OLABIDE
(«Erbeste-aldiko Euskal-Literatura»
deritzan idazlanaren atal bat)

 

Los vascos en Venezuela. 25 aniversario

del Centro Vasco de Caracas 1967, 38-41 orr.

 

        Izen handia gertatu da gure artean euskal idazle bikain honena. Ez du beste gehigarririk behar ere deitura horrek gure Herriko gizurenen artean dagoenaren ospea handitzeko.

        Gasteizen jaio zen 1869.eko udaberriaren ate-atean, eta Frantziako Tolosan hil, erbesteturik, 1942.eko udazkenaren atarian. Ez zuen, guk bezala, amaren bularrarekin euskara edoski. Erdaldun iraun zuen Olabidek 27 urte zeuzkala euskararen tximistak adimena argitu zionera arte. Harrezkero bere bizitzarte guztia euskal lanean eman zuen, etengabe, nekatu gabe.

        Gazterik, batxiler ikaskizunak Urduñako Jesulagunen ikastetxean bukatu ahala, Loiolan sartu zen Jaunaren deiari jarraituz. Haren bizitzako zehaztasunak nahi lituzkeenak irakur bitza Aita Muxika'k «EUZKO-GOGOA»n idatziak eta Aita Villasante'k bere «HISTORIA DE LA LITERATURA VASCA» mardulean jaulkiak.

        Izugarria zen Olabide'ren nortasuna kemen eta setari dagozkion aldetik batez ere; azken aldi hauetan hala ere, gehienontzat aintzagarri gertatu den arren, gutxi batzuentzat tupustarri izan da gizon honen lana bere Bibliaren inguruan egin diren kritiketatik ageri denez. Osoena Mitxelena Jaunak egin zuen «EGAN» aldizkarian liburu hartan ageri diren makurrak batez ere nabarmendurik. On-alderik batere edo gutxi batzuk baizik ez du aurkitu, nahiz eta tarteka aitortu lan izugarri horren bikaintasuna. Aita Villasante'k, gorago aipatu bere liburuan, Mitxelenari orpoz-orpo jarraitzen dio haren euskal hitzak erdaraz emanik. Bi biok, —Omaetxebarria frantziskotarra gidari—, Olabide'k «ITUN ZAR ETA BERRIAN» darabilen euskara saio-euskara (euskara esperimental) bat besterik ez dela nabarmendu nahi dute, gainera bide horretatik, esperimentu bidetik alegia, ezin gorago jo daitekeela esanez: «Laburzki mintzatzeko, saio-izkera, ots, euskera experimentala deritzat Olabide'ren izkerari, bide berri batetik noraiño el liteken antzemateko sortua edo.» (EGAN, 1959, 1-4)

        Harrikada gogor honekin erabat birrinduta, lur-jota utzi nahi luketela dirudi Olabide'ren euskal lan osoa naipezko dorre bat bailitzan; alferrik dute inguru-minguru kataplasma bero batzuk ezartzea, ondo dakigu bada esperimentu bat, esperimentu dirauen ber, ez dela ezer ere helburura iristen ez den bitartean. Hor daude «minbizia» sendatzeko egin direnak, oraindik biderdian ezer iristeke. Hitz batean esan, Olabide'ren lana «un enfant d'eprouvette» besterik ez da adiskideontzat, inoiz gizatasun osora iritsi gabeko haur errukarri bat, hots, hilortz higuingarri bat.

        Barka biezadate, baina ni ez nator inola ere euskaltzale bizkor eta adiskide hauekin bat, honetan behintzat. Urak goitxotik hartu beharko ditut gauzak bere lekuan ezartzeko, nahiz eta oraintxetik goraki aitortu ezjakin arlote bat besterik ez naizela idazle azkarron aldean. Eta benetan, bihotz-bihotzez, nire kaxkarkeria hau aitortzen dut gai honetan sartu aurretik.

        Egun batez Loiolan gertatu zitzaigun Ledochowsky garai hartako jesuiten nagusia, ni ere han nintzen, Espainiako jesuiten etxe eta barruti aipatuenak bisitatzen etorrita. Harrigarria benetan, urte gutxi lehenago bisitalari berezia ibilia baitzen barruti guztiak ikusten, geroago kardinal izango zen Boetto Aita italiarra. Zerk ekarri ote zuen Ledochowsky Espainiara? Nik ez dakit ziur-ziur, baina lepoa jarriko nuke, Katalunia eta Euskadiko auziak izan zirela, bizi eta bizkor garai hartan, nahiz eta Primo'ren diktadurapean egon. Beste askoren artean Bartzelonan Aita Ignaci Casanova'i hots egin zion. Casanova'k zerbait bazekien antza, eta eskuetan liburu pila handi bat zeramala agertu zitzaion jeneralari: Marx, Lenin, Voltaire eta horrelakoen katalanerazko edizioak ziren, lagun onak alegia. Harrituta lotu zen Ledochowsky kristautasunaren aurkako liburu haiek eta beste zenbait aldizkari, ez gutxi, katalaneraz idatzita ikusi zituenean. «Zer da hau?» esan zion «Foment de Pietat Catalana» eliz argitaletxe handiaren sortarazle eta zuzendari zen Casanova'ri. Alfonso erregeak eta Catalunya'ko eliz gizon espainiazaleek «Foment de Pietat Catalana» eta Casanova idazle handia betiko isildu nahi zituzten, baina Ledochowsky'k aho betez esan zion: jarrai ezazu katalaneraz ari duzun eliz lan goragarri horretan. «Foment de Pietat»i «Catalana» kentzeko agindu zion salatariak baketzeko hor-nonbait. Eta harrezkero, hala jarraitu zuen.

        Loiolan Olabide'ri hots egin zion. Zenbait urte lehenagotik Alfonso erregearen manuz baztertuta bizi zen etxe hartan, hau ere jakin beharrekoa da, euskara eta Euskalerriari zien maitasun sutsua zela eta. Argi bezain garbi azaldu zizkion jeneralari Olabide'k bere jokabide eta asmoak. Buru motela ez izaki, laster jabetu zen hau auziaren mamiaz, eta bere lan ederrean traba gabe jarraitzeko esan zion Olabide'ri, euskara lantzen eta jasotzen, beti ere arnas handiko lan garaiak izaten baitira gailen, bere herri Polonia'n ikusita zeukanez. Ez zuen geroago Ledochowsky'k halako argitasunik erakutsi; zeharo itsututa Franco'ren alde jokatzeko agindu zorrotzak eman zizkien mundu guztiko jesuitei, eta hala egin ere zuten beren aldizkari aipatu guztietan.

        Egia esan, Olabide'k ez zuen behar jeneralaren hitz adoregarririk bere lanari gogoz ekiteko, hala ere inguruko maisealari eta espainolista itsuak isiltzeko ezin hobeki etorri zitzaizkion. Haiek ere, hor nonbait, lan alfertzat zeukaten Olabide'rena. Aita Larramendi'ri ere beste hainbeste gertatu zitzaion urte asko lehenago, berak hain ederki dioen legez: «Bost gau illun eta bost egun iragoak ditut egiteko honetan baita gure euskera izkuntza guzien zarrena aen garai nola ezarriko dedan. Baña ezta siñistekoa zer gertatzen zatan. Batzuek diote bestelako lan txarretan nabillela... Nere min garratzena da, are eztakuzkula onetatik darraizkun kalteak eta gaitzak, eta dirudinez, ezagutuko ere eztitugula, ditugun on piskak galdu ditzagun artean» (COROGRAFIA DE GUIPUZCOA- Buenos Aires, 320 or.). Eta «on piska» horiexek salbatu nahi zituen Olabide'k eta ezin esan ahalako kemenez ekin zion egiteko garai horri.

        Alderdi onik bazuen horretarako: Buru argia, ikasmina eta okertu ezinezko borondate sendo bat. Horrez gainera, jakintza guztietan ondo jantzia, ez zen bizi gela baten barruan, askok nahiko zuketen bezala, laboratorio itsu batean legez, antuxin, kaiku eta bestelako txarrakatiluz inguraturik amets hutsalak egin eta inguma segailak metatzen. Ez horixe. Ondo irekita zeuzkan bere begi biak kanpo aldera. Ez zen Euskadi'n ez paper, ez aldizkari ez eta libururik agertzen Olabide'k ikusi eta irakurriko ez zuenik. Baiona'ko «EUSKALDUNA» eta aldizkari guztiak zintzo jasotzen zituen eta berari entzuna da, haiexek zitzaizkiola atseginen gure paper guztien artean.

        Baina Euskalerriko oboa estuegia zen halako jakitun batentzat. Larramendi'k bezala, honek ere, gizon hark baino erosoago noski, eskuartean zekarren lanarekin zer ikusi zuten obra guztien berri arin asko jasotzen zuen. Beti ari zen hizkera menderatuen joera eta lan handien berri nonahitik inguratzen, haien bide berriak gure berpizkundeari nolerebait egokitzeko. Kataluniako hizkuntzaren pizkundeari batez ere, orpoz orpo jarraitu izan zion, Katalunian egona eta ikasia baitzen. Behin baino sarriago izan zen Bartzelonan, «Institut d'Estudis Catalans»ean hango buruzagi zen Pompeu Fabra'rekin. «Institut»en antzeko zerbait egin nahi zuen Olabide'k Euskalerrian, baina nahikariok ez zituen inoiz mamitu ahal izan Euskadin ez dugulako izan Katalunian bezalako aberats eskuzabalik euskarari laguntzeko. Hala ere Euskaltzaindia sortu zenean, okerrean ez banago, berak eskatu zuen norbait izendatzeko «Institut d'Estudis Catalans»en eralguntza eta hizkera-lanak ikusi eta ikas zitzan, batez ere garai hartan esku artean zerabilten «Diccionari» handiaren ingurukoak. Azkue jauna bidali zuten, eta hantxe egin zuen «Institut» horretan ikusi lanen txostena, «EUSKERA» aldizkarian irakur daitekeenez.

        Ez zen beraz, itsumustuan ari Olabide. Herri euskaldunarekin ere askok uste baino hartu-eman handiagoa izan zuen. Ez zuen inoiz bere itzul-lanetan, berari hala zerizkiola eta beste gabe [ezabatua]. Zenbat aldiz ikusi ote genuen anai laguntzaile apalenei (baserritar hutsak gehienak) hitz bat edo bestearen esanahi arteza galdetzen. Garai hartan Loiolan bizi ginenok gara lekuko. Arratsaldeetan Aita Apalategi'rekin inguru bat egiteko ohitura zeukan, ibar hartako baserriak barrena. Gainera orduan, Azpeitia eta Azkoitia euskaldun hutsak ziren, herri haietan ez baitzen erdararik batere entzuten, eta sarri ikusi genituen apaiztxo biok baserritarrekin berriketan. Eta ez dira esaera gutxi aurkitzen haren itzulpenetan Loiola inguruko lurrina darienak, Azpeiti aldekoa batez ere: antxintxika, gatxiaztik eta abar. Ez zuen beraz, herri euskara arbuiatzen. Egia da inoiz ez zuela lortu gure erraztasunik euskaraz mintzatzeko, hala ere ez zen sano mutua haren makurren errepikalariek diotenez. Euskaldun jaio eta hazi naizen honi ere, maizegi korapilatzen zait mingaina euskal jardunean. Ezta beraz miragarri euskaldun berri bati hori jazotzea.

        Hitz-berri zale porrokatua zela esan ohi zen orain lehenago. Egun besterik diote; hitz-zahar zale itsuegia zela. Zertan gara? Egia da noski geure nahitara hitzak eta hizkuntzak erabiltzeko eskubiderik ez daukaguna, baina hortik hitzekiko eta esaerekiko eskubide guztiak idazle bati ukatzera alde handia dago, eta eskubide horixe ukatu nahi izan zaio Olabideri. Zertako dira beraz, idazleak? Ez al dira horiexek izan mundu guztian hizkuntzak zailutu, aberastu, eraberritu, egokitu eta tinkatu dituztenak? Gure hiztegiko hitzak harrotu eta erabiltzeko dira, alferrik ari izan zen bestela Azkue bere lan miragarria egiten. Bertan behera usteltzen utzi behar ote ditugu? Jakina, hitz aukeran sen handikoa behar du izan idazleak, eta sen hori ez zitzaion falta Olabideri. Hantxe esango dizkizu, zuzen eta zintzo asko, Bibliako esakune zail eta bihurrienak ere. Eta esakunok ez dira gutxi Idazteunean.

        Hitz berriak ere erabili zituen besterik ezinean. Honetan bere aurreneko lanetatik azkenekoetara aldakuntza handia egin zuen. Gure artean ere, bere lehenengo liburuak «ENEKO DEUNAREN GOGO-IÑARKUNAK» eragin handirik ez zuen izan. Idazti honetantxe erabili zituen hitz berri gehien. «ANTZ-BIDEA»n hitz jator gehiago erabili zituen, idazkera ere askozaz malgu eta zailuagoa. Hauxe izan genuen gure taldeko euskaltzaleek euskal eskola bizia oraindik mutil gazte ginela: hementxe aurkitu genuen euskal aberastasunaren iturri agortezina, eta bertan murgildu ginen erabat. Guk ere liburu horren «despojo» edo eranzketa bat egin genuen euskarazkoaren ondoan latinezko jatorra ezarriaz, non eta nork zerabilen ohartaraziz Azkueren arabera. «Antz-bidea» izan zitzaigun euskal literatura guztiko ateak ireki zizkigun urrezko giltza. Nik neuk, harrezkero, ez nuen oztopo handirik aurkitu gure hizkelgi guztietako liburuak aise irakurtzeko zaharrenetatik hasi eta berrienetaraino. Olabidek irakatsi zigun liburu zaharrak maitatzen eta erabiltzen, eta gainera, berriak ez arbuiatzen.

        «ITUN ZAHAR ETA BERRIA» izan zuen bere bizitzaldiko lan handiena. Lafitte'k ederki dioenez, («Autour de la Bible traduite en basque par le Pére R. Olabide) «inguruko izkuntzetan gizon iakintsu taldeak ari ziran Biblia itzultzen, gurean berriz, gizon bakarrak burutu zuen lan ezkerga ori»). Ordurako exegesi, bilaketa eta Biblia-ikaskuntzak aurrerabide handiak eginak baitziren, hizkera guztietan sentitu zuten itzulpen berriak egiteko beharrizana ikasketa eta bilaketa berriei jarraituz. Itzulpen zaharrak egunean ezartzeko premia gorria ikusi zuten. Ordurarteko gehienak Vulgata'tik eginak ziren, eta Vulgata'k une ilun gehiegi zeuzkan batez ere Salmo eta historia-liburuak deritzenetan. Hizkera jatorretik itzuli behar ziren beraz, zuzen eta zeharka-meharka ibiltzeke. Eta horixe egin zigun Olabide'k.

        Urte asko lehenago agertu zigun Olabide'k euskara kultur hizkeren mailara jasotzeko nahi bizia, «GIZA-SOÑA» deritzan liburuan (1917). Liburu honetan giza-gorputzari dagozkion euskal termino guztiak bildu zituen, behar bezala sailkatuta, anatomi eta fisiologiaz idatzi nahiko zutenen lagungarri. Liburu hartan beste hitz bilduma batzuk ere agindu zizkigun jakintza gehienetako terminoz hornituak. Baina laster baztertu zuen hiztegi bidea Bibliaren itzulpenean murgiltzeko. Izan ere hiztegiak hotzak eta eragin gabeak izan ohi dira gehienetan, eta nahiago izan zuen euskal hitzen ondasuna hizkera biziari txertatu itzulpenen bidez. Azkueren «IZTEGI NAGUSIA»k ez zeukan ezkutukorik Olabiderentzat; inork ez bezala egin zezakeen beraz, txertaketa hori, eta halaxe egin ere zuen. Dantzari jarri zizkigun hitz umel eta ezkutu asko, bere usteak azaltzeko egoki zetozkionak, eta dantzari diraute oraindik ere bestela inoiz ere euskal idazleok erabiliko ez genituen hitz asko. Hor bat: yarauntsi, Olabidez gero maiz erabilia izan dena. Noski, ondare ere ezagutzen zuen baita erabili ere, bakoitza bere esanahi edo adiera ondo neurtuan: «Iñork ezin ostendu dezaiguke Yainkoagandik Beragandik yarauntsi dugun ondare guren au» (Itun Berria, Sarrera VII). Olabideren baietsi eta Oihenart'en «baithetsa» begien bistan dago bat ez direna, baina Leizarraga'k begi-etsi (Nork ere begiesten baitu emazterik hura gutizia dezantzat. Mat 5-28) antolatu zuen bezala, Olabide'k baietsi antola zezakeen, bai adverbioa izen bezala hartuta. Ez dugu honetan laidorik ikusten. Ez duzue ukatuko gainera, ulerterraza denik. Onetsi gaurko euskaraz bedeinkatu esateko darabilgu, nahiz eta antzina maitatu adierazteko erabilia izan. Hitzek bideak egiten dituzte, Semantikatik dakigunez, hala ere hitz honek ez du hain urruti jo bedeinkatua eta maitatua esanahiez auzo-auzoko baitira.

        Eta orain hitz berriez zerbait. Egia esan, ez nuke eskurik sartu nahi hainbeste liskar sortu dituen erretilu honetan. Olabide ez zen izan motelena hitz berriak sortzen, hala ere Azkue zenak baino askoz gutxiago sortu zituen, Biblia euskaratzen hasi zenetik batez ere. Itzulpen honetan derrigorrean baizik ez zituen sortu, hitz zahar eta umelen habiara jotzen zuen maizenik, eta sortu zituenak ere argi eta egokiak dira, euskal senez beteak. Behinola Azkue zenak hauxe esan zidan «mintzul» Olabide'k asmatu hitz berriari buruz: «Benetan hitz polit, egoki eta argia». Eta sortu zituen gainerakoak ere, halakoxeak dira. Hara bat: «erropa» «holocaustum» adierazteko, norbaitek soinekoarekin nahas daitekeela uste izan arren. Gutxi-asko, hizkera guztietan saiatu izan dira hitz-berrigintzan. Hori ez da bekatu «besterik eziñean eta izkuntzaren joerak gordeaz» (Euskaltzaindiaren Agiria Euskal hitzei buruz) egiten direnean. Orobat: hitzok herritasuna iristen dutenean, ez da zilegi gutxi batzuen seta eta itsumena dela eta baztertzea. Horra esan.

        ITUN ZAR ETA BERRIA'ren itzul-zintzotasunaz ni baino maisu handiagoak mintzatu dira, eta aho betez aitortu dute nekez aurki daitekeela hizkera aurreratuetan ere itzulpen hain zintzorik (Victoriano Larrañaga'k, Oyartzabal'en YESUKRISTO GURE JAUNAREN BIZITZA'ren hitzaurrean. Larrañaga eskriturista da, Erroma'ko Biblikoan ikasia).

        Bai, lan handia egin zigun Olabide'k, beste inork ez bezalakoa gure artean. Maisealarien esamesak gorabehera, hortxe iraungo du euskal ilintia bihotzean piztuta daramagunon gidari, ilinti hori sugar bizi bihur dadieino. Giza neurria kaxkarra da izan ere, eta gizonak ezin dezake alde guztietatik osoa den lanik burutu. Hala ere aipatu neurrien barnean izan daitekeen osoena egin zigun Olabide'k. Hark jarri zigun euskara batasun bidean, eta aspalditik ageri da haren eragina gure literaturan. Gazteak batez ere ez daitezela saihestu hark erakutsi bidetik, eta jakin dezatela kalte baino probetxu gehiago aterako dutela Olabide'ren liburu bikainetatik.

        Gernika, hiri apal eta baketsuan bizi zen Olabide, arbola santuaren itzalpean bere euskal lanari ekiten. Arratsalde batean taldeka hegalontzi hurbildu ziren herri hartara, eta zerutik suzko eraso izugarri bati ekin zioten. Gernika osoa birrindu eta kiskali zuten. Sutzarrez inguraturik, Olabide'k bere esku-idaztiak hartu eta estalpe batean ezkutatu zen. Hala salbatu zuen bere ITUN ZAR BERRIA sugarren artetik. Hurrengo egunean Euskadi'ko Jaurlaritza'ren aginduz hegalontzi batean erbesteratu zen bere lan ederrarekin, etsaien eskuetan eror ez zedin. 1937.eko jorrailaren 27 zen. Eta erbestean amaitu zuen bere lan handia eta bertan hil zen idazle bikain hau euskara landuz, euskara maitatuz.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus