LAUAXETA (1905-1937)

 

Eman, 2, 1967

 

        Aurten betetzen dira hogeita hamar urte Urkiaga'tar Estepan (Lauaxeta) olerkari handia espainiarren iskilupean kiskalita erori zenetik, euskal olerkari zelako eta Euskadi bihotzez maite zuelako, besterik gabe. Espainiarren iskilupean idatzi dut, eta ez nihoa tiletxo bat ere esan hori aldatzera; nahiz errege-koroaz, nahiz txapel-gorriz, nahiz friji-txanoz, nahiz txamarra urdinez, nahiz gorri-minez burua eta gorputza estalita agertu, otsoa otso eta espainiarra espainiar; gure etsai amorratu alegia. «Kuku adimena!» espainiar jeneral ergel hark aldarri egin zuenean, euskaltzale eta euskal idazleak zituela begien aurrean dirudi hainbat euskal idazle erail baitzituzten gure Aberri dohakabea odoletan ito zuen gudu nazkagarri hartan: Aitzol, Markiegi biak, Arin, Mendikute, Lekuona eta beste asko gaur goraipatu nahi genukeen Lauaxetaz landa.

        Gazterik ezagutu nuen Urkiaga. Zenbait urtez elkarrekin bizi izan ginen ikastetxe batean gure erretorika, literatura eta filosofi ikaskuntzak egiten; beraz aukera ezin hobeagoa izan nuen geroago euskal idazle eta olerkari gailen izango zen gazte jatorra ezagutzeko. Gainera adiskidetasun lokarriekin elkartuta beti ere iraun genuen elkarrengandik bakanduta gero ere.

        Lauaxeta olerkari jaio zela esango banu, ez nuke batere gezurrik esango. Poesia zen haren janaria, poesia haren arnasa eta bizi-zergatia ere. Ikustekoa zen zernolako joranez irakurtzen zituen eskuartean erortzen zitzaizkion olerki liburuak oro nahiz laterazkoak izan, nahiz erdarazkoak edota frantsesezkoak. Ez hori bakarrik; halako indar berezi bat zeukan olertikera guztiak bereganatzeko, odol eta mami bihurtzeko. Aurreneko bere saioak, ederki gogoratzen naiz oraindik, erdaraz egin zituen eta niri utzi zizkidan irakurtzeko. Artean, hamazazpi hemezortzi urteko mutikoak ginen. Arretaz irakurri nituen olerkiok hala ere. Bikainak ziren guztiz, zer esanik ere, ez.

        Baina ordurako benetako euskaltzaletasun baten mende pilpira bizkorrez ari ziren gure bihotzak taupadaka eta euskara zen gure ametsetako erregina bakarra. Eta erdal olerkiok irakurri ahala hauxe esan nion Urkiagari: «Estepan, ederto baño obeto eginda yagozak erdal-olerkiok; zegaitik eztozak euskeraz egiten?» Isilik lotu zen olerkaria eta handik ordubetera, berriz agertu zitzaidan euskarazko olerki bat eskuartean zekarkidala. Harrezkero, ez dut esango erdarazkorik gehiago idatzi ez zuenik, baina euskararekin lotu zen gorputz eta arima betiko.

        Gainera literatura bidean zuzendaririk jakintsu eta egokiena gertatu zitzaigun garai hartan; Estefanía'tar Joseba Mirena Aita, zenbait urte geroago Ameriketako lurralde bero hauetan erbestetuta hilko zena. Laster jabetu zen Estefanía Aita, Urkiagak olertirako zeuzkan dohainez, eta bilbotar josulagun argi horrek, harrigarria garai hartan, euskal olerti bidetik jarrai zezan Lauaxeta bizkortu eta adoretu zuen.

        Sarri entzun izan diot Mirande'tar Jon gure arteko olerkari garaienetakoari, olerkariak zenbait hizkuntza jakin behar dituela poeta on bat izateko. Eta Urkiagak poliki menderatu zituen, hizkuntza klasikoez gainera, Europako nagusienak, irakurtzeko lain bederik. Katalana ere poliki ikasi zuen Verdaguer, Maragal, Costa i Llovera, Mestres eta beste zenbait olerkari handi hizkuntza jatorrean irakurri ahal izateko. Garai hartan, egia esan, katalanaren berbizkundeak txoratuta ginduzkan gu guztiok eta gure ametsa halako zerbait Euskalerrian egitea zen.

        Horregatik «Artxanda ganetik» Urkiagaren olerkiak Verdaguer'en «Oda a Barcelona» gogorarazten digu, «Maitale kutuna»k berriz, olerkari beraren «Idilis i Cants Mistics»etako zenbait zati eta «Gogoaren eresia»k Maragal'en «Cantic espiritual». Hala ere frantziar olerkariak zituen biziki maite, eta olerkari haietan batik bat, eradan zuen bere gogo olerkoia: Hugo eta Lamartine baztertu gabe, Baudelaire, Verlin, Gautier maite izan zituen geroagoko Cocteau eta berriagoak alde batera utzi gabe. Horregatik nonbait ere, aipatu olerkarien kutsua darie Lauaxetaren poema ez gutxiri.

        «Arrats-beran» (Bilbao, 1935) bere azken poesi-liburuaren hitzaurrean dioskunez, «... ele lander baten seme jaio nintzan ezkero, bertso ñimiño oiek ere argitara datorz». Ez dira ez ñimiñoak liburu horretan eman zizkigunak, ez horixe. Hala ere Aita Villasante'k, esankizun hori aintzat hartuta pitxar-bete ur hotz isurtzen du gure olerkariaren buru gainean; ez dela dio Lauaxetak uste bezain txiroa euskara eta nahi izan balu, Manterola'ren «Cancionero»n euskal bide jatorrik aski aurki zitzakeela; baina gure «Pizkundea» autore zaharren arbuioan eraikia izan baitzen idazle zaharrei ez zitzaiela jaramonik egin... (H.L.V. 340 orrialdean). Ez, halakorik ez zuten egin gure garaiko gazteek, are gutxiago Lauaxeta zenak. Villasante'k dioena oraingo zenbait roman-euskara idazle ari dira egiten, ez bakarrik antzinako idazleak arbuiatuz baita orainagokoak ere, euskara eurak ernalduta (izorratuta ez esatearren) bizitzen hasi bailitzan.

        Horiek bai, horiek aurrekoak oro goroztira bidalita eurak euretara ari zaizkigu euskara berri, zikin eta «terminacho»z beteriko geometriku batean. Guk eta Lauaxetak ere bai, denak irakurtzen genituen zahar eta berriak, Ipar eta Hegoaldekoak. Manterolaren kantutegiak ez zeukan beraz isilpekorik Lauaxetarentzat ezta olerkari zaharragoen bildumak ere. Ez zezakeen beraz Urkiagaren goranahiak Manterolak ase, ez horixe.

        Lizardi'k bezala Lauaxetak ere, euskara goi mailatara jaso nahi izan zuen eta horretarako ahaleginak oro egin zituen; ez nuke batere lotsarik izango olerkari biok maila berdinean ezartzeko, bakoitza bere tankeran, jakina, baina biak asmo bakar batek bizkortu eta eraginda; euskal maitasunik garbienak eta abertzaletasunik sendoenak sututa.

        Irudi eta esaera berriz apaindu zuen Lauaxetak gure aberri-hizkuntza. Aurten ari dira hemen gaindi izarretaraino Darío jasotzen olerki bide berrietan barrena gaztelera sartu zuena, Lauaxetak euskara bezala. Edota euskaldunok ez ote daukagu eskubiderik gure hizkuntza bide-berriak barrena sartzeko?

        Goi jaso zigun euskara Urkiagak eta gorago jasoko zuen, gure betiko etsaiek haren bizitza ederra loraldi betean moztu ez baligute gorrotoz gainezka.

        1937.eko jorrailaren 30.a zen eta Lauaxeta frantziar berrilari bati Gernika erakustera joan zen. Ke-jario zegoen oraindik gure herri santua, hutsik eta hilda espainiarrek erre zutenez geroztik. Bat-batean espainiar soldadu-talde bat agertu eta bertan atxilotu zituzten Lauaxeta eta bere laguna.

        Gasteizera eraman zuten gure olerkaria, eta egun gutxi barru Karmeldarren komentuko hormatzar baten kontra iskiluz kalitu zuten espainiar agintari odol-gose haiek: 31 urte zituen eta Maiatza zen:

 

                «A itxastar lerdena,

                mayatzik leunena

                loren lekatara

                mosu samurrez eldu zanian,

                a itxastar lerdena

                jun yakun ipar-edurretara!»

                        («Arrats-Beran», 36 or.)

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus