ZAITEGI'REN IDAZTIEI BURUZ

 

Euzko Gogoa, 2, 1950, 9-16 orr.

 

Lehenago Pariseko Euzko Deya-n argitaratua (1947-12).

       

        Euskara, berriz ere, ezteietan daukagu. Aspaldi honetan euskal libururik inondik ere ez zitzaigun sortzen. Euskal literatura, laino estalki batez inguraturik, euskaltzale eta euskalariekiko sorgor eta antzu zegoen. Sortaldetik igotzerakoan, eguzkiak hodei-beltza urtu eta aienatzen duen bezala, urrutitik, hain zuzen ere, euskal errainu bizia etorri zaigu nolerebait gure elertiaren iluntasun hori aienatu eta ezabatu beharrez. Ez gero edonolako errainua, jator eta zindoa baizik. Hiru idazti bikain, bata baino bestea mardul eta joriago. Zaitegi jaunak argitara Goldaketan, Ebangeline eta Sopokel'en antzerkiak liburuei buruz ari nauzu, irakurle.

        Euskaldunek, zoritxarrez, ez dakite oraindik argitara direnik ere. Ez bakarrik euskaldun arruntek, ezta jakitunek ere. Eta hori ez dago ondo...

        Gernika aldizkingi ederrean (I zenbakian) Lafitte Apaizak, euskalari bikain eta jakitunak, azken urte hauetan euskal barrutian erne diren liburuen berri zehatz-mehatz ematen digu. Ondikoz, ordea, Zaitegi Jaunaren lanik aipatu ere ez du egiten.

        Euskal soroan erne bezain laster edozein landare maitasunez eskuetan jasotzeko gertu gaudenoi, isilaldi hori mingarri izan zaigu, niri batik bat.

        Pozik ikusi genuen horregatik, Montzon'en Goldaketan olerki-liburuaz idatzi zuen lan polita, baina beste idaztiez oraindik ez dugu hitz bat ere irakurri.

        Beraz, Zaitegi'ren lan bakoitzaz nire iritzi laburra azaldu nahi nizueke.

        Horra nire lantxoaren sail-banatzea:

                1 Goldaketan

                2 Ebangeline

                3 Sopokel'en antzerkiak

 

        GOLDAKETAN

        Olerki idaztia duzu. Ehuntsu olerki bere orrialde argietan gordeta dauzka. Gehienak egileak bere kabuz sortuak, zenbait beste hizkuntzetan garaienetariko izan diren olerkarietatik aldatuak.

        Ez nihoakizue Zaitegi, euskal lorategian, poeta nabarienetarik bat dugula esatera. Zarautz'en haren aipua sendotua izan zen betiko «Tori nire edontzia» bere olerki txukuna saritu ziotenean. Orduantxe gure olerkarien taldean sartu zitzaigun ospetsuki.

        Harrezkero urterik asko igaro dira, euskarari zoritxarrik asko leporatu zaizkio, baina orduko olerkari gaztea, gaur gizon egina, poesi-baso itzaltsuan geroago eta barneragotu zaigu. Urteak urte, mailak gora, aspertzeke, ekin dio eta benetako poesiaren muina bere esku argi eta antzetsuz atzeman du.

        Zaitegi'ren bertsorik gehienak Euskadi'tik kanpora sortuak dituzu, herri ezein eta aldenduetan mugatuak. Loiolan (bat), Oña'n, Merida, Caracas, Panamá, Marneffe, San Salvador eta Guatemala'n. Nik bezala olerkaria ezagutuko bazenu, irakurle, haren poesia-hegadak herriz herri jarraitu ahal izango zenituzke, baita adinean gora dihoan neurrian poesian ere gorago dihoala neurtu ahal izango zenukete.

        Loiola-Oña'ko olerkiak txori hasiberriaren txintak bezala belarriratzen zaizkigu. Halaxe «Negua». Olerkitxo polita, baina mamiz ez hain betea. Haurtxoak begira ditzakeen begi xaloz begiratzen ditu landako elurra eta sukaldeko egurra. Halaz ere bertan ohartu daiteke geroko olerkariaren arnasa. Euskara ez du oraindik eskurakoi, geroago izango duen neurrian.

        Merida'n olerki ederrik ondu digu. Halaz ere, neurtitz batzuetan, zenbait atzerriko olerkarien eragin eta ziria nabaritxoegi ageri dira. «Atzerri-zear»ek Heine'ren ukitua du, «Esne-beia»k, berriz, Carducci'ren isuria.

        Marneffe'n gure olerkariak beste olerkarien hariak urratzenagotzen ditu, eta bertso bikain-aipagarriak egiten: «Tori nire edontzia», «Udaberrian negu», «Zuri entzun nairik» sakon eta mistiko igurtziz osatua, «Galburua», «Artzaiarena» poematxo polit eta aberatsa, kantagaia, Euskalerriko txiki eta larriei irakurri eta kantarazteko egokia.

        Sail honetako olerkietan Zaitegi bide berriak urratzen hasten zaigu: euskaraz inoiz edo bakan erabilitako gaiak bere neurtitzetan darabiltza, harako Lizardi zenak esanari jarraiki: «Euskera noranai ta zernaitarako zaitugu». Era berri honetako olerkietan lehena «Sphinx». Euskadiko mendiak utzita, etze-lehor kiskalietara garamatza; zeinen egoki eta zeinen biziki! Euskara geroago eta gaiago, zailuago ageri zaigu idazlearen eskuetan.

        Maite-olerkietan garbi eta bipil agertzen zaigu olerkaria, irudi bizi eta atseginez inguraturik istarriz jositako eraztuna antzo. Horratx «Zorion Betea» deritzan olerkian iraizean jasotako irudi txanbelina:

 

                «Besoak gora zitun

                lotzeko mototsa;

                pozaren pozez daukat

                gainezka biotza;

                iduri zun neskatxak

                urontzi arrotza;

                ene amets-kabian

                dut zorion-otsa».

 

        Olerkirik goxoenak, beharbada, umotuenak, San Salvador-Guatemala'n ondutakoak noski: «Goiko Ereilea», «Kilkerraren otsetara», «Anbotoko sorgiña», «Neskatillari esana», «Neskak esana», «Maiteak etsia», «Bakar-bakarrik», «Sorgin-orratzarena» eta abar.

        Neurtitz hauetan ohartaraz dezake irakurleak gure olerkariak hizkuntza, saskigileak zumea, okinak orea bezain trebe eta egoki darabilela. Hain maite izan duen euskarak olerkariaren burutapen garai eta bihotz isuririk sakonenari ere ez die ukorik egiten. Goldaketa gogorra, lur apatza zehar euriaren lan biguna bihurtu dela esan genezake.

        Norbaitek, gure olerkariak gehiegitxo irakurri eta inoren amets-hegoz apainduegi agertzen zaigula dio. Egia esan, Zaitegi Jaunak inon diren olerkariak irakurri ditu, gureak eta gure ez direnak. Hortik, ordea, olerkariari makurrik ez zaio sortu, are gutxiago euskarari. Aitzitik ere, euskararentzat amets-bide ezezagunak eta beharrezkoak egokitu ditu.

        Literatura oro aurretikoen lanei nolerebait zordun da. Latinak gerkeratik bere elertiaren aberastasun guztia jetzi zuen eta harrezkero lurbiran izan diren olerkariak literatura bi horien arnasa eta odolak ernarazi eta biziarazi ditu. Idazle aipatuenen barrutian, antzinateko olerkarien eragite eta ziria laster ohartaraz genezake. Irakurle eta ikasle zuhurrak izaki, nonbait! Bakoitzak, ordea, bere gogo, izaera eta hizkuntza zehar iragazi ondoren, eder-lan berezietan mamituta eman dizkigu.

        Horra gure olerkariak egin diguna ere. Euskaraz, gure basoetako lore apalen atxonez gantzututa zenbait atzerri-ederzaleen iduri eta esaerak eman dizkigu. Lan goragarria benetan, eta ez dut uste inork errutzat egite txalogarri hori ezarri liezaiokeenik.

        «Goldaketan» idazti bipilaren azken aldean atzerriko olerkarien poesia ugari euskaratuta eman dizkigu: Longfellow, Verdaguer, Maragall, Musset, Sully-Prudhomme, Gautier, Baudelaire, Coppée eta abar. Amaitzeko, berriz, Orati'ren zenbait oda. Esku trebez itzuliak guztiak.

        Niretzat atseginen Longfellow'en itzulpenak: «Auzoko errementeria», «Gezia ta Abestia», «Egun euritsua». Euskaraz amestu eta ondutakoak esan daiteke.

        Horazio ez duzu eskurakoi, halaz ere olerkari horren muina eta giharra garaiki isuri ditu Zaitegi maiteak euskal ontzietan.

        Irakurle: Olerki idazti honek nire buruan ernarazi dituen esanahiak oro idatzi behar banitu, ez nuke lan hauxe inoiz ere bukatuko. Zoaz, zerorri, iturri bizi hartara eta egiatan diotsut, ez zaizula damutuko. Ederzalea baldin bazara, ederrik asko aurkituko duzu. Euskaltzalea bazara, haren hizkuntza apain, ongi taxutu eta aberatsak, euskararentzat ezinezkorik ez dagoela egiaztatuko dizu, eta «atzerri, Euskalerri» zoragarri bihurtuko.

 

        «EBANGELINE»

        Saiatu ote zara, irakurle, erdaratik idazle ospetsuren baten lanik euskarara aldatzen? Maiz, behar bada, euskaltzale zintzoari dagokionez, horretara jarri zara, adorez eta kemenez beterik, itzul-lanaren oztopo gogorrak jarki zaizkizunerako, ordea, bertan behera, garai egokiagoaren zain, hain gartsuki hasitako lana utzi duzu. Garai hori, gaur ere, etortzekoa izango zaizu nonbait!

        Ez uste harritzen naizenik.

        Itzul-lana, edozein hizkuntzaz, lan gogorra, lan zaila duzu. Euskaraz, berriz, benetan malkartsu eta arantzez josia. Ez, noski, euskara edozein hizkuntza bezain gai ez delako, euskaldunak behar bezala gaiturik ez gaudelako baizik.

        Halaz ere, lan ederrik argitaratu da euskaraz, erdal hizkuntzetatik bihurtuta. Erlijio gaiez, batez ere, hamaseigarren gizaldiaz gero, Itun Zaharra ere, zatika eta osorik itzulia izan da. Baina lanik ederrena sail honetan, Olabide'k egin diguna, Itun Zahar-Berrietan Jaunaren hitza euskaraz zintzoki eta goxoki gatzaturik emanaz.

        Beste anitz eliz-liburu ere, euskaltzale goragarri askori zor, itzuliak izan dira. Hala behar ere! Jainkoaren hitza hazkurri bidezko eta beharrezkoena baitzaigu.

        Baina bestelako idazleen lanetan inor gutxi murgildu da haien asmakizunak euskal soinekoz apaintzeko. Lan beharrezkoa izan ordea, horixe, inoiz euskarak burua jasoko badu.

        Honetara jo dugunez gero, ezin itzulpen batzuk aipatu gabe utzi: «Mireio» eta «Tormes'ko Itsumutilla» (Orixe'k), «Heine'ren Olerkiak» (Arregi'tar Joseba'k) «Irizpidea (Balmes-Zinkunegi'k), «Wilhelm Tell» (Goenaga'tar Iñaki adiskide maiteak), «Bertolda eta Bertoldin» (Garro'tar Bernarta'k), «Oskar Wilde'n Ipuñak» (Altuna'k), «Grim'en Ipuñak» (Larrakoetxea Ipolita'k) eta abar. Barkatuko ahal didate izendatzen ez ditudan euskaratzaileek, buruz ari bainaiz, luma eta papera, beste lanabesik gabe, nire liburu maiteak, nire ohar eta lantxoak francozaleen eskuetan utzi behar izan bainituen oraindik luzaro ez dela!

        Aipatu euskaltzaleak ederki jabetu dira, euskararik ezin daitekeela idazle ospetsuekiko sor eta gor. Ludian izan diren literaturazale aipatuenen burutapen, iduri, bihotzondo xamur, amets goxoak gure hizkuntzan jantzi behar ditugu. Lan neketsua noski, baina noraezekoa.

        Gure elerti-baratzea ugari, idazle jatorrez aberats ager baledi, ez litzaiguke lan hori hain beharrezkoa izango, hain urri, hain exkas agertzen zaigunez gero, buru-belarri ekin behar diogu eder-lan guztiak euskaratzen. Horrela gure mintzoa gaituko dugu eta, bidenabar, euskaldunei euskaraz beren adimen argia eta gogoa asetzeko bidea gertuko diegu.

        Menderatu hizkuntza gehienek itzulpenetan izan dute geroko loraldiaren oinarria. Mintzairarik asko begitan jarriko nizkizueke, baina aski duzue Tauer'tar Norberta, euskaltzale azkarrak, EUZKO DEYA'n (276. zenb.) txekierari buruz idatzi duenari begi-ukaldi bat ematea.

        Horretarako, ordea, idazleak bere herri-hizkuntza eta erdal hizkuntza zain-zainetik ezagutu behar ditu. Lehen, euskaraz jabetu behar du! Gure artean argitara diren idazlan guztiak sakonki eta maiteki irakurri, herri esaera eta gogoa aspertu gabe aztertu. Ez bakarrik nork bere hizkelgiari muzinik egin! Hori bizkaieraz zegok, utikan! Alfer zurien apuko geldoak dituzu horiek, behinola, Larramendik erruki gabe astindu zituen haien lankideenak. Batasuna iristen ez dugun bitartean, ezin dezakegu euskaltzaleek euskarazko lanik arbuiatu.

        Horra Zaitegi Jaunak argi eta garbi erakusten diguna gaur irizgai dudan liburu liluragarrian.

        «Ebangeline» Longfellow Ipar Ameriketako olerkari handiak amestu eta idatzi zizun poema eder hori. Gaur egunean amerikanoek aberri-poematzat hartuta daukate. Olerki ederrak ere ondu zituen egileak, baita beste poema bat ere, Amerikako lurraldeak goraipatzeko: «HIAWTA'ren KANTUA». Baina EBANGELINE, urteak zehar, haren lanik aipagarri eta nagusientzat tinko eta lerden gelditu zaigu.

        Hara poematxoaren muina: Baserri zoragarri batean bizi dira, bakez eta atseginez beterik, Ebangeline eta Gabirel gazte maiteminduak. England'eko erregeak eman agindua bide dela, hango biztanle guztiek txoko hura hustu behar. Irteera negargarri hartan gure gazteak elkarrengandik banatu eta aldentzen dira. Ebangeline'k, gerora, bere maitale kutuna aurkitu nahi dizu. Bideak eta ibaiak igarotzen dizkizu Gabriel bilatu nahiz. Alferrik, ordea. Gazte lerdena, maitasun-garra ito beharrez, baso itzaltsuak barna alderrai dabilkizu. Ebangeline'k ordea, ezin etsi. Elkar-behar gorri honetan urteak dihoazkie. Atzenean, neskak, bere maitalea, erietxe batean hil hurren aurkitzen dizu.

        Bizigarriro eta zoragarriro Longfellow'ek edesti samin hori jaulkitzen du. Maitari bien dardara, izadiaren dardaraz nahasita, barrenki bihotz-bihotzean sarrarazten digu, maitasun aldaezinaren zirrara ere bai. Margolari trebea izaki, inon izan den margolari antzetsuenak baino egokiago, kolore-antoxinak poema hilezkorra zehar hustutzen ditu.

        Euskaratzaileak ezin zezakeen bere arloa hobekiago burutu. Ez dugu Zaitegi zeharka-meharka, oztopoak garaitu ezinik, dabiltzanetarikoa. Gure idazleak bekoz-beko begiratu eta garaitzen ditu. Hiztegi aberatsaren jabe duzu. Beraz, noiznahi idorotzen dizkizu egilearen bulkoak euskaratzeko hitz eta esaera egokiak. Ez duzu, euskal barrutian, horren idazle aberatsik erraz aurkituko.

        Ikus lantxoa zehar jaso ditudan esamaina batzuk. Tximinietako kea: «Eun biotzetik goruntz doazan kedats-lañoak iduri» (8. or.) Aitona: «Elur-matasaz estalitako aritza zirudin» (9. or.). Gazteak: «Gazte ausarta zan TO. NO dagoneko emakumea zan» (11. or.). Arratsa: «Mara-mara etorri zan arratsa. Sarkaldetik bere urrezko zotza ikuspegiaren gain zabaltzen zun eguzkiak aztia iduri» (47. or.). Eta horrelako mila liburutxoa barna aurki daitezke.

        Lan osoa, goxoki itzulia. Euskal usaina alderdi guztietatik dario. Euskaldunok alderrai eta deslai munduan sakabanatuta gabiltzan garai honetan, beti arrotz, beti herriminez, gure atsekabea nolerebait arindu eta zuzpertu ahal izan dugu Ebangeline'ren zoritxarrak irakurriz eta hausnartuz.

        Ikus, liburutxoak dakarren oparia:

        «Guda-ekaitzak yota, Yainkoaren esku-begidunaren mendean, bazterretan an-or-emenka barreiatutako euskeldun maiteei, biotzez».

        Eskerrik asko, Jokin, egin diguzun adiguri eder horregatik, eta Euskadik behar bezala ordainduko ahal dizu lan goragarri hori.

 

        «SOPOKELen ANTZERKIAK»

        Sofokles Atenaseko loraldi betean agertu zitzaigun Elade'ko lurraldean.

        Herri koxkorra zenuen Elade, baina jakintza, elerti, eta erti-mota guztietan, bestek jo ez duten erpina ukitu zizun. Harritzekoa, irakurle, horren aberri txikia lur-mugaz, gogo-mugaz hain zabal eta aberats gertatzea.

        Antzerkigile garai hau guraso edukitsuetatik Atenas inguruko herrixka zoragarri batean sortu zitzaigun, Kolono, bere zahartzaro aintzatsu eta argitsu hartan, betiko hilezkortasunez inguratuko zuen herritxoan.

        Ez zioten gurasoek adimen eta jakintza bidean lagungarri izango zitzaion ezertxo ere ukatu. Atenaseko irakasle ospetsuenak izan zituen gidari. Filosofia, Elertia, musika, baita gimnasia ere, garai hartako gazte kirolzaleei zegokienez, ikasi zizkizun. Beraz, soin eta gogo, bere izatea egoki hezi zuela esan genezake.

        Berez zituen dohain bereziei ikasbide guztiok gaineraturik, olerkari handi eta entzutetsuen mailara iritsi zitzaigun gure gazte azkarra.

        Ez zenuten Sofokles, ez gartsuegi, ez epelegi; elendarren neurri eta harmonia sotilaren jabe baizik, bere lan mardulak ozen aski aldarrikatzen digutenez.

        Aldi hartan bazen antzerkigile handi bat Grezian: Eskilo. Grekoz Sofoklesen berri ematen digun edestitxoak dioenez, «Eskilo izan zizun tragedi-bidean irakasle».

        Sofokles, ordea, ordurarteko tragedi-bideez ez zen nahikotu. Antzerki-mota hori zabalagotu zuen, jokabide berriak gehitu eta ernegarriagotuz. Laster, irakaslearen ospea antzerkigile berriarenak lausotu ere bai. Hogei bider saritua izan zenuten antzerki egunetan, Eskilo bost aldiz saritua izan zen bitartean. Izugarria omen Sofoklesen idazlanak herriarengan zeukaten eraginkortasuna eta indarra.

        Jakina, giza-gogoaren altxabe eta leize sakonak inork ez bezala barrendu eta aztertu zituen, bere lanetan biziki mugatuta jaulkitzeko. Urteak horregatik, ez zioten asmamenik, ez arestian aipatu harmonia eta neurririk urritu, areagotu baizik. Zeharo aguretuta, hil aurrean idatzi zuen «Oidipu Kolono'n» antzerki bikainak argi eta garbi egiaztatzen digu horixe.

        Antzinako larrutxek diotenez, ehun eta hamar antzerki, gutxienez, idatzi zituen. Baina, zoritxarrez, zazpi besterik ez zaizkigu gureganatu. Besteak, hor nonbait, galduak edo irolduak izan dira.

        Horra Zaitegi jauna non datorkigun bere bide-saskia Eladeko oihanean bildutako urre-sagarrez zamatuta. Sofoklesen zazpi antzerkiak euskaratu ditu, oraingoz, ordea, lau ederrenak ematen dizkigu: «Eletere», «Oidipu Bakaldun», «Antigone» eta «Oidipu Kolono'n», liburu eder zoragarri batean, mamiz eta azalez begi-betegarri. Lau antzerkiok berrehun orrialde mardul betetzen dituzte.

        Beraz, euskaldun maite, ez duzue nolanahiko lana, gizon langile, kementsu, bihotz handikoak bete lezakeena baizik. Benetako euskaltzaleak, hizkera arrotzik ugari ezagutu arren, euskara bakarrik erabiliz burutu dezakeena. Erdaraz idazten duten euskaltzale harroek, ez dute horrelakorik inoiz ere burutuko. Zergatik? Kemenik, adorerik ez dutelako, ezta euskararenganako maitasunik ere, nahiz besterik aitortu!

        Olabide Aitak euskaraz idatzitako Pisia irakurtzean poz-malkoak omen zituen Elizalde euskaltzale jakintsuak. Egiatan diotsut irakurle, Sofoklesen antzerkiak irakurtzean, usu niri ere, begi-xokoetaratu zaizkit. Eta nori ez, euskara hizkuntza jakitunen heinera jaso eta haien arrandiz inguratuta ikusiz gero?

        Antzerkiok, gerkerazkoak aldamenka ditudala, irakurri ditut. Sofokles esaera sakon eta jakintsuz ugaria duzue. Zaitegik ordea, euskara eder, argi eta ulerterrazean irauli ditu. Sofokles hitzez aberats, Zaitegi berriz, bestea bezain jori. Euskaratzaileak gerkeraren bihurgune eta korapilo guztiak barneraino aztertu ondoren, bere hizkuntzara ezin egokiago itzuli ditu. Arlo hori ordea gerkera eta euskararen zaina eta muinaz jabetu ondoren burutu du. Zaitegik eladera barrenki ezagutzen dizu, Guatemalako Ikastola Nagusian hizkuntza hori irakasten dihardu, euskara berriz, inork ez bezala. Eta horra, jakintsuaren lan ederra Sofoklesen antzerkietan mamituta.

        Oraindik luzaro ez dela, adiskide batekin gai honetaz niharduen. Sofokles antzinakotzat esten zuen adiskideak, eta horrelako lanik ez litzatekeela euskaratu behar. Ene ustez, ez zegoen hizpidean. Elerti lan batzuk, elerti osoaren oinarri gertatu dira. Urtez zaharrak, mamiz beti gazteak, alajaina. Gure hizkuntza ere, besteekin zer ikusirik izan ez arren, literatura gaietan ezin daiteke ezkutu eta bakar izan. Gaiok, beti ere berriak direla ohartzeko, aski dugu gaur eguneko teatroa zehar ibilaldi bat egitea.

        Hain zuzen ere, egun hauetan, Parisen ni orain bizi naizen herri honetan, «Theatre des Champs-Elysées» deritzan antzokian, «Oidipu Bakaldun» atertu gabe ematen ari dira etxebete ikusleren aurrean. Lehenxeago antzerki hori Brusela'ko Antzoki Nagusian antzeztu dute. Hilabete ez da oraindik, «Antigone» ere eman digutela. Eta inon berrizalerik bada, Parisen noski.

        Antzerkigileek iturri bizi horretan etengabe edan dute orain arte, eta aurrerantzean izango direnak ere, edan beharko dute. Beraz, euskaldunak ezin genezakeen gaurdaino geure hizkuntzaz egarri hori ase, gaurgero, ordea, bete-betean berdindu ahal izango dugu Zaitegi jaunaren lan harrigarriari esker. Eletere'ren [Elektra] apen-gogoa Antigone'ren arrandi eta makurtu nahi-eza, Oidipu erregearen zoritxar eta nahigabeak euskaraz dastatu eta gozartzeko zoriona izango dute euskal antzerkigileek. Bai, benetako oturuntza ugaria gertu dizue Zaitegik.

        Omen zuri, adiskide maite, horren lan garaiak burutzeko zeure gaztetasuna, zeure jakintza ugaria ama euskararen oinetan jarri dituzulako. Ederki zioen Montzon jaunak: «Euskadi bere buruaren yabe egiten danean, ango Ikastola nagusian nai zaitugu». Bai, euskal Ikastola Nagusian, erdal ikastolarik aski baitugu.

        Utzi ditzagun eztabaida eta erostak alderdi batera, eta Zaitegik erakutsi bidea barna oldartu gaitezen euskaldun oro. Batez ere, zuek jakintsuek, erdaraz ipin-apain ari zaretenok, noiztenka euskarari, erdaraz lekaio jotzen. Benetako euskaltzaleak euskararen baranoan txalo-joka edo erostaka erdaraz dihardutenekin nazkatuta gaude. Ez dugu nahi txalorik, ezta erostarik ere. Eginak, eginak nahi ditugu.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus