ala bestea egiñez, ez luke erio-bildurrik». Horra zergatik, bide txukunegitik, itzularia saihestu den. Hala ere, dio egileak «urteen buruan liburu onek bere burua garbituko du, orain nai ta nai ez itsatsi diotan zier-autsetik; baña beste argitaldi batean, bisi ba'nendi, naiz bestek eraberrituz, landuago ta biribilago aterako da».

        Egia esan, ez Orixe'k berak, ezta ere haren ondoren letorkeenak, ez du garbitu behar handirik liburu honetan idoroko. Euskara herrikoia darabil, herrikoia baina aberatsa. Aberatsez gainera, egokia eta garbia. Latinezko bulko eta hitzik bihurrienarentzat euskal hitz bete-betekoa beti aurkitzen du. Gure idazlearentzat ez du euskarak isilpekorik. Beraz, harro-harro aitor dezakegu gure «Urte Guziko Meza-Bezperak» beste hizkuntzetara ere egin diren itzulpenen artean ederrenetarikoa dela, eta zenbait ertzi begiratuki, latina bera baino atseginago zait Orixeren euskara, niri behintzat.

        Gorazarreak, himnoak, batez ere arretaz irakurri ditut. Banuen hori egiteko gogorik! Orain anitz urte, atzo esango nuke, hamabi urteko mutikoa nintzela, Tutera'n Etxarri Aitaren ahotik, Ormaetxea'k, «Jesus'en Biotzaren Deya»n argitara gorazarreen itzulpenez goraipamenik beroenak entzun nituen. Garai hartan, etxekoak ikustera etorri zitzaizkidan eta haiekin ari zen. Hala ere, Etxarri'ren hitzak inoiz ere ez nituen ahantziko. Geroago, itzulpenok irakurtzeko zoria izan nizun «Sacris Solemniis» «Adorote devote» «Te Joseph celebrent» eta abar, Orixe'k itzulita. Egia zen Etxarri'k esana: «erdaraz ere ez du horrelako itzulpenik inork egin». Harrituta zegoen Aita euskaltzale hura Ormaetxea'ren euskal trebetasunarekin. Are harrituagoko litzateke egun gorazarre samalda hain ederki euskal neurtitzetan bihurtuta ikusiko balu. Ez Lefebvre'k frantsesez, ezta ere Molina'k gazteleraz ez dute Ormaetxearen markarik ukitu. Haiek hitz-lauz txukunez itzultzearekin nahikotu dira, euren hizkuntzek besterik laketzen ez zielako nonbait.

        Badira eliz-gorazarreen artean zenbait txukunkeriaz jotakoak, hitz barregarri eta bitxiz josiak, esakera hutsal baina hantuz beteak, adigaitzak, bihurriak, ahogozo exkaxaren jabe ziren eliz-gizonek, hor nonbait, idatziak. Baten batzuei pagano-kutsua ere badarie. Gorazarre horiek ere, Orixe'ren itzulpenetan, bete-beteko eliz-gorazarre gertatzen dira, jainkozko giroz, eraspenez, apaltasun eta goxotasunez inguratuak. Bada horien artean bat, beti ere bitxi iruditu zitzaidana: Neketako Amaren arrats-otoitzetan abestu ohi den «Jam toto subitus» himnoa.

 

                Jam toto subitus Doala zerutik iges atsaldea.

                vesper eat polo, Eguzkiak buka dezala eguna

                Et sol attonitum lotsaz, Jainkoaren heriotze latza

                praecipitet diem, guk oroitu bitartean

                Dum saevae recolo

                ludibrium necis,

                Divinamque catastrophem.

       

        Ez ote irakurle, turuta-arratza-hots zaratatsuak darizkion «Jam toto subitus» harroa baino atseginago, elizkoiago, egokiago? Aipatuaren antzeko beste ereserki asko ere, apaltasun, barne-giro eta eliz-giroz, gure hizkuntzak, Orixe'ren trebetasuna bide dela, jazten ditu. Itzulpen aipagarririk aurkituko du irakurleak: «Stabat Mater», «Dies Irae», «Lauda Sion» e.a. Bi aipatu gabe, horregatik, ez ditut utzi nahi: «Iam lucis orto sidere» eta «Te lucis ante terminum», goiz eta arratseko otoitzak:

 

                Iam Lucis orto sidere Te lucis ante terminum

                Otoi dezagun Jainkoa Otoi guzien Egille,

                argia sortzen danetik argiak aldegin baitu

                egun ontako lanetan oben illunpetik, Jauna

                begira gaitzala gaitzetik. zaindu ta gorde gaitzatzu.

 

                Ezi dezagun mingaña Amets gaizto irakor

                auzietan nasi gabe; zoazte urrun gau ontan

                uskeriak ikustetik bego loturik etsaia

                begia dezagun gorde. gorputza lizun ez dezan.

                e.a................. e.a.....................

 

        Nork esango luke euskaraz amestuak izan ez direnik gorazarreok? Sail honek azalpen sakonagoa merezi luke, baita liburu osoak ere. Norbait saiatuko ahal da gaiok behar bezala aztertzen, argi ugari jetzi daitezke bada euskal idazleen onerako.

        Eresiak ere, era berean, otoitz, berrion-ki, bidalien idazki eta abar, maisu eskuz itzulita daude, erraz eta atsegin. Orixe'k argi aipatu ez arren, Olabide'ren itzulpenez maiz baliatu dela ageri da. «Nik ez dut oso baztartu Birgiña, baña geienetan bildurrik gabe erabili dut neskatxa, len ere ontzat emana baitago Eliz-baimena dun liburu eder baten.», dio hitzaurrean. Liburu eder hori Olabide'ren Itun Berria duzue eta idazte horrez gainera beste ederragoa, Itun Zarra, ere ederki ezagutzen du Orixe'k. Berak esan ez bazigun ere, Olabide'ren idaztiak erabiltzen ohituta gaudenok, laster atzeman genezakeen haren isuria zenbait irakurgai eta itzulgunetan. Horrek ez dizu ezertxotan Orixe'ren lan izugarria urritzen, ez noski. Gure aurretikoen lanak ez dituzu arbuiagarri lagungarri baizik, eta ezin uka zenbait gaitan Olabide'k sasi-arantzak ohildu zizkigunik, ondorengoak bide erosoagotik genbiltzan.

        Izenez zer esan? Zenbait euskaragotuago zitzakeen, euskal izen anitz, herrian ere, onartuak izan baitira. Horretan uzkurregi ibili zaigu idazle jatorra, herriaren beldurrez baino kritiko zenbaiten herabez areago. Ongi dakit Orixe inoiz ez dela herabe izan, baina oraingo honetan lotsa gehiegi erakutsi du. Hurrengo ekoizpenean zenbait izen euskal jantziz apainduko ahal ditu.

        Orain, irakurle, zure aldi duzu. Har ezazu idazti eder hau, irakur ezazu, hausnartu ere bai, eta Jainkoa goretsiz, bidenabar euskararik ugari, argi eta aberatsenaren jabe ere egingo zara. Horra Orixe'k egin itzulpenaren dohainik handiena eta osperik garaiena erabat.

 

Paris'en 1951

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus