Berpizkundeko gizona dugu Andima, euskal errenazentista. Baina ez dabil sei mende atzerago. Ibiltzekotan Euskadi, Euskal Herria dabil aurreratu ezinik, edota gabiltza gaur den egunean ere. Euskal historia, literatura, elkarri hertsiki loturik diren euskal izaera eta egoera erdi aro ilunetik atera eta argitasunera ekarri nahi ditu. Euskaldunak mendekotasun erdaltzaletik askatu, burujabe izan daitezen. Horren arabera ekiten dio euskal idazle zaharrak arakatzeari, berauetan eredugarri eta jarraigarri dakusana nabarmendu eta goresteari, beti ere bizi duen aldi historikoa gogoan. Begi bat idazle zaharretan, eta begi biak bere garaian, aldean zituen euskotar abertzaleengan.

        Berpizte eta pizkunde ideologia guztietan, hasi Italian Petrarca eta Cola di Rienzorekin, Frantziatik iragan Budé, Gauguin-ekin, Ingalaterra, Austria, eta last, but not least Espainiaraino, Doktore Lopez Madera buru zela, esku-eskutik ibili izan dira norbere nazioaren harrotasuna eta gainerakoen gutxiespena. Era horretara gertatzen dira ulergarri euskal arbaso zaharrei, agintariei zehazkiago, egiten dizkien errietak euren zabarkeriagatik, berpizkunde oinarriei entzungor egin izanagatik, aurpegiratzen dizkien erdalkeriak eta arrozkeriak. Era horretara konprenitzen da Antso Handiaren erreinu osatuaz egiten duen interpretazioa ere. Euskal historiaz egindakoak oro har. Alde batera, Sabino Aranaren historiaren ikuspegiaren jarraitzaile, baina aldi berean berezi, aitzindari hainbat ikusmoldetan.

        Beste euskal idazle askok ez bezala, Etxeparek eredu jarraigarria eman digu bihotzean sentituriko giza amodioari, ezer estali gabe, errealismo gordinez bere hartan hauspo eta haize ematen jakin izan duelako. Hori egin beharra dute gainera Andimak idazten duen aldian ere euskal olerkariek. Horretan ari da Jon Mirande, olerkigintza heterodoxoan garaitsuon, bere barne bereziari gizontasunez hauspo ematen. Gaizki ikasteko bide, eta bortizki gaitzetsi beharra Lafitte eta beste askorentzat, aldeztu eta goraipatu beharrekoa Andimarentzat.

        Horretaz gain, euskara alor guztietarako nahi zuen Etxeparek, otoitzerako bezala jostetarako, berpizte osoa opa zion. Andimak 1950 inguruan aberri hizkuntzari opa zion bezala, zabaltasun osoz.

        Sarako Etxeberri euskal guraso zabarren kontrako antidoto gisa dakusa. Kultura euskaraz landu nahiarena ere bai. Umeei ahaleginean euskara baztertu eta erdara irakasten ari zaizkien guraso euskotar abertzale hotsekoen kontra jarduteko, eta era berean gaztelania hutsez ari diren agintari abertzaleak jorratzeko baliatzen du. Etxeberrik bazuen koherentzia, aldarrikatzen eta burutzen zuenaren artean, Andimak bere inguruan zituenek ez.

        Handik urte mordoska batera, 1975ean hain zuzen, Gabriel Arestik Etxeberriren sentimendu soziala nabarmentzen eta goresten zuen Deustuko unibertsitatean emandako hitzaldi batean. Hau burgesa zela jatorriz, hazibidez eta lanbidez, baina ohartzen zela euskara eta klase zuzendariak ez zetozela bat, azken hauek hobeki zapaltzen zutela euskal populua erdara erabiliz. Koldo Mitxelenak, Aita Villasantek, Andima Ibiñagabeitiak ez zuten horrelakorik hauteman Etxeberri miratzean, ez orduan 50eko hamarraldiaren hasieran, eta ez geroago ere 60ko hamarraldian. Aurrerago arituko gara horretaz, Andimak egokiera eskaini ahala.

        Andimak ez du zatiketarik nahi euskotarren artean, klase kontzientziak sor zezakeenik. Batasuna aldarrikatzen zuen euskara lokarri eta batgarri zela, Arrese-Beitiak eta Duvoisinek opa zuten bezala.

        Gernikako arbolaren sinbologia berpizkunde ideologien barruan kokaturik, euskal nazionalismoaren harrotasunarena da, beharrezkoa bere neurri batean geure buruengan uste ona izan, eta besteengana irekirik, geure izaera berezia lantzeko. Italiak Erroma inperiala zuen eskumenean; Frantziak, Ingalaterrak, Alemaniak, eta Espainiak besterik: Jainkoa, kulturaren bikaintasuna, zernahi, burua gora ateratzeko. Guk geure historia apala, demokratiko ustekoa, burujabe ustekoa dugu; baina, gisa denez, inorena bezain ona geure apalean, eta estutuz gero inorena baino hobexeagoa, besterik ez bada burua gora ateratzeko, oso gora aterako ez badugu ere, noraezeko dugulako, psikologia sozial setatsu baten eragin halabeharrezkoz. Handiek lehenago, txikiago zirenean, noraezeko izan zuten bezalatsu.

        Olabide eta Lauaxetagana etorriz, euskal berpizkundeko bi harroin gaitz izan ziren hauek, arrazoi ez oso arrazoizkoz gutxietsiak eta txarretsiak sumatzen ditu, bata itzulpengintzan nahiz hizkuntza-lanketan, eta bestea olerkaritzan.

        Jipoi gogorra eman zion Mitxelenak Olabideren hizkuntza ereduari, giza eredutzari doakionez oso gora jaso zuen arren. Delako giza eredutza hori goretsi beharrak darama Andima Olabideren lanaren gaitz eta makurrei ezikusi egitera. Andimak berak, beharrik, ez zituen hitz zahar gutxi usatuak, eta are gutxiago hitz berriak Olabideren neurri eta kopuruan erabili. Hark eginiko gramatika-hutsetan ere ez zen jausten.

        Olabideren giza izari eta bere idazlanen inguruko zertzelada askotarikoz, berri jakingarriak ematen dizkigu, Villasante eta Mitxelenaren bitartez ezin jakin genitzakeenak. Nola Erregeren manuz baztertua bizi izan zen Loiolan; Kataluniako pizkundearekiko hartu-emanen berriak; euskal liburu zahar nahiz berriekiko maitasuna txertatzen izan zuen ardura; Olabideren antz-bideari Andima eta kidekoek izan zioten jaiera.

        Lauaxetari buruzkoa berriz, lekukotasun aldetik urriago ageri zaigu. Espainiarrak, subjektu politiko gisa harturik, ideia batekoak nahiz bestekoak izan, otso eta etsai ditugula diosku oroz lehen 1967ko Andimak. Artikulu politikoetara garamatza honek.

        Literaturaz berriz, batuaren bultzagileek aurpegiratzen zietenaren aurka, irekiak zeudela Europako literaturetara, Iberiako penintsulakoetara nahiz Europako ipar eta hegokoetara. Ohargarria da nola polemikak goriturik, Lauaxeta europar kutsu gehiagokoa eta Lizardi kutsu gutxiagokoa maila berean ezartzen dituen euskal olerkarien sailkapen alegiazkoan.

        Beharbada irakurle gehienak ere iritzi berekoak izango dira, Andima eta hauek beren euskal arima gora eta euskal ikuspegia behera, ez zutela bizi ziren mendi zuloetatik haratago begiratu nahi, hots, Europari bizkar emanda bizi zirela eta halaxe bizi nahi zutela. Ez da aise mugatzekoa edo erabakitzekoa zer den Europara begira edo bizkar bizitzea, zer den eraginak izanda ere, burujabetasuna atxikitzea edo eraginek itoa erabat mende bizitzea.

        Andimak azken artikuluan irakurri ahal izan diozun bezala haste-hastetik —gerraurreko gauzatxo batzuk salbu, 1947an atera zen euskalgintzaren plazara— aldarrikatzen du literaturaren arloan ezin dugula gainerakoen ezkutuan eta bakar egon, ezinbestean edan behar dugula Europako literatura onenetik. Beraz, 1967an Lauaxeta horrela goratzean bere betiko iritziari eusten dio. Aita Santi Onaindiari, euskal olerki ederrenen bilduma egitean, modernistei leku gehiago ez emana aurpegiratzen zion. Horretaraz gero, berrizalea eta europazalea genuen literaturan Andima.

 

***

 

        1947tik hasita, batez ere Euzko Gogoa aldizkariaren orrietarik, 1950-1956 urte bitartean, euskaraz argitaratzen ziren aldizkari eta liburu guztien berri ematen zuen.

        Koldo Mitxelenak Egan aldizkarian, 1951an, «Euskal literaturaren etorkizuna» izeneko artikulua argitara zuenean, honako iruzkina egin zuen Andimak Euzko Gogoa aldizkarian: «Zu bezalako idazle asko ba genitu «alabear gogorrak ez gaitu iñoiz ere menderatuko». «Antziñakoen «amor fati» ura —Kristauentzat Jaunaren borondatearen «onartze umill» ori artu bear ba'dugu baita etsipen ber-bera bear dugu Euskalerrian ageri diran beste ondapen guzietaz ere, adibidez, erlijioaren ondapen ain nabariaz. Orrezkero, zertako apaizak, zertako elizak? Nik ez dut etsi nai, ez dut iñola ere «amor fati» ori nere biotzean laztanduz goxo egin nai, «aurrekoen ondarea, oiñordeko geranez, dagoen dagoenean» artu ta gure izkera ta aberriaren ondamendia betiko eragotzi baizik».       

        Etsi nahi ez gogorra. Ondareari eutsi bakarrik ez, euskararen ikas jauregia eraiki nahi zuen Andimak, behialako Bergarako seminarioak iritsitako marra gainditu eta euskal unibertsitaterako harriak ezarri; Euskal Herriari egin ziezaiokeen zerbitzurik onena. Liburuak iruzkintzeari ekiten dionean, idazle zaharrekin jokatzen ikusi dugun antzera jokatzen du. Adierazgarri da oso, nola amaitzen duen lehenbiziko iruzkina «Benetako euskaltzaleak euskararen baranoan txalo-joka edo erostaka erdaraz dihardutenekin nazkatuta gaude. Ez dugu nahi txalorik, ezta erostarik ere. Eginak, eginak nahi ditugu».

        Autorearen eta idatziaren inguruko hainbat kanpo-zertzelada, askotan pertsonalak aletzen ditu. Testuari berari ekiten dionean, on aldeak nabarmentzeari lotzen zaio, bereziki testuak sorrarazi dizkion gogoeta edo sentipen ederrak hedatzeari. Berak adierazi izan duenez, ezer gutxi behar zuen euskarazko testu batekin loriatzeko, eta sentitutakoari ematen dio amore. Ez zuen ikusten gainera, berak bizi zuen aldian, hots, euskal kulturak bizi zuela uste zuen aldian, kritika burutsuek mesede egin zezaketenik; aitzitik, zenbait idazle uxaraz, nahigabetu zezaketen, berpizkunderako hain beharrezko ziren idazle maiteak, eta hori baino nahiago zukeen idazmakina txiki-txiki egin eta surtara bota. Bere hitzez: «Burukoiegiak gera euskaldunok eta orixe dugu makurrik txikiena; ez dakigu gereak miazkatu ta gozatzen baizik, katu mizkarien eduz [mizkariek bezala], eta ori ez dago ondo. Biotzak zabaldu bear ditugu euskera darabilten idazle guztiak onartuz ta laztanduz. Gure elerti-arloa burkoikeriak ondatu digu geienbat. Eritasun zital ori erro errotik erauzi bear dugu erri egin eta oso bat izan nai baldin badugu. Elkar berotu dezagun idazleak, adoretu ta lagundu: orra elerti-mailla garaienak iristeko bide bakarra. Ikas dezatela zuhurrak[sic] ere».

        Beteak nabarmentzea —irakurle ona zela frogatu digu—, hutsei ezikusi egitea, eta hitz batean, aipamen bizkorgarriak burutzea zegokion idazle jende saiatua bezain zaildua adoretzearren. Zenbat nahigabe ez ote zuen pairatu Mitxelena zorrotzaren zirtoekin: oraintxe oilarrak goizegi jo zigula eta harako liburu artean itzulkizun genuela, hurrengo Europan eta erabiltzen zuten neurria erabili beharra genuela gure eleberriak neurtzean!

        Egungo egunean ikas jauregi ona eraikitzeko zenbat harri kaskar baztertu beharrean gara?, zenbat itxaron dezakegu harlauza sendo eta zindoen zain?, hargin nahikorik ba ote, eta aski den adinako kemenik bestelakoen baitan eta mendean garenean gehientsuenetan?

 

 

© Pako Sudupe

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus